Javier F. Barrera, donostiar bat Granadan; bihar Bilbon

Twitterren segitzen dut. Deigarria egin zitzaidalako donostiar bat Granadatik aritzea; izan daiteke, nik ere familia daukadalako han eta asko erakartzen nauen hiriburua delako, baina, aput baten irakurri nuen eta bere jarraitzaile egin nintzen. Horregatik, InnoBi13 jardunaldietan egongo zela ikusi nuenean, izena eman nuen. Eta, Leioako fakultatera hurbildu zela jakin nuenean ere, bai; interes profesionalagatik, #badazpada.

Leioan eskola ematen, 2013-04-24

Leioan eskola ematen, 2013-04-24

 

Hala bada, #innoBi13 jardunaldien atariko gisa, Javier F. Barreraren hitzaldira joan nintzen atzo Leioako Gizarte Zientzien eta Komunikazioaren fakultatera. Gaztelerazko 3. mailakoei eskola ematen egon zen, Maria Ganzabal irakasleak gonbidatuta.

Javierren hitzaldiaren izenburua gustatu zitzaidan; hainbestek gehiegitan ahotan hartzen duten enprendedore, ekintzaile, erabili ordez, zuzenagoa zelako berea: “Juré no ir al paro”. 20 urteko ikasleei zuzendutako hitzaldia prestatu zuen Javierrek, kazetaritzako ikasle izanik, bere esperientziaren berri emateko: egin zuenaz eta, batez ere, soldatari eusteko egiten duenaz jardun zuen. Ze, berak esan zuen bezala: “porque hago todas estas cosas es por lo que me siguen pagando el sueldo” —beraz, ez lan egiten duen guztia, baizik eta bere soldata (+IPC-a, argitu zigunez). Ikasle batek jakin nahi izan zuen “zenbat urterekin jaso zuen lehenengo soldata” eta hortik iritsi ginen eztabaidara: kazetaritza zein gaizki ordaindutako profesioa den. Ez da gauza berria, bagenekien hori. Baina konturatu nintzen oraindik ere ikasle gazteenek kazetaritzaren profesioa mitifikatu samar izaten segitzen dutela, nik neuk bere egunean bezala, supongo. Harridura aurpegi bat baino gehiago ikusi nituen 10. gela hartan Javierren azalpenak entzunda.

Hala ere, proiektuetan parte hartzeko eta bestela, sustatzeko, izan zen bere mezua. Ikasle zaren bitartean, ikasketa prozesu gisa hartu praktikaldia, dirurik jasoko ez baduzu trukean, baina horrek emango dizun aukeraz baliatu zure proiektua sustatzeko; sareak horretarako aukera ematen duelako. Eta, hainbat adibide jarri zituen istorioak kontatzeko erabili dituen metodoez eta istorioak sortu ahala nola plazaratu dituen, bai eta martxan jarritako hainbat: 1001medios, Facebooken sortutako kanpaina berezia The Clash taldeko Jose Strummer zenari kale bat jartzeko Granadan, Periodismo al pilpil bloga, Storifyn jasotzen dituen istorioak…

Interesgarria izan zen Granadara El Ideal egunkarian alde egin zuen donostiar honek kontaktu ziguna eta biharko saioaren atariko gisa, egokia. Izan ere, bihar, 12:00etan arituko da Guggenheimen: “ ‘Apocalipsis Now’ La batalla de los profesionales del periodismo para seguir dando guerra y mantener audiencias”. Hori ere izenburu erakargarria, inondik inora.

Kategoria: Kazetaritza, sare sozialak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude