Ez aurrera ez atzera

Nobela. Chirbes. Gogoetak.

Hala itzultzen du Elhuyarrek perplejo: ez aurrera ez atzera. Hainbat molde gehiago eskaintzen ditu hiztegiak eta halere ez naute ase. Ez baitzait iruditzen Chirbes ez aurrera ez atzera zebilen norbait. Harrritua zena bere inguruan gertatzen zen horrekin, ziur asko, baina nora zioan ondo zekiena.

2002koa du lehen edizioa Rafael Chirvesen El novelista perplejo lanak, Anagrama. Bere hainbat artikulu eta hitzaldietarako testu batzen ditu lanak, gehien gehienak 90ko hamarkada amaieran eta hurrengoaren hastapenetan idatziak.

Merezi du Chirbesen obra ezagutzeak, merezi du bere lan oparo eta zorrotzengatik (La buena letra, Crematorio, En la orilla…), gutxik deskribatu baititu altxamendu faxistaren ondorioak eta honen errautsetatik sortutako demokrazia maxkal eta ustela. Liburu honek bere obra ulertzeko gakoak eskaintzen ditu xehetzen dituen irakurketen bidez, partekatzen dituen gogoetei esker eta eskuzabal biluzturiko pertsona baten distiraz. Bere jaiotzako Valentzia, Max Aub edo Francis Baconen obra, Flaubert eta Prousten anekdotak, Juan Marsé, Boris Pilniak… Hizkuntza aniztasunaren eta hiztun gutxiko hizkuntzen defentsa eder-ederra ere aurki liteke orriotan.

Artikuluen artean niri gehien gustatu zaizkidanak dira El novelista perplejo, Una novela al acecho, La resurrección de la carne (Bacon)… Eta Zafrako institutuko ikasleei apirilaren 14 batez eskaintzen dien oparia. Horkoa da pasartea. En cambio, si lo que uno quiere contar es algo tan íntimo como puede serlo una historia de amor, debe saber que o la cuenta, o esa historia no habrá existido: aún más, si no cuenta esa historia muy bien, la convertirá en mediocre, ya que una historia de amor no es más que lo que uno sea capaz de contarse a sí mismo, contarle al amante, o contarles a los demás. Fuera de eso no existe, es aire.

Idazle aparta zen Chirbes. Hobe genuke guztiok, Urko Azpitartek egin bezala, bera oroitzea abuztuaren 15eko bazkalondoan, Canorekin duen elkarrizketa berrikusiz eta bere obra berriz eskuetan hartuz.