Ardanzaren etxea igerileku barik geratuko da

Blogarekin hasi nintzenean idatzi nuen “Urdaibaik horrelako paraje ederrak dauzka. Ardanzak ere bazekien eta bost solairuko etxea egin zuen Urdaibaiko Biosferako arau guztien gainetik Kanala auzo ederrean”. Artean oraindik El Correo egunkariak salatu zuen lehendakari izan zenaren etxeak Urdaibaiko eraikuntza arauei muzin egin ziela epaitegietan aztertzen ari ziren. Gaur irakurri dut hainbat egunkaritan Gautegiz-Arteagako Udalak epaileak bere egunean hartu zuen erabakia betearaziko diola Joxeantoniori ; tartean igerilekua kentzeko agindua.

Gogoan daukat oraindik gure etxea izango dena asmo bat baino ez zela, hainbat arau bete behar izan genituela; tartean Ajangizko Udalaren arau subsidiarioek esaten dutena. Baimena bageneukan etxea eraikitzeko, baina hala ere Urdaibaiko Patronatuaren baimenaren zain egon behar izan ginen ezertan hasi aurretik. Aldiz, lehendakari izan zen Ardanza jaunak, bost solairuko etxea egin zuen Kanala auzoan, Urdaibaiko itsasadarrari begira, legeak jartzen dituen muga guztien gainetik. Azkenean, oraindik errekurtsoa jartzeko beste aukera bat baduen arren, Joxeantoniok 37 cm-tan jaitsi beharko du bere txaletaren altuera, ganbara ezingo du erabili (etxeak pisu bat gehiago izatea dakarrelako horrek), etxea 15 metro koadrotan txikitu beharko du eta hori guztia gutxi balitz, igerilekua kendu egin beharko du

Ai, gizajoa! Zelako pena ematen didan. Paraje ikusgarri eta inbidiagarri horretan etxea egiteko baimena lortu eta gainera, Marbella estilora jardun!

Tira, Urdaibai inguru hori aspaldi honetan, legeak eraikuntza asko mugatzen duen arren, dezente aldatzen hasita dago. Gernikara bizitzera joan naizenetik etxe berri asko eraiki dituzte Urdaibai inguru horretan; Kanala auzoan asko eta Akorda herriaren azpikoaldean beste hainbat, Antzora inguruan hain justu. Guztiak ere itsasora edo itsasadarrera begira! Marbellatik urrin gaude oraingoz, baina jakin nahiko nuke eraikitzeko baimen horiek guztiak zein baldintzatan eman diren, lurzoruaren legea indarrean sartu aurretik egiten ari diren txaletak baitira guztiak, landa eremuetan gainera eta inolako baserri esplotazio barik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Hizkuntzaren garrantziaz

ETAk beste komunikatu bat kaleratu du. Oraingoan, gaztelania hutsean. Ez omen garrantzitsua esaten duena. Irakurketa hori egin beharko genuke aurreko komunikatuaren kontura Garak adierazi zuena gogoratzen badugu, behintzat. “Gara ha decidido ofrecer también una traducción íntegra de la entrevista con ETA en castellano” zioen Garak orduan. “Junto con la entrevista, realizada en euskera y presentada en un cuadernillo central especial, se incluye **una traducción íntegra en castellano** hecha por este diario, en atención a su valor periodístico y al interés suscitado por el actual momento político”.

Eta, zer pentsatu behar dugu, hortaz, euskara hutsean egiten direnak derrigorrean gaztelerara pasatu behar direla, garrantzitsuagoak izateko?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ansar Mister izateko bidean da

Aznarren alabak izan omen zuen aitapuntakoetako bat da gaurtik aurrera Aznar aitaren “jefea”, edo beste era batera esanda, gero etorriko ziren mesedeak aldez aurretik ordaintzen hasita zegoen Ansar presindete izan zana. SER irrati katean irakurri dut eta Joxemari izango dala munduko komunikabide talde handienaren zuzendaritza kontseiluko kide berria. Eta, nola lortu duen hori Botilaren senarrak? Tesi baterako hasiera puntun polita litzateke.

FAES Fundazioko presidente izatera dabil Jose Maria Aznar aspaldian. Batere egiteko garbia ez duen Fundazio hori sortu zuen Espainiako presidentzia kargua galdu ostean, eta aurretik zein ondoren lagun handiak egin ei zituen.
Irakurri dotenaren arabera, bera izendatuko du Rupert Murdochek enpresa gizonak bere komunikazio inperioaren kontseilari berri. Londresera joan beharko omen du “bigotitos”ek kargua hartzera laster baten.

Eta, zera akordatu zait niri berria irakurtzen ari nintzela: Komunikabideak erabiltzen dakiela erakutsi digu askotan gizontxo horrek, baina hain justu gaizki erabili zituelako ez da oraindik ere presidente Espainia aldean. Beraz, zer salduko ote zion Murdoch horri Aznarrek klub hain prestijiotsuko kide egin dezan?

Adi jarraitu beharko dugu aurrerantzean bigotitos; ziur asko ezkutuko jokoren bat izango du eta bistara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Dantzara

Joan zen zapatuan kubako doinuak dantzara atera ninduen lagun batek. Neu ere hasi nintzen iaz ikastaroan, baina doinu horiek ez ninduten gehiegi erakartzen eta utzi egin nuen. Joan zen zapatuan, ordea, itzel pasatu nuen Enekorekin dantzan. Harek bai ikasi eta zelako dibertigarria den, norbera laga ezkero, mutilak eramaten zaituenean.
Esan egiten zidan Enekok aldioro “itxi eroaten” eta nik, berriz, “ezta bape erreza; agintzea gehiegi gustatzen jat”. Eta, uste dut hain justu horregatik utzi nuela ikastaroa; ez nintzen gustura sentitzen mutilaren agintzeko zera horrekin. Aldiz, zapatuan dantzan ondo baino hobeto pasatu nuen. Eta, Patxi Traperoren
kronika irakurrita gogoratu naiz, kostata animatu zela zapatuan kontzertuaren gunea. Eneko eta biok izan ginen lehenengoak dantzara irteten eta ordu erdira-edo animatu ziren beste batzuk. Hala ere, egia da bai ez garela oso dantzazaleak, baina probatzea da kontua.

Niri neuri betidanik gutatu izan zait dantza egitea. Salsa eta horrelakoak agian ez hainbeste, baina rokanrola bai; horixe baietz. Gogoan daukat oraindik gazteagoa nintzenean aitak plazara ateratzen ninduenean. Gero, nerabe izan nintzen eta orduan lotsa ematen zidan aitak dantzara ateratzea. Baina hori baino lehen, itzelezko dantzaldiak egin genituen. ETa, joan zen zapatuan, Enekori esker antzera samar ibili nintzen Kubako talde batekin dantzan.

Aukera izan ezkero, aproba egizue; “laga eramaten”, primeran pasatuko duzue!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elorrioko kalian, zazpi astoren gañian

Txantxibiri, txantxibiri nabillenian; Elorrioko kalian abestu zeben atzo Elorrioko Txintxarri ikastolako neskato-mutikoek Ibilaldia 06 jaiaren hasieran. Eta, esan egin: ekitaldi ofizialaren ostian, horixe egin ginuan: 1.gunean geratu barik, 2.era joan ginan (sagardo botila eta txorizo pintxoa hartu genituan han) eta gero M-30 hartu ginuan (elorrioarrek ezagutzen daben bideska) eta atajutik herrira jaitsi ginan.

Aurretik, baina autobusetatik jaitsi zien gazte morduakin kruzatu ginan; eurekin eta aldian zekarten botillatzarrekin. Txintxirriko ikasleak urtean zehar jardun ei dabe alkoholan ganian lanian, atzoko egunari begira aukera hori egingo zebanak informauta egin zeixen. Gunietako txoznetan likore bakarra patxarana zala iragarri zan eta horrez gainera, alkoholdun edari bakarrak, garagardua eta kalimotxua izengo ziela. Dana dala, atzo goizeko 10ak pasa ikusi giñuana, ezta Elorriokoek hartu zeben erabakixari erantzuna; holako jai danetan pasatzen dan moduan, bardin-bardin izaten da neurrixak hartzia, aldian ekartzen dabe-ta edan biharrekua (eta gehixau).

Autobusetan etorri zien guk lehenengo gunian parian kruzau giñutzenak; danak eztot esango, baina ixa danak zekarten aldian plastikozko poltsak (likore eta freskagarrixekin) eta baitxa bost litroko botillatzarrak, kalimotxuakin. Eta, galdera, zergatik lagatzen jake adin txikikuei autobusian holakuak sartzen? Neurrixak jartzen hasitxa, autobusen antolalaitziengan lagatzia ardura hori gehixo izan leike, baina autobus konpaiñiek hartzeko moduko arduria izan leike, ala? Gurasuek ikusten ete ditxue euren seme-alabak holako jaixetara eruaten ditxuen kopauak? Ze, igual horrekin be arduratzen hasi biharko dogu.

Atzo be akordau nitzan, gure kuadrilliakin juten giñanian, edan itxen giñuala, bai horixe! Lehenengo gunian ezpazan, bigarrenian geratzen ginan sagardo botillak edaten. Baina itxen ez ginuana izaten zan etxetik eruan han edatekua; nik eztaukat hori goguan (botillatzarrarena domeka atsaldetan itxen ginuan, San Josen). Adin tarte bakoitzian ohitxura, jarrera eta estilo batekin jarduten dogu; belaunaldi guztixetan errepikatzen die eta atzo ikusitxakua horren erakusle bat gehixau izan zan.

Irratixan entzun dot goizian goiz Txintxirri ikastolako zuzendarixa esaten atzo osasun zerbitzuek etzebela egoera oso larrixan inor zaindu bihar izan; asko da hori ze, goguan daukat Aretxabaletan egin zan KM-k jaixan inguruan sekulakuak entzun ziela eta baitxa iazko Durangoko Ibilaldian be. Hortaz, baleike ikastetxietan itxen dabitzen kontzientziaziño lanak bere emoitzak emoten hasi izana. Artian be, gurasuek jarraitxu biharko lana da hori; eskolia lagungarrixa da-ta, ala?

Portzierto, Ibilaldixan fenomeno pasau neban; Maku emozionau egin zan hasiera-ekitaldixa amaitziar zeuala eta Gotzon be handik zan argazkixa etaratzen. Gero Mikel eta Nikokin sagardo batzuk hart ginutzen eta Mikel eta Fatima be agurtzeko paradia euki neban Berriotxoaren herriko plazan, zihero ibilalditxuta. A, ta, kamisetia be jirau neban: ordubixak aldian 4. gunian eta sekulako berua zeuala, Asierrek lagundu zostan konpretan.

Hurrengo hitzordua “Oñatin”http://www.ehige-jaia.org/eus/sarrera.html da, ekainaren 4an: Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatuko dabe txantxikuarrek eta haraako be gonbidapena itxen dotsue debagoiendar honek. Egitaraua be ederra antolatu dabe eta ohitxura askoik ez euki arren, euskaltzaleon artian (eztoztazue ukatuko ikastolajaizaliauak ez gala), euskal eskola publikuak merezi dau gure errekonozimendu eta laguntasuna (neu be, ikastola-umia naizen arren; baina hori beste baten kontauko dotsuet, igual).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Frankoa 14 pezeta zirenekoa

Ezagutzen duzue zuen atarian edo albokoan bizi den etorkina? Baduzue harekin tratua? Laguna duzue ala bizilagun arrotza duzue? Nik baditut etorkin bizilagunak, baina ez ditut ezagutzen; eskaileretan topo egiten dugunean agurtzen dugu elkar, baina ez dakit ezta nondik etorri diren ere. Egia da beste bizilagunekin ere ez dudala tratu askorik, baina hala ere, herriko lagun eta ezagunak baditut eta horietako inor ez da atzerritik etorritako etorkina. Egoera horixe, eta egiten diegun jaramon eza, agerian uzten du ikusi berri dudan pelikula batek: Un franco, 14 pesetas.
Espainiar produkzioko filma gomendatzea pentsatu dut, batetik bogan dagoelako hark kontatzen duen istorioa (inmigrazioa) eta bestetik, bere zuzendari, gidoilari eta protagonista Carlos Iglesias delako; harrituta, ezta! Ez nuen tipo horren lan seriorik ezagutzen; egia esateko ez nuen bere lanik ezagutzen, telebistan egin zuen telesail hura izan ezik.

Baina Un franco, 14 pesetas pelikulan, berak aitortu duenez, bere txikitako historia ekarri gura izan du gogora, kontatu nahi zuelako eta garaiak ikusita behar delako etorkinekiko daukagun jarrera lotsagarriaz ohartzea.

Espainiako gobernua asmatu ezinda dabil kaiuko edo patera bidez datozenekin, baina ezta hegazkin bidez Espainiaratzen diren Hego Ameriketako eta Ertameriketako etorkinekin ere, eta Bush, berriz, Mexiko eta Ipar Ameriken artean itzelezko harresia altxatzearen alde ari da. Baina, nola arituko gara bada oztopoak jartzen ihesaldian datozenei? Egoera lazgarriago batetik ihesean datorrena ez dute geldiaraziko oztoporik gaitzena asmatuta ere. Desesperazioari irteera gara; hein handi baten, gure bizimodu honek eragin dien egoera jasanezinari soluzio modu baten giltza ere gure bizimoduak izatea, bada bai marka! Dena asmatuta zegoela uste bagenuen ere, etorkinek erakutsiko digute, berriro ere, eskasian imajinazioa arintzen dela eta haiek izango dira, berriro ere, soluzio bila abiatuko direnak, aldi baterako soluzioa bada ere –euren familien biziraupena pare bat hilabetez luzatuko duen franco, euro, peseta, dólar edo delakoa–.

Horixe kontatzen du zati baten Carlos Iglesiasen pelikulak, baina baita ere etorkin ikaragarri handia izan zuen herrialde batek nolako gaizki hartzen dituen orain etorkinak. Berak Espainiaz berba egiten du, baina hasieran esan dudan moduan Euskal Herrian ere ez dut sinesten alde askorik daukagunik etorkinekiko tratuan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elebitasunaren erabilera interesatua

Gara ha decidido ofrecer también
una traducción íntegra de la entrevista
con ETA en castellano” zioen zapatuko Garak azaleko albiste nagusian. Eta baita egin ere. Domekan zioen moduan, azalean, “Junto con la entrevista, realizada en euskera y presentada en un cuadernillo central especial, se incluye una traducción íntegra en castellano hecha por este diario, en atención a su valor periodístico y al interés suscitado por el actual momento político”.

Gero, elkarrizketaren hasieran zioen: “Euskaraz egina dago, baina, unearen garrantzia dela eta, geuk egindako erdarazko itzulpena gaineratu nahi izan diogu gehigarri berezi honi”.

Zergatik ordea? Zuek horixe bera egingo zenukete aukeran? Ala, lagun batek dioen moduan, “el euskera como el Alaves, ¿a segunda”? Nire asmoa ez da elkarrizketan esaten denaz jardutea hasteko ez dudalako irakurri.Ggure hizkuntzari ematen diogun tratuaz burutazio batzuk eragite da nire asmoa. Lagun batek esan zidan Gara egunkariak elkarrizketa bietara argitaratuko zuela iragarri egin zuela zapatuan. Eta, nire artean pentsatu dut: “eta gainera esan! Egitea erabaki badute egin eta kito, ala?”.

Ba horixe, Garak ere uste duela euskara hutsean argitaratzen dena ez dela hain garrantzitsua; edo hain justu oso garrantzitsua delako gaztelaniaz irakurtzeko aukera eman behar duela, edo, beste batzutan egiten duen legez, garrantzitsua ez denean euskara hutsean argitaratzea nahikoa dela… Eta, hortaz, euskara apaingarri hutsa dela -beste askok uste duten legez-.

Nork dauka beste teoriaren bat?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Urre bolak zalantzan jarri nau

Zilarra dut gustuko, urrearen aldean. Kilaterik ez daukanez merkexeagoa ere bada, batez ere nire poltsikoarentzako nahiz eta erosi doten azkenengo bitxia altzairuzkoa-edo zala esan zosten eta zilarraren aldian garestitxo pagau neban. Dana dala, eta gaur goizeko urre kolorea tarteko, horixe akordatu zait Autzagane gainera nindoala. Goizeko zazpiak bueltan, Gorozikarako bihurgune parean nire atzealdean igarri dut urre bola erraldoia, ondoko zuhaitzen hostoak horitzen, urreztatzen. Izugarria iruditu zait kolorea; izugarri ederra, esango nuke.
Tarte baten baino ez da izan. Baina irribarrea irudikatu zait aurpegi lokartuan. Tarte baten baino ez da izan ze, Barazarrera bidean lainoak, behe laino sakonak, estali ditu bazter guztiak, baita urre bola bera ere.

Atzo, berriz, etxera bueltan, ilargia pizten ikusi nuen; eguzkia gorritzen zen bitartean eta artean eguna erabat itzali barik zela, ilargia pizten hasi zen. Arabako lautadak horixe dauka ba dotore: Anboto-Elgea aldean ilargia pizten zen bitartean, Gorbea ostetik eguzkia gorritzen hasita zen. Arratsaldeko zortziak pasa ziren arren, ikuskizuna zen lautadak eskaini zidana. Orduan ere, Barazar jaitsi behar eta han ezkutatu zen su bola gorria. Baina gaur goizean berriz ere ikusi dut, izugarri dotorea; jantzi gorria urre kolorezkoagatik aldatuta, urre bola bikainak egunonak eman dizkit.

Hala ere, zilarra dut gustukoago, ama askotan esan dit urrezko bere bitxiak lagako dizkidala, baina…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Astra GrnikEntzako izango da

Iazko abenduaren 24an okupatu egin zuten Gernikako arma enpresa izan zen Astra. Orduan sortu zen Astra GrnikEntzako ekimena. Aste honetan bertan etxe guztietako buzoietan banatu dituzte horixe bera dioten orriak etxeko leihoetan jartzeko. Nik ere jarri nuen. Gernikako gazteen ekimenez iazko Gabonetan mugimendu handia sortu zen arma enpresa sarrean. Herri erdian dagoen lantegi zaharrak berriz ere mugimendua du harrezkero. Asko eta asko izan dira herriko gazteen ekimenez epe horretan egin diren ekintzak Astran. Guztiak gernikarren erabilerarako izango zen lekua aldarrikatzeko asmoarekin. Eta, han inguruan izan den mugimenduaren lekuko izan naizenez, tarteka, aitortu behar dien Gernikako gazteei, ondo baino hobeto aritu direla euren egitasmoan.

Oraintsu jakin dut Gernikako Udalak Astra lantegia erosi duela eta erabilera “sociokulturala” emateko erabiliko duela. Lortu dute beraz herriko gazteen Astra Grnikentzako izatea eta alkateak onartu du herritarren iritziak jasoko dituela eraikinari eman nahi zaion erabilera adosteko denon artean. Ia ba bere hitza betetzen duen Arana jaunak. Bitartean, eta han zerbait egiten hasten diren bitartean, ondo legoke herriko gazteek eraikina erabiltzen jarraitzeko aukera izatea. Astra Grnikentzako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

San Ferminetako kartel berria

Cristina Calvoren lanak irabazi du aurtengo San Ferminetako lehiaketa. Irratian entzun dut lehenengoz irabazi duela emakume batek lehiaketa hori; ba, aizue, bazen ordua!
Hortaz, zorionak Cristina!

Irudiari dagokionez, letraz jositako marrazkia egin du nafartzen ari den madrildarrak. Entzierroetako korrikalariaren eta atzetik dituen zezenen siluetak osatu ditu San Fermin jaietako hizkiekin; gertutik begiratu ezkero letrei gehiago erreparatuko diogula iruditzen zait, hortaz, distantzia egoki batetik begiratzea izango da onena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina