Legeak egiteko prozesuan parte hartzeko ekimena: Partido de la Red

Imajinatu Legebiltzarrean tramitatzen ari diren hurrengo legeari ekarpenak egiteaz gainera (Irekia zerbitzuak jada ematen baitu aukera hori; beste kontu bat kasu egiten zaien), ordezkari parlamentarioak zer bozkatu beharko lukeen erabakitzen laguntzeko aukera ere baduzula. Hau da, sare bidezko adostasunez, ordezkari horri bozketa egunean zer egin esateko aukera daukagula. Demokrazia parte-hartzailea orduan bai benetan gauzatzeko aukera izango genuke, ezta? Bada, teknologiak ahalbidetzen dituen aukeraz baliatu dira Argentinan eta Partido de la Red jarri dute abian. Euren asmoa gauzatzeko software bat asmatu dute, DemocraciasOs (beta bertsioan) botere legegilean eragiteko. Euren asmoa sinplea da: herritarren ahots hori benetan egon dadila ordezkatua parlamentuan.

Ondoko bideoan “inteligentzia kolektiboa” aipatzen dute erabakiak era egokiagoan hartzeko. Gainera, legegileak, parlamentuko ordezkariak, konpromisoa hartuko du online plataforman adostutakoa betetzeko. Ez delako anbizio politikoarekin sortutako alderdi politikoa baizik eta anbizio herritarrarekin.

Iturria: Partido de la Red

Iturria: Partido de la Red

Partido de la Red, zer da?

Urriaren 28an izan ziren hauteskundeak Argentinan eta 21.368 boto eskuratu zituen Partido de la Red alderdiko Agustin Frizzera hautagaiak; ez nahikoa, ordezkaritza erreala izateko parlamentuan. Hala ere, bidea hasi dute eta proposatzen duten bideak herritarren inplikazio maila handia exijitzen du. Demokrazia parte-hartzailea eta zuzena.

Hauteskunde legeak (ikusi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako legea) alderdi baten zerrendara mugatzen du herritarrak hauteskundeetara aurkezteko aukera (iturria: Eusko Jaurlaritza, Segurtasun saila):

  • “Barne Ministerioaren erregistroan inskribaturiko alderdi politikoek, federazioek zein koalizioek eta hauteskunde-taldeek soilik”.
  • Gutxienez Lurralde Historiko bakoitzean erroldatutako hautesleen % 1en sinadurak beharko dira hauteskunde-talde batek aurkeztu ahal izateko. Hautesle bakoitzak hauteskunde-talde bakar baten alde egin dezake.

Partido de la Red-ek proposatzen duenak inplikazio maila handia eskatzen du; legeen gainean egotea, proposamenak ondo aztertzea, iritziak kontrastatzea, bozkatzea (gai ez zarela uste baduzu, botoa delegatzea); gure ordezkari politikoen gainean egotea, azken baten.

Gustatu zait ekimena. El Diario egunkariak egindako erreportajean beste antzeko ekimen batzuk ere jaso zituen, baina argentinarrena iruditu zait niri osoena, eta akaso gauzatzen zailena; hala ere, bidean sakontzeak merezi duela uste dut. Beste kontu bat da, herritarrok noraino inplikatzeko prest gauden.

Kategoria: Politika, sare sozialak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude