Abenduaren 23an, Goienak argitaratzen duen Puntua gehigarrian, nire Iruña-Veleia sindromea artikulua azaldu zen. Hemen kopiatzen dugu:
—
‘Iruña-Veleia sindromea’
Ia zazpi urte egin ditu Ertzaintzak kasua ikertzen. Bere txostenean aitortzen du ez dakiela nor den ustezko faltsutzearen egilea (“grandes dificultades existentes a la hora de acreditar las responsabilidades individuales de lo sucedido”), Lurmenen nukleo gogorra omen; eta ezta non egin zen (agian aztarnategian bertan gauez edo oporretan, edota tailer edo etxe partikular batean); zein tresnarekin (“no se ha podido determinar la herramienta”); edo zein izan den eragilea, mobila (“aparente falta de motividad […], lo más verosimil es que los autores buscaran fama o dinero”). Nola aurkituko zuten ba ezer, grafitoak benetakoak badira? Hala ere, “La más grave falsificación de la historia de la arqueología mundial” da, Ertzaintzaren hitzetan.
Horrela definitu du Van den Driessche geokimikariak Veleia sindromea: erabakia aspaldi hartuta dago: grafitoak faltsuak dira; eta txosten eta ikerketa ofizial guztiek frogatu behar dute faltsutasun hori. Eta frogarik ez badago, asmatu egiten dira. Eta egileari buruz arrastorik ez badago, erruduna seinalatu (Eliseo Gil kasu honetan) eta hedabideetan txiki-txiki egiten da. Egia bilatzeak ez du interesik. Hobeto esanda, arriskutsua da. Utikan arkeometrian espezializatutako laborategiak eta kata kontrolatuak.
Hogei txosten egin dituzte bederatzi herrialdetako ikerleek benetakotasunaren alde, baina bost axola. Aldundiak grafologo bat hartu zuen 2009an Gil inkriminatzeko. Haren txostena ez zitzaien gustatu eta beste bat kontratatu zuen, eta honek ziurtatu zuen Eliseok egin zituela grafito guztiak. Oso arrazoi indartsuak zituen: 36.000 euro poltsikora. Orain Ertzaintzak berak aitortu du lehendik bagenekiena: grafologiak ez duela deus balio auzi honetan. Gilen aurka zegoen “froga” bakarra erori egin da.
Honela ere titula zitekeen artikulu hau: Grafitoen faltsutasuna Pirinioetan erabaki zen. Harrigarria, ezta? Zera esan zuen EHUko Gorrochateguik euskerazko grafitoen aurkezpen ofizialean, 2006an: “Y nuestro objetivo principal era hoy precisamente asegurar a esa comunidad científica que es verdad, que no es un fraude, que han aparecido unas leyendas escritas en alfabeto latino […] con leyendas en vasco antiguo”.
Eta zera idatzi zion Gorrochateguik berak Arkeologia Museoko zuzendariari lau egun geroago: “Estimada Amelia: […] Tras conceder dos entrevistas la mañana del viernes, me voy a los Pirineos. […] Y la conclusión de lo pensado estos dos últimos días con los datos que guardaba en mi memoria es que no se sostiene en absoluto que los textos en euskera sean antiguos.”
Zer gertatu zen bi egun horietan horrelako ziaboga bat egiteko? Berari galdetu beharko zaio. Kontua da, gure ustez behintzat, orduantxe erabaki zela auzia. Gerora, goikoen ekimen guztiak erabaki hura betetzera zuzendu dira. Veleia sindromea martxan zegoen.
Laster hasiko ziren Interneteko foroetan intoxikazioak, filtrazioak eta mozorro dantzak; Satorrotas eta Tatxi Piruli izango dira protagonista nagusiak. Ondo informatuta daude. Grafitoen edukiak ezagutzen dituzte. Isiltasun hitzarmena hausten dute. Euskalduntze berantiarra-ren defendatzaileak ere urduri daude. Espainiako historiagrafiaren dogma sakratu bat arriskuan dago. Interes eta pentsaera ezberdineko pertsonak bat egiten dute Iruña-Veleiako aurkikuntzak lurperatzeko.
Filologoek agintzen duten Batzordea, grafologoak, epaitegia, Ertzaintza… denak elkar hartuta. Gure politikari, hedabide eta intelektual gehientsuen laguntza edo pasibotasuna ziurtaturik dute. Horrela helduko gara 2016ra.
Ni neu, beste asko bezalaxe, konbentzituta nago irabazitako gerra baten aurrean gaudela. Grafitoak benetakoak direlako, gehiago agertuko direlako ondo induskatzen bada, analisiak egiten badira zaharrak direla ikusiko delako… Baina mugimendu indartsu bat sortzen ez bada herritarron aldetik, agian belaunaldiak igaro beharko dira auzia argitu arte.
Juan Martin Elexpuru