Bideo albisteak eta informazio kontsumo azkarra

Online bideoaren kontsumoaren zaletasunak ez du, oraingoz, behintzat, goia jo. Geroz eta sarriago eta geroz eta gailu gehiagoetatik ikuskatzen ditugu egunero bideoak sarean; izan youtube edo vimeo plataformetan, izan Vine edo Instagram aplikazioetan, izan egunkari digitaletan… Bideo-kazetaritza bogan dago, batez ere apenas ediziorik behar duten bideo-piezak erabiltzen dituelako eta teknologiak geroz eta gehiago errazten duelako lan egiteko era hori.

Hainbeste ze, badira era horretako bideo-albisteak argitaratzen espezializatu diren hedabideak. Esaterako, 2012ko azaroan sortu zen NowThisNews. Startup lez sortu zen sare sozialetan eta mugikorretan bideoak eskaintzeko. Horretarako eskura dituzten sare sozial guztiez baliatzen dira: Vine, Instagram, Twitter, Facebook eta Youtube, beti ere smartphonen erabiltzaileengan pentsatuz.

Iturria: http://nowth.is/MHhtKL

Iturria: http://nowth.is/MHhtKL

NowThisNews konpainiakoek diotenez, euren bideo-kazetariak 23 eta 28 urte bitarteko gazteak dira eta ikus-entzule edo jarraitzaileen bataz besteko adina 28koa da. Twitterren 35.600 jarratzaile dituzte, Vine-n 213.000tik gora, Instagramen, 85.000, Facebooken 142.000, eta adi, Google+ -en ia 400.000 jarraitzaile!

Bideo-kazetaritza azkarraren adibide bat baino ez da Nowthisnews. Baina, sarean bideo laburrak ikusteko zaletasuna dagoela agerian uzten duena, berehalakotasunaren beste adibide bat. Informazio aldetik gauza gutxi dirudite esaterako Vine aplikazioaren 6 segunduak edo Instagramen 15 segunduak, baina irudien gainean datuak gehitzen dizkiete bideo-albisteei, era horretan, kontsumo azkarreko informazioa irensten du jarraitzaileak.

Azkartasun eta laburbiltze horren adibide dira baita ere NewYorkTimes egunkariak egiten duen TimeMinute bideo-albistegia (News, ideas an d culture in 60 seconds) edo BBC telebista kateak Instafaxen argitaratzen dituen bideo-albistegiak.

NYTimes egunkariaren kasuan egunean hiru bider berritzen dute bideo laburra; albisterik esanguratsuenen flasak biltzen dituzte. Irratietako buletin informatiboak osatzeko darabilten teknika litzateke: egunean zehar ardatz izango diren foko informatiboez baliatuta, mini albistegiak sortu.

Iturria: http://nyti.ms/1pSKIKt

Iturria: http://nyti.ms/1pSKIKt

BBCren minibideoalbistegiak 15 segundu irauten ditu eta bi formatutan egiten dute: albiste bakarreko bideoa edo izenburuz osatutako albistegi laburra. Albiste bakarreko bideoak, 3-4 plano izaten ditu, 3 bat izeburu testuingurua ulertzeko eta listo, bideo-albistea osatuta eta sare sozialetan zabaltzeko prest. Instafax headlines bideoak, berriz, 3 bat albiste laburbiltzen ditu irudiz eta izenburuz lagunduta, telebistako albistegietako izenburuetan bezala, baina aurkezlearen ahotsik gabe. Izan ere, horixe da era horretako bideoetan desagertzen dena: off ahotsa. Infografiak ordezkatu du behin betiko off ahotsa, edizioan jada ez da kazetariaren ahotsik erabiliko, ez da behar izango.  New York Times-en minutuko albistegiak eutsi egiten dio kazetariaren ahotsa erabiltzeari, baina, era berean, baliabide hori oso gutxitan erabiltzen du bideo-kazetaritzan, giro soinua eta protagonisten ahotsak nagusitzen dira gehienetan bere erreportaje eta bideo albisteetan. Pentsatzekoa da, TimesMinute formatua ere berrituko dutela ild horretan.

Iturria: http://instagram.com/bbcnews#

Iturria: http://instagram.com/bbcnews#

Sare sozialetan ari diren audientzia potentziala erakartzeko informazio pilula bisualek ematen duten informazioa ezin da inondik inora analisiarekin alderatu. Horrekin bakarrik informatuta egongo dela uste duenak, oker ibiliko da. Baina kontsumo azkarraren mundu honetan, munduan ze berri galderari pare bat zertzeladarekin erantzuteko balio du eta hori ere ezinbestekoa da.

 

 

Kategoria: Web Telebisten inguruko inkerketa Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude