Gaur Sos-Iruña Veleiak prentsaurrekoa eman du Gasteizko Aldabe Gizartetxean, kazetari pilaren aurrean. Hona hemen irakurritako agiria:
Analisiak noizko?
Gauza jakina denez, hiru urte baino gehiago dira Arabako Diputazioak Iruña-Veleiako
ezohiko aurkikuntzak ofizialki faltsutzat jo zituela eta Lurmeneko arkeologoen
aurka kereilatu zela, Zientifikoa eta Laguntzailea deituriko Batzordearen
txostenetan oinarrituta.
Denbora honetan gauzak zeharo aldatu dira. Izan ere Lurmenek
benetakotasunaren aldeko hamazazpi txosten aurkeztu ditu epaitegian. Izen
handiko ikerlariek eginak asko, eta horien artean atzerritarrak hainbat.
Gainera, berriki jakin da duela gutxi joan zaigun Jose Luis Alvarez Enparantza
‘Txillardegi’ hizkuntzalari handiak ere gauza bera pentsatzen zuela.
Bestalde, badira ia hiru urte gure plataformak agiria kaleratu zuela zera
eskatuz: auzitan dauden grafitoak arkeometria laborategi berezituetan analiza
zitezela, ikusirik humanitate zientziak ez direla gauza izan auzia
erabakitzeko. Harremanetan gaude arlo horretako zenbait laborategirekin, eta
esaten digute auzia erraz erabaki daitekeela.
2010eko irailean Gasteizko 1. Epaitegiak jakinarazi zuen Guardia
Zibileko kimika laborategiaren esku utzi behar zituela piezak. Urtebete igaro
ondoren jakin zen erakunde honek uko egin ziola eskaria betetzeari. Handik
gutxira, eskari bera egin zion Epaitegiak Ertzaintzari, ondorio berberarekin.
Sei hilabete baino gehiago igaro dira harrezkero. Pentsatzen dugu
egoera jasanezina dela alderdi humanotik zein juridikotik, eta egoera larri
honen aurrean ondorengo eskariak egiten ditugu:
1) Epaitegiari: bidal ditzala lehenbailehen auzitan dauden piezak
nazioartean ospea duen arkeometria laborategi batera. Hau ezinezkoa balitz,
inputatuen aurkako kereila artxiba dezala. Hortik aurrera, Arabako Diputazioaren
ardura izango litzateke analisiak eginaraztea, auzia betiko argituta gera
dadin.
2) Arabako Foru Aldundiari: bertan behera
utz ditzala duela bi urte zuzendari berriak, Nuñez jaunak, hasitako indusketak.
Izan ere, sinestezina da gaia sub júdice
eta grafitooen faltsutasuna frogatu gabe dagoenean berriro indusketei ekitea.
Eta, hau gutxi balitz, mundu guztiak badakienean Nuñez jaunak, hondeamakina
handi bat erabiliz, kalte handiak eragin dizkiola aztarnategiari.
3) Talde politikoei: analisien aldeko eta indusketak berriz hastearen
aurkako jarrera azaldu dezatela publikoki, eta helburu horiek lortzeko ekimenak
bultza ditzatela erakundeetan.
Aldi berean, dei egiten diogu gizarte zibilari gaiak duen garrantziaz
jabetu dadin eta auziari irtenbide justua ematen indarra egin dezan.
Aurkikuntzak onak direla frogatuko balitz, eta gu konbentzituta daude badirela,
Iruña-Veleia oso erreferentzia garrantzitsua bihurtuko litzateke ez bakarrik
euskararen historiarako, baita kristautasunaren zabalkundea, latin bulgarraren
garapena eta beste hainbat gaitarako ere, eta Europako parte honetako
aztarnategi inportanteenetarikoa bilaka daiteke.
Ezin dugu agiri hau amaitu Idoia Filloy eta Eliseo Gil zuzendari ohiek
bizi duten drama humanoa aipatu gabe. Oraindik frogatu gabe dagoen arren
grafito bakar baten faltsutasuna, eta oraindik epaileek inolako akusaziorik egin ez duten arren
euren aurka, publikoki jipoitu eta kondenatu dituzte, eta beren karrera
profesionalak lurperatuta geratu dira, eta beren bizitza pertsonalak oso
kaltetuta. Azkeneko hau nahikoa motibo litzateke epaileek, luzapenetan ibili
gabe, auzia erabakitzeko urrats azkarrak eman ditzaten eta beste eragileek, eta
gizarte zibilak orokorrean, norabide horretan bultza egin dezaten.
SOS Iruña-Veleia Plataforma
Agiriaren gaztelerazko bertsioa, eta notizia Berrian eta DNAn