39rekin oheratuko naiz gaur eta 40rekin altxatu bihar. Horrelakoa da bizitza, diotenez. Eta zer egingo diogu bada denbora hain azkar badoa? Ze, joan egiten da, pasatu; konturatu orduko, beste une baten bizi gara, beste egoera baten. Eta egokitzeak laguntzen du; ez konformatzeak, ez baita gauza bera. Baina aizue, ez dakit preparatuta nagoen aldaketa numeriko horrek suposatzen duena nireganatzeko.
Sasoi baten emakume batentzako adin tarterik onena omen zena hasten zen 40rekin. Beste sasoi baten izango zen. Emakumeari gizarte matxista batek lotzen zizkion ezaugarrien sasoian izango zen, pentsatzen dut. Ze, gaur egun ez dut horrela ikusten nik. Nire amak 40 bete zituela, esaterako, 18 urteko alaba unibertsitatera joan zitzaion. 22 urte beranduago, alabak, 40 urte beteko ditu, eta unibertsitatean ikasten dabil. Bale, ez ditut urte denak unibertsitatean egin. Tartean ikasketak amaitu eta lanean hasi nintzen, hainbat lekutan gainera; izan ere, orain dela urte gutxira arte, bageneukan aukerarik beste lanpostu baten probatzeko, aurreko lana borondate propioz lagata. Nik neuk bizi izan ditut urte horiek, baina iazko urrian, unibertsitatera itzuli nintzen, 21 urte eta gero, ikastera. Egoera ekonomikoa aldatu da, eta jada lana aurkitzea hain erraza ez zela izango-eta, urtebetez bestelako gauzetan aritzea erabaki nuen. Eta horretan naiz.
40 urte beteko ditut bihar, eta ez nago ziur nire bizitzako urterik onenak bizitzen hasiko naizen; ez behintzat sasoi baten uste zen bezala. Nik ez daukat bizimodua antolatuta, hileroko hipotekaren reziboa ez bada; eta horrek bertigoa eragiten dit. Hala ere, baikorra izatea besterik ez zait geraten eta bihar, esnatzerakoan, nire buruari hauxe esango diot: dena dago egiteko eta zure aukera ere eskura daukazu; zergatik ez!
Zorionak guapa! Bizitza egunero asmatzea eta ikastea gogorra da, baina abantaila bat dauka: gazte mantentzen zaitu. Beti eman didate bildurra “ailegatu direla” sinistuta dauden adinkide horiek.
Eskerrik asko, Elena. Gazte mantentzearena gauza handia da, baina helburua zehaztea da konplikatuena;-)
Non gelditu ziren 4oak eta 4tik hasitakoak? Zorionak Marijo!
Eskerrik asko, Inaki.