Etorkizuneko kazetaritza, 2014ko balantzetik abiatuta

Periodismo en 2014: balance y tendencias” artikulua argitaratu berri du Ramon Salaverriak, Cuadernos de Periodistas aldizkarian. Autoreak dioenez, publizitatean egindako inbertsioa hazi egin da %13,4 abuztuan, 2013ko datuekin alderatuta. Baina, igoera horrek ez du enplegua sortzea ekarri. 2014ko urtean komunikazio enpresek lan taldeak murrizten eta lan baldintzak txartzen jarraitu zuten. Espainiako kazetarien elkarteen federazioak, Fapek, esan duenez, 11.145 lanpostu galdu dira sektorean 2008-2014 urte bitartean. Hori bai, beste hainbat sektoretan legez, honetan ere, moteldu egin da enplegu deusestea, eskerrak!

Iturria: cuadernosdeperiodistas.com Aldizkariaren 29. zenbakiaren azaleko irudia

Argi dagoena da paradigma aldaketa gauzatu dela, aldi berean. Idatziko prentsaren eta telebista tradizionalaren hegemonia amaitu da eta medio digitalek hartu dute euren lekua. Hori baieztatzeko autoreak 2014ko Digital News Report azterketa aipatzen du. Nik neuk ere erabili nuen txosten hori master amaierako lanean, ze, datu benetan interesgarriak jasotzen zituen, besteak beste hurrengoa: espainiar estatuan egunkariak %49an webgune bidez eta mugikorretarako aplikazioen bidez kontsumitzen dira; paperezko edizioaren kontsumoa %47 da. Telebista generalistaren kasuan gaur gaurkoz nagusi den arren, %76, online bidezko kontsumoak gora egiten segitzen du: interneten erabiltzaileen %33k bideo informatiboak ikusten edo entzuten ditu, 6 erabiltzaileetatik batek ikusten ditu bideo informatiboak.

Paperezko edizioen gainbeheraren albistea, jakina, ez da berria. Baina, datu guztiak batera ikusteak, egoeraren dimentsioaz ohartzen laguntzen du. Hala, autoreak AEBko egoeraren berri ere jasotzen du. Dirudienez, 2004-2011bitartean, 75 egunkari gutxiago argitaratzen dira han.

Egunkari handi ezagunenak ere egoerari buelta nola eman asmatzen segitzen dute. Izan New York Times, The Washintog Post edo The Guardian, bakoitzak bere estrategiari ekin dio, edizio digitalak indartuz, ikus-entzunezko produkzioa gehituz online bidez eduki  interesgarriak eskaintzeko eta, nola ez, harpidetza sistema berritzaileak sustatuz, Guardianen kasu (autoreak jasotzen duenez, lehenengoz historian erabiltzaile kopuruan gainditu egin du egunkari britainiarraren edizio digitalak NYT estatubatuarra).

“Kazeta elkarteen ardatz editoriala bilakatu da sarea”, autoreak baieztatzen duenez,  eta horren adierazle dira, esaterako, espainiar estatuan ireki diren 400 hedabide digitalak (APMren datuen arabera); 2008tik hona sortuta.

Hala ere, autoreak, azpimarra jartzen du gailu mugikorretarako propio sortutako hedabideen gabezian. “Mobile native” deitzen ditu berak. Bada ikerlari brasildar bat, Juliana Fernandes Teixeira , zeina ari den ikertzen tabletetarako propio sortutako komunikabideak, esaterako: Katachi, La Reppublica Sera edo Project Week.

Izan ere, informazioaren kontsumoa gailu mugikorretatik gehitzen doa geratu barik.

Hori guztia kontuan izanik, Nafarroako unibertsitateko irakasleak etorkizuneko 6 kazetaritza modu aipatzen ditu:

1)   Datu kazetaritza

2)   Formatu handiko kazetaritza

3)   Hi-tech kazetaritza

4)   Kazetaritza birala

5)   Kazetaritza globala

6)   Laborategi kazetaritza

Horien guztien gainean sakontzeko eta artikulua osorik irakurtzeko, hemen Cuadernos de Periodistas aldizkarian argitaratutakoa.

Informazio gehiago:
  • Cuadernos de Periodistas: http://www.cuadernosdeperiodistas.com/periodismo-en-2014-balance-y-tendencias/
  • Reuters Institute Digital News Report 2014: España: http://www.unav.edu/documents/3786985/0/Reuters-Institute-Digital-News-Report-2014-Espana.pdf
Kategoria: Kazetaritza Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude