Gloria

Taberna. Ama. Alkohola.

(Kontuz, spoilerrak ditu).

Ezagun batek bere aita alkoholikoarekin zuen harremanaz idatzi du Goienaren azken alean. Egunotan han eta hemen ari dira agertzen gai berari buruz Eider Rodriguezek emaniko elkarrizketak. Horregatik, ezinbestekoa da, Nere Ibarzabalek Bar Glorian (Susa, 2022) egin bezala droga horrek tabernariengan eta euren familiengana duen eragina islatzea.

Izan ere alkoholari eta honen ondorioei buruz jarduten du Ibarzabalek. Baina ez horri buruz bakarrik. Baita sexu indarkeriari, baserritik deserrotu eta herri industrialetara jaitsitako familien egonari buruz, lehen horren ohikoak ziren koloretako ibaiei buruz, drogari buruz, aita zakar apustuzaleei buruz, sasoi hartan hanka bat armairuan zuen homosexualitateari buruz eta amei buruz. Ama baita, lanaren bidez, lanari eskainitako bizi baten bidez, Gloria daraman familia batuta mantentzen duena eta haren hutsuneak arrakalatzen du dena. Gloria erraustuko duen sutea ez da arrakalatze hori zigilatuko duen gertaera baizik.

Aitari idi demako kontuetan laguntzera igotzen den Rakel, akaso belaunaldiz eta espazioz deserrotuena. Asko disfrutatu ditut nola kontatzen digun idazleak Rakel gogoz kontra aitak idiengana eramaten duenekoa eta nola bera den aitarentzat horren esanguratsua den apustura doan familiako kide bakarra. Bere ahizpa, Ana, tabernaren eta ezaguna den horren grabitate indarrari ihes egin ezinda dagoen emakume gisa ageri zaigu tramak ematen duen denbora salto batean. Adi pertsonaia honi, bikain baitago eraikia. Bukatzeko, eraso bati ez ezik, giro atzerakoi batean biziraun eta etxeko egoera delikatu bati aurre egin behar dion Migel dago, berarekiko enpatia handia pizten duena.

Gustatu ez zaizkidanen artean eta txikikerietatik abiatuta aurreneko kontua da ez zaidala sinesgarri egiten idi buru bat horman eskegita duen tabernarik egotea Euskal Herrian. Gero ama Amandre Santa Ines bihurtze hori eta jarraian kokatua dagoen garaian ia omnipresentea zen euskal gatazka deritzonari erreferentzia oro omititzea (apenas aski zen nire ustez erreferentzia azalekoren bat, baina ezer ere ez agertzea arraroa egiten zait) eta bertsolaritzan esaten den bezala liburua ez dela lehertu. Esan nahi dudana da baduela hizkuntza jaso eta aberatsa, pertsonaia oso interesgarri ertz ugaridunak, hari mutur ugari eta, hau guztia hala izanik ere, nire ustez bukaeran euri tantarik gabeko zeru ilundua da.

Etxean hainbatek irakurri du liburua eta ez dugu iritzi bera. Haiei asko gustatu zaie eta, beraz, baliteke nire kontua izatea. Horregatik merezi du irakurtzea eta horren seinale da irakurleek egin dioten harrera beroa: seinale ona da hori gehien-gehienetan.