Komuneko grafologoak (3) Alde egin zuten grafologoen kasua

2007ko urtarrilean beren borondatez joan ziren langabeziara, Lurmenen lau urtez lan egin ondoren. 2007ko eta 2008ko haien berri handirik ez dugu, bakarrik EHUko Arkeologia Sailean sarri ikusi izan zituztela hirurak.

2009ko urtarrilaren 14an (2008-XI-19an eman zuen Batzordeak epaia) Eliseo Gilek Arabako Batzar Nagusien aurrean hitz egin zuen aurkikuntzen benetakotasuna beste behin ere aldarrikatuz. Agerraldiaren ondoren, lagun batek hiru arkeologoak ikusi zituen
Batzar Nagusietatik hurbil dagoen sagardotegi batean trago bat hartzen, Julio
Nuñez, Santos Yanguas, Lorena Lz de Lacalle eta Otsoa Eribekorekin batera. Pensatzekoa da Eliseoren agerraldia jarraitzetik zetozela.

Handik bi egunera, urtarrilaren 16an, hiru arkeologoek eta Lorena Lz de Lacalle diputatuak prentsaurrekoa eman zuten: “Arqueólogos que trabajaron en Veleia tiran de la
manta” titulatu zuen Correok hurrengo egunean.

Egunkari honek dionez,  Lorenaren eskariz agertu ziren prentsaren
aurrera. Beste gauza batzuen artean esan zuten ez zutela grafitorik ikusi lurretik
irteten, eta iradoki zuten Eliseo zela faltsutzailea. Hitzerdirik ere ez komuneko
grafitoez. Eliseo Gil eta Idoia Filloyk berehala erantzun zieten veleia.com webgunean
ipinitako idatzi baten bidez. Puntuz puntuz gezurtatu zituzten salatarien
esanak.

2009ko maiatzean, larunbat eguerdi batez, beste lagun batek bazkaltzen ikusi zituen Apellaniz eta Berjón arkeologoak El Portalón jatetxean, Lorena Lz de Lacalle, Otsoa Eribeko, Nuñez, Santos Yanguas, Gorrochategui eta Lakarrarekin batera. Zerbait ospatzen ari zirela zirudien. Eta bazuten horretarako motiboa. Eureka!, bonba bat zuten esku artean, froga definitiboa: 2004an egindako letrina. “Baina nola ez zitzaigun lehenago bururatu!?”. Bost urte behar izan zituzten konturatzeko.  Handik gutxira, ekainaren hasieran jakingo zen berria. Pozik ageri da Correo letrina salatariaren berri ematean: “Ludi Veleienses” delakoetarako egindako komuna, urrezko froga, epaitegiaren esku
zegoen dagoeneko. Orain grafologoak kontratatu eta lanean jartzea besterik ez
zen falta.

Urriaren 19an deklaratzera deitu zien arkeologoei epaileak, eta urtarrileko  prentsaurrekoan esandakoa berretsi zuten hirurek puntuz puntu.

2009ko udatik aurrera, eta indusketak bukatu ziren arte, hiru arkeologoetatik bi, Apellaniz eta Berjón, Julio Nuñezen zuzendaritzapean ikusiko dituzte lanean  Mariturri induskatzen.

Grafologoen gorabeherak hurrengorako utziko ditugu. Baina ez nuke atala itxi nahi aurrekoan plazaratutako galderari erantzun gabe. Zer gertatu zen hiru arkeologoak lana
bat-batean uzteko? Gerora gaiak izan duen bilakaera ikusita, zilegi bekigu
beren motibazioak asmatzen saiatzea. Hona hemen nire eta beste askoren ondo
oinarritutako susmoa:

2006ko bukaera aldera honelako zerbait esango zien EHUko Arkeologia Saileko bururen batek (edo batzuek). “Eliseo Gilen aroa amaitzear dago. Ez dakigu grafitoak faltsuak diren
ala ez, baina bost axola. Aztarnategia EHUren eskuetara pasatuko da denbora asko baino lehen. Baina ez da gauza erraza izango, eta zuen kolaborazioa beharrezkoa dugu. Urtetarako lana eta ardura garrantzitsuak ziurtatu dituzue, baldin eta lana utzi eta txintxo portatzen bazarete.”

Eta oso txintxo portatu ziren.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude