‘Ostrakak eta ostrukak’ artikulua Erlea-n

Igaro dira oporrak eta hemen gara berriro, bizioari ezin utziz. Egia esan, azken egunetan ez dugu bake handirik izan, Patxi H-k polemika piztu baitu Sustatu-n 17050 piezaren kontura.
Euskaltzaindiak Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean argitaratzen duen Erlea aldizkariaren 2. alean nire artikulu bat argitaratu da 28. orrialdean, Jose Mari Iturraldearen lan baten barruan. Joan zen abenduan idatzia da eta honela dio:

OSTRAKAK ETA OSTRUKAK

JM Elexpuru

Gaztetan, Erroman ikasle nintzelarik, egunero pasatzen ginen Campo dei Fioritik unibertsitatera bidean. Plaza erdian dagoen Giordano Brunoren irudia ikustean,
“hementxe erre zuten, Lurra ez zela unibertsoaren erdigunea esateagatik”, azaltzen zigun taldeko zaharrenak. Aspalditxoan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plaza zeharkatzen dudalarik, begitanzinoa egiten zait, Eliseo Gilen estatua ikusten dut orain gerra-monumentua dagoen lekuan.

Grezia zaharrean agintariek pertsona bat begitan hartzen zutenean, batzarra deitu eta ostraka (zeramika zatia) batean idatziz erabakitzen zuten pertsona hori ostrazismora bidali ala ez, erbestera, alegia. Hemen ere, agintariak bildu eta gizon jakintsuei entzunda gero, foru-dekretua idatzi, aztarnategitik kanporatu eta epaileetara bidali zituzten Eliseo Gil eta Idoia Filloy. Epaileek oraindik ezer esan ez duten arren, urtebete daramate pikotan lotuta, hedabideen listukadak eta aurretik pasatzen direnen isekak jasanez.

Ezinezkoa da lerro gutxitan gertatutakoa laburtzea. Gaian sakondu nahi duenak badu nora jo.  Egunkarietan berriki agertu diren lau argazki komentatzera mugatuko naiz. 1) 2009ko urriak 7, herri plataforma bat manifestua
plazaratzen. Eskakizun nagusiak: grafitoen analisi eta ikerketa zientifiko berriak
egitea, eta parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa
kontrolatuak burutzea. 2) Urriak 30, Eliseo Gil eta Idoia Filloy prentsaren
aurrean, lehenbizikoz ia urtebetean, beren aldeko 13 txosten aurkezten. Harris
arkeokogo estatubatuarrarena, Ulrike Fritz egiptologo alemaniarrarena, R.
Colmenero epigrafista galiziarrarena, Hector Iglesias filologo lapurtarrarena,
tartean. Ia 1.300 orrialde. Inork ez du euro bat ez eskatu eta ez kobratu
lanagatik. 3) Azaroak 5, Bibat Museoan Kultura Diputatua eta EHUko
Erretoreordea Iruña-Veleiako hurrengo hamar urterako “Plan Zuzendaria”
sinatzen. 100.000 euro jartzen dira  bi hilabetean plana idazteko. EHUri ematen zaio aztarnategiaren kudeaketa eta faltsutasunaren aldeko txostengile bat izendatzen da zuzendari. “Erreleboa” gauzatzen da. 4) Azaroak 21, Correo egunkariaren lehen orriko titularra: “Grafólogos apuntan a Eliseo Gil como el autor de las falsificasiones”. Barruan bi orrialde ostraka “faltsuen” argazkiekin eta Eliseori buruzko komentario gozoekin. Txostena ezagutzen dugunok ez dakigu negar ala barre egin.

Auzia lehertu zenetik urtebete luze igaro denean, harrigarria da goitik datozen bertsioak sinesten oso zalea ez den gizarte honen isiltasuna, eta  batez ere
“euskaldungoa” deituriko sektorearena. Inork ez daki ezer, ezta filologorik
filologoenak ere, inor ez da espezialista euskara zaharrean, iritzia emateko
edo gutxienez zalantza astintzeko protoeuskaran katedratikoa izan behar balitz
bezala.

Nolanahi ere, gauza buelta hartzen ari dela dirudi, eta ez harritu hemendik denbora batera Iruña-Veleia toponimoa “esaten nuen nik” esaldiarekin oso lotuta agertzen bada. “Zenbat aldiz esan nizun nik, e, Joxepa?”

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

3 erantzun ‘Ostrakak eta ostrukak’ artikulua Erlea-n-ri

  1. egilea: XABI

    kaixo!

    kasualitatea, baina antzeko titulua erabili nuen nire blogean.

    iritsiko da argia iluntasunaren erditik.

    hona nire blogeko sarrera.
    http://euskalpoesiablagabloga.blogspot.com/2009/10/ostrakak-ostrukak.html

    uste dut lagunak ditugula amankomunean. balentziagatarrak, hondarribian bizi direnak.

    izan ongi ta eutsi goiari

  2. egilea: Juan Martin Elexpuru

    Bai, kasualitate polita, Xabi. Ea egia den argiarena. Gorantziak Uxue eta Markoxi.

  3. egilea: Juanjo

    Ez, katedratikoa, baina, argi dago edonork ezin duela nahi duenaz iritzia eman edo, hobeto esanda, ezin duela eskatu bere iritziei arreta jartzea, ez badaki hitz egiten ari denaz deus.

    Uste nuen aldizkari serioagoa zela Erlea…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude