Gainbehera. Errua. Highsmith.
(Spoilerrak ditu, adi!)
Benetan aparta da Patricia Highsmithen Lardaska (Txalaparta 2020, Josu Barambonesek itzulia, originala The Blunderer 1954koa) nobela. Bertan, Walter eta Clara Stackhouse senar-emazteen bizi atsegin eta akomodatua kontatzen baina batez ere Walter Stackhousen bizi-hondamena. Izan ere, hainbat liskar eta sestra dituen bikoteko emazte Clara hilik aurkituko dute eta ordutik Walterrek errudun itxura emango du berak errudun ez dela gogor defendatu arren. Badakizue zer zioten cesarraren emazteari buruz.
Hiru dira niretzat nobela honek dituen gako interesgarriak:
1.-Errua: Walterrek ez du Clara hil, edo bai? Hil du? Ziurra den gauza bakarra da dagoen muturreko egoeran, neurosiak jotako emaztearekin duen harreman pozointsuan, fantaseatu duela eta dezente emaztea hiltzearekin. Erru horrek jango du ordutik aurrera. Izan ere hil edo ez berdin da berarentzat, bere mugimendu dorpeek eta kontaturiko gezur tentelek inguruko lagun, lankide eta maitaleek bizkarra ematea ekarriko baitiote eta erruak hor jarraituko du.
2.-Gainbehera: Matrimonio baten gainbehera eta pertsona baten gainbehera behintzat kontatzen dira hemen. Garaiko dibortzio lege zurrunek eta euren bizitza sozialak eragindako presioak behartuta, protagonisten izaera gehitu horri, tirriki-tarraka funtzionatzen duen ezkontza dago. Highsmithek ezkontza lotura horren azken urratsak erakusten dizkigu eta ondoren, hein batean Corby detektibearen lanak eta Walterren jarrera ustelak eraginda, azken honen porrot pertsonal, sentimental eta laborala bizi dugu.
3.-Obsesioak: protagonista bakoitzak bere obsesioa du. Clarak, gaixotasunak eraginda hein handi batean, ez du senarrarekiko edo bere amarekiko batere enpatiarik erakusten, horrenbeste ze zakurra eta lana maite ditu denaren gainetik. Berekoi hutsa da. Walter, aldiz, emaztea nola desarregarazi ari da pentsatzen eta hori du obsesio, kontziente ez izan zarren nobelaren zati gehienetan. Kimmel, etorkin liburu saltzaile xumeak, bere kapital kultural baxuarekin eta harreman jasoak zaintzearekin dago obsesionatuta. Bukatzeko, Corby, detektibea, beltz ari da lanean bi kasu tiro bakarrarekin argitzeko. Bere ehiza-zakur temak behartuko du hein handi batean tramaren garapen eta amaiera.
Ederra da Highsmithen lana. Liburu sinopsietan jartzen du obra honek erakusten duela jende arrunta nola izan daitekeen edozer egiteko gai. Nire ustez, gehiago da errua eta obsesioei buruzko lan psikologiko aparta. Oso ondo eraikitako pertsonaiak dira eta hasiera-hasieratik harrapatzen zaitu tramak. Literatura beltza gustuko duenarentzat oso gomendagarria.