Lotsagarria!!! Joan den ekainean sarrera hau egin genuen funtsean oraingo gauza bera esateko.
Zertan dago Eliseoren auzia? Noiz hasiko da epaiketa?, galdetzen zaigu behin eta berriz. Galdera logikoa, maiatzaren 3an argitaratu baitzen epailearen autoa. Kontua de akusatuek bost eguneko epea zutela autoa errekurritzeko, apelazioa egiteko, hauen abokatuek hori egin zutela artxiboa eskatuz, eta Arabako Audientziak erabaki behar duela errekurtso horiek onartu ala ez.
Arabako Audientziak ez omen du erabakia hartzeko eperik (ederra kontua!), baina normalean hilabete edo hilabete eta erdi behar izaten omen du. Ikusten denez, epaileak instrukzioa zortzi urte luzatu ondoren, orain Audientzia bera ari da luzatzen ezin jakin zergatik eta noiz arte. Adarra jotzen? Benetan zitala ari da izaten Arabako epaitegiaren jokaera.
Euskal Herriko auzi zaharrena da askogatik. Azaroaren 19an beteko dira bederatzi urte Arabako Diputazioak auzibidean jartzea erabaki zuela.