Zertaz den blog hau

Urteak eman ditut isilean sufritzen (gogoratzen hemorroideen kontrako ukenduaren iragarkia?).

Lagunarteko konfidantzan bakarrik lortu izan dut inoiz telebista zaletasun kontrolezina neukala aitortzeko adorea. Hain zuzen ere, adikzio hura telebista erabat out zegoen garaian hasi zitzaidan.

Gero, urteak aurrera joan ahala (niretzako eta inguruko guztientzako proportzio berean) telebista menpekotasun bera zuten asko deskubritzen joan naiz. Jende pilak ur beretik edaten zuela ikusi izan dut, justu neronek inoiz baino telebista gutxiago kontsumitzeko joera hartua dudanean.

Ez gauzak gaizki ulertu.

Portaera-aldaketa honen atzetik ez dago onbidera etorri izana baizik eta ordutegi arraroa dudala eta etxeko patxadan gutxiago egoten naizela.

Gaur egun, guarnizio lanetan alboratua izan dudan irratia aurkitzen dut gurutzebide askotan eta harekin aritzen naiz bizitzaren hainbat joan-etorrietan. Zintzilikatzen ari ote naizen keska hazia dut buruan jiraka.

Edozelan ere, biak, irratia eta telebista, ditut oso gustuko. Ez eskatu bietatik bat apartatzea.

Gainera, nik ere, sarritan, esateko besterik okurritu ez eta, hedabide hauek mintzagai hartzen ditu. Hemen esaterako.

Menpekotasun baten aitortza da hau. Zaletasun baten lekukotza. Kontsumo-ordu pila baten osteko dopping kontrolaren emaitzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude