Iruzurgilea naiz, euskaraz ez naiz gai

Ama, aita, barkatu, kale egin dizuet.

Euskaldun izan nedin, eskola publikora barik ikastola pribatura bidali ninduzuen. Elkarri ulertzeko gau eskolara joateko ahalegina egin zenuten. Eta nire ipuinak irakurri ezinda geratu zineten.

Geroago unibertsitateko ikasketak ere euskaraz egin nituen, zuei esker. Eta bide horri jarraituz, euskaraz bizi izan naiz beti. Euskara izan dut sozializazio hizkuntza. Hazi egin naiz euskaraz, bizi euskaraz, maitatu ere euskaraz, baita izandako ohe lagunekin ere.

Gero lanean ere euskaraz, zela bestela! Lagun batek esandako moduan euskara izan baitut ogibide, bizibide eta bizimodu.

Telebistan ikusi ninduzuen lehenengo hartan ere, zuek pozik. Ulertu barik geratu zineten arren. Irratian entzun ninduzuenean ere harro, “hori nire alaba da” zenioten, entzute hutsagatik orduan ere.

Ezin dizuet hitzez azaldu zenbat eskertzen dizuedan egin duzuen esfortzu dena. Zuei esker bizi naizelako euskaraz.

Baina aitortzeko ordua iritsi da. Dagoeneko ezin dut ezkutuan gorde.

Iruzurgile hutsa naiz. Ez naiz euskaraz gai.

Hala epaitu du HABEk.

Euskadi Irratiko lan poltsan egoteagatik, irratian ordezkapenak egiten aritu naizen arren; ikasketak amaitu nituenetik izandako enplegu guztietan euskaraz lan egin dudan arren; kazetaritzan bakarrik euskaraz jardun dudan arren… iruzurra egiten ibili naiz.

Eta barkamena eskatu nahi nizueke, zuei, ama eta aita, lehenengo eta behin; eta nire lankide ohi eta inoiz nik egindako kazetaritza lanen baten aurrean egon den edonori. Baita zuzentzaile izan ditudan guztiei ere; zuek bai meritua!

Barkatu, euskaraz ez bainaiz gai. Eta, barkatu nire zuzenketak jasan dituzuenoi, mania hori ere izan baitut. Ez dut berriz egingo.

Orain badakit. Nire lan tresna nagusia zuzen erabiltzeko ez naiz gai. Bizitzeko dudan hizkuntzan ez naiz gai.
Ez zatekeen hain mingarria kazetaritza lana ez nahikoa dela esan izan balidate. Baina ez, mina egiten duen epaia eman didate: euskaraz ez gai naizela, alegia. Bizkarretik labaina sartzea ez litzateke hainbestekoa izango, ziur.

Eta orain zer? Aukera bakarra ikusten dut uneotan: “apta” naizen hizkuntzan hastea, iruzurrarekin lehenbailehen amaitzeko.

Lo siento mucho, me he equivocado, no volverá a ocurrir.
Gracias HABE por abrirme lo ojos. Supongo que no hay mal que por bien no venga. En adelante mi madre y mi padre, podrán entenderme sin problema, se acabaron las autotraducciones en este país de esquizofrenia. Viva la lengua de Cervantes! Lo puedo decir porque soy apta, baina ez naiz gai.

Oharra: Oraintxe ikusi dut Korrika 19ren leloa, “Euskahaldundu”. Diote “jabetu gaitezen gure gaitasunaz eta erabili dezagun gaitasun hori”. #IroniaON! #TerapiaModuSoziala

Kategoria: Ispiluari begira Etiketak , , . Gorde lotura.

6 erantzun Iruzurgilea naiz, euskaraz ez naiz gai-ri

  1. egilea: Naiara

    Zelan da posiblie kazetari euskaldun peto bat EGA lortzeko gauza ez izatie? Ez juen arrazoirik; halan da guztiz be, zerbitzu publikoetan behar egiteko eskatzen juen, ez jagon eskubiderik. Saiatu hadi hizkuntza eskolan, edo egizan klase trinkoak, EGAkoei txistie kontau egien, ulie ikurriñan koloriekin tintau egin, zubereraz eskribidu egin azterketie… Putadie izanagaitxik, eutsi gogor eta lortuko don hurrenguan titulu madarikatu hori. Ekion lanari ta imajiñazionari gogor.

    • marijo egilea: marijo

      Naiara, eskerrik asko komentarioagatik. EGA atera nuen bere egunean. Eusko Irratian aritzeko lehiaketa publikoaren barruan HABEk izan du eskumena gaitasuna aitortzeko ala ez eta horixe da nire kasuan ebatzi duena, ez naizela gai.

  2. marijo egilea: marijo

    Zeoze gaizki daonala argi geratu don, ze hainbat izan gaitxun ez gai epaituak. Bide batez, hitanuana ezton nere meritua, Antzuolan ikasi najonan, ta gero Mikel Basabekin erabili najonan asko, elkarrekin lanian denboria egin giñunan-ta. Lastimia don, Gernikaldian, nere inguruan behintzat, eztala eitxen, ta hori be, badakin ze esaten daben, erabili ezian galdu eingo jonat.
    Igual hasiko biko non blogian hitanuan:)
    Eskerrik asko, Elena.
    Egongo gaitxun!

  3. egilea: Elena Laka

    HABEkoak ez ziren gai izango nik horren besteko inbidiaz entzuten dizudan hika eder hori ulertzeko, besteak beste.

    Gai? Zu euskalduna zara.

    Iruzurra ez duzu zuk egin, erakundeak baino. Akatsa, mortala. Sistema ez dabil.

  4. Pingback: Iruzurgilea naiz, euskaraz ez naiz gai

  5. egilea: Asier Azpilikueta

    HABE…

    Baina ze ostia!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude