Ordainpeko autobideen amaieran

Dom Campistron. Bekatorosak. Harrotasuna&Borroka

Estilo berezia dute Dom Campistron Aldudeko egileak. Bere marrazkiek ezpain haragitsuak dituzte, baina ahoek badute zer edo zer basa. Hau idazten ari naizela liburuaren azala dut eskuan, noski, Bekatorosak liburuar buruz ari naiz (Dom Campistron, Elkar, 2021), eta maitasuna, goxotasuna, aldarria eta maltzurkeria ikusten ditut bertan marrazturik anabasan.

Domek bekatoros aitorpen batekin abiatzen du liburua, nola askatasun bila Glasgowera egin zuen hegan eta euskalduntasun herriminak akuilatutako itzuleran, 2019ko udan, elkarrizketa egin zien bera moduan herri ttipiko izan eta heteronormatibitatek eskapatzen ziren Behe Nafarroako 7 pertsonari. Homosexualak, lesbianak eta bisexualak ageri dira elkarrizketatuak obraren 144 orrialdetan zehar eta zaharrenak 55 urte badu esango nuke gazteenak 23 dituela (besteek 27, 45, 25, 29 eta berriz 45).

Galderen eskema bera da elkarrizketatu bakoitzarekin, kontzientzia hartzea eta onarpena, ihesaren beharra, ea ezagutzen zuen aurretiaz bestelako homosexual edo bisexualik, ea coming out-ak egin dituzten, homofobia erasorik jasan duten, sareen erabilera…

Erantzun askotan ageri dira antzeko patroiak eta horrek ondorioak ateratzeko aukera ematen du: bakarri sentitzearen sentsazio gogorra, herrian norbere sexualitatea era askean erakusteko lotsa, norbere burua onartzeak dakarren askatasuna, hiriaren arnasa, internetek informazioa lortzeko emandako erraztasunak, homofobiaren presentzia irain eta komentariotan, onarpen prozesua… Ziur asko ez dira kontu berriak, baina tokiko erreferentziak aberatsak dira (errugbilarien estereotipoari buruzkoa adibidez edo laborari giroari buruzkoa), hizkuntza bizia eta ariketa gomendagarria.

Nik gustura irakurri dut une batzuetan galderatan sakontasun handiagoa faltan bota arren. Ziur asko hori da guztiekin eskema bera erabiltzearen prezioa. Etor bitez halako lan gehiago, hiritik at bakarrik sentitzen den jendearen ahotsa ekarriko duena bakardade artifizial oro astintzeko. Orain ordainpeko izango omen diren autobideen amaieran, zubipeetan edota atseden eremuen hesiz bestalde mundua dela aldarrikatzeko tenorea da.