8.- “Unanimidad científica”? Diputazioak faltsutasuna dekretatu zuen egunean (2008-XI-19) txosten bakarra zegoen entregatuta
Hona hemen txostenen sarrera-datak, zigiluen arabera: Gorrochategui: 2008-VI-25; Cipres-Santos: 2008-XI-20; Trebolle: 2008-XI-24; Azkarate: 2008-XII-3; Lakarra: 2008-XII-3; Nuñez: 2008-XII-4; Galán: 2008-XII-10; Velázquez: zigilurik gabe; Madariaga: zigilurik gabe; Legarda: zigilurik gabe.
J. Lakarra, A. Azkarate et alii, J. Núñez eta J.M. Galánen txostenen erregistro-zigiluak
Unanimitate zientifikoa? Ziur asko zenbaitek bere txostena hasi ere egin gabe izango zuen egun horretan. Presaka eta korrika egindakoak direla ematen dute batzuek.
Garbi dago 448. Agindu Forala eta Batzordearen ondorioen agiria ez zirela egun horretan idatzi, eskuan entregatu baitzitzaizkion eguerdian Eliseori. Lau egun lehenago, astelehena, bilera izan zuten Batzordean agintzen zutenek erabakiak hartzeko. Zera irakurtzen dugu Ama Atan: “Este proceso puramente político es activado el 15 de noviembre 4 días antes de la última reunión de la Comisión. Es cuando se reúnen el Director de Euskera, Cultura y Deporte, del Jefe de Servicio de Museos y de la Secretaría General de la Diputación Foral de Álava para la evaluación de la situación actual del yacimiento (Declaración de Iciar Lamarain en la Comisión de Euskera, Cultura y Deporte de las JJGG de Álava del 3 de julio de 2014). La intención de la reunión es clarísima, el traspaso del yacimiento a la universidad vasca, como está plasmado en las pseudo-conclusiones escritas por el Jefe del Servicio de Patrimonio Histórico-Artístico y Arqueológico (también redactadas con antelación a la reunión de la Comisión)”.
Ikusten denez, Lurmen aztarnategitik botatzeko erabakia azpikeriaz, gezurrez eta balizko prebarikazioz josia dago.
9.- Eliseoren kontrako isun-proposamena: 600 euro grafito bakoitzeko, 240.000 euro denera
Idazkunak eta marrazkiak zeramika, hezur, adreilu eta beirazko pusketen gainean eginda daude. Grafitorik ez duten pusketak zakar-pilara joaten dira ia guztiak, ez badute ertz bereziren bat edo horrelako zerbait. Beraz 400 pusketa horien balore materiala zero da, edo zerotik hurbil dagoen zifra bat. Zer balore zientifiko eta historiko dute zaborretara joan ohi diren zatiak? Non arraiotik ateratzen du epaileak pusketa bakoitzak 600 euro balio duela?
10.- Azken gogoetak
Autoan esaten direnak jorratu eta komentatu ditugu goian. Baina esaten ez dituenak eta esan beharko lituzkeenak ere komenta litezke. Epaileak ez du aipatu ere egiten benetakotasunaren eta praxi arkeologiko egokiaren aldeko hogeitaka txosten mardul burutu direla, eta horien sinatzaileen artean E. Harris, R. Colmenero, U. Fritz, R. Baxarias edo L. Silgo bezalako adituak daudela; beren prestigio profesionala arriskuan jarri arren, inork ez duela euro bat ere jaso trukean. Ez du aipatzen Batzordekide bat, bi txosten sinatu zituen J. Nuñez jauna, zuzendari berri izendatu zutela, epaile eta onuradun izan zela, eta karguan egon den zazpi urteetan imagina daitekeen gestiorik desastrosoena egin duela. Sei hilabetez kargutik eta unibertsitateko klaseetatik kendua egon dela, klaseetara zelabait joateagatik. VELEIA jartzen duen arari buruzko txostenaz gain, ez duela ezer argitaratu, Plan Zuzendariak horretara behartu arren, eta bere lehen langintza hondeamakina handi batez ia hamar mila metro karratu harrotzea izan zela. Gaur egun pena ematen duela aztarnategia ikusteak, eta haren bisitari-talde ia bakarrak benetakotasunaren aldeko mugimenduak erakarritakoak direla. Luze jarrai genezake bide honetatik baina honetan utziko dugu.
Zortzi urte eta erdiko tortura sufritu behar izan dute auzipetuek, batez ere Eliseo Gilek. Eta hori gutxi balitz, orain epaiketa etorriko da, itxura guztien arabera. Eta diru-isunaz gain, ez ginateke harrituko kartzela-zigorra ere eskatuko balu akusazioak, nahiz eta akusatzeko ebidentzia txikienik ere ez izan eskuetan, gorago ikusi dugun bezala.
Egoera honen aurrean, zer egingo du Arabako Diputazioak? Lanean jarriko ditu bere zerbitzu juridikoak auzipetuen kondena bilatzeko, kartzela barne? Ez dakigu, datozen egunetan argituko da. Hala egingo balu, krudelkeriaren goren gradura helduko litzateke. Urte hauetan izan dugun esperientziaren arabera, zera da iritzi zabalduena faltsutasunaren aldeko mugimenduaren barnean: “Eliseo ez da izan, hori badakigu, ziria sartu diote, beste norbait izan da”. Zenbat aldiz entzun dugun hau! Instrukzioak ere garbi utzi duen gauza bakarra horixe izan da: ez dagoela inolako frogarik Eliseoren kontra. Hori jakinda ere, Foru Aldundia ensañatu egingo da lehengo zuzendariarekin? Ez nuke egon nahi erabaki hori hartuko duten pertsonen larruan. Ez kontzientziak bakarrik, Historiak ere kontuak eskatuko dizkie ziur asko, eta uste baino lehenago, beharbada.
Zer egingo du Fiskaltzak? Ez dakigu. Orain arte geldi egon da. Erakunde biek, diputazioak eta fiskaltzak, aukera ederra dute auziaren artxiboa eskatzeko, baina, ikusiak ikusita, ezin itxaropen handirik izan.
Eta zer egingo dute alderdi politikoek? Gobernuan daudenek badakigu Diputazioari orpoz orpo jarraituko diotela, baina oposiziokoek? Zer egingo dute EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik? Otzan-otzan onartuko dute besteek egiten dutena, “justiziak erabaki dezala” esango dute, orain arte bezala? Justiziak erabakitzen duena onartzeko prest egoten zarete beste kasuetan? Egunkaria, Otegi, Cabacas…? Ala zuen iritzia aldarrikatu eta hortzak erakusten dituzue? Baina ez dezagun itxaropena galdu, oraindik astia dago kritiko agertzeko, eta, esate baterako, analitika berriak eskatzeko. Ikusiko dugu.
Auzi honetan pilatu den bidegabekeria eta zentzugabekeria ezagututa, ez dakit zuzen ala oker, baina batzuetan ondorio honetara heltzen gara: Hau “estatu-arazo” bihurtu da, eta ez du arrazoiak agintzen, “estatu-arrazoiak” baizik. Euskalduntze berantiarraren auziak pisu handia hartu du, eta “arrazoi” horri zenbait unibertsitariren arrazoi akademikoak eta krematistikoak gehitzen bazaizkio, irtenbide iluna du auziak. Baina zein estatuz ari gara? Zer egiten dute alderdi abertzaleek eta pertsona euskaltzaleek estatu horren sasi-interesei babesa ematen?
Lurmenek zein auzia argitzearen aldeko mugimenduak mila aldiz proposatu dute IRTENBIDEA : pieza esanguratsuenen multzo bat aukeratzea eta berme osoa eskaintzen duten Arkeometria laborategietan aztertzea. Adituen iritziz, gauden puntuan egonda, gutxienez hiru laborategi beharko lirateke. Agian hezurrezkoak (berrogei bat) Euskal Herrian bertan azter daitezke, gauza jakina baita gurean daudela hezur-irakurlerik onenak.
Helduko da bertsolariek VELE(G)IA, ARGIA eta EGIA sarri errimatuko duten eguna. Hala izan bedi!
Juan Martin Elexpuru, SOS Iruña-Veleiako kidea, 2017 maiatzak 9