Solteroei

Solteroak. Agirre. Ofizioa.

(Adi, spoilerrak).

Uste dut argumentuaren originaltasunak eman zidala arreta. Ea zer iruditzen zaizuen. Hau da kontrazaleko sinopsian ageri dena: Gaztetan, Deustuko Unibertsitateko ikaslea zela, ikerketa bat egiten ibili zen nobelako protagonista, baserritarrak joan ohi ziren diskoteketan ze ohitura zeuden eta horrek maiorazkoak mutilzahar geratzearekin zerikusirik ba ote zuen. Aldi berean, frankismoaren kontra egiteko, Erakundean ere sartu zen, harik eta, atxiloaldi batean jasotako pasadaren ondoren, borroka-gogoak joan eta Iparraldera ihes egin zuen arte.

Urteak pasata, jubilaziotik gertu dagoen Soziologiako irakasle dibortziatua dela, Alderdiaren gonbidapena jasoko du Lehendakarigai izateko, baina, politikariek falta ohi duten xarma moduko bat aitortzen dioten arren, bere iragana nola edo hala apaindu beharra ere gogorarazten diote.

Iragana ate joka du nobelaren protagonistak. Eta nork ez, adinean gora egin ahala. Zortedunei ereindakoaren uzta emateko eta beste gizagaixo askori eginikoen edo ez eginikoen zorrak kitatzeko.

Zihuatanejo Ozeano Bare ertzean dago eta aipatzen dutenez ozeano hark ez du memoriarik -halako zerbait diotso Tim Robbinsek Morgan Freemani espetxeei buruz ez ezik laguntasunari buruz egin den pelikula ederrenetako batean.

Politikariei ez diegu halakorik aitortzen. Purutasun absurdo bat eskatzen diegu maiz eta oso onberak gara ordea haien politika edo erabakiekin. Harrigarria da mendebaldeko gizarteek duten bilakera zentzu horretan eta, bereziki, EAEko gizarte zaharkitu eta morfinatuak. Hedoi Etxartek galdetzen bazuen aurrekoan ea zergatik ginen horren onberak ustelkeriarekin Euskal Herri ipar-mendebaldeko biztanleok hor egon liteke erantzun bat: purutasunaren tranpan eroriak gara akaso borroka armatuaren inplikaziotik batzuek libratzeko egin duten ahalegin larregikoagatik eta ordea barkaberegi gara ekintzekiko.

Ondo darabil gai hori Joxean Agirrek Solteroen dantzalekuak (Elkar, 2022) nobelan. Hor du obrak nire ustez indargunea eta, batez ere, beste bi puntutan: solteroen dantzalekuei buruzko ikerketa kontatzen duen orrialdeetan, protagonistaren iniziazio moduko bat ere badena amodio eta sexu kontuetan, eta militante batek pilatzen dituen orbanetan (spoiler txiki bat: Kabra zirenen praktikak kritikatzen dira bukaeran? Zalantza geratu zait).

Uste dut oso hasiera indartsua duela, aholkularien figurarekin, Alderdiaren disekzio irrigarri horrekin eta iraganera begira idatzitako paragrafo gogoangarriekin. Badu ofizioa Agirrek, oso ondo maneiatzen du hizkuntza eta tempus narratiboa eta ni behintzat atsegin handiz eraman nau orrialdez orrialde. Gero, bigarren zatian, iruditu zait geratu egin dela nobela, zerbaitek ez duela funtzionatzen -emazte ohiaren figura oso sinesgaitza egin zaidalako akaso- eta amaieran bikote harreman heterosexualen gorabeherek hartzen duten pisua nabarmenegia egin zait. Originala da solteroen inguruko amaierako alegatu hori, egia da, eta maitasunaren erredentzioa beti gustuko dudan arren ez dakit, hotz utzi nau.

Gomendagarria da? Nik disfrutatu dut eta ametitu behar zaio gai zaharrei buelta arituta ere irakurlea harrapatzeko gai delako. Zuetakoren batek irakurri badu eta erantzunetan iritzia eman eskertuko nuke.