Edgar Allan Poe. Dupin. Noir.
Paris, XIX. mende erdialdea. Chevalier Auguste Dupin pertsonaia (eta pertsona) berezia da: lehen detektibea izatearen meritua egozten diote. Liburuaren kontrazalari kasu eginez gero Sherlock Holmes edo Hercule Poiroten inspirazio iturri izan zen obra eta ez da harritzekoa, zientziaren ahaide nagusi eta dedukzio abstraktuaren maisu baita Allan Poeren pertsonaia: polizia ez da gai krimenak ebazteko, hiria handia eta basatia da eta abenturarik handienak etxetik atera gabe bizi daitezke. Beste era batean azaltzeko, etxetik atera gabe pistak -El misterio de Marie Roget kasuan egunkari zaharrak- arakatze soilarekin egia jakin liteke. Arrazionaltasuna, psikologia eta ezagutza ia entziklopedikoa dira detektibearen tresnarik onenak. Akabo Kixote eta Kixotekeriak, akabo kriminala ulertu gabe epaitu nahi duten justiziagileak: etorkizuna bestelakoa zen.
Hori guztia deduzitu eta interpretatu zuen Edgar Allan Poek eta merituzkoa da ikusita zer zoli jardun zuen. Niri gehien gustatu zaidan kasua aurrenekoa da, El Asesinato de la Rue Morgue, -1841urtekoa- baina hirurak dira bikainak.Liburua da Los Misterios de Auguste Dupin, el primer detective (Periférica 2020, Ángeles de los Santosek itzulia) eta Edgar Allan Poere trebezia finaren erakusgarri da, misterio eta detektibe nobelak maite ditugunontzat gozagarri.