Komunitateak, kazetariek eta herritarrek sortutako informazio bideak

Online egiten den herritarren kazetaritzak elkarlan sarean oinarritzen da: dena izan daiteke, eta hala behar du, elkarbanatua (Melo Thiago, 2014). Filosofia horrekin sortu dira, esaterako, Tokikom-eko hedabideetako batzuen Komunitateak (Guaixe, Goiena, Anboto) eta baita Bilboko Uriola eta bere komunitatea ere. Esperientzia hoien arrakastaren oinarria litzateke herritarren parte hartze ordenatu horri kazetaritzaren printzipioak konbinatzen zaizkiola (López García, 2014).

Irudiak: Guaixe, Anboto, Goiena eta Uriola

Irudiak: Guaixe, Anboto, Goiena eta Uriola

Presezki herritarren parte hartzea informazioaren elkartrukatze eta zabalkundean “eskaintza informatiboaren uniformizazioari” aurre egiteko modu bat da (López García 2000). Esaterako, Occupy Wall Street-en mugimenduaren mezua herritarrek eurek lortu zuten zabaltzea sare sozialen bidez, eta kazetariek baino azkarrago eta zuzenago egitea lortu zuten (Anderson, Bell, Shirky; 2012). Gure artean, eta denboran ere gertuago, Herri Harresiaren esperientzia sareaz eta elkarlanaz baliatu zen mezuari ahalik eta zabalkunderik handiena emateko, bai eta atxikimendua lortzeko ere. Kasu horretan ere, sarearen bidez zabaldutako irudiek, bideoek, sekulako oihartzuna izan zuten Occupy mugimenduan gertatu bezala, mugikorrek horretarako aukera ezinhobea ematen dutelako. Hedabide handiek handik elikatzea lortu zuten eta euren informazioak osatzea.

Baina gertaera edo albiste konkretu batetik harago, elkarlan hori noraino hel daitekeen oraindik esperimentazio mailan geratzen da. Mexikon, esaterako, Mural.com egunkari digitalak irakurleen batzordearekin funtzionatzen du: erredakzio kontseilua bailitzan publikoaren eta kazetarien arteko eztabaidak bideratzeko topaleku legez funtzionatzen du, eta albisteen ikuspuntua eztabaidan jartzeak aniztasuna eta gardentasuna gehitzea ekarri die (De los Rios, Marcel, Alcalá; 2014).

Irudiak: Occupywallst, Mural eta iReport

Irudiak: Occupywallst, Mural eta iReport

Herri kazetaritzaren eta kazetari profesionalen arteko elkarlan horretan oinarritzen da, baita ere, iReport.com, CNN-k sustatutako ekimena. Kasu honetan, herritarrek aukera daukate euren bideoak edo argazkiak sarera igotzeko eta CNN arduratzen da argitaratzeaz eta informazioa osatzeaz, behin baieztatu ostean. Ondotik, beste inork harekin lotutako informazio gehiago izango balu, edo datu berri gehiago, albisteari gehitzeko aukera dauka.

Maila lokalean, nazionalean ala nazioartekoan herritarrek sortutako albiste sareek lotura estutzea lortzen dute audientziaren eta medioaren artean. Ez da kazetari profesionala ordezkatzen, editore lana egin behar baitute profesionalek, eta datorkien informazioa egiaztatu beharra daukate. Baina era horretako elkarlanak aberastu egiten du medioa eta komunitate sen horrek zer berezi bat ematen dio medioari, loteslea bihurtzen da. Ez delako nahikoa Twitter, Facebook edo Google+ sare sozialetan albisteak edo loturak elkarbanatzea eta komentatzea.

Kategoriak Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Bakarrik, hortxe, bide bazterrean

Egunero; goiz, eguerdi, arratsalde, euri zein ateri hortxe, bide bazterrean; mitinetako egurrezko aulkitxoan, potzuz inguratuta euria egin duenean, aterkiari eusten dihardunean, hortxe, bide bazterrean; zain, errepidera begira, autoei so, kamioilariei adi, hortxe, bide bazterrean. Geldik, mugikorrarekin, ilea batzen, ispilu txikiari begira, hortxe, bide bazterrean.

neska

Ofizio berean aterpean ari diren beste hainbat emakumeengandik gertu, baina, zu berriz aterpe barik, hortxe, bide bazterrean.

Askotan ikusi zaitut; joan zen udazkenean lehenengoz; negu gorrian gutxiago, baina eguzki izpiren bat atera orduko, bazaude, hortxe, bide bazterrean.

Ile horia, aurpegi atsegina, gorputz lirain-txikia, bakarrik, hortxe, bide bazterrean.

Askotan pentsatu dut nolakoa izango ote den zure bizimodua, nondik agertu ote zaren, aulkia bera nondik atera duzun egoteko hortxe, bide bazterrean.

Harago ere badira beste bi emakume gazte, zure adin eta itxura berekoak, haiek ere hortxe, bide bazterrean. Baina haiek bi dira, elkarri babesa ematen, edo gutxienez konpainia. Baina, zu, berriz, bakarrik zaude hortxe, bide bazterrean.

Gaur irudi bat lapurtu dizut, instant bat. Kotxetik bertatik hartu dizut argazkia. Orrazten ari zinen, ilea txukuntzen, beti bezala, mitinetako aulkitxoan eserita, hortxe, bide bazterrean.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , | Utzi iruzkina

Harro gaude garenaz, emakumeak

Taldeko kide zarela igartzea gauza handia da batzuetan. Inori gustatu ez arren sailkatzea, hango edo bestelako modukoa, norberak hala nahi ez duenean behintzat. Baina, domekan, Lilatoian korrika egin ostean Kontxako dutxetan batutako gorputz anitzen artean nirea ere bat gehiago legez ikusteak, eragin zidan halako zirrara berezi bat. Hain berdinak eta era berean hain desberdinak. Gizenagoak, argalagoak, titiak handiagoak edo txikiagoak, ile gehiago edo gutxiago, depilatuta ala depilatu barik… koloredun toallak bereizten gintuen gure biluztasun hartan.

Hirugarrenez izan bada ere, aurten ere liluratuta etxeratu nintzen, haibeste titi pare batera ikusita. Goizean denak lila kolorez jantzita eta handik gutxira, lotsa gehiago edo gutxiagorekin, biluztasunean denak berdinduta, denak pozik, denak harro. Horixe baita ederrena, garen modukoak garela ere, harro gaudela garenaz, emakumeak.

Irudietan: Lilatoiaren irteera, osteko pizgarrien batzea eta merezitako saria: Kontxako uretan oinak freskatzea eta pintxo-pote gozoa.

Kategoriak Politika | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Kapitaleko bitxikeriak

Katineko komuna

Katineko komuna

Dena da txikia, baita komun mistoa ere; orijinaltasun puntutxua ere badaukan arren.

Kanpoan berriz terraza, aterpe eta berogailuekin. Ez da erretzaileendako bakarrik, eserita gosaldu nahi duenarentzat ere bada:)

Tratua, berriz, etxekoa. Goizero bezero berberak biltzen dira hara, tarteka, ni moduko paratxutak ere agertuko dira, noski.
Katirenean denek dirudite etxekoak. Bilboko Gran Via osteko Ledesman gaudela ahanzten duzu, une batez, tabernatxo-degustazio minimoan.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bideo albisteak eta informazio kontsumo azkarra

Online bideoaren kontsumoaren zaletasunak ez du, oraingoz, behintzat, goia jo. Geroz eta sarriago eta geroz eta gailu gehiagoetatik ikuskatzen ditugu egunero bideoak sarean; izan youtube edo vimeo plataformetan, izan Vine edo Instagram aplikazioetan, izan egunkari digitaletan… Bideo-kazetaritza bogan dago, batez ere apenas ediziorik behar duten bideo-piezak erabiltzen dituelako eta teknologiak geroz eta gehiago errazten duelako lan egiteko era hori.

Hainbeste ze, badira era horretako bideo-albisteak argitaratzen espezializatu diren hedabideak. Esaterako, 2012ko azaroan sortu zen NowThisNews. Startup lez sortu zen sare sozialetan eta mugikorretan bideoak eskaintzeko. Horretarako eskura dituzten sare sozial guztiez baliatzen dira: Vine, Instagram, Twitter, Facebook eta Youtube, beti ere smartphonen erabiltzaileengan pentsatuz.

Iturria: http://nowth.is/MHhtKL

Iturria: http://nowth.is/MHhtKL

NowThisNews konpainiakoek diotenez, euren bideo-kazetariak 23 eta 28 urte bitarteko gazteak dira eta ikus-entzule edo jarraitzaileen bataz besteko adina 28koa da. Twitterren 35.600 jarratzaile dituzte, Vine-n 213.000tik gora, Instagramen, 85.000, Facebooken 142.000, eta adi, Google+ -en ia 400.000 jarraitzaile!

Bideo-kazetaritza azkarraren adibide bat baino ez da Nowthisnews. Baina, sarean bideo laburrak ikusteko zaletasuna dagoela agerian uzten duena, berehalakotasunaren beste adibide bat. Informazio aldetik gauza gutxi dirudite esaterako Vine aplikazioaren 6 segunduak edo Instagramen 15 segunduak, baina irudien gainean datuak gehitzen dizkiete bideo-albisteei, era horretan, kontsumo azkarreko informazioa irensten du jarraitzaileak.

Azkartasun eta laburbiltze horren adibide dira baita ere NewYorkTimes egunkariak egiten duen TimeMinute bideo-albistegia (News, ideas an d culture in 60 seconds) edo BBC telebista kateak Instafaxen argitaratzen dituen bideo-albistegiak.

NYTimes egunkariaren kasuan egunean hiru bider berritzen dute bideo laburra; albisterik esanguratsuenen flasak biltzen dituzte. Irratietako buletin informatiboak osatzeko darabilten teknika litzateke: egunean zehar ardatz izango diren foko informatiboez baliatuta, mini albistegiak sortu.

Iturria: http://nyti.ms/1pSKIKt

Iturria: http://nyti.ms/1pSKIKt

BBCren minibideoalbistegiak 15 segundu irauten ditu eta bi formatutan egiten dute: albiste bakarreko bideoa edo izenburuz osatutako albistegi laburra. Albiste bakarreko bideoak, 3-4 plano izaten ditu, 3 bat izeburu testuingurua ulertzeko eta listo, bideo-albistea osatuta eta sare sozialetan zabaltzeko prest. Instafax headlines bideoak, berriz, 3 bat albiste laburbiltzen ditu irudiz eta izenburuz lagunduta, telebistako albistegietako izenburuetan bezala, baina aurkezlearen ahotsik gabe. Izan ere, horixe da era horretako bideoetan desagertzen dena: off ahotsa. Infografiak ordezkatu du behin betiko off ahotsa, edizioan jada ez da kazetariaren ahotsik erabiliko, ez da behar izango.  New York Times-en minutuko albistegiak eutsi egiten dio kazetariaren ahotsa erabiltzeari, baina, era berean, baliabide hori oso gutxitan erabiltzen du bideo-kazetaritzan, giro soinua eta protagonisten ahotsak nagusitzen dira gehienetan bere erreportaje eta bideo albisteetan. Pentsatzekoa da, TimesMinute formatua ere berrituko dutela ild horretan.

Iturria: http://instagram.com/bbcnews#

Iturria: http://instagram.com/bbcnews#

Sare sozialetan ari diren audientzia potentziala erakartzeko informazio pilula bisualek ematen duten informazioa ezin da inondik inora analisiarekin alderatu. Horrekin bakarrik informatuta egongo dela uste duenak, oker ibiliko da. Baina kontsumo azkarraren mundu honetan, munduan ze berri galderari pare bat zertzeladarekin erantzuteko balio du eta hori ere ezinbestekoa da.

 

 

Kategoriak Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Blog maitea, abandonaturik zauzkat

Azkue Fundaziotik imeila jaso nuenean ohartu nintzen horretaz. Blogen inguruko mahai-inguru baten parte hartzeko gonbitea egin zidaten eta, oso aritua ez naizen arren, baiezkoa eman nuen. Beti delako aberasgarria beste batzuekin iritziak konpartitzea.

Blogarekin artean Asteleheneko Goienkarian ari nintzela hasi nintzen. Goienak blog plataforma abiatu zuen eta hango kazetari izanik, egoki zirudien nik ere bloga izatea.

Zertaz idatzi erabakitzea izan zen orduko lehenengo lana eta nuen jardunarekin lotu nuen hasiera hartan: asteburuko kultura ekitaldien jarraipena egiten nuenez paperezko astekarirako horrek eman zidan nahikoa material blogean jarduteko. Ordukoa da esaterako, Karra Elejalderi Gatzagako frontoian eserita egin nion elkarrizketa, garagardo bana hartuta ibili ginen kontu kontari. Paperezkoan ez zen dena sartu eta blogak eman zidan aukera elkarrizketa osorik argitaratzeko.

Harrezkero joan dira, 324 post, pasadizo eta gorabehera. Blogean jaso ditudan gehienak, bizipen pertsonalak direla esango nuke; ez baita nirea ezertan espezialdu den bloga. Bitakoratik gehiago du, barruak husteko balio didan plaza publikoa; tira, aitor dezadan, oso pulikoa ere ez da:)

Inpultsuka egiten dizkiot, beraz, bisitak nire blogari eta horrek, jakina, audientzia birtuala sortzeko gutxi balio du. Beraz, blog maitea, izan dadila hau konpromiso serioa hartzeko abagunea: zurean maizago agertuko naizela hitza ematen dizut, ondo baderitzozu behintzat.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Otsein, Bergarako morroia

“Badirudi Roomba aspiragailu elektronikoak ireki duela bidea beste batzuk ere etxerako otsein elektronikoen merkatuan sudurra sartzeko, eta niri neuri arreta eman didaten hiru adibide ekarri nahi dizkizuet gaurkoan”, irakurri diot Joxe Rojasi bere Teknopata blogean. Eta, Maite Goñiren #gaurkohitza tarterako berba egokia iruditu zait #otsein. Izan ere, Bergarako MAYCen egiten ziren etxekotresna txikien marka hari esangura topatu diot, nahi gabe! Joxeren artikuluan ikusi ahala, euskalbar erabili dut eta hainbat emaitza jaso ditut bueltan: Elhuyar, Orotariko Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua. Hainbeste urte eta gero otsein izenak esangura duela deskubritu dut (nire ezjakintasunaren erakusle).

Eta, horrela, ba, Google orojakitunari galdetu diot “Otsein Bergara” eta Hoover enpresaren webgunera eraman nau. Izan ere, Otsein eta Hoover etxeak batera ari dira azkenaldian. Otsein-Hoover Historia atalak dioenez, 1951n kaleratu zuen Bergarako MAYC-ek etxeko lehenengo garbigailu automatikoa Otsein markarekin. 1992an Candy etxeak erosi zuen MAYC, baina Otsein markari eutsi zioten.

Hoover etxearen historia lehenago hasi zen: 1900.ean, AEBko Oihonen, aspiragailuak egiten, eta 1932ean ireki zuen Europako bere lehenengo lantegia, Bretainia Handian.

Robo-com deitzen da gure aspiragailu robota

Robo-com deitzen da gure aspiragailu robota

Azken boladan, beraz, Otsein-Hoover batuketaren ondorioz Hoover da merkaturatzen den marka; gure #robocom aspiragailu robota, esaterako, Hoover da eta italieraz zekartzan argibideek diotenez “ritorno automatico alla base di ricarica” egiten du; nik ere nahi gabe, etxe ondora jo dut, “automatikoki”.

Kategoriak Ispiluari begira | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Goya sariak, Twitterri esker arindutako gala

Goya sarien gala ikusi genuen bart. Aspergarria, oso. Manel Fuentes aurkezlea, negargarria. Abesteko, oso gaizki abesteko, izterrak erakusten atera zirenen musikala, patetikoa. Hala ere, osorik ikusi genuen gala, ohelagunak eta biok. Esango nuke gainera, gehientsuenek bezala, Twitterri esker izan zela! Tuitele-ren datuen arabera, 422.229 komentario egin ziren atzo sare sozial horretan gaueko 22:05etik 00:55 arte. Eta, askoz ere eramangarriago egin zuten atzoko gala; pena, telebistan txioak erakutsi ez zirelako, ze, arinduko lukete atzokoa.

Iturria: http://www.tuitele.tv/audiencia-social/

Iturria: http://www.tuitele.tv/audiencia-social/

Trendsmap-en arabera #goya2014 izan zen traolarik erabiliena gure inguruan, baina ez zen bakarra; #GoyaRTVE ere barra-barra erabili zuten txiolariek atzo. Beti ere @umap-en #joerak kontuan izan barik (euskarazko txioen jarraipena egiten duen zerbitzuaren joeretan ez zen goya sarien inguruko traolarik ageri).

Iturria: http://trendsmap.com/#

Iturria: http://trendsmap.com/#

Eta, errepikatuenak izan ziren komentarioen artean, zine akademiaren presidente Gonzalez Machoren diskurtsoaren ingurukoak izan ziren: “zzzzzzzzzz” zioten txioak alegia. Honatx @revistamongolia-k txionatu zuena:

Iturria: https://twitter.com/revistamongolia/status/432629024649523200

Iturria: https://twitter.com/revistamongolia/status/432629024649523200

Telebistan ikusteko saio bezala neketsua izan zen osorik ikustea; Borja Terani irakurri diot La Informacion-en agerkari digitalean, ez zela izan galarik txarrena, baina bai “antitelebisiboena”. Eta, benetan diotsuet, atzo sarea lagun, eramangarriagoa izan zela.

Saritutako filmeen inguruan, Las Brujas de Zugarramurdi orain dela hilabete bat ikusi genuen eta, tira, barre batzuk, tarteka bada ere, egin genituen, baina ez da Alex de la Iglesiaren filmategiko nire gustukoena. Sari tekniko guztiak jaso zituen atzo, eta Terele Pavez-ek taldeko aktorerik onenaren saria eskuratu zuen; emakume horrek beldurra ematen du beti, ahotsak, itxurak… uff! Izugarria! Hala ere, atzo nola emozionatu zen ikustea hunkigarria izan zen.

Iturria: http://elpais.com/especiales/2014/premios-goya/nominados-premiados.html

Iturria: http://elpais.com/especiales/2014/premios-goya/nominados-premiados.html

La herida joan zen astean ikusi genuen. Gorputz txarra eragiten duen filma; tarteka, tentsioa jaisteko egoerak ere badituen arren. Baina ziur Marian Álvarez aktoreak askoz ere okerrago pasa zuela; hori tristura bere pertsonaiarena, ene!

Atzo arratsaldean Canibal ikusi genuen. Eta gustatu zitzaigun; eta pena hartu genuen Antonio de la Torrek saria ez zuelako eskuratu ze, bera ere, La Herida filmako protagonista bezala, maitasuna aurkitzen ez dakien gizaki tristea da.

Ikusi ez duguna, atzoko irabazle nagusia da (ez sari kopuruagatik, baina bai esanguratsuenengatik). David Truebaren Vivir es fácil con los ojos cerrados ez dugu oraindik ikusi. Espero izatekoa da atzokoa eta gero atzera ere zine aretoetara eramango dutela!

Kategoriak Kazetaritza, sare sozialak, Web Telebisten inguruko inkerketa | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Amaiurri proposamena, Espainia-Vaticanoa konkondartua apurtzeko eskatzea

Erlijio eskolek ikastetxeetan lekua izan behar duten ala ez, ez da gaur goizeko eztabaida. Azkeneko urteetan matrikulazio kanpainen aurrean berpizten den aldarrikapena da. Stee-Eilas sindikatuak, esaterako, berriro ekin dio eskariari: “Erlijioa Eskoletatik at!!”. Gainera, gurasoei dei egin die erlijioaren ordez hezkuntza sailak ezarritako alternatiba ere ez dezaten aukeratu, presio moduan. Zertaz ari garen zehazte aldera, Eilas sindikatutik diote, “indarrean dagoen arautegiarekin erlijio irakasgaiak 945 ordu inguru betetzen du Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta beste 450 DBHn”; alderaketa egitera, “Arte Hezkuntza edo Gorputz Heziketa irakasgaiak baino gehiago”.

@rikarregi

@rikarregi

Ricardo Arregiren txioa ikusita gogoratu naiz, aurreko legegintzaldian, eta Eilasen ildo horretan, hainbat ekimen aurkeztu zirela Eusko Legebiltzarrean, erlijio eskolak kentzeko eskatuz orduan Isabel Celaak zuzentzen zuen Hezkuntza sailari.

Oraingo legegintzaldian, kurioski, alderdi popularreko Iñaki Oyarzabal izan da gaian interes gehien erakutsi duen legebiltzarkidea. 7 ekimen aurkeztu ditu, tartean, sailburuari interpelazioa bat eta baita interpelazioaren ondorengo mozioa ere. Eskaria argia zen: erlijio ikasgaiaren inguruan indarrean dagoen lege-esparrua betetzea, hau da, aukeratzeko askatasuna izan dezatela gurasoek eta, erlijioa aukeratzen ez dutenen kasuan, ordezko alternatiba izan dezatela; 1979an Espainaiko gobernuak Vaticanoarekin sinatu zuena betearaztea, alegia:

1979ko BOE

1979ko BOE

1979ko BOE

PPren eskari horri EHBildu eta UPyD taldeek zuzenketa bana aurkeztu zieten. Eta, azkenean, EHBilduren testuaren puntu bakarra onartu zen 2013ko abenduaren 19ko plenoan: Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio: Eskola publiko laiko baten alde lan egin dezala”. 2. puntuan UPyDren abestentzioak berdinketa eragin zuen (EHBildu-PSE alde, EAJ-PP kontra) eta 3. puntuan, berriz, PSE ere gehitu zitzaien EAJ eta PPri, kontrako bozketan.

Esan bezala UPyDk abstentzioaren alde egin zuen, Maneiroren zuzenketa harago zihoalako, eta arrazoi osoz gainera. Izan ere, eztabaida horren oinarrian dagoena Espainiako gobernuak Vaticanoarekin 1979an sinatu zuen konkondartua edo akordioa delako. Franco hil eta 4 urtera sinatu zutena. Berez, 1976an sinatu zenaren berrestea zena eta, aldi berean, 1953an Francok sinatutakoari jarraipena ematen ziona. Aurten 61 urte beteko duen akordioa!

UPyD horren jakitun, bere zuzenketako puntuen artean sartu zuen eskaria, aurreko legegintzaldian Aralarrek hainbat aldiz eskatu bezala. Ulertzera heltzen ez naizen arrazoiren bategatik, Legebiltzarreko taldeek onartu ez duten eskaria.

Bai, arazoa, eskumenena da berriz ere. Era horretako erabakia Espainiako kongresuan baino ezin delako hartu. Hortaz, zergatik ez eraman Eilasen eskaria kongresura, demagun, Amaiur taldearen eskutik? Zergatik ez planteatu Espainiako kongresuan, Amaiurren eskutik, “Espainiaren eta Egoitza Santuaren arteko 1979ko urtarrilaren 3ko Akordioa bertan behera utz dezala eskatzea?”.

Legebiltzarreko akordioa ikusita, pentsatzekoa da, UPyD, PSOE, BNG, IU-ICV-CHA eta Mistoko gutxienez Esquerra, GeroaBai eta, akaso, kanariar, asturiar, valentziarrek ere, babestuko luketela. Akaso, abenduan ez bezala EAJk ere babestuko luke ekimena, Wert ministroaren hezkuntza lege berriaren kontrako jarrerari eutsiz.

 

 

Kategoriak Eusko Legebiltzarra, Politika | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

El Intérprete; handia Asier Etxeandiak sortu duen ikuskizuna. Ez galtzekoa!

Baietz, baietz! Arriagan dantza egin daitekela, abestu egin daitekela eta argazkiak ere atera daitezkeela!!!!

Zoragarria, entusiasta, emozioz beterikoa, indartsua, kutsakorra, baikortasun txute ezinbestekoa… segi nezake, baina onena, aukera baduzue behintzat, zuek zeuek ikustera joatea litzateke. Asier Etxeandiak egiten duen lana El Interprete ikuskizunean, antzerki musikatuan, kabaretean, showan, mundiala iruditu zait. Eta Arriagara bildu ginenon komunioa totala! Gazte, zahar zein erdian kokatzen garen guztiok, kasu egin genion bere hirira bueltan zen artistari. Tipo horrek, bere –nik zer dakit, 2 metro?– duen indarra eta jartzen dion gogoa hain da handia. Loquillo hainbeste mugituko balitz, ziur txakea askoz ere lehenago kenduko lukeela bere kontzertuetan! Asierrenak, baina, gehiago du Moulin Rouge filmeko show koloretsu hartatik. Bere umetako mamuei abesten badie ere, bitxo arraro izatea handia dela azaltzen tematzen da eta lortzen du publikoa identifikatzea –berarentzat umetako lagun ikustezinak– ume gizajo ameslari harekin. Eta, egiten duen kanta errepasoa? Hori bai dela #cachitosdehierroyplomo. Bere aitaren eta amaren eta aititen gustuko abestiez gainera, berak umetan entzuten zituenak eta nerabezaroan markatu zutenak… Eta, dantzarakoak ere bai. Ze, Arriagan zutik, dantzan eta kantuan jarri gintuen interpreteak. Eta zela gainera!

La2 telebista kateko Torres y Reyes saioan ikusi nuen orain dela hilabete bat-edo, eta inpaktatu egin ninduen tipoaren indarrak.

Barikuan bertan ikusi nuen Bilbora zetorrela eta internetez erosi genituen besaulki-patioan geratzen ziren azkeneko bi sarrerak! Merezi izan zuen. Bilbotik, baina, gertuko beste hainbat eskenatokitara eramango du Asier Etxeandiak eta Factoría Madre Constriktor konpainian “El Intérprete” lana: Elorriora (urtarrilaren 17an), Leioara (otsailaren 7an), Durangora (otsailaren 8an), Gasteizera (otsailaren 20an), Iruñeara (otsailaren 21ean), Eibarrera (martxoaren 13 eta 14an), Andoainera (martxoaren 28an) eta Arrasatera (martxoaren 29an).

Sorpresaz beteriko ikuskizuna da, ezberdina eta sekulako giro ona eragiten duena.

Ohar 2 amaitzeko:

1)Tu te me dejar querer” abestiaren koreografia ikastea ondo dator, gehiago gozatzeko zuzenekoan.

2) Eraman smartphona argazkiak, bideoak eta komentarioak zuzeneak sareratzeko. Baietz, Arriagan ere egin genuen!

Kategoriak Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina