Errusia

Malebitx. Tolstoi. Odriozola.

Miliario bati begira, hala joan zidaidan argia Aurizberriko ilunabarrean. Nork daki zenbat urte egingo ote nituzkeen Ukraina, Bielorrusia edo gure mapan Errusia osatzen duten herri guzti horien neurri ase ezinari so. Zenbat desiatina, arshin edo versta ote begien parean.

Errusia etorri zait gogora Xabier Gaintzarainek Zumetaren omenez Berrian idatzi duen artikuluari esker, hark Malebitx aipatu eta nik ez ezik, baita Beñat Irasuegik ere, zalditeria gorriaren kargaren margolana irudikatu dugulako. Gizon-emakumeak zaldian, beharra eta aurrerapena gorriak ziren lurretan. Ruper Ordorikaren abestiko lera zakurren antza duten soldadu epiko bezain tragikoak. Itzuliko ote dira, horra iraultzailaren betebeharra, Hedoi Etxartek txio batean adierazi didan bezala, matxinadak ez bezala iraultzak berria baitu eraikitzeke.

Errusian zehar oinez Primo Levi. Errusia ertzean mediku Txekhov. Errusian nekazari, Tolstoien Zenbat lur behar du gizon batek? ipuineko Pahom nekazaria. Denonarteanek argitaratua 2011n eta Mikel Vilchesek itzulia, Elena Odriozolaren ilustrazio zoragarriekin. Bizar luzeak, esku zuriak, ederrak denak.

Hemen ipuin hasierako pasarte bat, emakume batek bere ahizpa bisitatzen duenekoa: Gazteena, minduta, merkatarien bizimodua gutxiesten hasi zen, eta nekazariena goresten.

-Ez nuke nire bizimodua zurearekin trukatuko -esan zuen-. Beharbada, gure bizimodua goibela da, baina ez dakigu zer den beldurra. Egia da zuen bizi-estiloa finagoa dela, baina, batzuetan asko irabazi arren, biharamunean dena gal dezakezue. Gogoan izan esaera zaharrak dioena: <<Aise irabazi, aise xahutu>>. Askotan gertatzen da gaur aberatsa izatea eta bihar ogi-puska baten eske ibiltzea.

Leihora atera eta Deba ibar meheak ez du lautada bakerik. Hor nonbait, badabiltza batzuk, zaldi gorrietan biharko eguna prestatzen. Hori pentsatu nahi baitut eta ez beldurrak jota gaudela baino gure ogi lizunduei begira.

Mamarroa

Zaldia. Goienetxea. Bermeo.

Musika taldeen eragina baloratzea gai sofista da. Jende jakintsu eta dotoreak, Iker Barandiaran dugu horren adibide on Arrasaten, ez dio elkarrizketari muzinik egiten halakoetan. Nik RIPen ibilbidea eta ondorengo oihartzunari buruz ea alde handiegia ez ote den galdetu nion. Ojokuidau, badaezpada diot hau mondragoetar legez eta excusatio ez eskatuen adibide goren, estiman dut haien lana. Mahomari utzi nion eta itzuli ez zidan Segiko kamiseta lekuko, Alicanten kontzertu batean giroa berotu nahi baitzuen. “Oye, Pirineos, tu tendrás alguna camiseta grande de…”. Ikerrek gidatu zuen 2006an Goienak RIPi buruz eginik DVDa, ezagutza badu. Ez dugu gaiaz iritzi bera, baina ziur asko bat gatoz 80. hamarkadak luzaroegi estali duela 90.a Arrasaten. Musika talde zerrenda (ahaztu) hau horren lekuko: Iskanbila, El Desvän del Macho, Bad F-Line, Ekon, Brutal Melody, Off-set, Anger, Des-Kontrol, Aspirine, Lagash, Inertzia, Eskizofrenia Rock…

Horregatik, zaldi kontuek inguruko dena estaltzeko oraindik duten ahalmenagatik, tentuz heldu nion Ekaintz Goienetxearen Zaldi mamarroa obrari, Elkar, 2018.

Total, irakurraldi on bat ebatsi diodala nire buruari orain arte. Izan ere, 80. hamarkadako heroinaren hedatzearen gaia literatura ondoen eta era zabalenean biltzen duen lana baita nire ustez. Baina, zorionez, ez da hori bakarrik. Pertsonaia gogoangarriak ditu, Aingeru bikain-bikaina da kapitulu bakarrean agertu arren eta bere jarduna kontatzen den kapitulua oso-oso ongi narratua. Ez esan ezetz… hau irakurrita: Trasteak jaso eta, azkarregi zutitu denez, bat-batean, zorabioa igo zaio kaskora. Halako bertigo bat igarri du sabelean gora eta gorputz adarretara zabaltzen. Ikusmena ere lausotu zaio. Izterrek zutunik nola mantentzen duten oso ondo jakin gabe, besoen inguruan eta oinen azpian zer duen ez dakiela, paralizatuta lotu da. Segundu gutxi iraun dio. Hegaldi labur bat.

-Eeeeeeeeeepa…!

Gustatu zaio zorabioa, eta gozatu egin du.

Liburua poliedrikoa da: Sonia, Joxemigel, Mikel… Bakoitzaren errealitate eta ikuspuntua artez dago eraikia. Eurei esker agertzen zaigu begien aurrean osasun publikoa, abortua, itsasoa, espetxea, baserria, hirien aldirien garapena… Zertzeladak norabide onean gehien gehienetan eta nire aurreikuspenak modurik onenean gainditu dituztenak.

Esan beharrik ez da, prosa eta hizkera ederrez.

Bainarik aurkitzekotan, Izaro eta Unatz gehiago zukutu zitezkeenaren susmoa dut. Hau, halere, ez zait horren garrantzitsua iruditzen Goienetxeak eraiki duen artelanean. Barruan daramadan idazleak hartzea nahiko zukeen bidearen seinale erdi-eroria besterik ez.

Aspaldian zaldi kontuei buruzko lan onak ditugu. A los pies del caballo edo Zaldi urdina horren adibide. Berriz emango diot buelta bat RIPen eragin puztuegiari buruz dudan iritziari.

Bortua

Irupil. Luku. Orbaizeta.

Buruak zerbait badu faltan, udaberriko oporraldian, Iratiko bortura eginiko bisita izan da. Sukaldean ezagutu parajea, gauekoen, ehiztarien eta lainoaren erresuma. Ziza eta joare, bidexka eta muga.

Antton Lukuren Libertitzeaz, Pamiela 2014, da aurkitu dudan kontsolamendua. Hona hemen, bortuaren garrantziaz jarduten ari denean libertimendu eta inauterian:

Oteizaren iritziz harrespila eskultura sakratua da. Neolitikoa markatzen duena. Harpea uzten du jendeak eta horrekin batean ihiztarien magia eta arte figuratiboa. Abstraktuz eta sinbolikoz erranen da orain ezin erran berri hori. Harpeko ormak erori dira. Huts horren aitzinean espazioa berrantolatu behar du jendeak. Oteizaren ustez cromlechak erdiko huts hori dio. Politikaren espazioa da, kontratu sozialarena, metafisikarena eta sineste berriena. Erantzukizun politikoa da hor hartzen. Bolantek hesten dute plaza eta zaintzen. Zirtzilak uzten dituzte erdian eta nahi dutelarik haizatzen. Hautu politiko, botere, bizi filosofia istorio bat du hor kontatzen libertimenduak.

Gure herri bakoitza erreka batek, den mendreena ere, egin arroa bezala da eta hegi edo bizkar batek bereizten du auzo herritik. Suge batek mugatzen. Entitate ttipi horiek, ondotik herri zein auzo bilakaturik, bere hautetsia bazuten kantonamendurako edo haran, baleko gorteetan. Noizdanik ateratzen den hau ez da hemengo gaia. Interesatzen zait bizitzaileen kulturan daukan errealitatea. Unitate natural edo hobeki errateko enpirismoz egin horiek. Ondarrolarra ez da Arnegitarra. Sarasketakoa ez Duzunariztarra. Pagalzetarrak eta Ezterengibelekoak ez dira Esterenzubitar berdin. Eta irauten du. Bestenaz ez dugu deus ulertzen herriko bozen saltsan. Artzainen saroen arteko mugak ere hola dira borrokaz eta gero hitzarmenez eginak, kabalen zakurkatzeen artetik, joareen bozek salaturik. Ondotik egin dira legeak, paktu eta itunak, usaiak idatziz eta ahoz, memoriaz.

Aurrerago dio: Garazin duela 20/30 urte bizi izan denak badaki, hiperbolaren arriskuan nabil, ez dela mera herriko inportanteena baina sindika. Hau zen auzo herriekin tratuan ari, hau zen bortu eta behereko jakintzaren giltza.

Eta azken esaldi bat, lerro gutxi batzuk aurrerago, 125. orrialdean: nola nahas daiteke bertsoa, danta eta bortuko bide alapideez arduratzea ahapaldi berean? Erantzuna, berak ematen digu: Gure ihauteria heziketa sistema baten emaitzaren plazara agertzea da(…). Bide, xendara, bortu, larre, auzo herri eta gaineratakoen ikasketa da. Ausartzea eta auzoko saldarena.

Barka, bidetik apur bat aldendu naizenez gero. Etxamendik Orbaitzetako bere maitasun nerabeari jarritako bertsoak akaso ziren gairako aproposago. Nik behintzat ez nituen ezagutzen liburuan aurkitu arte. Bortua, akaso, bortuago baita kantauri isurialdean mediterraneokoan baino. Eneko Bidegainek azaltzen du horren zergatia ederto.

Oharra: Bihar eta etzi bloga ez da eguneratuko bat egiteko euskal sortzaileen grebarekin.

Cortazar

Telebista. Komikia. Idazlea.

Joaquín Soler Serranok RTVEko A Fondo programan eginiko elkarrizken zerrenda ikustean badakizu telebista karramarroen kastakoa dela. Sarean da aurkitzeko erraz, interesa bazenu. Etxealdia eta euria profitatuz, ameskeria bati jarraituz, berriz errepasatu dut goizean garunean tenk egiten dizuten elektrizitate deskargek eraginda, 1977an Julio Cortazarri saio horretan eginiko elkarrizketa. Hemen duzue ikusgai sarean.

Ameskeria atzokoa da. Ustez inspiraturik eta urduritasunak tematurik sutsuki idazteari ekin nion. Banuen kontzeptua, geometria. Banituen pertsonaiak: biribilak, laukiak eta triangeluak. Aurrenekoak herritar xeheak, bigarrenak boteretsuak eta hirugarrenak zorrotz beste haserre diren boteretsuen sokakoak. Banituen bakoitzaren ezaugarriak eta banuen kezka, ea ez ote ziren estereotipikoegiak. Laupabost testu pilatuta, gehiago eutsi ezinik, apaletegira jo nuen. Buruak adarra jo zidan, oharkabean Historias de famas y cronopios ari bainintzen plagiatzen. Kafea egin, artxiboa ordenagailuko barrunbeetan gorde eta antzarei buruzko komiki bat irakurtzeari ekin nion. Ez naiz kontu hauen zale.

Ikusi berri dudan Cortazarren telebistako elkarrizketak tenkaturik, Marchamalo eta Toricesen komikia atera dut. Cortazar du titulua, Nórdica Libros argitaletxeak 2017an ateratakoa. Irla desertu batera maletan eroateko moduko lana da, dudarik gabe. Bai marrazkien kalitate bai testuaren hautaketagatik.

Aipaturiko elkarrizketaren hariari jarraiki Cortazarren biografia egiten dute, 1914an Bruselan jaio zenetik alemaniarren obus artean. Ordutik bere bizitza, obra, pentsamendua edo konpromiso politikoa azaltzen zaizkigu. Ezin da oharkabean pasa ere dokumentatzeko erabili duten bibliografia, komikiaren bukaeran azaltzen dena.

Cortazarren haurtzaroko pasartea dakarkizuet, haur bakartiak Buenos Aires hiriko aldirietan etengabe irakurtzen duenekoa:

Leía tanto -Dumas y Shelley, Bierce- que su madre consultó con un doctor si era bueno. Y el médico, apoyado por el director de la escuela primaria, recomendó que le racionaran la lectura y que, a cambio, tomara más el sol en el jardín. Ese día -escribió muchos años más tarde- empecé a tener la certeza de que el mundo está lleno de idiotas.

Borobilak, laukiak eta triangeluak. Samos uhartean ere ez dute gure misterioen berri.

Oharra:Atzo esan bezala, 21 eta 22an ez da bloga eguneratuko sortzaileen grebarekin bat egiteko.

Antzara

Brouard. Cano. Larrea.

Etxealdiari esker baketzen ari naiz mesanotxeko liburu piloarekin. Kontsumokeria, bibliofilia, apeta… muga lausoa du liburu metak. Gutxituz doaz irakurri gabeko liburuok eta azkenarekin nire buruari diotsat ea zergatik ez dudan irakurri beharrekoen zerrendan gorago jarri argitaratu berria izan arren.

Izan ere Antzara eguna, Txalaparta 2019, Santi Brouard pediatra eta politikariaren azken egunei buruzko Harkaitz Cano eta Adur Larrearen komiki aparta da. Zoriak gura izan du gainera obrari buruz Euskadi Irratiko Arratsean saioko elkarrizketa gaur entzutea, egileen motibazioak hobeto ulertzeko lagungarri izan zaidana.

Tragedia ezaguna da Brouardena. Canok aipatu du irratian gurago izan duela bilbotarraren giza dimentsio eta karisma jorratu plano politikoa baino. Nabari da hori kontsultako biñetatan, edertasun zinezkoak baitira marrazki nahiz irudi.

Ezin aipa gabe utzi bigarren mailakoak diruditen baina istorioa kokatu eta girotzen dituzten ondorengo elementuak: kontakizuna egiten duen poliziaren erruaren ernetzea, Hasiko asanbladen kea edota Alfonso Sastre eta Eva Forestekin izaniko afaria, Canok berak asmatua baina gerta zitekeenaren baitan.

Memoriaren puzzlean piezarik ez dago norberak sortu arte. Horregatik dira eskertzekoak egile ezberdinen lanak eta argitaletxeen edo produktoren kuraia. Hau idaztean Josu Martinezen lana baitatorkit, besteak beste.

Bukatzeko, pasartea, hiltzaileetako baten gogoeta gordina: Baina ez dezagun kontua komeni baino gehiago apaindu. Gezurra esango nuke damu arrastoak nituela esango banu… Goizegi zen horretarako…

Irakurri eta gozatu, etxeko leihotik euria ikustean beste.

Oharra: bloga ez da 21 eta 22an eguneratuko, sortzaileen grebarekin bat egiteko.

Fiat

Italia. Ballestrini. Arrasate.

Hamar mila jende elkartu ziren Agnelli eta Unione Sovietica etorbideen artean.

Liburuaren amaiera aldeko esaldia da, uztailaren 3ko istiluak kontatzen dituena. Obra, jakina, Den-dena nahi dugu da eta Katakrak egitasmoak atera zuen iaz.

Aukeraturiko esaldiak, ondo laburbiltzen du Fiateko borrokaldian ari diren eta liburuko protagonista langileen sentipena, sindikatuek salduta eta Agnelli familia boteretsuenaren artean fronte guztiak zabalik borrokan.

Liburuan kosta zait sartzea, Balestrinik darabilen hizkera biziagatik ziur asko. Aipagarria Fernando Reyren itzulpena, ariketak ez baitirudi batere erraza.

Niri, azkura eragin dit. Zintzoa banaiz ezin beste era batean izan. Mondragoetarra, sindikatu baten kide afiliatua eta izakeraz hurbilago sentitzen dena hamalau ordu lanean egiten zuten langile komunistekin, etxean eta lantegian, lanaren arbuioa egiten duen protagonistarengandik baino. Zer pentsa uzten du.

Cesar Renduelesi irakurri nion, oker ez banago, bere baitako ordenazalea isiltzen baduela nahikoa lan. Bagara bi, orduan. Lanaren gurtza horrekin kitatuko ditut kontuak egunen batean.

Hemen beste pasarte bat tonua hartzeko lagungarri izatea espero dudana: Sindikalistek, PCIko burokratek marxista leninista faltsuek poliziek eta faxistek ezaugarri bat dute denek berbera. Izugarrizko beldurra diote langileen borrokari langileek nagusiak eta nagusien zerbitzariak pikutara bidaltzeko gaitasunari modu autonomoan erabakitzen eta antolatzen baitute borroka bai fabrika barrenean bai fabrikatik kanpo. Haientzat egin genuen panfleto bat bukaera hau zuena Ez dakit nork esan zuen baleek ere badituztela beren zorriak. Klase-borroka balea bat da. Eta poliziak alderdien eta sindikatuen burokratak faxistak eta iraultzaile faltsuak dira haren zorriak.

Irakurketa gomendagarria, ni moduko italiazale batentzat zer esanik ez, hegoalde-iparralde dinamika azaltzeaz gain Milan eta Turingo lantegien bizitza ulertzeko. Baita, autonomia obreroa deritzona hobeto ulertzeko.

Akaso, uztartu litekeen Paveseren Burkidea obrarekin, Xabier Mendiguren Bereziartuak itzulia, bertan ere kontatzen baita politizazio prozesu bat Italian, hamarkada batzuk arinago bada ere.

Den-dena nahi dugu, gogoan hartu beharko dugun leloa, datozen egunotarako.

Harrespila

Urbeltz, Oteiza, azeria.

Urbeltz aita-semeek, Juan Antonio eta Mikelek, 2012an idatzitako eta Jorge Oteiza museo-fundazioak argitaratutako Crónlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa obra gomendatu nahi nizuke zuri, irakurle, gaurko honetan.

Obran zehar Pirinioko harrespilen jatorriari buruzko hipotesia garatzen dute, egile ezberdinen gogoeta, datu etnografiko eta erreferentzia aberatsekin.

Post hau idaztean berriz egin diot galdera nire buruari? Zergatik egin zituzten gure arbasoek harrespilok? Zein zen hauen funtzioa? Galdera hutsa, konfinamendutik irteteko aitzakia bikaina suertatu zait. Pentsatu duzu horretan inoiz, zein da zure hipotesia?

Gaurko pasartea, berriz, liburuko gai zentraletik aldenduz barrea eta beldurrari buruzkoa da, liburuko 129. orrialdekoa: Y hablando de labriegos, éstos han vivido cada día de su vida mirando al cielo. Atentos siempre al orden marcado por los ciclos climáticos, atención necesaria siempre para mover el ganado, roturar los campos o expandir a tiempo y de modo adecuado la simiente o el estiércol fecundante, dedicándole a todo mucho trabajo. A partir de ahí se ve con claridad que en las representaciones carnavalescas las caretas con muecas terroríficas no son traídas al ciclo festivo por ser mensajeras de la fertilidad, sino para conjurar el miedo al devenir que, justamente, ellas representan (los terroríficos espíritus terráquos de los que hablan W.F. Otto y Georges Dumézil, o la índole demoníaca atribuida por René Guénon y Claude Gaignebet a figuras y figurantes del Carnaval).

Pero hay algo más, es la risa y las imágenes rabelesianas que acompañan a muecas y caretas, y que según Mijail Batjín se encuentran <<perfectamente ubicadas dentro de la evolución milenaria de la cultura popular>>. Para Batjín la risa es el signo redentor de la victoria del hombre medieval sobre el miedo. De modo que frente al trágico agobio que las clases populares sufrían por la violencia del poder, violencia socialmente interna, con prohibiciones y restricciones de todo tipo; lo cómico popular, repleto de ritos, espectáculos y parodias carnavalescas, y con risa al frente invadiéndolo todo, imponía por unos días su ley liberadora.

Kuraia musika taldeak ere adierazten zigun iluntasunari barre egin beharra. Leihotik maiz zeruari begiratu behar honetan, aroak eragingo ez digunaren etsiaz, kirol jarduerarik ez eta kirol programa atondu behar duenaren determinazioz ondo legoke dugunari aurre egiteko irudimena erdigunean jartzea.

Munduko bandarik txarrena

Utopiaren kioskoa. Gauza huts eta garrantzi gabekoen museo nazionala. Babelgo hondakinak.

Fenomeno akustiko ugariren berri ematen didate kalean bizi diren lagunek, izan txalo, izan dj, izan karaoke. Aldizkaririk irakurrienek ez dute tokirik utopiraren kioskoan; herritarren gehiengoak, tamalez, izar hilurrenen galeriara duelako lepoa biratuta. Mezu satanikoen detektatzailerik ez da merkatuan nahikoa denik 140 karaktereko dotrinari aurre egiteko eta Alderdi Inpopular Idiosinkratikoan emango dut izena hau amaitu bezain pronto, bizarra moztu ondorenean. Gomutak ezabatzea errebelazio iluna da, esperantzak berrestearen irrealtasun kronikoa, patuaren labirinto korapilatua. Etxe saltzailearen arrangura senti dezaket, horrenbeste jende etxean den garaiotan ezin negoziorik egin, parearen duen musikagile entzunenaren pozari laino iluna ezartzen diona. “Aberrazio elektromagnetikoak!” oihua biralizatu da, hitzen astuntasun jasanezinez.

Gauza hutsal eta garrantzi gabekoen Museo Nazionalean dago blog hau iltzatua, entropiaren garaitza, kezka metafisiko, hodeien inbentario, larriminaren kartografia, liburu-laburbiltzaile, gezur konpultsibo eta azken hitzen alboan. Talentu anonimoak dira maiz ankerkerien erakustaldi, munduarekin bat ez zatozela ohartzen zarenean, ez baituzu konprenitzen Zenith jatetxe-gidaliburua. Nahasmendu hipnologikoak jota, Zapolsky kapela-bildumari so, Tristan Geigerren Meta-orkestra entzun zain eman dituzu etxealdiko ordu eternalak belarria irratian paratuta. Hori bai, hutsalaren poetika!.

Toki hilen klubean daude ordea faltsutze benetakoak, dispepsia literario eta bizi-estatistiken aldamenean. Kirol nazionala da beldur aitorrezinak metatzea, bulkada sortzailari erremate kolpea ematen diotenak. Lexikografo gupidagabeek idazten baitute gure bizitzaren gidoia, bertsoak egiteko makina baliatuz Gezurkeria eta Diletantismoaren goi mailako eskolaren agindupean. Bero-oldea, ihes plana, idazkuntza sortzailea, uxagarri ultrasonikoa, blokeatze metaforikoa, ez dira Babelgo hondakin besterik.

Post hau harilkatu dut Munduko bandarik txarrena komikiko kapitulu batzuen izenburuekin. Txalapartak argitaratu zuen euskaraz Jose Carlos Fernandesen lana Bego Montoriok itzulia eta Portugalek koloniza gaitzan desiatzeko balio du.

Gogoa dekolonizatu

Thiong´o. Afrika. Ametsak.

FNAC batean erosi nuen liburua, tituluaren erakarmena izeneko arrisku kirola praktikan jarriz. Obra, Descolonizar la mente, Ngugi Wa Thiong´o idazle keniarrarena da, Marta Sofia Lorenek itzulia eta Debolsillo Ediciones zigilupean multinazional batek ateratakoa. Sistemaren kontraesana da gune komertzial handietan horrelako liburuak aurkitzeko aukera, egileak obran dioen bezala kolonizazioaren kontraesana den moduan misiolariek erlijio liburuak afrikako hainbat hizkuntzatara itzuli beharra.

Egileari buruzko interesa edukiz gero, El Paisek elkarrizketa hau egin zion duela urtebete. Bertan kolonizazioa, askapen gerren ondorio batzutan mingotsa, idazle batek norbere hizkuntzan idazteagatik jasandako errepresioa (harrapazak Kerouac) edota Karen Blixen idazleari eginiko kritika zorrotza datoz besteak beste.

Liburuak merezi du irakurraldia, literatura edo sozio-linguistikan duen interesetik harago. Bertan jasotzen dira 1981-1985 urteen artean emaniko hainbat konferentzia, unibertsitate irakasle baita ogibidez Thiong´o.

Hitzaurrean, itzultzaileak aipatzen da Frantz Fanonen lanak egilearengan izan zuen eragin aipagarria. Thiong´o idazleren pentsamendu aberatsaren hainbat zati jar nitzakeen hemen, baina hona hemen hautatu ditudan pasarte bi:

“La elección de una lengua y los fines para los que se usa esta son entrales en la definición que un pueblo hace de sí mismo en relación con su entorno social y natural, de hecho en relación con la totalidad del universo. De aquí que la lengua siempre haya estado en el centro de dos fuerzas sociales rivales en el África contemporánea”. Afrikan 1884ko Berlingo Konferentzian ezarri zen banaketa ekonomiko, politiko eta kulturalaz ari da jakina.

Duela egun batzuk blogean hizpide izan nuen gai bati buruz ere ahobizarrik gabe mintzo da afrikar idazlea: Hasta ahora he hablado de la lengua en la literatura creativa en general, y el teatro y en la ficción en particular. Tendría que haber seguido con la cuestión de “El lenguaje de la poesía africana”, pero los mismos argumentos son aplicables, incluso de forma más contundente, a la lírica. La existencia y el desarrollo constante de la poesía en lenguas africanas, clara e inequívocamente en el caso de la oratura (literatura oral), hace que sea manifiestamente absurdo hablar de poesía africana en inglés, en francés o en portugués. Poesía afroeuropea sí; pero no debe confundirse con la africana, que es la compuesta por africanos en lenguas africanas”.

Thiong´o euskaraz irakurtzeko aukera dago, Gerra garaiko ametsak lana hain juxtu, literatura unibertsala ekimenaren baitan argitaratu baitzuten Erein&Igelak Olatz Prat Aizpururen itzulpena. Dena den, konfinamendua amaitzean, El diablo en la cruz irakurtzea jarri dut helburu gisa, Txalapartak aterea duela hogeita bost urte baino gehiago. Obra horretan bezala, pertsonaiaren bati, otu aurretik arnasten dugun aireagatik ordainaraztea…

Oharra: Txerra Rodriguezen iruzkinari esker Ngugiren beste bi liburu euskaraz badaudela ohartu naiz, Txalapartak argitaratuak biak: Iraultza bertikala eta Negarrik ez haurra. Beste bi zerrendarako!

Laua

Fauna, Colorado, ku-ku.

C-eguna etorri aurretik kotxean bueltaka nuen azken diska dut gogoan, Sarasua anaien Fauna txiki bat lana, Leintz bailaran sona izan zuena duela bi hamarkada pasa. Hontzaren jardunak sortzen didan hunkiduratik harago, Arrano Beltz&Arrano Zuri gisa ezagutzen dudan abesti zirikatzaile eta zorrotza dut gogoko. Bueltak eman dizkiot edukiari diskaren bira beste eta egun kukua sartuko nuke arrano bien alboan. Izan ere, orain, kuku-lana da nagusi parajeotan.

Kukuka dator ere Kent Harufen Canço de la plana liburu ederrean. Laugarren edizioa du katalanez Edicions del Periscopi argitaletxean, maite-maite dudana dituen lan apartengatik, eta 1999koa da originala ingelesez. Lanean, Harufek, Coloradoko landa komunitate baten egunerokotasuna kontatzen du edertasun soilez. Joko hori egiten du gainera liburuko sarreran bertan asmoa azalduz, jende lauaren bizitza modu lauan kontatzea, imitazioz ere lortzea zaila den bikaintasunez. Estiloa ere horrelakoa baitu, apaindurarik gabea, sendoa beste eraginkorra. Hemen aurreneko kapituluko pasarte bat:

Que eta fa falta res?, li va dir.

Ella no es va dignar a obrir els ulls. Ell va esperar. Va mirar al seu voltant. Ella encara no havia canviat els crissantems de sobre la calaixdera i l´aigua podrida del gerro feia pudor. Li va estranyar que ella no la sentís. On tenia el cap?

Fins al vespres, va dir ell.

Molt bé, va dir. Va sortir al corredor, va tancar la porta i va baixar les escales.

Tan bon punt ell va ser fora, ella es va tombar al llit i va mirar cap a la porta. Tenia uns ull intensos, del tot oberts, molt grossos. Al cap d`un moment es va tornar a tombar, al llit, per observar les dues barres fines de llum que resplendien al capdamunt de la persiana. Volves de pols finíssimes nedaven en l´aire tènuement il-luminat com diminuts éssers submarins, però de seguida va tornar a tancar els ulls. Es va posar un braç doblegat sobre la cara i es va quedar immòbil, com adormida.

Hezur-haragizko pertsonen pentsamendu eta arazoak herri txiki baten baitan. Kukuka sartzen zaizun istorioa, aise lortzen duena ahanzteraztea hiztegia alboan eduki beharra.