Antipodak

Uriarte. Benidorm. Literatura.

Hitz kuriosoa. Antipodak. Australia datorkit gogora. Buruz behera bizi den jende klase hori ea antipoda dugun. Badirudi historia kolonialean ez garela hain arrotz. Arrazakeria estrukturala herrialde bietan dugu. Klima? Berotze globalak izango du azken hitza, edo Sahararen hedapenak.

Baina halere antipoda deitzen diogu Australiari. Nik hari horri tiraka antipoda dei diezaioket Iñaki Uriarteri ere, eta, hala eta guztiz ere, bere egunerokoak interesgarri egin zaizkit. Akaso horregatik, hain juxtu.

New Yorken jaio zen Iñaki Uriarte, erbesteratutako familia jeltzale boteretsu baten eta migrante galiziarren baitan. Haur kozkorra zela, Donostiako Ondarretako villa batera lekualdatu zen familiak jende ilustrea gordetzen zuen etxean, jet-set kutsuz. Tenisa gustuko zuen eta Deustun ikasi.

Bi liburu batu ditu batean Logroñoko Pepitas de Calabazak, Diarios Iñaki Uriarte (2019), epilogo bat gehituta, 1999tik hasitako egunerokoa 2010a arte. Liburuaren edizio fina aipagarria da.

Iñaki Uriarte, donostiar bilbotartua, jeltzale familia baten baitan hazitako PSOEko botu emalea, Montaigneren zale sutsua, lana eta lan diziplinaren aurkako militantea, burges praktikantea, Benidormen goreslea, Ezker Abertzalearen gorrotatzailea, El Correoko literatur kritikaria, gautxori erretiratua, luma zorrotzaren jabea, deskribapen finen egilea eta literatura nahiz bidaien deskribatzaile gozoa.

Euskararen aurkako pasarteak terribleak dira, mingarriak. Zinegotzi ohi hau honezkero ez da izutzen bere hautu politikoari eginiko kritikekin. Bere pentsamendu soziala, bestalde, zentrokoa izan liteke aipatzen dituen lagunen pasarteekin alderatuta. Literaturan aldiz humanoago iruditu zait, zintzoago. Gehiago gustatu zaizkit, bere buruarekiko zintzotasunarekin batera.

Pasarte honek ondo islatzen du nire ustez egunerokoen tonua: Por otro lado: ¿Por qué los misioneros tienen siempre ese aspecto tan estupendo? Suelen aparecer retratados en medio de un grupo de desarrapados y son los que mejor cara tienen, los más sonrientes, los que parecen más sanos y alegres de todos. Hay ahí algo mosqueante.

Nik gozatu dut irakurmena. Akaso gehiago gozatuko nuke, hasiera batean egin zen bezala, bi liburutan banaturik aterako balitz obra. Luze xamar egin liteke egunerokoen liburukotea irakurtzea. Eta halere, irakurri berri ditudan hiru dietarioien artean, Erro, Pavese eta Uriarte, azken hau da ezbairik gabe interesgarriena.

Apalean egin diot lekua, antipoden, edo guk antipodatzat jotzen ditugun bizilagunen, kartografia gisa. Elkar ezagutzeko ez bada ere.