Berria. 2021eko otsailak 20. Gontzal Fontaneda.
Horrelaxe laburbiltzen dira Iruña-Veleiako bi epaiak, epaiketarena eta Eliseo Gilek aurkeztu zuen helegitearena. Biek kondenatu badute ere, aski da irakurtzea faltsuketaren edo faltsutzaileen frogarik ez dagoela ohartzeko.
Epaiek faltsutzea (IPCE) Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren txosten batean oinarritu dute. Zeramikazko 36 pieza ikertu ditu, gainazala soilik aztertuz [7. koadroa]; non denetik egon daitekeen: zeramika, zarakarra, grafitoa eta kutsadura guztien lorratzak, lurperatzearenak, erauzketa-lanenak, garbiketarenak eta pieza batzuk eskuetan izan dituzten gutxienez zazpi erakunderenak
Gainera, txosten hori ez da fidagarria. Adibidez, 15920. piezaren grafitoa [7. koadroa] «grafito garaikidea» dela dio (hau da, faltsua), «testuaren trazaduran altzairu herdoilgaitzezko zatikiak» daudelako; baina hauxe ere aitortu du, «altzairuzko zatikiak garbiketa-prozesuan sartu izana baliteke», eta ikerketa gehigarri hauxe proposatu du [10. koadroa], «piezak agertzen dituen ziurgabetasunak direla eta, zarakarrak modu kontrolatuan kentzea interesgarria izan daiteke piezaren azpian testurik dagoenetz argi eta garbi egiaztatzeko».
Hau da, «ziurtasun eza» ditu, «baliteke» esan bezala ez izatea, baina ez du kalifikazioa aldatu eta grafitoa «garaikidea» dela esaten jarraitu du. Oinarria da txosten hau!
Txosten horrek asmatutako faltsutzean oinarrituta, epaiek Eliseo Gil kondenatu dute, ordurako hamabi urtez jendaurrean «kondenatua» zena. Baina nahikoa da epaiketaren epaia irakurtzea faltsutzailerik ez dagoela ulertzeko: epaiak [11. koadroa] hauxe adierazi du, «ez da behar bezala frogatu berak [Eliseo Gilek] grafitoak bere eskuz egin zituenik». «Behar bezala frogatu» ez denez gero, ez ditu Eliseo Gilek faltsutu.
Ondoren [11. koadroa], argudio biribila eman nahi izan du: «aipatutako akusatua ekintzaren beraren eragilea da, grafitoak bere kabuz egin ez baditu ere». «Frogatu ez delako», berak egin ez dituenez gero, gaizkide batzuk asmatu beharko dira; «asmatu», bakar bat aurkitu ez duelako: hauxe adierazi eta hamar aldiz errepikatu du, Eliseo Gilek grafitoak «bere kabuz edo bitarteko batzuen bidez» egin zituela.
Baina ez ditu behin ere «bitarteko» horiek identifikatu, nahiz eta identifikatzeko eta auzipetzeko hamabi urte izan dituzten. Aise esateko, ez dute izen-abizenik, «bitarteko» horiek ez dira existitzen. Egia esan, bi epaiek inork, ez Eliseo Gilek ez beste inork, grafitoak faltsutu ez dituztela frogatzen dute.
Eliseo Gilek bere duintasuna eta errugabetasuna defendatzen ditu, eta beste helegite bat aurkeztea hartu du helburu. Onartuko baliote, aurreko epaiak azkenean ondo irakur lituzkete.
Orain arte hamabi urte galdu dira prozesuan. Hala ere, zientzia da gai hau ebazteko bide bakarra, grafito horiek noiz grabatu diren jakiteko berariazko azterketak eginez, eta grafito gehiago agertzen diren ala ez ikusteko indusketa kontrolatu bat abiaraziz. «Egia jakitea» horren erraza litzateke; baina auzitegiak, epaitegiak, Aldundiak, Jaurlaritzak, unibertsitateak hamabi urte daramatzate uko egiten, eta euskal zientzia eta kulturaren defendatzaileek (Euskaltzaindia, Aranzadi, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde) ez ikusiarena egiten.
Euskal Herri gaixoa!