Egilearen artxiboa: hamaika

Hiru puntu…

Goiena Komunikazio Taldeak astero argitaratzen duen Puntua aldizkarian argitaratu nuen artikulua ekarri dut hona. Berrirakurri dudanean,  lehor samarra iruditu zait idatzia baina orduan, eta oraindik ere, gaiaren inguruan dagoen tentsio polarizatua eta aldiberean egoerak dakarren erronkak mahaigainean jartzen dituela.

Segidan datorrena da martxoan  Puntuan kaleratu nuena:

 

EiTB jomugan

EiTBri buruzko albisteak egunkarietako azaletan agertzen dira asteotan, inoiz ez bezalako kopuruan eta trataera mingotzaz. Lan erregularizazioen kontrako grebak izan direla. Goikargudunen dimisio-eskeak plazaratu dituztela. Enteak aurrekontu murritzagoaz ekin diola 2015ari. Euskarazko telebistaren audientziak gora ez duela egiten. Albistegietako partzialkeria salaketak direla.

Bertoko komunikabide publikoen garrantzi estrategikoa azaleratzen da aipatuak bezalako arazoak agertzen direnean. Eta halakoetan hantzeman daiteke nola posizionatzen diren indar politiko zein sozial desberdinak. Begirada zorrozten duen edonork ondo ikusiko duen moduan, bereiztu egin daitezke EiTB itzulerarik gabeko puntura eraman nahi dutenak eta irrati-telebista-sareko zerbitzu publiko profesionala, independientea eta euskaltzalea nahi eta behar dutenak. Gaur gaurkoz, EiTB interes kontrajarriak dituztenen lehia-eremua da.

Zerbitzu publikoa, gertukoa erreferentzietan eta informazioan hezurmamitutako EiTB amestu eta gauzatu nahi dutenen aurrez aurre audientzia lehian murgildu, estatuko informazio-iturrien sukurtsala eta ikuskizun hutsa bilakatu nahi dutenak.

EiTBko plantillan sartzen direnetik lan mekanika garden eta profesionalean eta ikuspegi kritikoan trebatutako kazetariak nahi dituzte batzuk. Beste batzuk aldiz, gurago ezegonkor, interesen arabera eratutako iherarkien menpe eta agintean dauden indar politikoen esanetara edukiak ekoiztuko dituztenak.

Orokorrean, kanpoan eta hemen gehiegitan ikusi izan dugun komunikabide publikoen patrimonializazioa eta boterean daudenen legitimaziorako tresna izatea nahi dutenen kontrara aniztasun politikoa, iritzi trukea eta informazioa zabaltzea helburu hartuko duen EiTB indartzea.

Bertoko irrati, telebista zein sareko zerbitzu publikoak birsortu nahi dituztenen artean, noski, nagusi dira euskara eta horretarako euskarazko ekoizpena bultzatu nahi dutenak. Inoiz ez bezalakoa eta sekula baino handiagoa du EiTBk euskarazko audientzia potentziala. Ezagutzatik erabilerarako pausua ematen lagundu dezakeen lanabesik indartsuena da . Eta ez dakitenengana ere euskararen bidez heltzeko erronkari aurre egiteko aukera ematen duena.

Lerro hauen hasieran aipatu ditugun bezalako berri kezkagarriak diren arren gehien entzuten direnak, ez dira gutxi krisi honetatik EITB sendoago, profesionalago eta zerbitzu publikoan zentratuago aterako dela sinesten dutenak.

 

Fermin Muguruzaren ekintzailetasuna agerian gelditu da, berriro ere, Bilboko Alhondegian, 2014ko azaroaren 13tik 2015eko otsailaren 8arte zabalik egon den muntaian.

“Muntaia” hitza erabili dut hain zuzen ere “Black is Beltza” proiektuaren orbitan elementu asko kokatu ditutezlako: erakusketa, komikia, hitzaldiak, musika emanaldiak, bideoklipa, kamisetak, e.a.

Proiektu benetan interesgarria izan da eta hurrengoetarako pista politak eskaintzen dituena (ugari dira epe laburrean komikiaren eta tira komikoen inguruan aktibatuko diren esperientziak, adi!).

20141217_184513

Bereziki kontuan hartzekoa iruditu zait alhondegiko aretoaren diseinua. Erakustokiaz gain biltzeko leku bat. Ikusteko eta entzuteko eremua. Akaso, faltan bota dut aretoan bertan ibiltzeko nolabaiteko norabidea markatuko zuten erreferentziak egotea. Hasiera-hasieran kokatutako mapak markatzen zituen puntuak baina ez nondik norakoa.

20141217_184041

Maparen ideia, transmedia kontakizunetan oso presenta dagoen kontua izaten da. Ikuspegi transmediarekin diseinatutako ibilbide narratibo bat proposatzea izaten da gomendagarria. Hori bai, gero bakoitzak erabaki dezala kotxez, trenez, bizikletaz ala oinez zeharkatu nahi duen istorioa. “Black is Beltzan”, agian, batasun hori, kontakizunaren inguruan zirkulatzen duten euskarri eta plataformen artekoa, batasuna eta sintonia, ahulegia zen batzuetan.

Komikiak proposatzen zizun bidaiak bazeukan nabarmen-nabarmen, istorioaren osotasuna bere baitan. Baina, erakusketaren elementu desberdinekin antolatutako lurraldean ez zen erabat autonomoa, beregaina, eta osoa. Stand desberdinek puzle bateko piezak ziruditen baina gidarik gabe ibili beharrekoak.

20141217_184607

Bideoklipak, kamisetak, posterrak eta eskuko orriek bere soiltasunean transmititzen zuten estetika sendo eta indartsu bat. Baina, berriro ere, istorio osoaren narratibatik askeegi iruditu zaizkit.

 

Esandakoa, oso pausu interesgarria eman du Muguruzak eta bere jendeak eta komikiaren estetika eta kulturaren berpizkundean (betidanikoa izan du komiki zaletasuna Irundarrak eta hori nabaria da) kokatu da bete-betean. Zelako bultzada eman dien hitzez eta marrazkiz osatutako lengoaiari eta euskarari, Bilboko erdi-erdian.

20141217_184304

Lau t’erdikoa

Programa bat kendu eta bestea jarri. Eguneroko kontua gaur egungo telebistagintzan. Bereziki audientzia lehian sartuta dauden kanal pribatuetan. Ez hainbeste publikoetan. Ala bai?

Urtzi Urkizuk gaurko Berrian argitaratutako artikuluan dio Egunon Euskadi ETB1etik ETB2ra pasako dutela urte berriarekin batera. Eta gogorarazten digu EITBeko zuzendaritza orokorraren apostuetako bat izan dela albistegi hori eta, orokorrean, euskarazko eskaintzari bultzada ematerena.

Helburu sendo gisa definitu zituztenez, kosta egiten zait koherentzia minimo bat aurkitzea oraingo honetan argitaratu den berriari. Izan ere, parrila programaz janzteko eta eranzteko dinamikan baino, behar beharrezkoa da ETBren kanal desberdinen arteko funtzioak, helburuak eta baliabideen inguruko hausnarketa sakona egitea.  Ez al da horretarako etorri Edu Barinaga ETBko zuzendaritzara? Sinistuta nengoen epe ertain-luzera sakoneko erabaki batzuk hartzera zetorrela eta plangintza orokor horretarako denbora behar zuela (eta balibideak).

Lau kanalen karakterizazioa eta zereginak birdiseinatzea eta euskara  guztietara hedatzeko dinamika dira, logikak markatzen dituen egin beharretako lehenak. Eta, horretan geundela zaila  egiten zait, lau t’erdiko joko-eremuan bezala, boteprontoan eta pilotakada azkarrez, aldaketa handiak egiten hastea…eta are gutxiago estrategikotzat jotzen zituzten ildoei kasu egin barik…eta programazioaren oinarriak ontzat eman behar dituen Administrazio Kontseiluari oniritzia eskatu barik.

 

Oharra: Albisteak esan izan balu ETB2tik kanalizatuko ei den Egunon Euskadi euskaraz izateari eutsiko diola, berri ona litzateke. Baina, orduan ere petsatuko nuke behar-beharrezkoa dela eskaintza osoaren gaineko gogoeta  zabala egitea,norabideak, helburuak, baliabideak eta pausuak erabakitzeko…

Naturaltasunez

Mihiluze telebista programaren atal baten izena birziklatuz, saio berri bat jarri du martxan Kike Amonarrizek eta bere taldekideek, ETB1en.  Azarotik hona lortutako tokia, metatutako audientzia eta eskuratutako Argia Saria dira Tribuaren berbaken arrakastaren lekukorik garbienak. Saioa oso ondo dago.

Gaurko Berrian Amonarrizekin eginiko elkarrizketa irakur daiteke.  Ilusioa. Lanerako gogoa. Konbentzimendua. Horiek eta gehiago sumatzen dira elkarrizketan eta baita programan ere. Esaten dituenak eman dit zer pentsa. Baina, oraingoan, Tribuaren berbak bezalako programa bat ETB2ra nola berbideratu daitekeen galderaz eta erantzunaz  gauza pare bat esan gura nituzke.

Tribuaren berbak euskararen gaineko saio bat da eta bere erabiltzaileak eta hizkuntzaren testuingurua ditu erreferente nagusi. Helburuak ere garbiak ditu: euskararen gaineko kultura zabaldu eta sozialki legitimatu. Euskaraz izateak perfilatu egiten du bere xede-taldea baina ez du horrek esan nahi euskaraz ez dakitenek (ala hain ondo moldatzen ez direnek) ezin dutenik programa horrekin gozatu. EHra zein kanpora begira, audientzia potentzial zabalagoa dauka.

ETB2 euskararekiko inpermeablea dela pentsatzea beste garai bateko kontua da. Kanal hori da gaur egun euskaldunengana heltzeko ikus-entzunezko tresnarik indartsuena. Nola desaprobetxatuko dugu! Horregatik, Tribuaren berbak saioaren aitzakian, euskara kanal guztietan integratzen joateko taktikak eta teknikak aplikatzen hasi beharra dago. Amonarrizen programa bereziki egokia dela horretarako? Ados nago. Eta, berandu baino lehen hasi beharko litzateke pentsatzen, euskararen izaera, erabilera eta indarra nola moldatu daitekeen euskara nagusi ez den familia eta jende multzoetara iristeko.

 

 

Kazetariak mendean hartzeko asmoa

UPD, PP eta PSEk Eusko Legebiltzarraren EITBren Kontrol Batzordearen barruan esandakoei eratzunez, Euskal Irrati-Telebistako Erredakzio Kontseikuak kaleratu duen idatzian (2014/02/05) gustatzen zaizkidan gauzak dira:

– EITBko profesionalek beraien independentzia aldarrikatzen dute eta onartezinak iruditzen zaizkie  “kritika politikoak errespetuaren muga gainditzea eta oraingo honetan egin den bezala ideologikoki norabidea zein den erakutsi edota   zentsuraren eremura gerturatzea”

– Aniztasunarekiko konpromisoa, profesionaltasuna eta joko politikotik haratagoko dauden argudio informatiboei kasu egiteko konpromisoa berresten dute.

– Profesionaltasunez, irizpide informatiboen arabera aritzearen ahaleginari eusten diote EITBkoek.

Egokiak iruditu zaizkit idatzian esaten direnak, besteak beste, azpimarratzen dutelako zein kontuan hartu beharrekoak diren:

– Profesionaltasuna (notizia izango direnen aukeraketan, emango zaien tratamenduan, erabiliko diren baliabideetan, lanaren antolaketan… )

– Aniztasuna (informazio iturri desberdinak erabiliz, ikuspegi ugariak ekarriz…)

– Gertaerak ulertzeko eta testuinguruan kokatzeko ahalegina (notizien nondik norakoak eskainiz, hitz eta esaldi baloratiboak baztertuz…)

– Argudio informatiboen nagusitasuna (alderdikerien dinamikatik aldenduz, interesa eta komenientzi soziala erabiliz…)

– Independentzia informatiboa (kazetarien eta albistegietako gainontzeko profesionalen autonomia indartuz, berme eta babes mekanismoak areagotuz…)

– Presio eta zentsura kasuak salatzearen beharra (barne zein kanpoko presio interesatuen aurrean)

– Saiakeraren garrantzia (pausuak emanez egiten delako bidea, esperientzia baikor eta ezkorretatik ikasiz eta hobetzeko asmoaren tentsioa mantenduz).

 

Erredakzio Kontseiluaren oharrak  ez du esaten baina PP eta UPD jarrera Legebiltzarrean pasada bat izan zen. Lotsagarria. Pentsamendu bakarraren aldeko presio onartezina. Autozentsura ekarri nahi bat. Mespretxua erakusten zuena. Jauntxokeriz betea. Min egiteko asmoarekin pentsatua eta EITB kaltetzeko helburuarekin planifikatua.

Eskerrak EITBko langileak ikuspegi miopikoa eta alderdikoia izan dezaketen horiek baino haratago begira daudela.

P.S. Egokia iruditu zait EITBko zuzendaritzak ohar  bat atera izana erasoa salatuz. Agian, nire ustez, garbiago azpimarratu behar zuen zerbitzu publikoaren garrantzia, botere politikoekiko independentzia eta informazioaren aniztasuna printzipio demokratikoak direla. Gainera, hau kontu formal bat baino ez da, horrelako erantzun batean ez da inoiz erasotzailearen hizkera onartu behar, ezta justifikazio defentsiboan nahastu behar.

 

ETB2 euskarara zabaldu

“ETB2 ixtea ez zait erreala iruditzen” dio @GaraziGoia-k  aste honetako Argian daukan elkarrizketan. http://www.argia.com/argia-astekaria/2400/garazi-goia. Ixtea ez, zabaltzea da kontua!

Oso interesgarria da Garazik Miel A. Elustondok gidatutako elkarrizketan esaten dituenak. Bereziki gustatu zaizkit etorkizuneko telebistari buruz esaten dituenak. Programazio-tauletara mugatuta egotea baino, ikus-entzuleek gura dutena, gura duten momentuan eta gura duten aparailuaren bidez erabiltzeko joera nagusituko dela. Telebista ikustea autonomia osoz norberak gidatuko duen esperientzia izatea dela bidea. Horretan daude telebista gehienak, nahieran bezalakoen bidez eta aplikazioak eta telebista adimentsuaren bidez.

Gainera, BBCn lanean dabilen Segurarrak garbi dauka telebistaren eskaintza dinamikoa eta aldakorra izan behar dela, Erresuma Batukoan bezala EITBn. Hori dela-eta, interesgarria da berak egiten duen planteamendua: “Baina ETB2 ixtea, esate baterako, ez zait erreala iruditzen, hemen badagoelako edukiak gaztelaniaz kontsumitzen dituen jendea. Oreka bat lortzean sinesten dut beti; nola bultzatu euskara eta kultura, nola aldatu jendearen ohiturak, nola egin apustuak bi kateen kalitate eta pisu berdineko edukiak egiteko. Orain erdarazkoaren alde dago balantza, eta hori pena da.”

Euskal Herriko panoraman kanalak ixtea baino irekitzea da behar duguna, Garaziren hitzak erabiliz. Behar beharrezkoak ditugu komunikazio bide propioak, bertoko informazioa eta edukietan zentratuta. Eta, horietan, euskara eta bertan dagoen aktibitate kulturalari bozgorailuak eta zabalpideak eskainiko dizkiotenak.

Baina, ixtea baino zabaltzea denez kontua, euskarak behar beharrezkoak ditu etxe, eduki, jende multzo desberdinetara heltzea eta orain arte lortu ez dituen eremuetan eroso eta alai ibiltzea. Modu atsegingarri eta freskoan, euskarak ireki behar ditu elebidunak diren familietako ateak, euskara ulertu bai baina akaso hitz egiteko gauza ez direnen egongeletan eseri eta bertan jardun, naturaltasunez.

ETB2k zabaldu behar ditu bere edukiak eta konpartitu bere irabaziak euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen erakunde publikoarekin. Eta, Garazi Goiak esaten duena parafraseatuz, “edukiak gazteleraz kontsumitzen duen jendea” euskarazkoak ere ikus-entzun eta gozatzera erakarri.

Limurtze lan horretan, jakina da, bilakaera sozio-linguistikoa dago alde, legitimazio soziala irabazita, baliabide teknologiko eta pertsonalak eskura eta eredu desberdinak aztertuta…orain, aplikatzen hasteko ordua da. Euskara modu naturalean eta atseginagarrian ETB2n zabaltzen joan dadin prototipoak gauzatzeko unea da, orain hasi eta urtez urteko ezarpen egutegia aurrera  eramanez.

Kalitatea izan beharko luke apustu horren oinarrietako bat eta EITBren diskurtso integratzailea eta imaginatiboa tresna indartsuenetariko bat.

Hiru dira, prototipo horietan nagusitzen diren ibilbideak: edukietan pisua jartzea, ordutegiak hartzea erreferente modura ala xede-taldeen araberako diseinuak egitea.

Lehenaren kasuan, ETBk dituen kanaletan, genero eta programa edukien araberako euskara sustatze planak aurrera ateratzea da kontua,  eta modu progresiboan ezartzen hasi. Informazio-saioetan euskara txertatzen joatearena erraza dirudi (atalen eta albisteen printerrak erabiliz, deklarazioak azpititulatuz, hasierako ala amaierako laburpenak eginez, aurkezleek euskara naturaltasunez  erabiliz…). Antzerakoa da gaurkotasuneko magazinetan aurkezlea, gonbidatuak, tertuliakideak eta etxeetatik telefono deiak, SMS ala whatsappetan euskarari bidea emanez.

Dokumentalak eta kultura saioetan duala eta azpititulaketa erabiltzearena oso erraza eta eraginkorra izan daiteke.

Fikzioan ere azpitituluen politika oso modu imaginatiboan hartzekoa da bidea, bai metraje luzekoetan eta baita barne produkzioko serietan, azken hauetan gainera, esketxetan modu adimentsuan txertatu daitezke bi hizkuntzak.

Bigarren prototipoak ordu-tarteak hartzen ditu oinarri modura. Honetan, nahikoa da ordu desberdinetan ikus-entzuleen izaera sozio-linguistikoa kontuan hartzea beraien euskara ezagutza/erabilerari kasu egin eta euskarari lekua egiteko tarteak non dauden aztertzea. Alegia, haurrak eta gazteak nagusi diren orduetan euskarak leku gehiago izan beharko luke, ETB2ko audientzia elebakarra handiagoa den orduetan. Bereziki interesagarria da franko-alemaniarra den Arte kanalak egiten duen orduen araberako programazioaren banaketa. Eredu interesgarria, edukiaz gain aldagai linguistikoa bertan kokatzeko.

Baina, progresioa buruan duen ibilbide honetan esparru tematikoak kontuan hartzen diren moduan, badago beste bide-orri bat hori bezain interesgarria: xede-taldeen araberakoa.

Jakina da bi elementu kontuan hartu behar direla horretarako: gazte jendea gero eta euskaldunagoa da eta hamar urteko epean euskal jendartearen %70ak euskara ulertzeko gauza izango da eta, bestetik, badira partaide guztiek euskara ulertzen ez dutenen familiak. Beraz, euskara gero eta presentzia gehiago izan dezan EITBk markatua duen bidean (ikus 2013an zuzendaritzak idatzitako Ildo estrategikoak delako dokumentua) target sozio-demografiko garbi batzuk definitzean du abiapuntua eta horretan indarrak eman. Ume eta gazteentzako euskara gertukoa da, eskola eta harreman formalegiekin erlazioanatua bai baina entretenimendua eta eduki berrietarako bidea erraza duena (programazio ausarta, ezkonbentzionala, generoen arteko hibridoa, kontsumo pantaila anitzetara irekia…). Beraz target honekin ETBren diskurtso fresko eta ausarta aplikatzea baino ez dago. Helduagoetara jota eta familia mistoena kontuan hartuz, hazkundea eta kalitatearen aldeko apostua dira sendotu beharrekoak. Bertako ikus-entzutekoetaz gozatzeko eskubidea sintonian jarriz nagusi diren asmo euskaltzale eta parte hartzaileekin, ETBk bere gain hartu behar ditu progresioa eta diskurtso koherentea. Ibilbide dinamikoa, gorako bilakaeran oinarria duena eta hizkuntza biak erabiliz gauzatuko dena. Euskara eta gaztelania konbinatuz eta kontsumo ohitura berriak normalduz, ETB2k asko du egiteko zerbitzu publikoaren izenean.

Hiru estrategia horiek, bat generoak eta edukiak euskalduntzen joateko dinamikan gauzatzen dena, bigarrena ordutegiak abiaburuan dituena eta azkenak euskararen ezagutza/erabileraren araberako xede-talde desberdinak definituz, gauzagarriak dira, epe eta abiadurak kontuan hartuta.

Orain da, zalantza barik, egiten hasteko momentua.

Garazi Goiak esaten duen bezala, “finean telebista herri bateko kultura, hizkunta eta komunikazioa bultzatzeko tresna baliagarria da”, orain da unea horiek guztiak konbinatuz EITBk bidea egiteko, kanalak itxi gabe, euskarara  denak zabalduz.

Trending

2014ko Urtarrilaren 11ko manifestazio esanguratsuaren deialdia hainbat alderdi  politikok eta sindikatuk egin zuten, beraiei dagozkie erantzunkizuna eta, emaitzak ikusita, apostu egokia egin izanaren poza. Aspaldiko partez erakutsi ez duten maila erakutsi zuten. Bejondaiela.

Velasco epaileak “Tantaz tanta” izeneko kale agerraldia debekatu izanaren ondorioz egin zen bigarrena eta ordu batzuetan EHko arduradun politiko eta instituzionalen telefonoak sutan egon ziren. Barne egituretako mugikorrak zein krisi egoeretarako dauzkaten kontaktu moduak aktibatu ziren, egoeraren garrantziaz jabetuta.

Modu batera ala betera jokatzeko orduan asko izan ziren arduradun politikoek kontuan hartu zituzten elementuak. Baina, nik esango nuke, hiru hauek egon zirela beraien buruetan: epailearen debekuaren inguruan sare sozialetan sorturiko zurrunbiloa eta, adierazgarria da hasiera-hasieratik nagusitu zen traola (#nibanoa); Herri Harresia mugimenduaren jardun mediatikoa eta Joxepa Arregi Garratz bezalako presoen familikoen ibilbidea.

Velasco epaileak plazaratutako debekuarena twitterretik zabaltzen hasi bezain bezain pronto, #nibanoa traolak erakutsi zuen jendea Bilboratuko zala, edozein izanik ere baldintzak. Jendeak ez zuela atzera egingo eta urtarrilaren hasierako hurak “nahikoa da” baten inguruan artikulatua zetorrela. Zumindura hura alderdi politikoetako community managerrek ondo baino hobeto kalibratu zuten sortzen ari zen mugimenduaren indarra eta halaxe jakinarazi zieten beraien arduradunei.

Errepresioaren kontrako mobilizazioak molde berriak erabili ditu azken denboraldian eta Askeguneena bereziki interesgarria izan da. Ez bakarrik, kuantitatiboki gazteek antolatzeko eta jendea erakartzeko gaitasuna erakutsi dutelako baizik eta media-plangintza indartsuak erabili dituztelako, modu oso arrakastatsuan. Iritzi publikoa sortzeko eta elikatzeko ahalmen handia izan  dute Herri Harresiek, izan Donostian, Ondarroan  ala Iruñean. Polizien arduradun politikoentzako oso garesti atera ahal zaie legitimitate sozialik gabeko agindu politiko/judizialen ondorioz, zaurituak sortzen dituzten eraso bortitzak burutzea, bereziki ehundaka kameren aurrean eginikoak badira, sare sozialak lekuko izanik eta sektore aktiboenak ikutuz badira.

Bestetik, urte hasieretan ohikoak bilakatu dira presoen eskubideen aldeko manifestazio oso jendetsuak. Parametro logikoen arabera eta ideologikoki ados egon ala ez, zaila suertatzen da agerraldi horiek antolatu ala parte hartzen dutenen kontra jotzea. Presoen eta erbesteratuen sendikoek horretan sekulako tinkotasuna erakusti dute, Bilboko handia programatzerakoan baina baita herriz herri egiten direnetan ere. Dagoeneko, Joxepa Arregi bezalako asko daude EHn. Eta, erreibindikazioaren sektore horretan bezalaxe, beste hainbestetan. Abortatzeko eskubideen aldeko militante feministek eta krisiaren eta lan erreformaren kontrako langileek aurrera egiteko kemena erakutsi dute, momentu gogorrenetan ere.

Gauzak horrela, “arre ala iso” egin beharreko egoeran aurkitu ziren aldedi politiko nagusienen goi-karguak Velasco epailearen erabakiaren aurrean eta argi ibili ziren, zalantza barik. Ostrukarena egiterik ez zegoen ezta betiko formulak erabiltzerik ere. Sare sozialetan abiatutako, eta hurrengo egunerako programatuta zegoen trenean montatu ala gainetik pasatuko zitzaien. Eta ez bakarrik lokomotorara igo baizik eta gidatu egin zuten. Lehen geltokia Bilbon izan zuen. Hurrengokoak ikusi egin behar.

Hala Bediren eredua

Aho zabalik utzi nau Gasteiztik emititzen duen irratiaren erabakia: euskara hutsez emititzen hastearen, modu iraunkorrean.

Urtea amaitzeko erabaki ezin hobea hartu dute. Pozgarria oso.

Argiaren bidez eduki dut horren berri (http://www.argia.com/albistea/hala-bedik-euskara-hutsezko-emisioak-hasiko-ditu-28an) eta beste hainbat hedabideentzat eredu bat izan daiteke.

Mila esker eta eutsi goiari Hala Bedi!

 

 

Hitzarmenak

Programazioa, lan harremanak, Nafarroa eta euskara dira urte amaiera honetan, EITBren orbitan mugitzen diren planetak. Eta marten ez bezala, horietan guztietan bizia dagoela dirudi.

Programazioan pausu interesgarriak eman dira, ETB 1en bereziki. Betikotik jo dutela diote batzuk baina nire ustez hain beharrezkoa genuen entretenimenduaren ikuspegitik nobedade aipagarriak daude. Informazioari dagokionez, oraindik ere, apustu handiagoak egin daitezkeela pentsatzen dut. Kanalen irudian eta gurean bereziki sekulako pisua dauka informazioak.

EITBko lan harremanei dagokionez, sinistuta nago bai zuzendaritzak eta baita sindikatuek ere momentu politiko/ekonomikoa/teknologikoaren zailtasunaren jakitun, jarrera serioa daukatela. Hala uleru behar da abenduaren hasieran sinatu zuten akordioa lan hitzarmen berria egin eta adostu bitartean lehengoarekin jarraituko dutela esanez (ditxosozko ultra-aktibitatea). Raxoiren lan erreformari kasurik ez eta ultra-aktibitateak aukera ematen du hemendik eta ekaina bitartean konbenio taxuzko bat idazteko. Erraza ez, erraza ez da izango, tentelkeria litzateke hala izan behar duela pentsatzeak, baina lortuko dela ziur nago.Urte luzeegiz lan harremanetarako hain kaltegarriak izan diren inprobisazioa, lan-sistema araututik kanpo dauden pertsonen (gestoreak) izaera eta konbergentzia daude negoziatu behar den konbenioaren erdi-erdian.

Nafarroan EITB ez ikus-entzun ahal izanarenak ez du izenik. Baina, Bartzinaren gobernuaren kaltetan, orain argudio falta aguanta ezina zaie. EITBk digitalizazioari ekingo ziola argitaratu izanak berak bakarrik fitxa mugitzera behartu ditu. Espero dezagun hutsean ez gelditzea eta urte berriarekin batera EITBren emisio-mapan Nafarroa egotea, bete betean. Eguraldiaren maparen inguruko eztabaida azalkeri bat da honen aldean. Eta EITBk, informazioa jasotzeko eskubidean oinarrituta, epeak garbi izan behar ditu. Epeak jarri eta bete.

Euskararen inguruko eztabaida bere pil-pilean dago irrati-telebista-online zerbitzu publikoetan. Nola ez bestela. Orain arteko ereduak bere gaina lortu eta hemendik aurrerakoak beste molde batekoa izango da, zerbait izatekotan. Hizkuntza politikaren inguruko eztabaida ireki eta sanoa abiatu beharra dago, beti ere jakinik, EITBri eta hezkuntza sistemari dagozkiela euskararen ezaguta eta erabileraren  sustatzea. Hamar urteko epean, euskara nagusi izan den ikus-entzunezko komunikabide publikoetan, komeni da pausuak ematen hastea bihartik aurrera. Edukiak euskaratuz modu progresiboan, azpitituluak eta seinale dualak erabiliz eta orohar euskararen zentraltasuna agerian jarriz. Bide oso interesgarria eta beste behin eredugarria izan daitekeena, honako eta kanpora begira ere.

Urte berriak oso erronka politak jarriko dizkie komunikabide publikoei. Eskerrak.

 

OMa entzuten duzu?

Normalean FMa erabiltzen dut nik baina jakin nahi nuen zenbati eragingo dien EITBk itxiko duen OMko irrati “plataforma”. Zu horien artean  zaude?

Suertatu zait inoiz,  Errioxan, Kantabrian edo inguruetan nenbilela, eta interneterako sarbiderik eduki ez,  OM bidezko irratia eskura etortzea.

EITBk iragarri du aurtengo apirilean utziko diola OM bidez irratia zabaltzeari, hedapen sistema hori zabalik edukitzearen kostua dela-eta.

Gustatuko litzaidakejakitea zehatz mehatz zenbatek ezin izango duten Radio Vitoria, Euskadi Irratia, Gaztea, EITB Irratia ala Radio Euskadi entzun OMa itxi eta gero baina nire kalkuluen arabera 80.000koa izan daiteke Hego Euskal Herriko audientzia potentziala. Nahiz  eta, 2012ko datuak begiratuta 20 milakoa baino ez izan benetan irrati emandegi horiek OM bidez entzuten dutenen kopurua.

OM entzulea bazara, artikulu hau erantzun mesedez eta esan noiz eta zergatik erabiltzen duzun errezepzio sistema hori. Eskertuko dizut.