“Iruña Veleia, CSI eta arkeologia fakultateak”, Koldo Urrutiaren artikulua Berrian

Oso artikulu interesgarria argitaratu du Koldo Urrutiak Berrian, Arabako Iruña Argitzeko Batzordearen izenean.
Bestalde, Iruña Okako Udalaren webgunean “Demandan a la diputada para que analice las piezas de Iruña-Veleia” titularraz, goiko artikulua laburtzen da, eta argazki harrigarri bezain argigarria eransten: Julio Nuñez egungo zuzendaria, Lurmen kanporatzeko hainbeste lan egin zuen gizona (gogoratu bere izenpea daramatela Batzordearen bi txostenek), induskatzeko bere metodo iraultzaileari argazkirik ez ateratzeko esaten.

***

Iruña Veleia, CSI eta arkeologia fakultateak

Koldo Urrutia

Gutxik jakingo dute CSIko ikertzaile nagusia, Gil Grissom, hau da, Wilian Petersen aktorea, Arrasaten bizi izan zela gure antzinako kultura ezagutzera Euskal Herrira etorri zenean. Gainera,  bere alaba bati Maite izena jarri zion. Deitu eta gonbidatu egin beharko dugu Euskal Herrira bigarren bisitaldi bat egiteko, oraingoan Arabara, Iruña Veleiako misterioa argitzen laguntzeko. Izan ere, azaroaren 19an, 3 urte betetzen dira Arabako Aldundiak ostrakak faltsuak zirela erabaki zuenetik, tarte honetan, batzuek gai hau argitu ez dadin ahalegin guztiak egin dituztelarik.

Grissomek Estatu Batuetan zientzia forensea nola hasi zen kontatuko zigun, orain dela mende bat baino gehiago, hilketa bat gertatu zenean, herriko biztanle guztiak ohiko lan tresna zuten aitzurrarekin etortzeko deitu zituztenean. Hilketa berehala argitu zuten, errudunaren aitzur gainean eltxoak gelditu gabe zebiltzalako, ikusten ez ziren baina bertan zeuden odol arrasto batzuen  gainean.

Gero bi alde dituen zientzia kriminalistikoaren faseak azalduko lizkiguke. Alde bat proba zientifikoen elaborazioa da, eta hor 5 urrats daude: delitua gertatu den lekua babestea; behatzea; ondo mantentzea; indizioak jasotzea eta, azkenik, indiziook laborategitara bidaltzea azter ditzaten. Beste aldean ikerketa lan osagarri guztia dugu, analisiak bezain garrantzitsua dena, eta hor ekintza deliktiboarekin zerikusia izan duten pertsona guztiak sakonki elkarrizketatzea dago, gauzak argitzeko, kontraesanak topatzeko… eta, garrantzitsuena, delitua zergatik egin den aztertzea, hau da, nork atera duen onura argitzea.

Ondoren Grissomek galdetuko zigun ea Arabako Iruñan lan hauek egin diren. Zoritxarrez berak aipatutako gauzetatik ia bat ere ez dela egin esan beharko genioke. Lehendabizi, Aldundiak izendatutako Batzordean arkeometria alorreko aditu bat bera ere ez zegoela esango genioke, hau da, aurkikuntza arkeologiko bat benetakoa den eta noizkoa den zehazten duen jakintza alorrekoa. Hilketa baten ikerketan DNA frogak egin litzakeen teknikorik egongo ez balitz bezala. Sinestezina da, baina zoritxarrez hauxe da gertatu dena.

Zientzien alorreko zeuden kide bakarrak Fernando Legarda ingeniari nuklearra eta Juan Manuel Madariaga kimikaria ziren. Legardak C14 datazioak ondo eginda zeudela baieztatu zuen, hau da, zeramikak erromatar garaikoak zirela. Bestetik Madariagak hedabideen aurrean ostrakak faltsuak zirela esan zuen, osagai kimiko moderno bat aurkitu zuelako.

Eliseo Gilek argitu zion gaia, Madariagak aurkitutakoa zeramika zatiak lotzeko erabiltzen den kola zelako, ez besterik. Kimikari honek ez badaki ere, zeramika zatiak apurtuta agertu ohi dira eta. Madariaga jaunak arkeometriaz tutik ere ez dakiela eta EHUn hondakinak datatu ahal izateko behar diren tresnak, adibidez termoluminiszentziak edo masen espektrometiak egiteko aparailurik ez daukatela esango genioke Grissomi.

Ondoren, Iruñako indusketa eremura Batzordeko aditu bat bera ere ez zela joan esango genioke, Lurmen enpresak azken urteotan egindako lana in situ ondo aztertzera. Ez zutela proba bakar bat ere jaso, ez zutela laborategietara ostraka bakar bat ere bidali, nahiz eta akusatua zen Eliseo Gilek eskatu, aktetan ikus daitekeen moduan. Horrez gain, Gilek eta Perringek eskatutako kata kontrolatuak ere ez ziren egin. Grissomek ez sinesteko moduko aurpegia jarriko zigun baina Batzordeko inor ez zela indusketako langile guztiekin egon informazioa jasotzeko edo kontraesanetan harrapatzeko ere esango genioke, gaia argitzeko ezinbestekoak diren gauzak.

Horrez gain, delitua egiteko arrazoia, hau da “mobila” ez dela aztertu esango genioke. Eliseo Gilek agertzen ari ziren pitxar, plater eta abarrekin urte askotarako finantzazioa ziurtatuta zeukan, nahiz eta ostraka bakar bat ere agertu ez. Zergatik arriskuan jarri berak, eta ez beste inork, abian jarri zuen indusketa? Faltsifikazioak egiantza izateko egiten dira, arkeologian, artean edo edozein arlotan. Orduan, zer zentzu zeukan ohikoak ez diren hitzak jartzea, inoiz ere agertu gabeak?

Onura atera dutenak argi ikusi da zeintzuk izan diren azken urte honetan. Batetik Julio Nuñez EHUko irakaslea, “arte eta parte” duena, Eliseo Gil indusketatik kanporatu zuen Batzordeko kidea eta Iruña Veleiako oraingo zuzendari berria dena, nahiz eta hondeamakina sartuta sektore oso bat suntsitu duen eta, proportzioan, aurreko Eliseo Gilek baino askoz soldata handiagoa jasotzen duen. Bigarren “onuraduna” Joseba Lakarra da, bere aintzineuskararen teoria irakasten jarrai dezakeelako EHUn, nahiz eta agertutako ostraken testuek bere teoria hau ia erabat pikutara bidali duten.

Julio Nuñez                             Joseba Lakarra

Grissomek, segururenik, errepublika bananera batean gaudela pentsatuko luke, eta ez nolabaiteko kultur maila duen herrialde batean. Baina, zentzuz jokatzen duen jendea egon badagoela ikustarazteko, gai hau daraman Epaileak datazio eskaera onartu duela esango genioke. Nahiz eta, orain arte bederen, gaia ez duen ondo kudeatu. Lehendabizi ikerketa Guardia Zibilari egitea agindu zion, jakinda, EHUn gertatzen den bezala, arkeometria laborategietan dauden tresna berezirik ez duela. Horregatik datazioak ezin dituztela egin erantzun diote Epaileari urte bete pasatu ondoren. Beste 6 hilabete pasatu dira, guztira 18 hilabete, datazio eskaera onartu zuen egunetik. Zain jarraitzen dugu Lorena Lopez de Lacalle diputatuak hasieratik egin behar zuena egiteko: ostrakak arkeometria laborategi batera edo bitara bidali, faltsuak ala benetakoak diren jakiteko.

Gobernu aldaketarekin, Kultura Saileko diputatu berria den Iciar Lamarainek gure Batzordearekin egindako bileran, argi esan digu datazioak ez dituela egingo eta Epailearen zain egongo dela gai honetan. Zoritxarrez, tartean Kultura diputatua izan den Malentxo Arruabarrenaren ildo berari jarraitzen dio. Urteak eta urteak gai hau argitzeko? Egunkariko epaiketak 8 urte iraun zuen eta emandako epaia, hain berandu izanik, ez zen egindako gaitza konpontzeko gai izan.

Gure herriko justiziak zelan funtzionatzen duen ikusita, Arabako Aldundiko Kultura Sailetik pasatu diren hiru diputatuek ostrukaren politika egiten jarraitzen dute, ostrakekin ostrukarena egin! Non eta 15.000 euro gastatuz eta 10 pieza polemikoenen datazioak eginez, hilabete batean konponduko litzatekeen gai batean!

Lorena Lpez. de Lacalle     Malentxo Arruabarrena eta oraingo Iciar Lamarain

Gizarteak hiru urte daramatza itxoiten eta ez da ezertxo ere aurreratu gai honetan. Ostraken benetakotasun ala faltsutasunari buruzko eztabaidak bizirik dirau, egiazkoak izan daitezkeela esaten duten txosten gehiago argitaratzen jarraitzen direlako, une honetan 18ra heldu direlarik. 2.450 orrialdeetan Aldundiaren Batzorderen txosten askotan –ez guztietan- agertzen ziren “ezinezko” ia guztiak argituta daude. Faltsutasunaren aldeko batzordekideak oraindik ez dira 18 txosten hauetako kontra-argudio hauei erantzuteko gai izan, ezta publikoki gai hau eztabaidatu nahi izan ere. Horrek, argi eta garbi, haien argudioen sendotasun maila zein den erakusten du.

Hiru urtetan zain egon ondoren, gai hau atzerrira eramatea erabaki dugu. Datorren hilean Europa eta mundu mailako 100 arkeologia fakultate garrantzitsuenetara bidaliko dugu gutun bat, historia triste hau kontatzeko. Jakin dezatela hemen zer ari den gertatzen: azken 100 urteotan izandako aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuenak ez dituztela datatu nahi; jakin dezatela sektore oso bat suntsitu dutela hondeamakina bat sartuta, harlauza batzuk apurtu eta harlauzen gainean zegoen guzti-guztia isurtegira bidali dutela.

Norbere herriari buruz atzerrian gaizki hitz egitea gauza tristea da baina Arabako Foru Aldundiak eta EHUko Letren Fakultateak beste alde batera begiratzen jarraitzen duten bitartean, beste erremediorik ez daukagu.

Horrez gain, guzti hau jasota gera dadin, gaur azaroaren 21ean berriro ere Arabako Foru Aldundian aurkeztutako idazki baten bidez, zera eskatu dugu: ostraka polemikoenak datatzea faltsuak ala egiazkoak diren jakin dezagun; publikoari ostrakak ikusteko aukera ematea, zelan dauden ikus dezagun; eta, azkenik, sektore oso bat hondatzeagatik, Julio Nuñez indusketako zuzendari gisa kentzea eta, egin dituen kalteengatik, bere kontra ekintza penalak aurkezteko aukera aztertzea.

Arabako Iruña Argitzeko Batzordea

(Euskeraren Jatorriaren blogetik hartuta)

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude