Joan Mari Irigoienen ‘Arma, tiro, bammm!’ eta beste kasualitate batzuk

Koinzidentzia ala kasualiatea. Diotenez, kasualitatea ez da esistitzen, askotan entzun izan dut. Baina, aizue, niri horixe gertatu zait: zegokidan autobusa hartzera heldu ez eta, denbora egiteko, EHUko Magisteritzako fakultate berrira sartu naiz –epelago egoteko, jakina. Kontua da, sekulako hall handi eta sabaitik eskegitako lanpara-armiarma erraldoiak –Guggenheimekoen kumak, bide batez esanda– ikusteaz batera, “Salam, beste kultura batzuei irekitako leihoa” erakusketarekin topatu naizela, bertan dagoelako, alegia.
Salam erakusketa, EHUn

Amaitu berria nuen Joan Mari Irigoienen “Arma, tiro, bammm!” eleberria (oso gustura irakurri dudana) eta kasualitate handiegia begitandu zait, hotzaren babes bila aterpera sartu naizen leku horretan –autobus paradatik gertuen dagoena– arabiar kulturari buruzko erakusketa egotea. Udaberri arabiarrari erreferentzia egiten dion hormirudia da ikusi dudan lehenengoa eta Irigoienek eleberrian darabilen mezu antimilitarista gogoratu dut. Honatx adibide bat:

– Eta noiz ikasiko du gizonak hitza dela armarik onena gure auziak konpontzeko? -bere ulergaitasunean tematu zen Abdel Haqq.

– Hori, baina, Paradisua izanen lukek. Eta Allahk lurrerako egin gintian, gero gerokoak…

Gau hartan, oheratu bezain laster sabaira begira gelditu eta, bere baitan bildua, otoitz baten hasiera izan zitekeena errezitatu zuen, ahapeka:

– Besarkadak diren hitzak eta hitzak diren besarkadak…”

(Arma, tiro, bammm! 55. or.)

Ondoan, emakumeaz Koranak dioenak atentzioa deitu dit: “Ez dut gutxiesten zuetako inoren lana. Izan gizon, izan emakume, zuetako bakoitza bestearengandik sortu da” eta “Emakumeak gizonen arrebak dira berdintasun harremanean”.

erakusketa2-2 copia

Koranak hori esanagatik ere, Arma, tiro, bammm! liburuan emakume islamiar protagonistatako batek ikasketa arautuak gauzatzeko ezintasuna bizi du. Hala ere, Koranaren irakurketa itxia ez egitearren, edo familia “irekia” dela erakusteko-edo, unibertsitatean ez, baina etxean ikasteko aukera ematen diote Raisari, eta horretarako laguntza ere jarriko diote. Are gehiago, emakume poeta feministak ezagutzeko aukera ere izango du, bere etxekoen eskuzabaltasunari esker.

Lauda, arimaren musika

Laudak ere badauka esangura handia liburuan. Lau soka dituela azaltzen du beste protagonistatako batek; bakoitza kolore batekoa, arimaren lau sokak: horia (beroa, arimaren poztasuna adierazten duena); gorria (hotza, arimaren beldurra adierazten duena); zuria (humela, arimaren egokitzeko ahalmena adierazten duena); beltza (lehorra, arimaren fijazioa adierazten duena). Erakusketan ere badago lauda ikusgai, baina bost soka ditu eta Irigoienen eleberrian ere azaltzen da bosgarren sokaren garrantzia, lau puntu kardinalak batzeko balio duena. Edertasun handiz azaltzen du Abdel Haqq pertsonaiak laudaren esangura eta soka bakoitzak adierazten duena; merezi du atal horrek.

Kontua da, kasualitateekin jarraituz, TVE ematen ari den Isabel telesailaren haritik, Al Andalusen erorketaren inguruko multimedia erreportajea estreinatu dutela, webgunean. Alde bien kontakizuna jarraitu daiteke gainera, erreportaje multimedian: orduko andalusiarrena eta katoliko erasotzaileena.

TVE-web

Iturria: TVE: http://lab.rtve.es/serie-isabel/conquista-de-granada/

Irigoienen liburuan Al Andalusek ere leku esanguratsua dauka eta nola diren gauzak, Magisteritza fakultatean dagoen erakusketak ere bere lekutxoa egiten dio Granadako Alhambrari. Nik hemen Irigoienen liburuan Alhambrarekiko debozioaz adierazteko, pertsonaietao bat Kordoako katedralaren kontra aritzen den ekarri dut gogora.

Arkitektura poema bihurtua: hori da Alhambra. Baina ez zaituzteT aspertu nahi (zu batez ere, Mustafa), eta gauza bakarra erranen dizut: joan ez bazara eta joateko aukera baduzu, zoaz. Granadara, alegia. Ez Kordobara. Kordobako meskitan egon nintzenean, izan ere, ongi sentitu nintzen hasieran… baina, gero, Espainiako errege Carlos I.aren baimenpean eraiki zuten katedral zatarrean sartu nintzenean, oka egiteko gogoa eman zidan. Instantean. Imajinatu bat-batean behi hegalari bat patioan sartu eta marmolezko mahai honetan kaka egiten duela: bada, hori ikusi nuen Kordoban! Imajinatu mutil bat bere maite ederrarekin ezkondu… eta, oherakoan, ezustean, hogei begiko eta zazpi besoko mustro bihurtzen zaiola: bada, hori! Hondarrean, jakina, biraoka hasi nintzen kristauen Jaikoaren aurka. Ikusten duzue aldea: Le Corbusierren elizan, etxean sentitu nintzen, kristauen lagun. Kordobako katedralean, infernuan, kristauen etsai… yihada egiteko gogoz…! Ibrahim Musallem sutsu zegoen, eta suzko errankizuna erantsi zion bere erretolikari–: Oroitzearekin batera, gaixo jartzen naiz oraindik…” (Arma, tiro, bammm, 37.or.).

Aitortu behar dut, Kordoban izan nintzenean ere, sekulako disgustua hartu nuela han barruan, mezkitaren erdi-erdian dagoen katolikoen eliza harekin aurkitu nintzenean; desitxuratua erabat geratzen da andalusiarrek eraikitako tenplu zoragarria. Baina beti geratuko zaigu Alhambra , eta Los Puntos taldeak abesten zuena!

Llorando por Granada, Los Puntos

“…Alhambrako hormetan idatzita zegoen poema baten puska errezitatzeari ekin zion Facundok: (…) Zilar urtua perlen artean zehar, / zuri, garbi eta ibilkor. Ura eta marmola nahastu egiten dira, itxuraz / bietatik zein dabilen jakin gabe. / Ez al duzu ikusten urak katiluan gainezka egiten duela, / baina berehala ezkutatzen dutela hodiek? / Amorante bat da, betazalak malkoz gainezka dituena, / nahiz eta berehala ezkutatzen dituen, salatari baten beldu (…).” (Arma, tiro, bammm!, 316. or.)

Lotura gehiago:

  • Joan Mari Irigoienei Deian egunkarian egindako elkarrizketa
  • Uberan webgunean liburuaren aurkezpeneko poema

 

 

Kategoria: Kultur ikuskizunak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude