Laura

El Salvador. Miren&Leire. Zientzia fikzioa.

Zer den norbere posizioa. Hurbilagoa egin zitzaidan “Neronek tirako nizkin” irakurri berri dudan Laura esaten zioten-Miren Odriozolaren borrokak (Leire Ibarguren, Txalaparta, 2016) baino. Gauza bat baita altxamendu faxistak dena hankaz gora jarri eta askatasuna/zure bizia/ herria defendatu beharra eta beste bat zure inguruneak erosotasunean habia egin duenean dena utzi eta Ertamerikako herrialde txiki batera joatea. Mirenek, Agurtzanek, Teresa, Pakitok eta beste hamaika internazionalistek eginiko apustua hain zen eskuzabala egun zaila dela sinesten horrelakorik badenik. Badakit, bai, Kobane Calling komiki apartak badu antzekotasun handirik, baina akaso zahartzen hasi den belaunaldi batekoa naizelako edo (egon ez den) bake prozesu osteko giroak neoliberalismoari aurre egiteko tresna gutxi utzi dizkidalako, urrun sentitu nituen liburuaren lehen orrialdeak. Txertoak ukatu eta Covid-19ak hildako jendea onartzen dugun egunotan gizateriarekiko baikortasuna landu beharra dago

Miren Odriozolaren bizitzak ongi irabazia du liburua. Baserri giroan hazi eta Bilboko langile borroketan murgildua, feminista hirugarren olatuaren hastapenetan aritu eta iraultzaile Sobietar kolapsoaren ateetan. Victor Jara hila, Thatcher (eta laster Reagan) gobernuan zelarik eta abian trantsizio-traizioa Euskal Herrian, egun ikusita orduz kanpo hasi zen El Salvadorren Farabundo MartĂ­ gerrilla taldeak eta Estatuak izaniko gerra. Liburuak gerra hori kontatzen du eta eskaintzen dizkigu bidean pasarte politak, gogorrak (Pakitorena ezaguna izan arren gogor askoa herrikide zen heinean), xamurrak eta guztiak eskuzabalak. Bizitza kolektiboaren poza, miseria eta ginda artean bada ere protagonistek utzi nahi ez dutena. Mina, nekea eta abaildura tarteka ere, jakina, gerra itsusia baita. Baina bakeak batzuetan zapore mingotsa utzi arren amaierarik ez duen prozesua da iraultza, Mirenek frogatzen duen moduan lanean segiz bai Euskal Herrian bai El Salvadorren. Iraultzaile batek ez dio uko egiten herria zaindu eta bizi baldintzak hobetzeari justizia sozialaren bidez.

Liburuan oso ondo tartekatzen dira Mirenen biografiako pasarteak, bere haurtzaro nahiz gaztarora eginiko flashbackak eta berarekin borrokan aritu ziren hainbat kideren edo senideen testigantzak. Idazlearen meritua da, dudarik gabe, estilo xume baina txukunaz kontatu behar duen hori zuzen eta ondo transmititzea.

Bukatzeko, Mirenek berak idatzitako epilogoko pasarte hau dakart hona:

Chalatenangoko gerra frontera joan aurretik, ez nekien gerra bat zer zen ere, bain askotan pentsatu nuen bazitekeela bizia bertan galtzea. Buelta asko eman nizkion horri, eta uste dut arrisku horretaz nahiko jabetuta sartu nintzela frontera. Izan ere, gerrara ezin zara joan hortaz jabetu gabe; ez zenuke jasango. Goizean jaiki, eta ez dakziu iluntzean berriz oheratuko zaren; eguenero hiltzen dizkizute lagunak eta egunero ikasten duzu. Gerran bizitzaren eta heriotzaren ideiak erabat aldatzen zaizkizu. Gezurra badirudi ere, heriotzaren sokan zintzilik ibiltzeak bizi gogo handiagoa ematen dizu“.

Urrun bizi arren gerrillari internazionalisten bizia, maitasun handia hartzen diezu horren pertsona eskuzabalei. Sortuko dira besteak. Amaren osabak esan ohi zuen gisara Arrasateko parrokiako frankisten omenezko plaka apurtu zutenean, garai hartan hori egiteko prest zeudenak ez ziren herrian hiru edo lau besterik. Aurki bihurtuko ziren hogeita hamalau.