Hondamena. Ambao. Barrett.
Testu honek arrain eta spoiler zantzuak eduki ditzake.
Aipatu izan dut nire irakurketen ordena edota desordena Arrasateko Bibliotekako nobedadeen apalak duen garrantzia. Estrategikoki kokatua atearen alde banatan, nire eta beste askoren begirada eta irriken itu da. Hala iritsi naiz ezustean Santiago Ambaoren Trenta y seis metros (Barrett, 2019, Sara Mesak editore lanak eginda) liburura eta horrek ekarri du blog honetan Panza de Burro eta gero aipatu argitaletxearen ekimen bitxi eta eder horri buruz bigarren sarrera idatzi izana.
Kafeak zer dio pertsona bati buruz? Azukreak edo azukre ezak gure izakeraz zer dio?Zuritik beltzera dagoen tarte kromatikoan non kokakatzen da bakoitza? Nobelako protagonistak Eduardok kafearen tenperaturarekin hasiko du bere hondamendia. Finean hori ez litzake arazo ez balitz izango bere bikotearekin duen harreman eskasaren sintoma: ez da ausartzen bikoteari esaten nahiago duela kafea bero hotza baino, hark prestatzen dio gosaria, eta egunero katilukada bete botako du fregaderatik behera. Hortik abiatuta bi semeekin duen harreman falta, komunikazio eza eta bere aitatasun eredu duda-mudazkoa.
Liburutik gauza batzuk ez zaizkit gustatu. Espainiako istiluen zera guzti hori, bakteria dirujale misteriotsu eta guzti, nekez uztar liteke nire ustez trama nagusiarekin. Gauza bera esan dezaket izenburua sortzen duen protagonistaren pentsamendu suizidari buruz. Hobe luke akaso Ambaok hari nagusiari soilik helduta obra landu: sintoma txikiak ezin irakurtzearen arriskua eta gizon baten erorrera ustelkeriara. Hasierako hogei orrialdeak, gutxi gorabehera miragarriak dira: prosa landua, gauza materialek sinbolizatzen dutenaren azterketa aparta, pertsonaia nagusi ezaugarri gutxi batzuekin borobila eta ministerio gris baten lan giroaren deskribapen aparta. Hortik aurrera nire ustez kontuak indarra galtzen du eta bukaera aldera tentsioa mantentzen bada ere esango nuke ordurako liburua “eroria” dela.
Eta halaber merezi du, irakurketa erraz eta atseginekoa baita, durduzagarria batzuetan eta besteetan iluna izanagatik ere, eta esango nuke ustelkerian erori diren batzuen ispilu ere izan litekeela. Finean, amildegira garamatzaten pausoak maiz txikiak eta hutsalak direlako banan-banan aztertuz gero.