Urre bolak zalantzan jarri nau

Zilarra dut gustuko, urrearen aldean. Kilaterik ez daukanez merkexeagoa ere bada, batez ere nire poltsikoarentzako nahiz eta erosi doten azkenengo bitxia altzairuzkoa-edo zala esan zosten eta zilarraren aldian garestitxo pagau neban. Dana dala, eta gaur goizeko urre kolorea tarteko, horixe akordatu zait Autzagane gainera nindoala. Goizeko zazpiak bueltan, Gorozikarako bihurgune parean nire atzealdean igarri dut urre bola erraldoia, ondoko zuhaitzen hostoak horitzen, urreztatzen. Izugarria iruditu zait kolorea; izugarri ederra, esango nuke.
Tarte baten baino ez da izan. Baina irribarrea irudikatu zait aurpegi lokartuan. Tarte baten baino ez da izan ze, Barazarrera bidean lainoak, behe laino sakonak, estali ditu bazter guztiak, baita urre bola bera ere.

Atzo, berriz, etxera bueltan, ilargia pizten ikusi nuen; eguzkia gorritzen zen bitartean eta artean eguna erabat itzali barik zela, ilargia pizten hasi zen. Arabako lautadak horixe dauka ba dotore: Anboto-Elgea aldean ilargia pizten zen bitartean, Gorbea ostetik eguzkia gorritzen hasita zen. Arratsaldeko zortziak pasa ziren arren, ikuskizuna zen lautadak eskaini zidana. Orduan ere, Barazar jaitsi behar eta han ezkutatu zen su bola gorria. Baina gaur goizean berriz ere ikusi dut, izugarri dotorea; jantzi gorria urre kolorezkoagatik aldatuta, urre bola bikainak egunonak eman dizkit.

Hala ere, zilarra dut gustukoago, ama askotan esan dit urrezko bere bitxiak lagako dizkidala, baina…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Erantzun bat Urre bolak zalantzan jarri nau bidalketan

  1. egilea: Patxi

    Marijo, Kiotoko protokoloak kotxez ibiltzea galerazten duen egunean, zurekin seguruenik salbuespen bat egingo du, zure kotxe-kronika ederrak ikusita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude