“Hay suciedad en Álava”, Gontzal Fontanedaren artikulua Naiz-en

Gontzal Fontaneda filologo gasteiztarrak Hay suciedad en Álava izeneko artikulua argitaratu du Naizen. Eliseo Gilen egoera dramatikoa gogora ekartzeaz gain, astindu ederra ematen die auzi madarikatu honen erantzuleei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Bisita gidatuei buruzko informazioa Argia digitalean

Irailaren 24an Argia digitalean, Pello Zubiriak sinatuta, informazio zabala agertu da guk antolatzen ditugun bisita gidatu alternatiboei buruz. Ostegunero egiten dugun elkarretaratzearen berri ere ematen da. Esan beharra dago lehenengo hedabidea dela (auzo edo eskualde mailako baten bat kenduta) bisitez eta elkarretaratzeez informazioa ematen duena. Sarri egin ditugu mezu-bidalketak 75 helbide ezberdinetara, argazki eta guzti batzuk, eta orain arte beste inork ez digu hitzerdi atera.

Milesker Argia eta Pello Zubiria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Agur jaunak eta andreak eta…”, Gontzal Mendibil Garan

Gontzal Mendibilen Agur jaunak eta andreak eta… artikulu txit interesgarria argitaratu du gaurko Garak,  Agur Jaunaren letra berria, EITBren “Baskoniako historia bat” dokumental saila eta abar hizpide hartuta. Iruña-Veleiaz ere egiten du gogoeta: “Beraz, historia ere baten batzuen interesetan eta zerbitzuan idazten da. Eta hala izanik, nire ustetan, ulertzekoa da Veleiako gai hori ere bere sakontasunean aztertu gura ez izatea. Zenbat eskema eta gezur-meta apurtuko lituzkeen!”

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Euskaldunizar a la fuerza” El País-eko artikulua, “Baskoniako historia bat”ekin sintonian

Merezi du irakurtzea. Irailaren 23ko El País-en Jose Luis Barberiak sinatzen duen “Euskaldunizar a la fuerza” artikulua dator. Besteak beste,  Joseba Abaitua “Baskoniako historia bat” saileko “Euskalduntze berantiarra” atalaren gidoilaria aipatzen du bere tesi ultranazionalista espainiarrak oinarritzeko. Eta pentsatze hutsarekin ustez euskaltzaleek gobernaturiko EITB dabilela tesi horiek  bultzatzen eta dokumental horiek denon diruaz ordaintzen…

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Irailaren 26ko bisita beteta, aukera urriaren 4an eta 18an

Ez da lekurik gelditzen irailaren 26ko bisitarako. Oraindik badago tokia urriaren 4an (gazteleraz) eta 18an (euskeraz) egingo direnerako.

Izena emateko: webmaster.sosveleia@gmail.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Irailak 26, urriak 4, urriak 18, hurrengo bisita gidatuak

Arrakasta handiz hasi ginen bisita gidatu alternatiboekin abuztuaren 1ean. Orain artekoak gainezka egon dira eta jendea oso pozik geratu da. Hurrengo bisitak:

  • Irailak 26, larunbata (euskeraz)
  • Urriak 4, igandea (gazteleraz)
  • Urriak 18, igandea (euskeraz)
  • Bisita-ordua: 10:30-13:00. Harresien kanpoaldea eta Arkizeko muturra ere bisitatuko dira. Oinetako egokiak ekarri.
  • Ondoren, 14:00, nahi dutenentzat, bazkaria Langraitzen (eguneko menua). Izena ematerakoan esan bazkaltzera geratuko zareten ala ez.
  • Arratsaldeko lehen orduan, proiekzioa eta solasaldia jatetxean bertan.
  • Izena emateko: webmaster.sosveleia@gmail.com gutxienez bi egun lehenago. Gehienez 30 lagun bisitako. Asmoa baduzu, ez utzi azkenengo momenturako.
  • Herrietako lagun-talde, kultura-talde eta horrelakoentzat ere antolatzen ditugu bisitak (20 lagun gutxienez, 30 gehienez).

***

El día 1 de agosto empezamos con las visitas guiadas alternativas. Las realizadas hasta ahora han estado a rebosar y la gente ha salido encantada.. Las próximas visitas serán:

  • 26 de setiembre (euskera)
  • 4 de octubre, domingo (castellano)
  • 18 de octubre, domingo (euskera)
  • Horario de visita: 10:30-13:00. Se visitará también el exterior de las murallas y el Espolón de Arkiz. Traer calzado adecuado.
  • Luego, 14:00, para las/los que quieran, comida en Langraitz (menú del día). Indicar al apuntarse si se va a quedar a comer.
  • A primera hora de la tarde, proyección-charla en el mismo restaurante.
  • Para apuntarse: webmaster.sosveleia@gmail.com con al menos dos días de antelación. Máximo 30 personas por visita. No lo dejes para el último momento.
  • También organizamos visitas para grupos culturales, de amigos, etc. (máximo 30 personas, mínimo 20).

Antolatzaileak: SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria eta Martin Ttipia

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Baskoniako historia bat ala ipuin txar bat?

Irailaren 10ean ETBn ikusi ahal izan genuen EITBk ekoiztu eta duela urtebete Donostiako Festibalean aurkeztu zen Baskoniako historia bat dokumentala. Alberto Santana da zuzendaria eta Joseba Abaitua atalaren gidoilaria.

Honela aurkeztu du EITBk dokumentala bere webgunean:” El programa “Baskoniako Historia bat” (“Una historia de Baskonia”), desmontará los mitos y falsas creencias en torno a la historia de Euskal Herria. Se estrena el jueves, a las 22:25, en ETB1.”

Dokumentalaren edukiei erantzunez, Baskoniako ipuin bat  iritzi-artikulua idatzi eta zenbait egunkaritara bidali dut. Garan, Naiz agerkari digitalean, Berrian, Sustatun eta Zuzeun agertu da. Azpian irakur daiteke.

***

Aitzol Altunak aspalditxo argitaratu zuen idatzi luze, sakon eta ongi dokumentaturikoa teoria honetaz:  Una película sobre la falsa teoría de la euskaldunización tardía. Ezinbestekoa gaian kokatzeko

Irailaren 15eko Garan Beñi Agirre euskara irakaslearen artikulu bikaina agertu da gaiaz, Zientzialari berantiarrak. Orain dela hilabete batzuk Patxi Aranguren nafarrak Inquietos vascones  idatzi zuen teoria defendatuz, eta Inquietos vascones, pero no tanto artikuluaz eman nion erantzuna.

Ostraka Mundua blogean berri gehiago

***

Baskoniako ipuin bat

Nolako astea! Igande gauean euskaldun asko oheratu ginen pentsatzen, mitozale amorratuak izaki, Paleolito Aroko gizakiaren jatorrikoak ginela ziurrenik, Ekain, Lascaux eta Altamira margotu zuten haien ondorengoak. Aita Barandiaranek hori iradoki zigun, eta berriki egin diren azterketa genetikoek ere ez dute ezeztatu, aztarna paleolitiko ugari omen dagoelako gure gene-zopan.

Baina asteleheneko gosariarekin, lurrikara. “Euskaldunak ez dira uste bezain zaharrak” titulatzen zuen Madrileko egunkari batek. “Je-je, kar-kar!” suma zitekeen lerro artean. Asteartean euskal prentsara eta Internetera argibide bila jo eta jakin genuen Atapuercako zenbait giza hezur aztertu dituztela Upsala-n eta ondorioztatu dutela orain dela zazpi mila urte inguru heldu zirela euskaldunak ekialde hurbiletik eta aldean ekarri zutela laborantza eta abeltzaintza Europara. Gainera sardiniarren eta euskaldunen arteko antz genetiko harrigarria azpimarratzen zen, eta euskara eta paleosardiniera senideak izan zitezkeela iradokitzen. Bueno, hain gaizki ere ez, pentsatu nuen; alde batetik milaka urteak galtzen genituen baina bestetik ez da ahuntzaren gauerdiko eztula laborantzaren eta abeltzaintzaren ekarleak izatea Europara, eta, nork daki agian asmatzaileak ere bai. Gainera, euskara eta paleosardiniaren arteko senidetasunaz liburua amaitzear dudanez…, je-je, kar-kar.

Baina pozak gutxi irauten du pobrearen etxean. “Baskoniako Historia bat” afaldu genuen ostegunean; Santana eta Abaitua irakasleek zuzendu, EITBk ekoiztu eta iazko Donostiako Festibalean aurkezturiko dokumentala. Hogeita hamar mila urte esan duzue? Zazpi mila? Gizajoak. 1500 urtetxo besterik ez daramagu euskaldunok Pirinio hegoaldean. Beren tesi edo hipotesia azaldu ziguten: akitaniarrak ziren euskaldun bakarrak erromatarren garaian. Inperiora erori zenean, Bidasoa hegoaldea inbaditu zuten eta lau probintziak (gutxi gora behera) euskaldundu zituzten. Barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak ez ziren euskaldunak; eta, entzun, Nafarroa aldeko baskoiak ere ez!; nahiz eta hau aho txikiarekin esan zuten, jakina baita zein suminkorrak diren nafarrak. Aipatu ere ez Umessahar jartzen duen Lergako hilarria, edo eta herrialde bereko Itsacurrine, Lacubegi, Larrahe edo Selatse.

Oliteko gazteluan izan zen azken predikua: honaino heldu ziren akitaniarrak. Bisigodoek ez zieten aurrera egiten utzi. Hemendik hegoaldera ez da sekula euskararik egin. Aipatu ere ez Errioxa-Soria aldeko hilarrietan agertu diren zortzi edo hamar euskal izenak: Sesenco, Agirsar, Lesuri…

Bizkaitik abiatu zen Santana. Lemoako Elorriaga auzoan galdekatu zuen Abaitua irakaslea, atal honen gidoilaria. Hilarriko Secundianus-ek zein hizkuntza egingo zuen galdetuta, zalantzarik ez: zelta, eta latina ere bai ziurrenik. Euskara ezta pentsatu ere. Gero Santanaren ahotsa: “mendi eta ibai inportanteenen izenak zeltikoak dira; Anboto Ambatus-etik dator, jainko zeltikoa. Barkatu, Alberto, Ambatus zeltikoa izango da baina ez da jainko-izena, esklaboei eta libertoei ematen zitzaien pertsona-izena baizik. Interneten konproba dezakezu. Ez ote arraroa mendi sakratu bati esklabo-izena jartzea? Bestalde, zer esan nahi dute zeltaz Gorbea-k eta Oka-k? Argituko diguzu. Ez omen da euskararen arrastorik antzinateko epigrafian Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Ez dituzu ezagutzen nonbait Oiartzungo Belteson, edo Foruko Ivilia jainkoa edo Arabako Attia, Helasse, Illuna, Luntbelsar, Uvarna.

Dokumentalean agertu ziren adituetako inor ez zen euskalduntze berantiarraren alde mintzatu. Gorrochateguiren lanak irakurri dituenak badaki teoriaren aurka dagoela. Dokumentalean ez zen hain argi gelditu; mendebaldean, ebidentzien arabera,”euskara pixka bat” egingo omen zen. Arraro geratu zen esaldia. Larrea ere ez da teoriaren aldekoa, nahiko garbi utzi zuen. Eta Azkarate ere ez. Aldaieta ez da teoriaren aldeko zantzua; izatekotan, kontrakoa. Luze joko lukete xehetasunek. Baina niretzat gogorrena Mitxelena aldekotzat hartzea izan zen. Santanaren arabera, behin baino gehiagotan iradoki zuen barduliarrak etab. ez zirela euskaldunak, eta pena Aldaieta bera hil zen urtean, 1987an, aurkitu izana. Alberto, berrikusi Mitxelenaren obra eta ikusiko duzu beti mintzatu zela teoria horren aurka: “… se puede sostener que várdulos y caristios, al menos en la parte norte del territorio, hablaban la misma lengua que los vascones septentrionales” (“Sobre la lengua vasca en Alava durante la Edad Media”. 1982). On Koldok burua jasoko balu… Nolanahi ere, narratzaileari sinestera, aipaturiko testigantzek indartu egiten dute beren hipotesia. Zaila da ulertzea nola utzi duten katedratiko hain gorenek beren iritziak manipulatzen.

Itzul gaitezen hasierara. Bat: akitaniarrek euskaldundu omen zuten hegoaldea VI. mendean. Galdera: euskaraz mintzatzen zen Akitanian, hots, Garonaren hegoaldean, garai horretan? Dakigunetik, Akitania gehiena erdaldundu zen Erromatarren garaian. Egungo Ipar Euskal Herriak eta agian Biarnoko eta Bigorrako mendialdeak iraungo zuten euskaldun. Hau da, akitaniarren lautik hiruk edo gehiagok ez zuen euskaraz jakingo. Nola euskaldundu zezaketen ezer? Bi: barduliarrak, karistiarrak… hizkuntza zeltiko bat egiten zuten VI. mendean, euskaldundu aurretik. Hizkuntza zeltikoa garai horretan? Aditu guztiak ados daude latinak hizkuntza zeltikoak eta iberiera irentsita zituela hirugarren edo laugarren menderako.

Eta orain geure buruari egiten dizkiogun galdera arruntak: zer egin zuten inbaditzaile akitaniarrek hegoalde guztia di-da batean euskalduntzeko? Garbitu egin zituzten zelta guztiak? Garbiketa etnikoa? Hala balitz, nola ez dute horretaz hitzerdi esaten Isidoro Sevillakoak, Gregorio Toursekoak eta beste autore garaikide batzuek? Nola ez da geratu arrastorik memoria kolektiboan edo mitologian?

Teoria honek baditu ia ehun urte. Gomez Morenok iberiera irakurtzea lortu zuen 1925 aldera eta orduan konturatu ziren euskararen bidez ez zutela ia ezer ulertzen. Ordura arte euskaldunak eta iberiarrak gauza bera zirenez, espainiarrik espainiarrenak ginen. Baina hori izateari utzi genionean hasi ziren ipuina idazten bera, Sanchez Albornoz eta beste batzuek. Eta moraleja garbia zen: hemendik aurrera ez duzue zilegitasunik izango mendebaldeaz, haren inbaditzaileak baitzarete, eta, nork daki, agian genozidak.

Nolanahi ere, dokumentalaren egileek diote herri honenganako amodio sakonak eraginda landu dutela teoria, amodio heldua, hori bai, ez infantila. Eta guk sinetsi egiten diegu, amodioak eta helikopteroko irudiek dena edertzen baitute, baita ipuinik txarrena ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | 26 iruzkin

Ostegun honetan hasiko dira berriro asteroko elkarretaratzeak Arabako Aldundiaren aurrean

2015eko urtarrilean hasi ginen elkarretaratzeak egiten Arabako Aldundiaren Plazan kereila kentzeko eskatuz eta Eliseo Gili babesa emanez. Oporrak igarota, ostegunero egingo dira hemendik aurrera, iluntzeko zortzietan. Gonbidatuta gaude.

otsailak19

Otsailaren 19ko elkarretaratzea

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Bisita gidatu jendetsuak larunbatean eta igandean

Oso jendetsuak eta arrakastatsuak izan dira asteburu honetako bi bisita gidatu alternatiboak. Eguraldi bikaina bi egunetan. Larunbatekoa erderaz izan zen eta 35 bisitari izan zituen. Igandean, euskeraz, 20 lagun bildu ziren, gehienak Usurbil eta Errenteriakoak. Ordubete bat eman genuen harresien kanpoaldea ikusten. Jendea txundituta lekuaren edertasunarekin; Arkiz muturreko itzulia ezin da galdu Iruña-Veleiara joan ezkero. Gero barrualdean beste ordubete bat, geldialdiak eginez lekurik interesgarrienetan gidariaren eta bisitarien azalpenak entzunez. Bazkari ederra Langraitzen eta bazkalostean proiekzioa eta solasaldia. Larunbatean Idoia Filloy izan genuen arratsaldeko saioan jendearen galderak erantzuten. Igandean, Iturisa-ko aztarnategiaren aurkikuntzaz mintzatu zitzaigun aurkitzaileetako bat.

Bisita hauez informazio gehiago: ama ata

Larunbateko bisita. Argazkia: Antton Erkizia

original

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

lrailaren 5eko bisita beteta; aukera irailaren 6an

Datorren larunbatean, irailak 5, gazteleraz, egingo den bisitarako 30 lagunek eman dute izena dagoeneko eta ez da jende gehiago hartuko. Baina hurrengo egunean, irailak 6, Usurbilgo talde batek egingo du bisita, euskeraz, eta badaude leku batzuk oraindik. Beraz, asmoa baduzu, azkar ibili.

Ya se han inscrito 30 personas para la visita en castellano programada para el próximo sabado 5 de setiembre y no cogeremos más gente. Pero al día siguiente está programada una visita con un grupo de Usurbil, en euskera, y quedan algunas plazas. Si estás interesada/o, apresurate.

Izena emateko: webmaster.sosveleia@gmail.com gutxienez bi egun lehenago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina