1.- RIP. Honetan behintzat epaileak zabalik izan ditu begiak: “… resultando que, al tratar dicha pieza, la restauradora Paloma López Sebastián pudo comprobar que en la misma no pone RIP a pesar de parecerlo a simple vista, y a diferencia de lo que han manifestado otros expertos, incluyendo los peritos calígrafos de la acusación particular.” (142. o.). Faltsuketa zaleen ikonoa puskatu da epailearen eskuetatik jausita.
Paloma Lópezek eta Isabel Ortizek, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuko teknikariek deklaratu zuten epaiketan. Egun hartako kronika zati bat kopiatzen dugu: “Biak bat etorri dira ez duela RIP jartzen, baizik eta hiru marra direla, santutasunaren ikurra, I-Vko beste pieza kristau batzuetan agertzen direnen antzekoak. Zaharberritzen ari ziren pieza tratatu zuten, mikroskopioz begiratu zioten, eta biak ondorio horretara iritsi ziren inolako zalantzarik gabe.”
2.- DESCARTES. Bestalde, Jose Manuel Tarriño arkeologoak (lekuko gisa deklaratu zuen alde biek eskatuta) gauza bera esan zuen balizko RIPi buruz, eta gaineratu ez duela DESCARTES jartzen. Kronika. “Asteazkenean, hiru arkeologo salatarien ostean, Jose Manuel Tarriñok, Lurmenekin arkeologo eta marrazkilari lanak egindakoak deklaratu zuen. Arkeologo beteranoa, berrogei urte baino gehiago darama lanbidean. Bere esku egon zen grafitoen marrazketa. Oso trebea da horretan. Haren adierazpenak ez dira inon ageri, batetik berandu deklaratu zuelako (arratsaldeko bostak aldera hasi zen), eta bestetik esan zituen gehienak Lurmenen aldekoak direlako.
Hiru salatariek DESCARTES irakurtzen dute oraindik, edo behintzat horrekin ere eraso nahi izaten dute. Berak garbi esan zuen pieza hori marrazteko sakon begiratu zuela bitarteko guztiak erabiliz, eta MISCART jartzen duela. Bestalde, balizko RIP hiru marra direla jatorriz, zalantzarik gabe, eta ilusio optikoan eragina dela RIP irakurketa, gainazala zartatu delako zonalde horretan.”
DESCARTES ez du aipatu ere egiten epaiak, nahiz eta faltsuketa zaleen beste ikono bat izan eta presentzia handia eduki epaiketan. Beste gauza interesgarri asko argitu zuten bi zaharberritzaileek egun hartan, nahiz eta egun hartako albistegietan eta hurrengo eguneko egunkarietan ezer ez agertu. Hurrengo atalean zehaztuko ditugu.