Telebistaz eta zinemaz gozatzeko eskubidea bermatzen ez denean

10 urte bete ditu ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen gaineko NBEren hitzarmenak.

txio3

Gaur egun esku artean dudan proiektuari esker izan ez balitz, Josu Amezaga EHUko irakaslearen zuzendaritzapean iazko uztailean abiatu nuena, ez nuke jakingo orain dela hamarkada bat ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak aitortu zituela NBEak. Are gehiago, ez nuke jakingo hitzarmen haren 30. artikuluan jaso zela, ezgaitasunak dituzten pertsonek, gainerakook bezalaxe, eskubide osoa dutela kulturan parte hartzeko. Eta, estatu-kideek aitortzen dietela pertsona horiei guztiei, aukera berdintasunean, bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea; eta beharrezko neurriak hartuko dituztela, ezgaitasunak dituzten pertsonek sarbidea izan dezaten “telebista, film, antzerki eta bestelako kultura-ekintzetara, formatu irisgarrian”.

Santa Luzia egunean bete ditu 10 urte, beraz, hitzarmen horrek eta han jasotakoa betetze aldera urratsak eman diren arren, gaur gaurkoz, ezgaitasun sentsorialak dituzten pertsonek, entzumen- eta ikusmen-arazoak dituzten pertsonek, ez daukate telebista publikorik euskaraz. Are gehiago, zinemara doazenean ere, oso aukera txikia dute azpidatzi egokituak edo audiodeskripzioa eskaintzen duten filmak ikusteko.

Irisgarritasuna ikus-entzunezkoetan

Telebistari dagokionez, 2010eko Ikus-entzunezko Legeak agintzen die telebista publikoei saioen %90 azpidazteko (pribatuei %75) eta astean 10 orduko audiodeskripzioa eskaintzeko (pribatuetan, astean ordu bi). Horrela araututa dago ikusmen- eta entzumen-arazoak dituzten pertsonek telebistaz gozatzeko duten eskubidea bermatzeko agindua.

Zineman, antzerkian, operan edo bestelako kultura-ekitaldietan, ez dago betearazteko agindurik. Hortaz, urteetan, gorrek, esaterako, azpidatzitako jatorrizko bertsioan izaten diren film-emanaldietara jo izan dute zinemaz gozatzeko; jakinda, azpidatzi horiek ez direla nahikoa pelikulaz bere osotasunean gozatzeko, hizkuntza ulergarritasuna bermatzeko azpidatziak eta irisgarritasuna bermatzekoak ez baitira berdinak.

Hala ere, bada modu bat, entzumen arazoak dituzten pertsonek zinema ikus dezaten. Hala, esaterako, euskaraz sortutako pelikulak azpidatziekin eskaintzen direnean gorrek badaukate zinemara joaterik, azpidatziak irakurrita filma jarrai baitezakete. Tamalez, azpidatziak, kasu horretan, gaztelaniaz izaten dira, beraz, euren kontsumo-hizkuntza ez da euskara izaten.

Azpidatzi elebidunak

Hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten hainbat herrialde edo gune geografiko batzuetan, ordea, badaukate ikus-entzunezkoak hizkuntza bitan jarraitzeko soluzioa: azpidatzi-elebidunak. Belgikan, esaterako, Bruselako eskualdean, frantsesez eta flandieraz hitz egiten denez, azpidatziak elebitan erabiltzen dituzte. Era berean, Finlandian, finlandieraz eta suedieraz azpidazten dira ikus-entzunezko edukiak eta Jordanian eta Israelen, esaterako, hebreera eta arabiera konbinatzen dituzte (Martínez Martínez, 2016: 47).

Nazioarteko zinemaldira joan denak badaki hizkuntza bi erakusten dituela azpidatzien pantailak eta ez zaio arrotza egiten aukera hori (arazoa suerta daiteke filma bera eleanitza denean, azpidatzien erabilera konplikatu egiten baita). Operara inoiz joan denak ere badaki azpidatziak izango dituela eskenatokiaren gaineko pantailan, emanaldia jarraitzen laguntzeko; hor ere, elebitan, kasu batzuetan. Baina zer gertatzen da telebistaren kasuan? ETB2k, esaterako, bakeradak azpidatzita eskaini izan ditu, tarteka: beti ere filma jatorrizko hizkuntzan erosi izan dutenean, eta, beraz, azpidatziak izan dituztenean (gaztelaniaz). Baina, zer gertatzen da ETB1n eskaintzen diren euskarazko filmekin? Bada, filmak ez direla irisgarriak: ez entzumen arazoak dituzten pertsonentzat, ezta hizkuntza ikasi nahi dutenenetzat ere.

Kategoriak Hizkuntza-irisgarritasuna | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Ikus-entzunezkoen kontsumo geraezina, mugikorretan eta ordenagailuetan

ComScore etxeak egindako azkeneko datu-bilketaren arabera, 45 urtetik gorakoen artean igo da batez ere bideo-kontsumoa; gazteen artean baino 34 puntu azkarrago hazi da adin tarte horretan. Jakina, 18-24 urte artekoak dira oraindik ere bideo gehien kontsumitzen dutenak: %19k gutxienez astean behin ikusten ditu bideoak mugikorrean .

Iturria: comScore's 'Future in Focus'

Iturria: comScore’s ‘Future in Focus’

comScore etxearen Global digital future in Focus txostenak 40 herrialdetan mahai-gaineko ordenagailuez, smartphonez eta tabletez egiten den erabilera bildu du. Bideo-kontsumoak gora egin du, oro har, bideo labur gehiago ikusten direlako; berezitasuna, 45 urtetik gorakoen artean gertatzen da: bideo gutxiago baino luzeagoak ikusten dituzte.

Hala ere, PC bidez ikusten dira bideorik gehienak (Espainian 183 bideo bisitari bakoitzeko, azkeneko hilabetean). Mugikor-erabiltzaileen artean %37,3k bideoak ikusteko egin du (2015eko ekainetik 2016ko ekainera bitartean, %5 igo da). Izan ere, euskarri anitzetan egiten den kontsumoak “ordu digital” berria sortzea eragin du, nahieran kontsumoaren ondorio gisa. Hala, telefono eta tablet bidezko kontsumoa batez ere goizetan eta iluntzetan egiten da eta PCarena, egun osoan zehar. Beraz, mugikorren erabilera-kontsumoa etengabe hazten ari da, baina  PCarena da erabilera orekatuena egunean zehar. 

Beste kontu bat da, euskarri bakoitzaren erabilera mota; izan ere, sare sozialen erabileran aldea dezente hazten da, hor bai baita mugikorren erabilera nagusi.

Zer kontsumitzen dugu?

Baina zer kontsumitzen dugu euskarri bakoitzean? Deigarriena da eguraldiarekiko zaletasuna, batez ere mugikor bidez kontsultatzen duguna, eta entretenimendurako plataforma anitzaren alde egiten dugula. Azpiko irudiak Brasilgo erabiltzaileen zaletasunak islatzen ditu:

Irudia: Global Digital Future in Focus (comScore)

Irudia: Global Digital Future in Focus (comScore)

Bideo-iragarkiak

Komunikabideen erronka nagusia da oraindik orain internetetik dirua irabaztea. Eta, horretan, esaterako, albisteen ikus-entzunezkotzeak garrantzia handia hartu du. Hala, ComScore etxearen datuen arabera, egunkarien webguneak dira ondoen asmatu dutenak bideoak monetizatzen eta horrek iragarleei ate berriak ireki dizkie, bai eduki berriak lantzeko zein premium eskaintzak egiteko.

Irudia: Global Digital Future in Focus (comScore)

Irudia: Global Digital Future in Focus (comScore)

ITURRIAK

Kategoriak Kazetaritza, sare sozialak, Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Mugikorrari etekina nola atera, komunikabideen erronka

Mugikorretatik geroz eta informaio gehiago kontsumitzen dela diote estatistikek behin eta berriz, hala ere egunkariek gaur gaurkoz ez dute lortu kontsumo hori monetizatzea. Hala dio Reurter Institute erakundearen azkeneko txostenak:  digitalizazioak eta internetek hankaz gora jarri dute idatzizko prentsaren sektorea eta oraindik, ez dute negozio eredu sendorik asmatu.

zebrabidea-argazkia

(Zebrabidea irratsaiorako egindako kolaborazioa: 2016/11/02)

Urrian aurkeztu zuen Berria egunkariak mugikorretarako aplikazio berritua eta Bilboko Alhondigan egindako ekitaldian izan ziren baita Ara eta Nacio Digital egunkarietako arduradunak. Han adierazi zutenez, Ara egunkariaren kasuan, mugikorretatik datorkie jasotzen duten trafiko digitalaren %60, eta Nacio Digitalen kasuan, berriz, %70era heltzen da trafiko hori.

Bestalde, Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Digitaro biltzarrean (urriaren amaieran egin zena, EHUn), “Sare sozialak gaur egungo komunikazioan” hitzaldia eman zuen Warwick unibertsitatean ikerlari dabilen Arkaitz Zubiaga ikerlari arrasatearrak. Sare sozialen azkartasuna komunikabideen “aliatu” bihurtu dela aipatu zuen, baina tamalez, gehiegitan egiaztatu gabeko informazio asko hedatzen dela azpimarratu zuen eta hori dela eta, kuratze lanak duen garrantzia azpimarratu zuen: benetako informazio ona bilatu, sailkatu eta eskaintzea, alegia; hori ere, bai baita mugikorretatik informazioa kontsumitzen dutenengana heltzeko modua.

Reurters Institute erakundeak egindako azken txostenera itzulita, Europako 6 herrialdeetan ari diren 25 informazio-erakunde galdekatu ditu, mugikor bidezko informazio-kontsumoaz, eta atera duen lehenengo konklusioa da, ez dagoela estrategia bateraturik, eta hedabide bakoitza bere metodoa erabiltzen ari dela, sarean etekina eta errentagarritasuna lortzeko. Diotenez, Finlandia, Frantzia, Alemania, Italia, Polonia, eta Bretainia Handiko egunkari eta irrati komertzialek euren audientziaren ehuneko handiena lortzen dute internet bidez. Hala, ordainpeko informazio-atariak gehitzen ari direla diote, audientzia txikiagoa lortu arren, fidelagoa delako, sarean arituagoa den audientzia delako. Elkarrizketatuko hedabideek diotenez, euren diru sarreren %10etik 20ra bitartean atari digitaletik datorkie. Beraz, mugikorretara hobeki egokitzea komunikabideen lehentasuna bilakatu da.

Arazoa, ordea, esfortsu eta inbertsio horri etekin ekonomikoa ateratzea da; izan ere, informean agertzen den Finlandiako Iltahehti egunkariko zerbitzu digitaleko arduradun Antti Haaralak dioenez, “jendea mugikorra geroz eta gehiago erabiltzen ari den arren, gu ez gabiltza gurako genukeen irabazi portzentajea lortzen”. Adibide bat jartzeagatik: Le Monde egunkariaren kasuan, gaur gaurkoz, dauzkaten irabazien %80 negozio eredu tradizionaletik datorkie. Hala ere, eta trafiko digitala sendotzeko asmoz, Les Décodeurs izeneko proiektu informatiboa garatu dute: informazio zaila lantzeko, modu ulergarriago eta erakargarriago batean eta Le Monde egunkariaren trafiko digitalaren %10 eta %15 bitartean eragiten du proiektu horrek.

Kuratzea (curation) estrategia gisa

Finlandiako Ilthalehti egunkariak, bestalde, aukeratutako 25 istorio eskaintzen dituen aplikazioa garatu du; eurek sortutako edukien kontsumo aukerak gehitzeko, edukiontzia zaintzea giltzarri bihurtu da eta New York Timesen Innovation Report dosierrak ere horrela azpimarratu zuen: sortutako edukia berrerabiltzeko aukera ematen du sareko estrategiak.

Berria egunkariak ere ildo horretan Astekaria izeneko aplikazioa sortu zuen: asteko albisterik garrantzitsuenak edo irakurrienak aukeratzen ditu eta aplikazioaren bitartez irakurleari eskaintzen dizkio bilduma txukun batean, astean behin: beraz, edukia berrabiltzeko aukera ematen dio horrek Berriari. Hasieran aipatu dugun kuratzea lantzen du Berriak bere edukiekin.

Kuratze lan horretan zeresan handia daukate baita komunikabideetatik kanpoko plataformek: Facebook eta Google plataformek, batez ere. Plataforma hauek albisteak eskaintzeko tresna bereziak garatu dituzte, komunikabideei eskaintzeko, baina probatu duten guztiek ez daukate aldeko iritzi bera. Komunikabideak plataforma horietatik jaso dezakeena, asko jota, marka sendotzea da. Izan ere, plataforma hauek edukiak sustatzeko estrategiak aldatzen dituzte behin eta berriz, eta komunikabideak ezinean aritzen dira aldaketa horietara guztietara egokitzen eta publizitatea saltzen dutenak egunkarien edukie esker plataformak eurak dira.

Reuters Instituten dosierrean parte hartu duen Alemaniako Süddeutsche Zeitung egunkariko ordezkariak dioenez, Facebooken “berehalako artikuluen” zerbitzuak, esaterako, aukera gutxi ematen die eurei ezer erabakitzeko, Facebookek erabakitzen baitu bere plataformari dagokion oro, edukia bestelako iturrietatik jaso arren. Ez dugu ahaztu behar sare sozialen bitartez jasotzen den eduki informatiboa egunkarien informazio-kontsumoaren ehuneko oso handia dela, baina hortik etekin gutxi ateratzen dutela egunkariek, eurek kontrolatzen ez dituzten sareak baitira. Beraz, komunikazio-estrategiaren ezinbesteko atala da sare sozialen kudeaketa.

Etekin ekonomikoa ateratzeko modua iragarkiak jartzea izan da beti; interneteko eskaintzan, hala ere, lehen esan bezala, ehuneko txikia da oraindik egunkariek euren eskaintza digitalean jarritako iragarkietatik jasotzen duten etekina. Hala, ordainpeko edukien eskaintza sustatzen dabiltza, esaterako, Frantzia, Alemania eta Finlandiako egunkari nazionalak eta baita eskualdetakoak ere. Horretan ere eredu desberdinak darabilte: batzuek albiste kopuruaren araberako ordainpeko zerbitzua eskaintzen dute eta beste batzuek iragarkiak onartzearen truke hainbat albiste irakurtzeko aukera eskaintzen dituzte. Harpidetza berriak lortzeko eduki bereziak lantzea ere bada beste estrategia bat.

Italiako Il Corriere della Sera egunkariaren atari digitala esaterako ordainpekoa da: 4 hilabete eta erdian, 30.000 harpidetza lortu zituzten hasi zirenean. Hala ere, La Repubblica egunkariak askoz ere erabiltzaile gehiago ditu, eta doanekoa da.

Hortaz, eta laburbilduz, geroz eta gehiago dira informazioa mugikor bidez kontsumitzen dutenak, baina horri etekina nola atera asmatu ezinik segitzen dute komunikabide gehienek, batez ere, idatzizkoek.

Eta, euskarazko egunkari, aldizkari eta astekarien kasuan, ere badabiltza, ari zarete, sarean hainbat estrategia lantzen eta datu batzuk aipatuko ditut, Berriako Pello Urzelairi lapurtuak: Digitaro jardunaldietan aurkeztu zituen eta adierazi zuenez, tokiko komunikabideen kasuan mugikor bidezko trafikoa %38,29koa da; komunikabide orokorren kasuan, baxuagoa: %26,33 eta, gaikakoetan, berriz, %20,91. Horri etekina nola atera dute erronka hauek ere.

Kategoriak Kazetaritza, sare sozialak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Bai, emakumeak nagusi Legebiltzarrean

Venngage-n sortutako infografia

Venngage-n sortutako infografia

Azkenean bai. Inkestek iragarri zuten moduan, emakumeak izango dira gehiengo Eusko Legebiltzarrean: 40 emakume eta 35 gizon.

Infogr-an egindako grafikoa

Infogr-an egindako grafikoa

Lurraldeka, Gipuzkoatik 14 emakume izango dira Legebiltzarrean eta 13na Araba eta Bizkaitik. Alderdika EAJk 14 eta EHBildu 11 emakume-ordezkari batu ditu; biek ala biek seina ordezkari lortu dituzte, Bizkaian batek eta Gipuzkoan besteak.

Infog-en sortutako taula

Infog-en sortutako taula

Kategoriak Eusko Legebiltzarra, Kazetaritza | Etiketak , | Utzi iruzkina

Umetako kontu ez hain arraroak

Stranger Things‘ seriea dela eta, hortxe ibili gara Twitterren iritzi-trukaketan; gustatu batzuei, hainbeste ez beste batzuei. Baina gehien-gehienok ikusi dugu 80ko hamarkada hura gogora ekartzeko balio izan digun fikziozko telebista seriea. Edu Lartzangurenek Berriarako idatzi duen artikuluaren kontura, oroitzapen mordoxka izan ditut egunotan; batez ere, komentatu nionean “oso mutikoena” iruditu zitzaidala ‘Stranger Things’: protagonistak 3 mutiko lagun dira, haiena da abentura, eurenak dira kapituluetan zehar ikusten ditugun jolas-entretenimenduak; mutilenak, alegia. Eta, pentsatzen jarrita, Lartzangurenek galdetuta ea zer neska jolas edo film bota nuen faltan, ez nuen jakin zer erantzun. Neskok ez genituen arboletan txabolak egiten; guk ez genuen bizikletan alde egiten; inoiz ez nuen rol jokoetan jolastu, ez bada “1,2,3” telebista saioko lehiakide izatea rol jolas gisa hartzen dugula!

v

80ko hamarkada 7 urterekin hasi nuen; artean Uberako Mila Elexpuru andereño nuela. Baina orduko oroitzapen gutxi dauzkat telebista-zinemari dagokienez. V seriea bai, ahaztezina! Zapatu arratsaldetan auzoa umez husten zen, eta ez ginen amaitu arte atzera kaleratzen! Bazen Teleindiscreta izeneko magazina, telebista kontuez-eta. Han agertzen ziren V-ko protagonistak eta Mayra Gómez Kemp, eta nola ez Michael Knight! Orduko gure telebista gaztelaniaz izan zen, marrazki bizidunak, serieak eta entretenimendukoz saio guzti-guztiak ikusi genituen gaztelaniaz, lehenengo katean eta UHFn, ETBk 1983an hasi zituen arren emisio erregularrak.

Pop musika eta cassetteak

Hobeto gogoratzen ditut nerabe nintzeneko klasifikadorea forratzeko SuperPop aldizkariko rekorteak —oraindik existitzen da!—. Sasoi berekoak dira Cambrils herriko denda batean erositako artisten postalak ere (lagun bat udaro joaten zen oporretan, eta hari eskatzen genizkion). Eta, aitak etxera ekartzen zituen viniloak! Lagun bat zeukan azken-azkenak erosten zituela eta guk cassette zintetan grabatzen genituen, Bic boligrafoarekin atzera eta aurrera eraginez, “puntu zehatza harrapatzeko”; haiek bai stragerthings!

Kategoriak Ispiluari begira | Utzi iruzkina

Legebiltzar parekidea, politika-fikzioa

Venngage-n sortutako irudia: https://infograph.venngage.com/p/139333/emakume-eta-gizonak-x-legegintzaldian

Venngage-n sortutako irudia:
https://infograph.venngage.com/p/139333/emakume-eta-gizonak-x-legegintzaldian

@berria-n irakurri dudanez, 37 zerrenda aurkeztuko dira Legebiltzarreko hauteskundeetara: Araban 12, 14 Bizkaian eta 11 Gipuzkoan. EAJ, EHBildu, PSE, PP, Podemos-AhalDugu eta C’s (UpyDren ordezko gisa) aintzat hartuta, 233 hautagai dira emakumezkoak; izan ere, zerrenda guztiek betetzen dute hauteskunde-legeak dioena: hautagai-zerrendetan, gutxienez, % 50 emakumeak izatea eta proportzio hori zerrenda osoan mantentzeaz gainera, “sei izeneko tarte bakoitzean ere mantendu beharko dela”.

Hain justu, horretxek ematen die alderdiei aukera balantzak alde batera ala bestera egin dezan; izan ere, aurreikusten dituzten emaitzen arabera josten dituzte zerrendak; hala, seiko hautagai taldetxoak, modu batera ala bestera ordenatzen dituzte. Adibide bat jartzearren: Arabako PPk 5 ordezkari lortu zituen 2012ko hauteskundeetan eta orain aurkeztutako zerrendan, lehenengo izen biak gizonezkoak dira (Alfonso Alonso eta Javier de Andres), hirugarrena emakumea (Laura Garrido) eta laugarrena, atzera, gizona (Carmelo Barrio) -seiko taldea emakume birekin osatu dute popularrek, legearekin betetze aldera-. Gauzak horrela, eta emaitzak errepikatuz gero, atzera ere gizonak nagusi; alegia, Araban atzera 5 ordezkari lortuz gero, 2 baino ez lirateke izango emakumeak: Laura Garrido eta MªCarmen Lopez de Okariz) .

2012an 36 emakumek eta 39 gizonek osatu zuten Legebiltzarra; amaitu, berriz, 42 gizonek eta 33 emakumek bukatu dute legegintzaldia (hainbeste hauteskunde zerrenda eta kargu-hartze egon baitira bitartean). Zenbatutako datuen arabera: EAJren taldean 27 legebiltzarkideetatik 8 emakume; EHBilduren 21etik, 11; PSEren 16tik 9; PPren 10etik erdiak; UPDn, berriz, batere ez.

Politika fikzioa

Datozen hauteskundeetan ikusteko dago nola geratuko den ordezkaritza, alderdi berriek ere parte hartuko baitute hitzorduan. Hala ere, horrela izango ez balitz, eta atzera ere PSE, PP, EHBildu, EAJ eta UPDren artean banatu beharko balituzkete eserlekuak, 2012an izan zituzten emaitzei erreparatuta, Legebiltzar parekidea izango genuke: 38 emakume eta 37 gizonezko, baina hori #politikafikzioa egitea da!

#EitbFocus inkestaren arabera, irailaren 7an argitaratutakoa, boto-asmoaren arabera, emakume gehiago izango dira legebiltzarrean. Hauxe litzateke hartuko lukeen itxura:

Venngage-n sortuta

Venngage-n sortuta

Beraz, boto-asmoaren arabera, 39 emakume eta 36 gizon batuko dira XI. legegintzaldian.

infogr.am-en egina

infogr.am-en egina

Lurraldeka Bizkaiak batuko ditu emakume-legebiltzarkide gehien: 14.

infogr.am-en egina

infogr.am-en egina

infogr.am-en egina

infogr.am-en egina

Gaiarekin lotutako beste sarrera batzuk:

Kategoriak Eusko Legebiltzarra, Politika | Etiketak , , | Iruzkin 1

Bejondeizula, ama!

gitarraErretiroa hartu du gure amak. Bere 65. urtebetetzean eskuratu du erretretarako eskubidea; ofiziala, alegia. Domekan ospakizun bikoitza izan genuen, eta zein pozik zegoen! Baina are ilusio handiagoa egin zion aitaren opariak: gitarra! Ez edozelakoa, gainera! “Gitarra española” zioen amak; horixe jotzen jakin nahi izan duela betidanik eta orain, astia izango duela horretan hasteko!

Harrezkero bueltaka nabilkio bizitza-asmoei. Egunerokoak garamatza denboran aurrera, eta burua altxatu artean ez gara ohartzen zenbat buelta oso eman dituen erlojuak. Geroko, atzoko, udako oporretarako, hurrengo urterako… Zenbat holako esamolde bete gabeko asmo bakoitzaren atzetik?

Gure amak 70eko hamarkadan ama izateko etxetik kanpoko lana, bulego-lana, laga zuen beste hainbat emakumek bezala. Anaia eta biok hazita, berriro ekin zion etxetik kanpo lan egiteari: garbitzaile aritu zen urte luzez. Zer diren gauzak: bulego-lanean jarraitzeko aukera galdu zuen umeak hazteagatik; eta gero, gure ikasketak ordaintzen laguntzeko, atzera ekin zion etxetik kanpo lan egiteari, enpresa bateko garbitzaile gisa, orduan. Afaltzeko orduan iritsi zen etxera urte luzez, eta beti lantegi bera garbitzen ibili bazen ere, hainbat enpresak azpikontraturik aritu zen behar horretan, harik eta “errentagarri” izateari utzi zion arte.

Orain, azkenean bai, beretzako denbora hartuko du gure amak. Eta asko pozten nau horrek, baina, era berean, lotsa ere eragiten dit orain arte horretarako astirik ez duela izan ohartu izanak.

Bejondeizula, ama! Gozatu erretiroa, eta ea noiz izaten dugun hainbesteko ilusio egin dizun gitarra entzuteko aukera!

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Birpentsa dezagun euskal telebista #berandunbainolehen

Amaitu da #berandubainolehen eta saioa hasi zenean bezala, amaieran ere horretaz idaztea erabaki dut.

Amaitu da Fermin Etxegoienen saioa eta berak Twitterren iragarri zuenez, betiko amaitu ere!

Eta, pentsatu genuen, @euskatelebista-ren erabakiz izan zela. Baina badirudi, hala azaldu zuelako Etxegoienek berak, elkarrizketatu egokiak aurkitzea zaila izatea dela arrazoietako bat. Are gehiago, elkarrizketara gonbidatutako askok ezetz esan dute!

Eta, horrek zer pentsatua eragin dit. Izan ere, Lander Garro-k geroxeago komentatu zuenez, sare sozial berean, “Esperientziagatik dakit TV2ra gustura doazen hainbat famoso ez dutela ETBn agertu nahi (hori ere egia da)”.

Hortaz, zertan ari gara programazio duina aldarrikatzen, geure telebista publikoan parte hartzeko inolako interesik ez badaukagu? Zergatik egiten diogu izkin gurea den telebistari?

Audientzia datuak direla eta, @UrrutikoAgintea-k txiokatu zuenez, “#BeranduBainoLehen datu onekin agurtu zen atzo: Anje Duhalde %2,4 eta Ilaski Serrano @MeriLing1 %3,5”.

Alegia, 20.000 euskaldun baino gehiagok ikusi genuela saioa, @mambanegra2014-ren datuen arabera:

Sarean ere ibili zen mugimendua #berandubainolehen traolarekin:

Iturria: Keyhole

Iturria: Keyhole

Iturria: TweetBinder

Iturria: TweetBinder

baina, euskarazko telebista publikoa ikusteko ohitura gutxi daukagu. Programazioaren erakarmen ezak eragin digu; ados. Baina, badira izan funtzionatu duten kalitatezko saioak eta, atzo bertan #berandubainolehen saioan Ilaski Serranok bota zuena gogoratzea eta aintzat hartzea garrantzitsua deritzot: @euskaltelebista osotasunean pentsatu beharra daukagu”; ezin baikara kanpoko TB saio arrakastatsuak kopiatzen aritu (hasteko dirurik ez daukagulako), baizik eta gure nortasunari erantzuten dioten telebista egin.

Horretarako, ezinbestekoa da audientzia datuen bestelako irakurketa egitea, ezagutu egin behar dugula audientzia@errotadigital-eko kide Gorka Salces-ek hainbat aldiz azaldu bezala.

Laburbilduz: Euskal Telebista ikusteko ohiturarik ez zuen honek, azkeneko bi urtetan, hainbat saioz gozatu duela aitortzen du, tartean, atzo amaitu zen Berandu Baino Lehen saioa bera. Baina, badirudi, audimetro ditxosozkoak ez gaituela aintzat hartzen #Tumatxak saioa hizpide hartuta idatzi nuen bezala “Telebistaz txiokatzen dena neurtzeak garrantzia dauka” (blogean 2016ko otsailaren 4an).

 

 

Kategoriak sare sozialak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Hizkuntza gutxituen ikusgaitasuna gehitzeko ahalegin bat

kartelak

Irisgarritasunak aukera eman die ezintasun sentsorialak dituzten pertsonei (entzumen- eta ikusmen-urritasunak dituztenei) ikus-entzunezkoez gozatzeko. Horretxek eman digu EHUn egiten ari garen ikerlanaren lehenengo oinarria: irisgarritasunak, traba arkitektonikoetatik harago, bestelako oztopoak gainditzeko bidea eman du eta, hori dela eta, kontzeptuaren adieran sakonduta, hizkuntza-ulergarritasuna berma dezakeela uste dugu.

Izan ere, ikus-entzunezkoei gagozkiela, hiztun komunitate txikia muga izaten da era horretako edukia hedatzeko orduan; euskararen esparruan, esaterako, hiztunen sakabanaketak zuzen-zuzenean eragiten du zinema-banatzaileen erabakietan: 30 film-emanaldiko bakarra izaten da euskaraz (Ikertalde, 2010). Beraz, hizkuntza gutxituetan egiten den zinemaren erronka ere inbertsioa errentagarri egiteko publiko nahikoa lortzea izaten da.

Bestalde, ezin dugu ahaztu gurean bikoizketa dugula araua eta horrek, ezinbestean, kontsumo-ohituran eragiten duela. Europako hainbat herrialdetan ere horixe da norma: nazio-hizkuntzara bikoiztea bestelako hizkuntzetan egiten diren ikus-entzunezkoak (hala ere, badira herrialdeko hizkuntza-aniztasuna bermatzen arauak dituztenak ere).

Ezintasun sentsorialak dituzten pertsonak azpidatziez eta audio-deskripzioaz baliatzen dira ikus-entzunezkoe edukiaz gozatzeko.

Teknika horien erabilera asko hedatu eta erraztu da telebistaren digitalizazioari esker. Hori bakarrik ez: audio-kanal bat baino gehiagoren difusioa ere ahalbidetzen du telebista digitalak; telebista eleanitza, beraz. Horrek berebiziko garrantzia hartzen du, eta horrela ulertu du Europar Batasunak ere (2007/65/UE Mugarik Gabeko Telebistaren Europar Zuzentaraua), aukera ematen baitio ezintasun sentsorialak dituztenen eskubideak bermatzeko (azpidatziak aginduz telebista publikoei) nahiz hizkuntza-aniztasunaren printzipioan sakontzeko.

Zinemaren kasuan, ez dago edukia irisgarri izateko derrigortasunik; eta, teknologiaren eskutik iritsi dira entzumen- eta ikusmen-arazoak dituztenentzat ikus-entzunezko irisgarriak.

Hainbat dira ikus-entzunezko irisgarritasuna ahalbidetzeko erabiltzen diren teknologiak. Donostiako Zinemaldian, esaterako, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateak garatutako Whatscine aplikazioa erabili izan da (2013an lehenengoz). Mugikorretarako app horrekin, gorrei azpidatziak eskaintzen zaizkie eta itsuei, berriz, audiodeskripzioa, mugikorrera lotutako entzungailuen bitartez.

Irisgarritasun linguistikoa

whatscine

Gure ikerketa proiektuaren esperimentazio-aldian teknologia horretaz baliatu gara, hain justu, euskaraz sortutako film biren aldibereko emanaldi elebidunak egiteko, Loreak eta Bypass pelikulekin. Egin duguna zera izan da: aretoan filmak euskaraz erakutsi direnean aplikazioan bikoizketa eskaini, eta alderantziz.

Esperimentuaren helburua bikoitza izan da: 1) teknologiak izan zitzakeen arazo teknikoak antzematea ez baitago beren beregi hizkuntza-ulergarritasuna bermatzeko sortua−; 2) audientziaren jarrera aztertzea, hizkuntza bat baino gehiago duenean aukeran.

Esan bezala, esperimentazio fasean dago gure ikerketa, eta inkesta bidez jasotako datuak eta esperimentuan parte hartu dutenen iritziak aztertzen ari gara. Hala ere, ikerketarekin aurrera jarraitzeko bide eman digu egindako jokoak ikusi baitugu hizkuntza ez ulertzea ez dela oztopo ikus-entzunezkoaz gozatzeko eta emanaldiak partekatzeko eta teknologiak hizkuntza gutxituen ikusgaitasuna berma dezakeela.

Oharra: Testu hau UPV/EHU I. Doktorego Jardunaldietarako aurkezperako prestatu zen (2016ko uztailaren 12an), “Ikus-entzunezko komunikabideak hizkuntza-aniztasunaren berme, irisgarritasunari esker” izeburuarekin. Ikerketa-lanak UPV/EHUren Euskara Errektoreordetzaren laguntzaz ari da egiten.
Kategoriak Hizkuntza-irisgarritasuna | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

EHUko doktoregaiek batez ere gaztelaniaz aurkeztuko dituzte euren ikerketak

infografia1-1

Venngage tresnarekin egindako infografia

 

Euskal Herriko Unibertsitateak lehenengoz egingo ditu, uztailean, doktoretza-jardunaldiak. Bigarren mailako doktoregaiei zuzenduta daude, euren ikerketak ezagutzera emateko asmoz. Guztira 267 doktoregaien ikerlanak aukeratu ditu batzorde zientifikoak, uztailaren 11n eta 12an Bizkaia aretoan erakusteko. Guzti-guztiek poster bana prestatu beharko dute eta 64 ikerlarik, gainera, 5 minutuko ahozko aurkezpenak egiteko aukera izango dute. Zazpi jakintza-arlotan bildu dituzte ikerketa-lanak: (A) Zientzia esperimentalak (%8,4); (B) Ingurumena (%5); (C) Osasun zientziak (%17,7); (D) Ingeniaritza eta arkitektura (%20,4); (E) Gizarte, Politika eta Komunikazio Zientziak (%18,9); (F) Zientzia Juridikoak (%10); (G) Giza Zientziak (%19,3).

Gaztelania nagusi

Euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez egingo dira aurkezpenak, baina ez pentsa hizkuntzen arteko orekarik dagoenik; izan ere, oraingoan ere, gaztelaniaz gailentzen baita: lanen %55,8 aurkeztuko dira gaztelaniaz. Euskaraz, %13,3 bakarrik.

  • Jardunaldien webgunea: http://www.ehu.eus/eu/web/doktoregojardunaldiak/home
  • 267 poster jarriko dira, 7 jakintza-arlokoak
  • 64 ahozko aurkezpen egingo dira bi egunetan zehar

Ahozko aurkezpenetan, ingelesa nagusi

Ahozko 67 aurkezpen egingo dituzte doktoregaiek bi egunetan zehar. Horretarako gehienek ingelesa aukeratu dute (batzorde zientifikoak egin du aukera); zehazki, %47,7k egingo du ingelesez, %37,3k gaztelaniaz eta $14,9k egingo du euskaraz.

Venngage tresnarekin egindako infografia

Venngage tresnarekin egindako infografia

 

Jakintza arloei dagokienez, zientzia esperimentaletan eta juridikoetan ez da euskaraz ahozko aurkezpenik egongo, eta ingurumenean eta osasun zientzietan ez da gaztelaniazkorik egingo ahoz. Euskaraz, ahozko aurkezpen gehien osasun zientzietan eta gizarte, politika eta komunikazio zientzietan izango dira, hiruna saio.

Lehenengo infografia

Bigarren infografia

Kategoriak Euskararen patria, infografiak-datu kazetaritza | Etiketak , , , | Utzi iruzkina