Bederatzi pertsona ezagun, esperientziadun, aditu. Bederatzi gizon.

Argazkia: Andoni Canellada, Argazki Press (berria.info)

Argazkia: Andoni Canellada, Argazki Press (berria.info)

Galde aldizkari politiko-kulturala aurkeztu dute asteon Donostian. Hainbat kontu argitu zituzten aurkezpenean, Berrian irakurri dudanez. Argi dute, esaterako, “talde plurala” direla eta “egungo egoeraren inguruko kezkak partekatzen”·dituztela; baita euren “bokazio elebiduna”, eta horregatik “autoreen hizkuntza kontuan hartuko dute aldizkarian euskarari behar bezalako tokia egiteko”. Bestalde, “belaunaldi gazteekin bat egiteko etorkizunean alor digitala indartu beharko dutela” ere argitu dute eta garrantzitsuena “45 euroren truke, urtean lau ale jaso ahal izango direla”. Baina niri deigarria egin zaidana argazkia da: bederatzi pertsona ageri dira, aurkezpen lekuaren aurrealdean. Bederatzi pertsona ezagun, esperientziadun, aditu. Bederatzi gizon.

Proiektua positiboa iruditu zait; ez bakarrik ekimena hartzeagatik, baizik eta garatu nahi duten aldizkari informatiboagatik; interesgarria dirudi. Baina, era horretako argazkiak ikusita, denboraren tunelean sartuta gaudela dirudi.

Beti da gauza bera. Ez dago emakumerik era horretako proiektuetan interesaturik? Ala ez dago emakumerik denborarik, gogorik duenik era horretako proiektuetan inplikatzeko? Edo, gizon hauek ez daukate euren interes, gogo, grina, jakinmin eta interes antzekoak dituzten emakume lagunik? Ez du sinesten. Gainera, ziur naiz ez dutela nahita egin. Are gehiago, euren artean norbaitek komentatuko zuela emakumerik eza. Baina zergatik izango da beti gizonezkoak direla argazkietan agertzen direnak?

Inertziagatik funtzionatzen dugulako gertatzen dira era horretako gauzak? Hau da, errazagoa zaigu betiko lagunengana jotzea eta saiatu ere ez gara egiten lagun, aditu, kide berriak bilatzen?

Ez dakit, baina gehiegitan ikusten ditugu bizitza publikoan eragiteko asmoz sortzen diren gizonezko taldeak.


 

Kategoria: Politika Etiketak , , . Gorde lotura.

4 Responses to Bederatzi pertsona ezagun, esperientziadun, aditu. Bederatzi gizon.

  1. egilea: Inaki Irazabalbeitia

    Arrazoia duzu Marijo. Proiektuaren bultzatzailea izanik ere, aurkezpenaren irudia ez dela egokiena iruditzen zait. Badira emakumezkoak proiektuaren bultzatzaileen artean, ez asko bidenabar. Aurkezpenera denok deituak izan ginen, ahal izan zuena agertu zen. Akaso, emakumezkoak ere etortzeko lanketa berezia egin behar genukeen. Ea hurrengoan egokiago egiten dugun!

    • marijo egilea: marijo

      Ea ba. Bide batez, jaso dut Galde-ren hurrengo ekitaldirako gonbidapena. Eskerrik asko.

      KRISIARI BURUZKO IKUSPEGI KRITIKOAK. Jatorriak, ondorioak, alternatibak.

      Tokia: Koldo Mitxelena. Donostia Eguna: Apirilak 16 Ordua: 19:00etan.

      Honakoek parte hartuko dute:
      Koldo Unceta Satrustegui, Ekonomia-katedraduna, UPV-EHU.
      Clara Murguialday Martínez, Ekonomialaria eta feminista.
      Paco Rodríguez Ortiz, Deustuko Unibertsitateko ekonomia-irakaslea

      Bizi dugun krisiaren ezaugarri nabarmenetarikoak dira konplexutasuna; eragiten dituen nahamena eta beldurra; eta gure produkzio-, erreprodukzio- eta kontsumo-ereduarekin kritikoak diren sektoreetatik alternatibak proposatzeko dagoen zailtasuna edo proposamenik eza. Jardunaldiaren helburua da talde-hausnarketarako lagungarri izango zaizkigun ideiak mahai gainean jartzea.

  2. egilea: leire narbaiza

    Zelako pena, benetan! Baina zoritxarrez, horrela da arlo askotan! Batzuetan kristalezko sabaia guk jartzen diogu geure buruari. Beste batzuetan, jarri egiten digute, eta besteetan gu kentzen ahalegindu arren, laguntza behar dugu gainetik altxatzeko, baina ez digute laguntzen, sabaiak pisu handia duelako eta denon artean egin behar dugulako!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude