Crowdsourcing azpidazketa, Europako ikus-entzunezkoak ikusgarriago egiteko

Europako hizkuntza aniztasunaren erakusle izateko eta hizkuntza txikiak ere ikusgarriago egiteko, azpidazketa sustatzeko milioi bat euro jarriko du Europak. Azpidazketaren bidez, Europako zineak Europako herrialdeetan zehar zabalkunde gehiago izatea bilatzen da, hizkuntza ez dadin filmaren zabalkudearentzako traba. Irailaren 25ean amaituko da azpidazketa modu errazagoan egiteko proiektuak aurkezteko epea.

Hain justu, asteon, Donostiako zinemaldian elkartu dira, Jaurlaritzaren HPSk eta Kultura sailak antolatuta, Norvegia, Estonia, Letonia, Finlandia, Danimarka, Polonia, Suitza, Gales, Eslovenia, Irlanda, Islandia eta Friuli Venezia Giulia ordezkatzen hainbat agintari. Denen artean adostu dute “Glocal cinema: big stories, small countries” manifestua. Zine Euskadik eman du ekimenaren berri, sustatu.eus webgunean ikusi dudanez.

Iturria: Zine Euskadi, in sustatu.eus

Hizkuntza gutxituetan edo txikietan aritzen diren zinegileek, eta orokorrean, ikus-entzunezko ekoizleek, merkatu txikiaren traba bizi dute. Euren lanak ezagutzera emateko marketing edo distribuzio kanpaina zailagoak garatu behar izaten dituzte, hizkuntza “oztopo” bilakatzen baita produktua ezagutzera emateko. Europaren aberastasunetako bat da eleaniztasuna, baina oztopo da, aldi berean, ikus-entzunezko ekoizpenen zabalkunderako. Jada 1991ean European Institute for the Mediaren zuzendari Georger Wedellek zioen ezinbestekoa zela “ingelesetik aparteko gainerako hizkuntzen aitortza Europako ikus-entzunezko lanen jatorrizko hizkuntza gisa, bereziki harreta jarriz Europan zabalkunde txikiena duten hizkuntza txikietan”.

Ildo berean, sasoi hartan Georg-Michael Luyken eurodiputatuak zuzendutako ikerketa lan baten esaten zen, “hizkuntza transferentziak funtzio bikoitza duela: ulergarri egitea atzerriko hizkuntzan sortutako telebista saioak eta komunitate lingustiko txikietan sortutako ekoizpenak sustatzea eta zabaltzea”.

Hizkuntzaren mugak gainditzen

Urte dezente igaro dira “Overcoming language barriers in television. Dubbing and subtitling for the European audience” lana argitaratu zenetik. Komunikabideen Europako Institutuak atera zuen, Luykenek zuzendutako lantaldeak eginda. Zer diren kontuak, bi hamarkada beranduago, oraindik ere, hizkuntz aniztasuna zela baliatu asmatu ezinda dabiltzala. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirola sailburuordeak Zinemaldian egindako agerraldian azaltzen zuenez, hizkuntza txikietan zinemagintzan ari direnek ez daukate zertan euren lana hizkuntza horretan bizi diren herrira mugatu behar; horregatik elkarlanean eta sarean lan egiteko egitasmoa abiatu dute, mapa berri bat sortzeko, “Europaren erdia baino gehiago hartzen dutelako hainbat eta hainbat hizkuntzek, hizkuntza hegemonikoetatik harago”. Oraindik asmoa bada ere Zinemaldian aurkeztu zutena, ez baita egitasmoa erakundetu, taldea gisa lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten Donostian bildutakoek.

Crowdsourcing azpidazketa

Inguru horretan mugitzen da baita ere “European film in the digital era” txostena, Europar Batasuneko kultura batzordeak onartu berri duena. Hizkuntza gutxituetan ekoitzitako ikus-entzunezkoen zabalkudea sustatzea adostu dute txostenean, besteak beste, eta horretarako, azpitituluen itzulpena egiteko online plataforma bat sortzeko asmoaren alde egin dute. Crowdsourcing bidezko azpidaketa deitu dute; Opendatan irakur daitekeenez, “Crowdsourcing azpidatzita Europako lanen zirkulazioa handitzeko”.

Diotenez, eta kopia digitalek analogikoak ordezkatu dituztenez, itzulpen eta azpidazketa kostuak dezente merkatu dira. Edozein film egon daiteke hainbat hizkuntzatan, hartara, ikus-entzunezko horren zabalkundea erraztuz. Argumentu hori oinarri hartuta, eta kostuak mugatzeko eta europar zinearen ezagutza sustatzeko, azpidazketa kolektiboaren proiektua aipatzen da onartutako dokumentuan.

Europar Batasunaren Communications Networks, Content and Technology batzordeak milio bat euroko aurrekontua onartu du Europako lanen zirkulazioa handitzeko crowdsourcing azpidazketa sustatzeko;  proposamenak aurkezteko epea irailaren 25ean amaituko da.

‘Europako zinea aro digitalean’ txostenak aitortzen duenez, 2014an 1.500 film estreinatu ziren kontinente zaharrean, baina filmak zabaltzeko orduan zenbakiak dezente jaisten dira. Aitortzen denez, ezinbestean azpidatzitako filmak eskurago jartzeko lan egin beharra dago, herrialde gehiagotara helaraziz, kultura eta hizkuntza aniztasuna zabaltzeko. Ildo horretan, MEDIA programaren bidez urteetan egiten den lana azpimarratzen dute txostengileek: azpidatzitako jatorrizko bertsioen zabalkundea sustatzeko laguntzak jasotzen dira programa horretan “Europako kultura eta hizkuntzen ezagutza ulertarazten” laguntzeko. Teknologiak ere laguntzen du, jakina, bide horretan.

Kategoria: Hizkuntza-irisgarritasuna Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude