Fausto, aho zabalik geratzeko antzezlana

Korrika kulturalaren aitzakian, Fausto herritar eredugarria ikusten egon gara asteburuan, Gernikako Lizeo antzokian. Ez da jende askorik animatu. Izan daiteke, Kontseiluak deitu zuen manifestazioak ere eragin izana, Donostiatik buelta egiteko ere denboratxoa behar delako. Kontua da, baina, publikoan bazela adin helduko jende dezente eta haiek gogoan izan nituela antzezlan guztian zehar. Are, esango nuke, ohelagunaren amaren begiak behin baino gehiagotan igarri nituela plater zapal bi baino zabalago!

Probokaziotik dena dauka Galder Perezek zuzendutako lanak. Erritmoa eta musika nahasketek ere horretan laguntzen dute. Interpretazioak benetan azpimarratzekoak iruditu zitzaizkidan. Mikel Losadak, Jon Faustorena egiten, kristonak eta bi jasan beharko ditu Lander Otaola eta Diego Perezengandik, biak ere, Mefistofeles maltzurraren aginduetara, Miriam K. Martxante. Miriamek ahotsa ez zuen oso sendo izan, baina deabruaren hots gutural beldurgarriak egiten asmatu zuen, bai horixe! Eta @LanderOtaola-k erakusten duen indarra itzela da. Zela aritzen den batera eta bestera jauzika, sorbalda total konkortuta. Ikaragarria haren garra!

C. Marlowe autorearen interpretazio moderno eta eguneratua erakusten du “Fausto herritar eredugarria” lanak, moda-modan dagoen demokrazioaren gainbehera erakutsiz, diruak bakarrik mugitzen duen mundu geroz eta esklusiboago honetan. Pertsonaiak nazkagarriak izatera heltzen dira, jarrera erasokor eta oldarkor hoiekin eta eszenatako batzuk hain dira bortitzak eta krudelak ze, bati baino gehiagori mugiaraziko dio barrena.

Hala ere, eta ohikoa ez denez horrelako performance erako antzezlanak euskaraz, ba, aukera baduzue, joan “Fausto herritar eredugarria” ikustera; ahal dela, tripa zorroa hutsik duzuela, gerta dakizukeenagatik!

 

Kategoriak Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Ikastolan ere erlijioa genuenekoa, graziaz betea

Irudia: http://www.todocoleccion.net/libro-breve-ortografia-escolar-manuel-bustos-1967~x23853307

Irudia: http://www.todocoleccion.net/libro-breve-ortografia-escolar-manuel-bustos-1967~x23853307

Lide andereñoarekin, gaztelaniaren arau ortografikoak errezitatu aurretik (egunero bat, “Breve ortografía escolar” liburukitik) AgurMariaGraziazBeteaJaunaDaZurekinBedeinkatuaZaraZuAndreGuztienArteanEtaBedeinkatuaDaZureSabelekoFrutuJesusSantaMariaJainkoarenAmaErregutuEzazuGuBekatarionAldeOrainEtaGureHeriotzakoOrduanAmen errezitatzen genuen. Horrelaxe. Dena jarraian. Kolpe bakarrean. Zertan ari ginen ere pentsatu gabe. Zertarako, ezta?!

Eva Belmonteren  El Boe nuestro de cada día irakurtzen akordatu naiz nire bizitzako sasoi harekin. Bai, ze Aranzadi ikastolan, Bergaran, guk ere bageneukan erlijio irakasgaia, baina Lide andereñoarekin egiten genuen errezu hura, lengua española ikasgaian (edo orduan deitzen genuen, “erdera”n) izaten zen, atera kontuak!

Eta, ez pentsa erraz konformatzen zenik gure Lide. Igartzen zuenean errezitaldi hartan gelako alderdiren batetik marmarra zetorrela, otoitz doinuaren ordez, sutan jartzen zen. Gauza bera egiten zuen gaztelaniaz ondo idazten ikasteko eguneroko arauen errezitaldiarekin ere. Proba egin genuelako gogoratzen dut ondo baino hobeto.

Iturria: http://www.todocoleccion.net/manuel-bustos-sousa-breve-ortografia-escolar-curso-completo-viso-auditivo~x38088275

Iturria: http://www.todocoleccion.net/manuel-bustos-sousa-breve-ortografia-escolar-curso-completo-viso-auditivo~x38088275

Behinola otu zitzaigun, gela erdiak errezitatzea “Se escriben con y griega las palabras que…” (ez dakit hori izan zen, ala beste bat; baina berdin dio) eta beste erdia marmarrean aritzea eta JesusMariaTaJose! Ederra muntatu genuen! Ea uste genuen ez zela ohartuko! Ea, zer pentsatzen genuen… Erretolika prest zeukala esango nuke, ze, ez ginen gure gelakoak izan esperimentu hura egiten saiatu ginen lehenengoak, seguru!

Erlijioa 8. mailara arte

Ditxosozko LONCE legeak, eskola publiko, pribatu zein bestelako guztietara erlijioa (edo hobe esanda, kristau katolikoen sakramentuak) indarrez sartu nahi duen lege horrek, gogorarazi dit, bide batez, guk ere, erlijio irakasgaia bagenuela ikastolan. Notarako zen gainera! Han agertzen zen matematika, gizartea, euskara, soinketa eta beste ikasgai guztien artean, erlijioa!

Maria Biktoriak ematen zigun guri. Emakume garai, argal, buru zuri eta atzamar amaigabeak zituena. Zenbati ez zigun bere eraztunarekin kokotean jo Bitxorik! Eta, holaxe institutura joan ginen arte. Han, lehenengoz, erlijioaren eta etikaren artean hautatzeko aukera izan genuen, abade ala zibil baten artean.

Bizitza zirkuluetan bueltaka dabil. Lagun batek dioen moduan, betikolez.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , | Utzi iruzkina

New York Times gaztelaniaz

Egunkariak ezinbestean ari dira negozioari eutsi nahian, audientzia berriak bilatzen, teknologia ahalbidetzen merkatu berriak eskuratzeko. Ez da lehenengo aldia New York Times egunkariaz aritzen naizela hemen eta, seguru asko ez da azkenekoa izango. Izan ere, 2014an aurrera begirako informea argitaratu zuten, hainbat lan ildo jorratu beharko lituzketela iragarriz. Oraingoan, merkatu berria gaztelaniaz hitz egiten duten amerikarrek osatzen dutela iritzita, haiei begirako gaztelaniazko artikuluak argitaratzeari ekin dio egunkariak.

Bai, New York Times gaztelaniaz argitaratzen hasi da. Oraingoz, froga bat baino ez da, baina asmoa litzateke Amerika hispanoari erakargarriak zaizkion albisteak gaztelaniaz eskaintzea. Ez ei dute egunkari guztia gaztelaniaz eskainiko, ze, antza denez, gaztelaniaz argitaratutakoa ingelesezkoen itzulpenak baino ez dira, beraz, ez da gaztelaniazko edizio bat.

Iturria: http://www.nytimes.com/column/nyt-america

Iturria: http://www.nytimes.com/column/nyt-america

Denetariko albisteak

Venezuela, Cuba, Oscar sariak, Brasil eta EEBBetako albisteak agertzen dira nahasturik eta kopurua egunero ere aldakorra da; esaterako, otsailaren 21ean 3 albiste argitaratu zituzten gaztelaniaz eta otsailaren 20an, bi baino ez; otsailaren 19an, berriz, bost.

Lydia Polgreen, @lpolgreen, NYTeko kideak iragarri zuen Twitterren, otsailaren 11n, hasiak zirela “esperimentatzen” gaztelaniazko artikuluekin.

Nieman Labe-ek 2015ean kazetaritza arloan egingo ziren ekimenen inguruan adierazi zuenez, New York Timesen asmoen artean dago EEBBetatik kanpoko irakurleek zer irakurri nahi duten jakitea. Onartuta ere asmoa ez dela egunkaria hizkuntza guztietara itzultzea, Polgreenen ustez, erabaki latzak hartzeko sasoia dator, ez hainbeste jendeak zer irakurri beharko lukeenaren inguruan zerbitzu egokia ematen asmatzeko, baizik eta zer jakitea gustuko luketen asmatzeko.

Berrasmatzea da #kazetaritza -n ari diren komunikazio enpresen patua eta eurekin batera, nola ez, kazetariona.

Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Niños Mutantes, Granada gogoan Bilbon

2015eko nire lehenengo zuzenekoa izan zen Niños Mutantes taldeak Bilboko Back Stage aretoan eskainitakoa. Areto horretan ere lehenengoz egon nintzen egun horretan. Bai, egia da, lehenago, Congreso zenean izana nintzela, baina harrezkero urte batzuk pasa dira! Are, ez dut uste, aretoak era horretan jarraitu izan balu, joango nintzenik atzera. Han ere bazegoen garai bateko Plentziako Nix aretoagatik esaten zenetik zerbait, alegia, Cabarceno itxura hartzen hasia zela.

Kontua da gaur Ctxt digitalean Granadari eta Alhambrari eta inguru hari buruzko artikulu eder bat irakurri diodala Manuel Mateo Perezi eta gogoratu dudala Granadakoak direla Niños Mutantekoak ere.

Nire pop zaletasuna sustatzen nabil aspaldian eta horrela ezagutu ditut baita Granadakoak (nire lehengusuak Facebooken elkarbanatuta; bera ere granainoa da-ta!). Urte batzuk daramazkite hango eta besteko taula gainetan (1994tik). Niretzako, ordea, euren lehenengo zuzenekoa izan zen Bilbokoa eta, aldi berean, 2015eko urte musikala hasteko modua ere bai. Ze, aizue, ‘Esto es lo que hay’! Hain justu euren showa hasteko erabili zuten abestia:)

‘El pasado’ disko berriari errepaso labur bat egiten hasi ziren. Aipatutako ‘Esto es lo que hay’, ‘Hermana mía’, ‘El circo’, ‘Santo Domingo’ eta ‘Robot’ jo zituzten, lehenagoko kanta ezagunei ekin aurretik. Ondoren etorri zen 2012ko ‘Hundir la flota’ eta O-o-o-ooooo! errepika gogoraerreza. “A los capullos de vuestros jefes” esaten hasi zuten segidan, “a no ser que en Granada y en Bilbao las costumbres sean otras!”: ‘La puerta’ abestu aurretik. Diskoari izena eman zion ‘Naufragos ere jo zuten jarraian eta dozena bat abesti gehiago, gutxienez, kontzertua amaitu aurretik.

Tartean, gitarra espainolarekin bakarrik ere aritu ziren taldekide nagusi biak (Juan Alberto Martínez abeslari eta kantuen egilea eta Andrés López gitarra jotzailea) eta une batez aretoan garai bateko diskoteka giroz jantzi zen ‘Te favorece tanto estar callada’ (2008) abestiarekin.

Amaitzeko, nola ez, abestirik ezagunenetako bat aukeratu zuten: ‘Errante’, 2010eko diskoan bildutakoa eta #mutante guztiei eskainia.

Aurretik, jakina, ‘Todo va a cambiar’ ere jo zuten; hau ez dakit @goioarana-ren omenez izan zen ala ez:)

Dena delakoa, Granadak eta Alhambrak betidanik eragin dutela nigan halako zer berezi bat. Hainbeste aldiz izan naiz han, familia bisitatzen eta txoko eder haietatik ibiltzen. Eta, bai, nostalgiko jarrita, zergatik ez, Alhambraren ur jausi eta iturriek eragiten dituzten soinu zoragarriak gogoratu ditut, han bizi izan ziren haiek izan zuten patua alde batera utzita, onarekin geratuz.

Bide batez, kontzertuan jo zituzten kantuetako batzurekin Spotifyn zerrenda osatu dut, gustuko duenarentzat:

 

Kategoriak Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Takoirik gabeko zapatak eta perlazko belarritakoak, hutsalkeriak?

Utzidazue garrantzirik gabeko gai bat, hutsala, aipatzen: Letizia erreginaren zapatak. Bai, badakit, azaleko kontuek ez luketela inoren arreta erakarri beharko, baina, aizue, gertuen daukagun erreinu horretako dama nagusiaren irudi-aukera ez da hutsala.

Iturria: © Casa de S.M. el Rey

Iturria: © Casa de S.M. el Rey

Bere zapata lauek, takoirik gabeko horiek (oxford estilokoak omen), eta gizonezkoen tankerako traje iluna ez dira ezdeusa. Pentsatzen jarrita, sinbologia asko daukate, are, Fitur moduko turismoa erakartzeko azoka nagusienaren inaugurazioan jantziz gero.

Serio plantaren itxura hartu nion, eta, era berean, garai bateko España beltza gogorarazi zidan. Soiltasuna adieraztea izango zuen helburu, akaso, baina España pobre harena, asfalto bako kaleena, jatekorik eta alfabetatzeko aukerarik ez zuten espainiarrak bizi zirenekoaren gogoeta egin nuen. Baliteke, dena den, nire imajinazioa izatea, ze, interneten aurkitu dut iazko Fiturreko inaugurazioan egon zeneko irudia, eta esango nuke berdin joan zela.

Eta, inora ez doazen kontuez ari naizela, AHTren obrak bisitatzen izan ziren emakumeen estiloa ere aipatzeko moduko iruditu zait. Berrian ikusi dut argazkia. Lehen planoan sailburua eta ministroa ageri dira, eta atzeko planoan Euskadiko PPko burua. Hirurak ilea lisatuta, ile-xerlo horiak, sorbaldara arteko adatxa eta belarrietan perlazko belarritakoak. Kasualitatea? Ez dakit, baina gaia hutsala izan arren, ez zait hain ezdeusa iruditu aizue.

Iturria:  Berria- ARP

Iturria: Berria- ARP

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Txioen estatistika indibidualak mugikorretan

Gaur lehenengoz konturatu naiz mugikorreko Twitter aplikazioak berriz ere hainbat aldaketa egin dituela. Mugikorreko aplikazioari buruz ari naiz. Hasteko, inoren txioa faborito legez markatzerakoan, izarra piztu aurretik, efektu berezi bat egiten du, 3D efektu moduko zerbait. Bestetik, norberaren txioen arrakasta edo inpaktua neurtzeko estatistikak eskaintzen dituela. Eta hori gutxi ez, eta, zure perfila inork bisitatu badu ere txibatzen dizu estatistika horien artean. Hortaz, Linkedin sarea nahikoa salati ez eta, orain, Twitterrek ere egiten dizu “arrakastaren” jarraipena. Ez dago ihesbiderik.

Lehen Twitter Analyticis sortu zuen txori urdinaren enpresak:

twitter-analitics

Baina mugikorretako aplikazioak txio bakoitzaren estatistikak erakusten dizkizu. Zenbatek ikusi duten zure txioa, loturaren bat duten txioetan zenbatek egin duten klik eta, hori gutxi balitz, txioa ikusi dutenetakoren batek zure perfila ikustea erabaki badu ere, esan egingo dizu Twitterrek.

Dirudienez, proba bezala jarri zuen martxan Twitterrek iazko udazkenean, baina nire kasuan gaur arte ez dut froga egin.

5-txioa

Eta, aizue, oso erosoa da, ze, ez daukazu beste inongo paneletan sartu beharrik zure txioaren “inpaktua” zein izan den ezagutzeko. Txioan bertan agertzen den grafiko ikonoaren gainean sakatzea nahikoa da hainbat datu ikusi ahal izateko. Jakina, hori guztia zertarako jakin nahi dugun, bakoitzak erabaki beharko du. Baina, kanpaina kontuetan dabilenak, esaterako, aterako dio bai etekina.

Kategoriak Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Lehenengo publikatu, gero zuzendu

Kazetarien herenak dio sare sozialak ez direla informazio iturri fidagarriak. Hala ere, kazetarien erdiak erabiltzen dituzte informazio iturri nagusi gisa. ING Group eta Social Embassy-k egindako ikerketa baten daturik aipagarriena da. Hori eta, kazetarien %20k bakarrik egiaztatzen dituela albisteak, publikatu aurretik. Ondorioz, esan genezake, publikatzen diren notizien %80 egiaztatu gabeko informazioa dela!

Iturria: Impact of Social Media on News #sming14 from ING Group

Iturria: Impact of Social Media on News #sming14 from ING Group

2014 Study impact of Social Media on News” izeneko azterketak leku benetan eskasean uzten ditu informazioaren profesionalak —uzten gaitu, esan beharko nuke, kazetari naizen aldetik—. Herberehetako 100 profesionalen eta bestelako herrialdeetako (gehienak AEB eta Bretainia Handikoak) 86 profesionalen artean egindako inkesta egin zuten 2014ko martxoa-apirilean. Gainera, Herberehetako beste 66 kazetarik eta beste herrialde batzuetako (gehienak AEB eta Bretainia Handikoak) 99 kazetarik ere parte hartu zuten.

Sare sozialek kazetaritzan izaten ari diren eragina aztertzen dituzten ikerketa asko egiten dira oraindik ere. Aipatzen ari naizen hau da horietako bat eta baditu azpimarratzeko hainbat kontu. Esate baterako, azpimarratzekoa da inkestatutako kazetarien erdiak, fidagarritasun handiagoa ematen diotela kontsumitzaileek argitaratzen dituzten iritziei, erakundeetatik datozen informazioei, edo prentsa oharrei baino.

Gainera, kazetariek sare sozialak erabiltzen dituzte jakiteko jendea zertaz ari den. Horrek, berez ez dauka ezer txarrik. Kontua da, baina, informazio horiek ontzat ematen dituztela, kasu gehienetan, datuak egiaztatu barik. Are gehiago, sare sozialetatik datorren informazio horrekin osatzen dituzten albisteetako asko eta publikatu aurretik ez dituzten egiaztatzen. Behera egin du sare sozialetan argitaratzen den informazioaren egiaztatzea.

Are gehiago, lehenengo argitaratu eta beharko balitz, ondoren zuzendu, bihurtu da kazetarien maxima. Datuen arabera, kazetarien %20k bakarrik kontrastatzen ditu albisteak, publikatu aurretik. Arrazoia: albisteak lehenbailehen publikatzea delako lehentasunezkoa. Hori ei da kazetarien erdiak esan duena: lehenbailehen argitaratzea komeni da, zuzenketaren bat egin beharko balitz, ahalik eta denbora gehien izateko. Horrela ulergarria egiten zait inkestak jasotako beste datua; hau da, kazetarien %60k aitortzen duela sare sozialetan askeago ibiltzen dela, kazetaritzaren arauengandik libreago-edo.

Ildo horretan, erabiltzaile/kontsumitzaileek sortutako txio, argazki zein bideoei albiste kategoria ematen diete kazetariek eta kazetaritza ari da bihurtzen klik eta ikustaldi zenbaketa huts.

Inkestaren arabera, bi eratako kazetariak nagusituko dira: gatekeeper delakoak, albisteak filtratzen adituak direnak, eta research kazetariak, baina ez ohiko ikerketa kazetaritzan arituko direnak, hau da, esklusiben bila arituko direnak, baizik eta testuingurua ematen espezializatuko diren profesionalak. Hau jakina, gertatu da jada kazetaritzan. Joera bat baino gehiago, gaur egun egiten den kazetaritza da.

Inkesta osorik: Impact os Social Media on News 2014

 

Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , | Utzi iruzkina

Etorkizuneko kazetaritza, 2014ko balantzetik abiatuta

Periodismo en 2014: balance y tendencias” artikulua argitaratu berri du Ramon Salaverriak, Cuadernos de Periodistas aldizkarian. Autoreak dioenez, publizitatean egindako inbertsioa hazi egin da %13,4 abuztuan, 2013ko datuekin alderatuta. Baina, igoera horrek ez du enplegua sortzea ekarri. 2014ko urtean komunikazio enpresek lan taldeak murrizten eta lan baldintzak txartzen jarraitu zuten. Espainiako kazetarien elkarteen federazioak, Fapek, esan duenez, 11.145 lanpostu galdu dira sektorean 2008-2014 urte bitartean. Hori bai, beste hainbat sektoretan legez, honetan ere, moteldu egin da enplegu deusestea, eskerrak!

Iturria: cuadernosdeperiodistas.com Aldizkariaren 29. zenbakiaren azaleko irudia

Argi dagoena da paradigma aldaketa gauzatu dela, aldi berean. Idatziko prentsaren eta telebista tradizionalaren hegemonia amaitu da eta medio digitalek hartu dute euren lekua. Hori baieztatzeko autoreak 2014ko Digital News Report azterketa aipatzen du. Nik neuk ere erabili nuen txosten hori master amaierako lanean, ze, datu benetan interesgarriak jasotzen zituen, besteak beste hurrengoa: espainiar estatuan egunkariak %49an webgune bidez eta mugikorretarako aplikazioen bidez kontsumitzen dira; paperezko edizioaren kontsumoa %47 da. Telebista generalistaren kasuan gaur gaurkoz nagusi den arren, %76, online bidezko kontsumoak gora egiten segitzen du: interneten erabiltzaileen %33k bideo informatiboak ikusten edo entzuten ditu, 6 erabiltzaileetatik batek ikusten ditu bideo informatiboak.

Paperezko edizioen gainbeheraren albistea, jakina, ez da berria. Baina, datu guztiak batera ikusteak, egoeraren dimentsioaz ohartzen laguntzen du. Hala, autoreak AEBko egoeraren berri ere jasotzen du. Dirudienez, 2004-2011bitartean, 75 egunkari gutxiago argitaratzen dira han.

Egunkari handi ezagunenak ere egoerari buelta nola eman asmatzen segitzen dute. Izan New York Times, The Washintog Post edo The Guardian, bakoitzak bere estrategiari ekin dio, edizio digitalak indartuz, ikus-entzunezko produkzioa gehituz online bidez eduki  interesgarriak eskaintzeko eta, nola ez, harpidetza sistema berritzaileak sustatuz, Guardianen kasu (autoreak jasotzen duenez, lehenengoz historian erabiltzaile kopuruan gainditu egin du egunkari britainiarraren edizio digitalak NYT estatubatuarra).

“Kazeta elkarteen ardatz editoriala bilakatu da sarea”, autoreak baieztatzen duenez,  eta horren adierazle dira, esaterako, espainiar estatuan ireki diren 400 hedabide digitalak (APMren datuen arabera); 2008tik hona sortuta.

Hala ere, autoreak, azpimarra jartzen du gailu mugikorretarako propio sortutako hedabideen gabezian. “Mobile native” deitzen ditu berak. Bada ikerlari brasildar bat, Juliana Fernandes Teixeira , zeina ari den ikertzen tabletetarako propio sortutako komunikabideak, esaterako: Katachi, La Reppublica Sera edo Project Week.

Izan ere, informazioaren kontsumoa gailu mugikorretatik gehitzen doa geratu barik.

Hori guztia kontuan izanik, Nafarroako unibertsitateko irakasleak etorkizuneko 6 kazetaritza modu aipatzen ditu:

1)   Datu kazetaritza

2)   Formatu handiko kazetaritza

3)   Hi-tech kazetaritza

4)   Kazetaritza birala

5)   Kazetaritza globala

6)   Laborategi kazetaritza

Horien guztien gainean sakontzeko eta artikulua osorik irakurtzeko, hemen Cuadernos de Periodistas aldizkarian argitaratutakoa.

Informazio gehiago:
  • Cuadernos de Periodistas: http://www.cuadernosdeperiodistas.com/periodismo-en-2014-balance-y-tendencias/
  • Reuters Institute Digital News Report 2014: España: http://www.unav.edu/documents/3786985/0/Reuters-Institute-Digital-News-Report-2014-Espana.pdf
Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Puntua magazina, oso gustura irakurtzeko aldizkaria kalean!

Digitalaren garaian, murrizketen sasoian eta geroz eta gutxiago irakurtzen dela dioten honetan, badugu euskaraz aldizkari berri bat. Tamainaz erosoa, bistarako ederra eta edukiz freskoa. Herri prentsatik sortua, baina eskualdearen mugak gainditzeko jaioa.
Ez, ez dut neregain hartu Puntuaren marketin kanpaina. Sarrera honek ez dauka asmo hori. Hala ere, nahi nuke aurkezpenean entzundako adierazpenari eutsi.

puntua

Joxe Rojasek @joxe kometantu zuen, izan badela euskarazko aldizkarigintzan esparru bat, Puntuak har dezakeena. Ari zen era arin, baina era entretenigarri batez artikulu interesgarriak irakurtzeko aukeraz. Izan ere, herri prentsan ari direnek zerbait badute gertuko estiloan kontatzeko abilezia da eta Puntua ere horrela dago egina.

Kultura, aisialdia, osasuna, motorra, gastronomia… denetarikoak jasotzen du astero kaleratuko den Goienaren magazinak. Ze, horixe baita Puntua, magazina. Kutxe paperean inprimatua gainera! (aspadiko herri aldizkariak gogora ekartzen duen papera, nostalgiko jarrita).
Badugu sakontasunez gaiak aztertzen dituen astekaria: Argia. Badugu gazteei zuzendutako hilabetekaria: Gaztezulo. Espezializatutako aldizkariak ere baditugu euskaraz: Elhuyar (zientziaz aritzen den aldizkari dibulgatiboa), Bertsolari (bertso munduaz aritzen den aldizkari mamitsua) eta sarean argitaratzen diren Entzun! bezalakoak. Baina Puntua magazinak badauka erakarmena, trenean, autobusean edo sofan tartetxo bat hartuta irakurtzera eramaten zaituena: freskotasuna. Iñaki Iturberen diseinuak eta eskuan erraz erabiltzeko formatu txikiak ere lagutzen dute horretan. Eta, esango nuke, irakurle gazteei erakargarria egingo zaiela Puntua. Artikulu gehientsuenak laburrak dira, gertuko estiloan idatziak, gai freskoak… Paperean izan arren, sareko estilo arin eta erraz horretatik edaten du eta horregatik uste dut irakurle berriak, gazteak, erakartzeko produktua dela. Eta, aizue, ez hain gazteok ere merezi genuen era honetako magazina! Uste dut Goienakoek orain ere asmatu dutela. Zorionak!

Aurrera begirako erronka
Etorriko ei da Puntuaren tableterako bertsioa. Ederra izango da hori ere, edizio digitaleko aldizkarigintzan, tabletetarako edizioetan, itzelezko diseinu ederrak egiten baitira gaur egun. Horretarako, baina, harpideak ere beharko ditu Puntuak. 50€/urtean. Horixe da kostatzen dena etxeko buzoian jasotzea. Nahi duenak beraz, sakatu puntua.

Kategoriak Kazetaritza | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Iruzurgilea naiz, euskaraz ez naiz gai

Ama, aita, barkatu, kale egin dizuet.

Euskaldun izan nedin, eskola publikora barik ikastola pribatura bidali ninduzuen. Elkarri ulertzeko gau eskolara joateko ahalegina egin zenuten. Eta nire ipuinak irakurri ezinda geratu zineten.

Geroago unibertsitateko ikasketak ere euskaraz egin nituen, zuei esker. Eta bide horri jarraituz, euskaraz bizi izan naiz beti. Euskara izan dut sozializazio hizkuntza. Hazi egin naiz euskaraz, bizi euskaraz, maitatu ere euskaraz, baita izandako ohe lagunekin ere.

Gero lanean ere euskaraz, zela bestela! Lagun batek esandako moduan euskara izan baitut ogibide, bizibide eta bizimodu.

Telebistan ikusi ninduzuen lehenengo hartan ere, zuek pozik. Ulertu barik geratu zineten arren. Irratian entzun ninduzuenean ere harro, “hori nire alaba da” zenioten, entzute hutsagatik orduan ere.

Ezin dizuet hitzez azaldu zenbat eskertzen dizuedan egin duzuen esfortzu dena. Zuei esker bizi naizelako euskaraz.

Baina aitortzeko ordua iritsi da. Dagoeneko ezin dut ezkutuan gorde.

Iruzurgile hutsa naiz. Ez naiz euskaraz gai.

Hala epaitu du HABEk.

Euskadi Irratiko lan poltsan egoteagatik, irratian ordezkapenak egiten aritu naizen arren; ikasketak amaitu nituenetik izandako enplegu guztietan euskaraz lan egin dudan arren; kazetaritzan bakarrik euskaraz jardun dudan arren… iruzurra egiten ibili naiz.

Eta barkamena eskatu nahi nizueke, zuei, ama eta aita, lehenengo eta behin; eta nire lankide ohi eta inoiz nik egindako kazetaritza lanen baten aurrean egon den edonori. Baita zuzentzaile izan ditudan guztiei ere; zuek bai meritua!

Barkatu, euskaraz ez bainaiz gai. Eta, barkatu nire zuzenketak jasan dituzuenoi, mania hori ere izan baitut. Ez dut berriz egingo.

Orain badakit. Nire lan tresna nagusia zuzen erabiltzeko ez naiz gai. Bizitzeko dudan hizkuntzan ez naiz gai.
Ez zatekeen hain mingarria kazetaritza lana ez nahikoa dela esan izan balidate. Baina ez, mina egiten duen epaia eman didate: euskaraz ez gai naizela, alegia. Bizkarretik labaina sartzea ez litzateke hainbestekoa izango, ziur.

Eta orain zer? Aukera bakarra ikusten dut uneotan: “apta” naizen hizkuntzan hastea, iruzurrarekin lehenbailehen amaitzeko.

Lo siento mucho, me he equivocado, no volverá a ocurrir.
Gracias HABE por abrirme lo ojos. Supongo que no hay mal que por bien no venga. En adelante mi madre y mi padre, podrán entenderme sin problema, se acabaron las autotraducciones en este país de esquizofrenia. Viva la lengua de Cervantes! Lo puedo decir porque soy apta, baina ez naiz gai.

Oharra: Oraintxe ikusi dut Korrika 19ren leloa, “Euskahaldundu”. Diote “jabetu gaitezen gure gaitasunaz eta erabili dezagun gaitasun hori”. #IroniaON! #TerapiaModuSoziala

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , | 6 iruzkin