Euskara eta paleosardoa, senide hurbilak?

Zerikusi zuzenik ez duen arren blog honen ohiko tematikarekin, hona hemen  Garan eta Berrian euskaraz eta DNAn gazteleraz agertu den artikulua.
Maju blogariak ingelesez ematen du artikuluaren berri hemen.  

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

PSE-PP-UPyDren proposamena irten zen aurrera: 270.000 Jaurlaritzak Nuñezi

Atzoko Gasteizko Parlamentuko plenoan EAk 2011-2015 eperako urtean 300.000 euro eskatu zituen I-Vko “Plan Zuzendariarentzat”, Nuñezen langintzarentzat, alegia. PNV, EA eta EBren aldeko botoa jaso zuen proposamenak. PP, PSE eta UPyDek aurka bozkatu zuten, eta baita Aralarrek ere, motibo ezberdinengatik. Ez zen onartu.
Gero, PP, PSE eta UPyDek beste proposamen bat aurkeztu zuten: Jaurlaritzak urtez urte jarraituko duela finantzatzen (aurten 270.000 euro eman ditu), eta Diputazioaren eta Jaurlaritzaren arteko hitzarmena bultzatuko dutela. Proposamenak PP, PSE eta UPyDren aldeko botoak jaso zituen eta onartuta geratu zen. PNV, EA eta EB abstenitu egin ziren. Aralarrek kontra bozkatu zuen argudiatuz gaia “sub judice” dagoela eta epaileak agindu dituen laborategiko frogen emaitzak jakin arte astakeria dela planarekin jarraitzea.
Autogolak sartzen jarraitzen dugu eta gainera badirudi txaloka hartu behar ditugula.
EFEn notizia
Garan eta Berrian ere badator notizia. EFEtik jaso duten arren, “ahaztu” egin zaie Aralarrek kontra bozkatu zuela ipintzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Bihar EAk eskatuko du Jaurlaritzak 300.000 euro izenda ditzala Nuñezek bere langintzarekin jarrai dezan

Bihar, otsailak 24, EAk ez legezko proposamen bat aurkeztuko du Gasteizko Parlamentuan, Eusko Jaurlaritzak 2011-2015 epean urtero 300.000 euro eman diezaion Julio Nuñez arkeologoari, I-Vko bere “Plan Zuzendaria” finantzatzeko.
UPyD, PP eta PSEk “osoko zuzenketak” aurkeztu dizkiote ekimenari, baina ez aurka egiteko, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren artean hitzarmena egin behar dela proposatzeko baizik. EA eta beste indar hauen arteko sintonia oso-osokoa da gai honetan.
Honezkero mundu guztiak jakin beharko luke Nuñez epaile eta onuradun izan dela auzi honetan, protagonista izan zela Eliseo Gil “kondenatu” zuen Batzordean. Hori gutxi balitz, ikusgarria izan da honen induskatzeko era, hainbat bideo, txosten eta argazkik erakusten dutenez.
Gure ustez, zuhurtzia eta zentzu minimo batek indusketak bertanbera uztea eskatzen du, epaileak agindutako laborategi frogen emaitzak jakin arte, are gehiago Nuñezen hondeamakinaren langintza ezagututa.
Zertan dabil EA? Hau al da zuen aberrigintza? Nahiz eta Diputazioko Kultura Departamentua galdu, modu militantean eusten dio bere hankasartze historikoari.
Eta zertan dabil EAJ? Diputatu berriak aukera paregabea zuen aurrekoaren desastreetatik aldentzeko, baina Malentxo Arruabarrenak esana du Lorenaren bidetik jarraituko duela. Penagarria. Bitartean esne bitsetan PP eta PSOE.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Kultura Diputatu berriak aurrekoaren ildo berari jarraitzea salatu du Aralarrek

Iñaki Aldekoa Aralarko batzarkideak Malentxo Arruabarrena EAJko Kultura diputatu berria salatu du aurreko diputatuaren ildoari jarraitzen hasi delako Iruña-Veleiako auzian. Hemen lotura eta notizia:

“Iñaki Aldekoak, Aralarren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaleak, Foru Aldundiak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak SIGARQ aplikazio informatikoa finantzatzeko sinatu duten hitzarmena kritikatu du. “Foru Aldundia finantzatzen ari da lan arkeologikorako lanabes bat bere esku geratuko ez dena, izan ere, titulartasuna SZP
enpresaren eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren esku geratuko baita”.
Hori kritikagarria da Aldekoarentzat, “Foru Aldundiaren jokabidea eskuzabala izan daiteke, baina kontuan izan behar da lanabes informatiko horren banaketa librea dela eta dirutza hori horretan inbertitzea, lan arkeologikoetara bideratutako sosak Araban oso urriak direnean”.

Era berean, Aldekoaren aburuz kontuan izan behar da 155.000 euroko inbertsioa gehigozkoa iruditzen zaiola Aralarri, “kontuan izanda SIGARQ aplikazio informatikoaren eguneratze bati buruz ari garela”.

Hitzarmen hori Iruña-Veleiako aztarnategiaren inguruan egin den azken ekimen eztabaidagarria da. “Azken finean hitzarmen hori gauzatzeko erabiltzen den argudio zalantzagarria da aplikazio hori izan balitz ez litzatekeela Iruña-Veleiako aztarnarik
faltsutuko”.

Horrez gain, Aralarren eledunaren ustez, hitzarmen hori sinatzea Nuñez Marcen jaunak, Iruñea-Veleiako plan zuzentzailearen arduradunak, Fresno Bernal jaunaren mesedetan jardutea ekar dezake. Fresno Bernal jauna da SIGARQ aplikazioaren bertsio orijinalaren
egilea eta bere diplomaturako lana egin zuenean Nuñez Marcen izan zuen tutore.

Kultura arlotik Iruña-Veleiari dagokionean aurreko Diputatuaren lana jarraitzeko egitasmoa dagoela salatu du Aldekoak, “zoritxarrez, horrek etorkizunean izan daitezkeen ondorio politikoen ardurak beren gain izatea ekarriko du”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Grafitoak eta letrinako idazkiak esku diferenteek egin dituztela erakusten duten azterketa zehatzak

Jakina denez, aipaturiko bigarren txosten grafologikoak, 36.000 euro balio  zituen horrek, grafitoak zein letrinetako idazkiak esku berberak eginak direla “frogatu” zuen. Batzuei eta besteei begira minutu batzuk pasatu dituenak badaki hori ez dela horrela.
Sos Iruña-Veleiako ikerketa taldeak burutako lana ikus daiteke haren webgunean. Estadistikan profesionala den pertsona batek neurketa milimetrikoak egin ditu, letren altura, letren arteko distantzia, batenaz bestekoak eta abar kontuan hartuta, eta ondorioa da esku batek baino gehiagok hartu dutela parte ostraketan (esaterako, 32. zundaketakoak eta 6. sektorekoak oso ezberdinak dira). Komunetako letren parametroek ez dute zerikusirik grafitoetakoekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Grafologo andere batek 36.000 euro jaso zituen Iruña-Veleiako grafitoei buruzko txosten batengatik

Sos Iruña-Veleiak prentsa oharra kaleratu du. Azpian irakur daiteke euskarazko bertsioa. Bestalde, DNAk notizia honen berri eman du gaurko edizioan, hemen eta notizia osatu du hemen.

SOS IRUÑA-VELEIAREN PRENTSA OHARRA

EAko Lorena Lz de Lacallek zuzentzen zuen Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamenduak Grafotec enpresako Alicia Martinez Carrasco grafologoa kontratatu zuen 2009ko urtarrilean. Helburua,  grafitoetako letrak eta zenbait udatan ospatu
ziren “Ludi Veleienses” delakoetarako egin zen letrina erromatar baten
imitazioan zeuden idatziak konparatzea eta aztertzea. Urte horretako martxoan
entregatu zen txostena, eta ez zen batere erabakigarria. Horrela bukatzen zuen:

“Debido a ello y para extremar la prudencia, esta perito no debe concluir asegurando que el que ha realizado los grafitos las “letrinas” haya realizado también parte o gran parte de las de los yacimientos, si bien insiste que muchas de las coincidencias tan peculiares así
lo sugieren, pero lo que realmente puede afirmar es que es significativo y sorprendente el paralelismo, entendiendo que es excesivo para ser simplemente fruto del azar”.

Ez dugu jakin ahal izan grafologoak kobratu zuena bere lanagatik. Lurmenek, eraso grafologikoa ikusita, bere azterketa propioa egin nahi izan zuen, eta harremanetan jarri zen grafologiara dedikatzen den enpresa batekin, baina Foru Aldundiak ukatu egin zien piezetarako sarbidea.

Diputazioak ez zuen etsi bere ahaleginean, eta beste grafologo bat bilatu zuen. Grafologo andere berriak bi zatitan egindako txostena bukatuta zeukan, nonbait 2009 bukaera aldera, bi aldiz filtratu baitzen prentsara titular ikusgarriekin: “Grafólogos apuntan a Eliseo Gil como el autor de los grafitos de Veleia” (Correo 2009-11-2); eta  “Grafologoek ere ondorioztatu dute Veleiako euskarazko idazkunak modernoak direla” (Berria
2010-01-30). Baina sekula ez zen egilearen izenik filtratu. Gure ustez, bazen
isilpeko itun bat egilearen izen ona “babesteko”. Plataforma honek duela gutxi
aurkitu du ondorengo notizia Aldundiaren web orrian

Objeto del contrato: Realización de análisis caligráficos de los grafitos de Iruña-Veleia

Expediente: 1701

Tipo Contrato: Servicios

Entidad: Diputación Foral de Alava

Departamento: Euskera, Cultura y Deporte

Datos del Contacto: Félix López López de Ullibarri


Adjudicatario definitivo: María Magdalena Ezcurra Gondra
Importe de adjudicación definitiva:

31.034,48
IVA: 4.965,5

Hots, María Magdalena Ezcurra Gondra izeneko grafologoak 36.000 euro kobratu zituen txosten bategatik. Txosten horren ondorioa da, filtrazioen arabera, esku bakar batek eta berberak egin dituela aztertu dituen grafito guztiak (75) eta komunean agertzen diren idazki guztiak.
Emakume honena da literaturaren historiara pasa litekeen parrafoa:

“las concordancias entre los dibujos y letras de la letrina y los de los soportes milenarios se establecen por la utilización de herramientas gráficas procedentes de una misma red neuronal y trasladadas al soporte a partir de una integración neuromuscular y de coordinación visomotora única, que no puede significar sino que ha intervenido un único motor”.

Sos Iruña-Veleiak hainbat konparazio-azterketa egin ditu grafitoetako eta komuneko idazkien artean. Bere webgunean kontsulta daitezke. Diferentziak hain nabarmenak eta begi-bistakoak dira, letren forman, tamainan, altueran zein euren arteko distantzian, eta abar, ezen ezin baitugu asmatu zein motibazio mota izan duen grafologo andereak hain ondorio biribiletara heltzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

Barandiaranen liburuari kritika zorrotza Xabi Larrabek Berrian

Gaurko Berrian Xabi Larrabe irakasleak Alberto Barandiaranen liburuari egindako kritika zorrotza dator. Ederki asko jorratzen ditu liburuaren gabeziak, gaian sakondu dugunok aspaldi harrapatuak eta salatuak, bestalde.
Dena dela, ez da iritzi berekoa Xabier Mendiguren Elizegi, Elkarreko bere editorea, Jakin-eko azken alean, urteko literatura-kronikatxoa egiterakoan, goraipamenezko hitzak idazten baititu. Gatazkaren ondoren Veleia, titulatzen du, eta honela jarraitzen: “Kazetaritza lan batekin hasi dut urtearen errepasoa (Muruaren Loiolako Egiak) eta beste batekin amaituko dut: Veleia afera, Alberto Barandiaranek idatzia. Aurrekoa bezala, erreportaje ederra, ondo dokumentatua eta bikain idatzia, misteriozko eleberri baten gisa irakurtzen dena. Nahi nuke liburu honek gaiaren inguruko eztabaida eta zalaparta argitzen lagunduko balu, baina beldur naiz, jarrerak zein muturturik dauden ikusita, nahas-mahasak luzaroan jarraituko duela”.
Liburuak gaiaren inguruko eztabaida eta zalaparta argitzen lagundu? Liburu berberaz ari al gara? Ziur asko Mendigurenek pentsatzen du “besteen” jarrerak daudela muturtuta, berea eta Barandiaranena, berriz, orekatuta. Santa Lutziak gorde diezaiola bista.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“El golpe ‘científico’ del 19N”, egun beltzei buruzko kronika zehatza

Sos Iruña-Veleia Plataformako azterketa taldeak egun erabakigarri haiei buruzko kronika zehatza argitaratu du bere webgunean. Ezinbestekoa gai honen zirrikituak ezagutu nahi dituenarentzat. Bilera-aktak, txostenak artean idatzi gabe zeudeneko “unanimitate zientifikoak”, Batzar Nagusien eta prentsaren aurreko agerraldiak, “orden forala”, eta beste hainbat gauza, beti ere iturri eta agiri originaletara joz. Henrike Knörr zenaren mezu famatuaren fotokopia ere irakur dezakegu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Roslyn M. Frank : «Munduko ikerlariak sutan daude Iruña-Veleian egiten ari diren txikizioa ikusita»

Gaurko Hernaniko Kronika-k Roslyn M. Frank ikerlari estatu batuarrari egindako elkarrizketa dakar.
Bestalde, duela gutxi Hasier Etxeberriak elkarrizketa egin zion Sautrela programan Alberto Barandiarani honen Veleia afera liburua dela eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Urteko irudia: Julio Nuñez aztarnategia hondeamakinaz husten

Ostraka mundua webguneak Nuñez arkeologoa eta bere hondeamakina ageri diren argazkia hautatu du urteko iruditzat. Makinak jo ta ke diharduen bitartean, argazkilariarengana zuzentzen da arkeologoa, haserre. “Destrozando Iruña-Veleia” bideoaren lotura ere badakar.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina