Etiketaren artxiboa: mundia

Mundiala

Lokutorio bateko kanpokaldean telefono txartelak saltzen zebilen futbol
selekziorik gabeko gazte batekin egin dut topo.
Txartel gutxi saldu dituela esan dit. Ni ez nintzela eroslerik
aproposena berehala konturatu da. Baina han gelditu da nirekin
berriketan.
Zerbait esatearren, batere interesatzen ez zaidan gauza bati buruz egin
diot galdera. Ea nork irabaziko duen futbol txapelketa.
Iparrafrikar itxurako nire lagun berriak, bere herriak ez duela
mundialean parte hartzen duen selekziorik esan dit.
Nireak ezta, aitortu diot nik.
Ez neukan galdetu beharrik nongoa zen, baina bada ezpada ere, berak argi
utzi gura zuen saharauiarra  zela. Arro zegoela.
Alde egiterakoan,  euskal selekzioak jokatzerik baleuko irabazi egingo
lukeela bota diot, probokazio hutsez.
Hala balitz , bera asko poztuko litzatekeela esan dit.
Bost euroko telefono txartela erosi diot, mapan agertzen ez diren
herrialderen batera deitzeko, ilusioa faltan dudanen batean.