Amaiur. Alonso. Hilbeltza.
Amayur gaztelu baltz ori
—berreun gudari oro sumin—
zaintzen zattuben zaldun onak
Naparra-aldez egin dabe zin
Pettiren ahotsean irakurtzen dut Lauaxetaren olerkia. Eta behin, duela dezente, sasi-arkeologo -alegia, erdipurdiko belartxar kentzaile- izan nintzen gazteluko indusketatan. Horra Amaiurko gazteluarekin eduki dudan hartu-emana. Badut orain beste helduleku bat, kasu honetan, zelulosa pastaz eginikoa, gaztelua baino gehiago hari buruzko kondaira (eta historia) protagonista duen liburua.
Sasoiko dator Jon Alonso 2022ko udazken-negu honetan, Baztanek bizi duen oparotasun sortzaileari gorazarre eginaz. Batetik Amaiurreko gazteluko gudutik milurte erdia pasa deneko ekimen sorta dela eta bestetik Hilbeltzako iturri odoltsu nekaezina, hauen abaroan dakar Alonsok Amaiur bat urtero (Hilbeltza, 2022) nobela beltz, fresko eta zirikatzailea.
Film handi bat ari dira grabatzen, euskal kultura miserableak artean ezagutu gabeko superprodukzioa, eta ustekabeko heriotza batek astindu ditu bai filmeko partaideak bai Baztango herritarrak. Narratzaile gisa pertsonaiak txandakatuz, bakoitzari dagokion ahotsa, hizkera eta erregistroa maisuki definituz -harrigarria da Alonsok duen hizkuntzaren domeinua- dinbi eta danba astintzen ditu gure lur triste honen leihatilak amaraun denak kendu arte. Baskoniako historia bat? Dinbi. Nafarkeria pedantea? Danba. Patria telesaila? Dinbi. Ustelkeria disimulatzeko mezenasgoa? Danba. Polizia torturatzaile birziklatuak? Dinbi. Eta horrela irakurtaldia arina, gozagarria eta gogoangarria egin arte.
Blog hau inoiz irakurri baduzue badakizue Alonso zalea naizena. Baina ez nuen espero hain ondo pasako nuekin irakurtzen. Bejondeiela berari eta berau argitaratu duten Hilbeltzakoei, besteak beste Gorka Arrese bera ere berreskuratu baitute lehen irakurle gisa.