Etiketaren artxiboa: futbola

Mundiala

Lokutorio bateko kanpokaldean telefono txartelak saltzen zebilen futbol
selekziorik gabeko gazte batekin egin dut topo.
Txartel gutxi saldu dituela esan dit. Ni ez nintzela eroslerik
aproposena berehala konturatu da. Baina han gelditu da nirekin
berriketan.
Zerbait esatearren, batere interesatzen ez zaidan gauza bati buruz egin
diot galdera. Ea nork irabaziko duen futbol txapelketa.
Iparrafrikar itxurako nire lagun berriak, bere herriak ez duela
mundialean parte hartzen duen selekziorik esan dit.
Nireak ezta, aitortu diot nik.
Ez neukan galdetu beharrik nongoa zen, baina bada ezpada ere, berak argi
utzi gura zuen saharauiarra  zela. Arro zegoela.
Alde egiterakoan,  euskal selekzioak jokatzerik baleuko irabazi egingo
lukeela bota diot, probokazio hutsez.
Hala balitz , bera asko poztuko litzatekeela esan dit.
Bost euroko telefono txartela erosi diot, mapan agertzen ez diren
herrialderen batera deitzeko, ilusioa faltan dudanen batean.

Txikitako idoloak

Iribar atezaina izandakoa
ikusi nuen, Ordu Txikitan saioan.

Atsegina koipetsua izan barik.

Gauzak kontatuz baina
berriketan esangurak zainduz.

 

Idolo bat da, eta izan da,
Iribar.

 

Ez zait inoiz tele-kirola
gustatu izan, eta futbola are eta gutxiago. Akaso nire inguruko batzuei kontra egitearren.

Beraz, niri behintzat, Iribarrekiko
miresmena ez zetorkidan futbolzalea nintzelako.

 

Hala ere, oso gogoan dut,
irabazi ala galdu, nolako jarrera izaten zuen. Ez zen batere keinu puztu eta
neurriz kanpoko jarrera zale. Bere lekuan egoten zekiena/dakiena, luze
gorputzez, edukatua moduetan, egoten dakienetakoa. Sendotasun hori oso hemengo
da, ezta?. Keinukera melodramatikorik gabea, baina tinkotasun ikaragarria
transmititzen duena.

 

Txikitako iruditerian,
oso presente daukat bera eta Kortabarriak ikurriƱa atera zutenekoa. Legez
kanpokoa zen eta hauek futbol partida batean eskutik heldu eta zelai erdira
joan ziren, gehienon gozamenerako. Ni ez 
nintzen partida ikusten ari. Esana dut futbolak ez nauela erakartzen. Baina,
balentria irudi hura oso esanguratsua 
iruditu zitzaidan. Ikurrina de facto
legalizatu zuten haiek.

 

ETB1eko Ordu Txikitan programa amaitu zenean, orduko  Iribar lakorik gaur egun ba ote dugun
zalantzan gelditu nintzen.

 

Eta, ezetz pentsatu nuen.
Politikoen artean ez behintzat. Sistemaren bihurgunetan katramilatuta daude, gehienak.

Con Cuatro…cojones

Urriaren 12an, Hispanitatearen  Egunean,  espainiar legionariak futbolari buruz hitzegiten aritu ziren telebistan. Albistegiari heldu nioenerako paseak ziren politikaren gaineko informazioak eta, imaginatzekoa denez, tankeak Madrilgo kaleetatik, agintari zibil eta militarrez beteriko palkoa, eta  Legioaren ahuntza. Eta buru guztien gainetik, gorriz  eta laruz zerua tindatzen zuten abioien keak. Oilo ipurdia jartzeko modukoa.

Baina esandakoa, albistegian espainiako futbol selekzioari buruz berba
egiteko aukeratuak legioko gizonak izan ziren (nahita jarria da “aukeratuak” eta “gizonak”).
Diskurtsoa, aluzinantea,
sinistu iezadazue, barrabil kontua gora eta behera. Alkandora berdez,
paparra bistan, futbola eta ejerzitoa parametro berdinetan  mugitzen
direla argudiatuz, legionarioak koxkobiloak sakralizatzen. Beste
argudiorik ez: ohorea, egurra eta etsaia  sutsitzea ziren erabilitakoak.

Ez dut  aspaldian  esaldi berean horrenbeste “cojones” hitza entzun.

Espainiako futbol selekzioari buruz berba  egiten…berba ez, aginduak ematen, legionariak. Zelako  parea: selekzioa eta legioa.

Baina,
erabat aho zabalik utzi ninduena izan zen konturatzea Cuatro kanala zela halako
diskurtso patrioteroa, garaiz kanpokoa  eta matxokeriz betea ematen zebilena.