Muga. Pertsonak. Negozioa.
Manuel Tiago idazle portugaldarraren, Alvaro Cunhal da gaitzizenaren atzean dagoen idazle eta politikari komunista, lana da 5 egun, 5 gau, Katakrak 2020, obra.
Liburuaren haria da Lambaça kontrabandistak (giza trafikatzaile hitza omititzen du kontrazalak, ‘pasatzaile’ darabil Amets Arzallus Antiak hitzaurrean) eta migratu beharra duen André gazteak eginiko ibilaldia. Andréren estuasuna biziko dugu gure baitan, bere ezjakintasuna, Lambaçaren iluntasuna, leku bakarti eta ezezagunek sortzen duten ezinegona. Espainiako muga pasatzea da helburu eta horretarako ibilgailuz eta batez ere oinez ariko dira gauez, geldialdiak eginaz eta geldialdi hauetan txirotasunak dituen hamaika aurpegietako batzuk ezagutzen.
Euskal literaturan etorri bazait pareko obra bat hori Pello Lizarralderen Larrepetit da. Han ere bikotea baitoa, bata zaharra eta iluna, gaztea bestea, ihesi eta gauez. Biak ala biak obra aberatsak dira naturaren deskribapenean, Cunhalen kasuan gaia esplizituagoa delarik migrazioaren (erbestearen) deskribapenan eta topo egiten dituzten pertsonaien egoera azaltzeko orduan.
Azpimarratzekoa Iñigo Roque Eguzkitzak euskarara itzultzen eginiko lana, zumirikiak ere barne hartzen baititu bere euskara aberatsak. Pasarte apartak ditu.
Mendirik mendi ibili ziren arratsalde osoan, Lambaça presarik gabe zebilen, geldialdi luzeak eginez. Aldarte onean ageri zen, arestiko pasadizoa barkatu nahian bezala. Irudi zuen bat-batean lagunarenganako interesa piztua zitzaiola, eta, ondoz ondo zebiltzala, berari zeharka begira harrapatu zuen batean baino gehiagotan.
Halako toki batean, ur-xirripa baten ondoan, Lambaçak errebolber zilarkara handia atera zuen sakelatik, eta, deskagartu ondoren, kolpekaria eta morroiloa aztertzen hasi zen.
Manuel Tiagok amaieran Pirinioak aipatzen ditu. Euskal Herria ere ez baitago askotan dirudien bezain urrun Portugaldik. Gu ere saltsan, ezkutuko errealitatea azalarazteko balio du obrak. Horretarako du hitzostea ere. Nik ez dakit sartuko nukeen, baina interesgarria bada.
Eta obra, guztiz gomendagarria. Baduelako gainera istorio nagusiaz gain itsaso bidezko migranteen egoera azaltzen duen ipuina. Afrika ginenekoa, Europa Piriniotan hasten zen garaian.