Ongi etorri, Mentxu!

Nire blogek kolaboratzaile bat izango dute, bere ekarriarekin aberastuta aterako dira: Mentxu de la Cuesta. Pintura, fotografia, literatura, erakusketak… Gai horiek ekarriko dizkigu Mentxuk, artearekin lotura duen edozer, eta, esan beharrik ez,  bizitzarekin berarekin ere bai! Ongi etorri, Mentxu!

http://bidasoatik.blogspot.com

Caravanserai

Caravanserai

“Basamortuko karabana nomadek egun luzeetan ibiltzen dira bazter lehor eta babesgabeetan zehar. Caravanseraietan aurkitzen dute atsedena eta indarrak hartzeko lekua.”

-Caravanserai kafetegian duela 11 urte hasi ginen erakusketak egiten; lehenengo argazkiak bidaien ingurukoak izan ziren, hori zen eta hasierako asmoa, bidaiak kontatzea argazkien bidez –dio Gorkak–.
Gaur egunean bestelako argazkietara ere irekita daude, argazkilari guztiei eskaini nahi die lokala.
“Erakusketak egitera anima daitezela nahi dut”.

Caravanserai

Josune Laka Boulevard Kafetegia

J.Laka_collage digitala

Umetako lagunak gara Josune eta biok. Erretrato zoragarriak egiten zituen arkatza eskuan hartuta, beti marrazten.
Artista aparta da,  jakin minez beterik, beti ikertzen, beti aurrera. Teknika asko landu ditu: serigrafia, pintura, grabatuak eta collage digitala.

Bere lanak ikusi nahi badituzue, ikusgai daude Boulevard kafetegian.

J.Laka-serigrafia

Laura Ruiz Boulevard Kafetegia

Laura_0004

Badira lekuak bere txikian oso handiak direnak, mugabeak. Horietako bat Irungo Boulevard kafetegia dugu. 
Lekua xumea da, atsegina, erosoa, txoko goxoa. Bertan artea aurkituko duzu arte ederra eta era askotakoa.
Mikelek eta Jonek jakin izan dute hori lortzen eta bete-betean asmatu dute, gainera.
Hara hurbilduz gero, beti dago erakusketaren bat: pintura, keramika, argazkiak…, edota liburu baten aurkezpena.

Garagardozale amorratua zara? Marka askotakoak edateko aukera izango duzu, eta tragosxka bat hartzen duzun bitartean, aldizkari interesgarriak dituzu han irakurtzeko, eguneko prentsaz gain, jakina.
Pasadan abendua, Laura Ruizek –”7 emakume en femenino taldeko partaideak– izan zuen erakusketa.

Laura_1059

Ahal izanda, ez galdu bertara joateko aukera, ez zara damutuko eta.
Boulevard Kafetegia
Anzaran plaza 11
Irun

Auzolana: Molinar ubidea


Molinar ubidea

Eliz atariko auzolanean ari zirenei argazkiak egiten nenbilela, esan didate:
–¿Les has hecho fotos a los del auzolan de la acequia Molinar? Estarán hasta las 11.

Ez dute euskaraz berba egiten, hala ere euskal hitz asko eta asko darabiltzate eguneroko bizitzan. Erretena garbitzen ari zirenengana joan eta Jesus Mari Aoizek eman dizkit azalpenak. Berbetan ari ginela, momentu baten esan dit: “Todo lo que retiramos de la acequia, lo echamos a la zaborra“. Eskuaz keinua eginda, pilatutako zikinkeria erakutsi dit, zaborra erakutsi dit. Esan behar dut grazia egiten didala entzuteak nola ahoskatzen dituzten hitz horiek, zeta horiek, gaztelaniaren ahoskeraz!

Mendiko oinetakoak ditudan arren, zikindu edo busti egingo ote naizen kezka dute, belarrak bustita daudelako eta lokatza dagoelako. Sekulako kiratsa dario erretenetik ateratzen duten lokatzari!

Ura moztuta dugu orain; berriz pasatzen hasten denean, hasieran arre-arre ikusiko duzu eta segidan garbi-garbia. Minutu batzuren kontua baino ez da.
Hala izan da. Hamaiketakoa jateko prest daude, Zazpiturrieta iturriaren ondoan.

 Hamaiketakoa-almuerzo
  -Egun on, Jesus Mari. Azalduko didazu zer egiten duzuen auzolan hau aurrera eramateko?
Ubidearen garbitze-lanak urtean bitan egiten dira, maiatzean eta ekainean. Horretarako, Ureztatze-batzordeak deialdia egiten du idatziz, eta bertan azaltzen du zein egunetan garbituko den. Beti izaten da larunbatean eta goizez, goizeko 8etan hasi eta 11k aldera amaitu; 20-30en bat lagun biltzen gara, denak borondatez.
Erretena 30 baratzez dago osatua eta 9 hektareako azalera du (90.000m2). Erretena 94an egin zuten.
Orain errazagoa da garbitzea, lehen lur-arrasean zihoanez, belarrak eta lurra garbitu beharra zegoen. Aspaldi baten, erretena garbitzera joaten zenak kobratu egiten zuen, lan oso neketsua baitzen.
-Deialdia egin eta…, ba al dakizue zenbat lagun azalduko den?
Ez, baina beti etortzen dira, erretena garbi mantentzea denontzat baita mesedegarri, eta auzolanean eginez gero, askoz errazagoa!

-Ureztatze-batzordea aipatu duzu…
Ureztatze-batzordea osatzen dute baratzea aldamenean duten bi lagunek. Udaberrian egiten da batzorde-aldaketa, beraz laster izango dugu berria, eta hurrengo batzordean egongo dira oraingoen aldamenean baratzeak dituztenak, eta horrela hurrenez hurren.
Eskerrik asko, guztioi.

Hamaiketakoa-almuerzo

Irradaka

irradaka

Martxoaren 7an IRRADAKA ekitaldian parte hartzera gonbidatu ninduten. Ondarroako emakumeen Udal berdintasun kontseiluak antolatutako ekitaldia Kafe Antzokian egin zen. Idazle batzuek testuak irakurtzen zituzten bitartean, beste emakume batzuek margotu egin behar zuten panel bat. Beste hiru emakumek musika jo; eta nik argazkiak atera.

PARTAIDEAK
Emakume idazleak:
Aintzane Arrieta (Aulesti)
Yolanda Arrieta (Etxebarria)
Leire Bilbao (Ondarroa)
Yolanda Larreategi (Markina)
Miren Agur Meabe (Lekeitio)
Maribi Unamuno (Aulesti)
Ana Urkiza (Ondarroa)

Irakurleak: Emakumeentzako jabekuntza Eskolako ikasleak (Munduko emakumeen literatura ikastaroa).
Mari Cruz Lekunberri
Alaitz Monasterio
Mª Antigua Beristain
Miren Urresti

Emakume margolariak:
Nagore Agirre
Nekane Akarregi
Angela Etxebarria
Josune Laka

Emakume musikariak:
Nekane Etxebarria (soinua)
Esther Gabiola (biolina)
Uritze Laka (flauta)

Eskolastikako kidea:
Isa Castillo
Antolatzailea:
Ondarroako Udal Berdintasun Saila
Rosa Baltar

Irradaka
Irra, irrada, irradan, irradaka.
Irra: kirrinka, burrunba, garrasia.
Irra: usoei nahi oiloei egiten zaien deia, jaten emateko orduan.
Irrada: errenkada, lerro, ilara, erreskada.
Irrada: eskuz ereitean egiten den botaldi bakoitza.
Irrada: goruaren ardatzean batzen den hari-besobete bakoitza.
Irrada: korruko dantza.
Irrada: izpia, irradiazioa.
Irrara: txorien txorrotxioa.
Irradan egin: lasterka egin, korrika egin, arineketan egin.
Irradan egin: dantzan egin.
Irradaka: besaka, ahurka, parrastaka.
Irradatu: errainutu, distiratu, dirdiratu.
Irra, irrada, irradan, irradaka.

irradaka-murala_0185 copia 2

Aitte

aitte_37 copia

Ez zen berbalduna, baina biziki maite zuen kantatzea. Gogoan dut berak sarritan abesten zuen kanta, mantso-mantso eta ahots baxu-baxuaz, eta zelan esaten zion amak: “Joxe, kanta ganoraz!”, amak ez baitzuen gustuko hain baxu abestea: “Estas son las mañanitas que cantaba el rey de abril y a las muchachas bonitas se las cantamos así”. Hori entzun eta guk berehala: “Aitte, el rey David, el rey David, txarto esatezu”. Berak begi-keinua egin eta jarraitzen zuen berdin abesten. Bere azalpena zen: “rey David zein ddan eztaitt, polittaua ra rey de abril, udabarriko erregi; ez?

Lehenengo hauteskunde demokratikoak izan zirenean elkarrekin joan ginen botoa ematera. Galdetu egin nion ea zeni emango zion botoa. ANVri emongotzat, gudarixei”. Zelako ezustekoa hartu nuen, ziurtzat jotzen bainuen PNVri emango ziola! Ni militante “trostkoa” nintzen, uste nuen zer edo zer-edo banekiela politikaz, eta hara non gure aittak aipatutako alderdiaz deusik ere ez nekien, bizitzan lehenengo aldiz entzuten nuen izen hura.

Aurreko egunean, Hondarribiako Kultur Etxean prentsaurreko baten izan nintzen, Kandido Sasetaren aldeko taldearen prentsaurrekoa zen. Haren gorpuzkiak aurkitu dituzte Asturiaseko Areces herrian; beste 80ren bat gudarirenak ere omen daude leku berean.
Kandido Saseta komandantea (Hondarrribia 1904-1937 Asturias), gudarien komandantea. Hondarribian lurperatuko dute, Jose Bergamin idazlearen hilobiaren ondoan. Iaz, otsailaren 24an, homenaldia egin zioten Hondarribiako hilerrian. Bertan, senitartekoekin batera, gudari bat ere izan zen.

Saseta_omenaldia_3576 copia

Alaba

Laida_22

Bilbon bizi nintzen, lanean eta karrerako 4. kurtsoa egiten. Jakin nuenean umea izango nuela, garbi neukan ez nuela hiri baten bizitzen jarraitu nahi, neuk izandako haurtzaroaren antzekoa eskaini nahi nion jaioko zen umeari. Gogoratzen nuen kalean, jolasean, orduak eta orduak ematen genituela, udan, gainera, berandu arte. Gogoratzen nuen kaletik amari deitzen niola: “Ama, meixendi!”, eta amak balkoitik botatzen zidan. Pentsatu eta egin: trasladoa eskatu nuen beharrean. Lankide batek, Mikel Ormazabalek, bertso hauek egin eta denen artean abestu zizkidaten, Carmenek soinua jotzen zuen bitartean.

Ez nuen probarik egin neska ala mutila zen jakiteko, barrenak esaten zidan neska izango zela, eta izen bakarra genuen aukeratua: LAIDA.
Laida: kimu berria; hondartza, itsasoa, ura… uraren indarra, mugaezina, librea… Horiek guztiak izen baten bilduak; halakoxea izatea nahi nuen.
Eta gure Laida 1983ko irailaren 30ean jaio zen. Hogei eta lau urte pasa dira, eta urte horietan guztietan ondo baino hobeto erakutsi du bere indarra, bere nortasuna.

Laida_1 copia

Txiker-txikerra zen (2’875 kg), aurpegia borobiltxua, begiak ilunak, sudurra xapal-xapala, hatzamarrak luxe-luxeak… Ze politta!
Txaketatxo bat egin nion jaiotzen zenerako. Nire ilobak, Anak, esaten zidan, irrifartsu: “Handia izango du hori”. Arrazoirik ez zuen falta, zazpi hilabete behar izan zituen hura janzteko!

Mimosa hutsa zen. Gauetan, oheratzen nuenean, ez zuen maite bakarrik egotea, negar egiten zuen eten gabe. Besoetan hartzen nuen, burua nire paparraren kontra jarri eta berehala geratzen zen lotan, goxo-goxo. Biziki maite zuen ura. Bainutik atera eta negar egiten zuen. Mimosa, kuxkuxeroa, alaia! Nola maite zuen ziburuan ibiltzea! Donostiako beste lankide batek, Telesek olerki hori dedikatu zion.

Soroetan zebilela, haur hezkuntzan, ikasturte amaieran jaia antolatzen zuten irakasleek. Andereñoek bazekiten elikadura bejetarianoa ematen niola; horrexegatik berari noziladun ogitxo goxoak eskaintzen zizkioten. Berak hura ikustean esaten omen zien haserre-haserre: “Nik nahi dut txorizo de bokadilo”. Behin Santo Tomas egunean Donostira eraman nituen bera eta lagun baten alaba. Txistorra jan nahi zuten eta eskatzean esan nion txosnakoari: “Bat txikia, umearentzat”. Hori entzun eta berehala berak: “Nik handia, nik txistorra handia”. Bejetarianoa izatea nahi nuen, baina bera “todo terreno” irten zitzaidan: okela, txorizoa, txistorra, urdaiazpikoa… horiek, batez ere, zituen gustuko.

Andereño Belenekin “infinito” hitzaren esanahia edo ikasi zuten. Handik aurrera dena zen infinito: “amatxo, gaur jango dut… infinito”; “gaur lo egingo dut infinito”.
Amatxo, maite zaitut infinito!
-Nik maite zaitut hemendik ilargiraino –erantzun nion nik–.
-Nik, amatxo, hemendik… Ameriketarino!
-Nik gehiago maite zaitut –erantzun nion–, ze ilargia urrutiago dago.
-Ez, amatxo –serio-serio berak–, ilargia ikusi egiten da eta Amerikak ez!

Beti gauzak garbi azaldu izan dizkiot, pertsona heldu bat balitz bezala. Lantzean behin, erosi ezin nizkion gauzak eskatzen zizkidan. Garestiak zirela, nik ezin nuela hainbeste diru gastatu erantzuten nion. “Amatxo, erosi dirua, ba! horrela eukiko duzu”.
 
Helduok ohitura izaten dugu umeei galdetzeko ea zer izan nahi duten nagusitan; Laidak beti erantzuten zuen: “Nik Eroskiko kajera izan nahi dut”. Jakin zuenean Eroskiko kajerek erabiltzen zuten dirua ez zela eurentzat ez zuen gehiago aukera hori aipatu.

Hamalau urte zituela, udako oporretan esan zidan:
Amatxo, nik uda honetan lana eingo dut.
-Lana? Zertan?
-Tabernetan eskatuko dut.
-Gaztetxoegia zara, bixotza.
-Jendea behar izaten dute udan; galdetzera joango naiz.

Laga nion joaten, ilusioa, behintzat, ez nion nik kenduko. Zein tabernarik emango zion lana 14 urteko gaztetxo bati? Bazkaltzeko ordua ailegatu eta… bera falta. Arratsaldeko hirurak… ondiokan falta. “Aitarekin egongo da bazkaltzen” esaten nion neure buruari. Baina ez zegoen aitarekin. Kezkatuta, San Pedro kalera joan nintzen, han ikusten ote nuen; arratsaldeko laurak ziren. Alabaren lagun batekin topo egin eta galdetu nion:
“Nahikari, Laida ikusi duzu? Eguerdian irten da eta oraindik ez da itzuli etxera”.
-Laida? Bai, lanean dabil, super konttent!, proba moduan hartu dute.
-Lanean? Non, baina?
-Txarpan, bostetan amaituko du.

Lasaitua hartu nuen. Bertara joan nintzen aringa-aringa. Espigoiaren hasieran zegoen self-zerbiza, eta hantxe aurkitu nuen neure umea. Nekatua, baina poz-pozik. Harrezkero, uda guztietan egin izan du lan. “Amatxo, horrela ez dizut dirurik eskatu behar, nik ere lagundu nahi dut”.

Gaueko bederatzietan afaltzen genuen. Behin, institutuan zebilela, afaltzeko ordua iritsi eta… alaba falta. Gaueko bederatziak, bederatzi t’erdiak, hamarrak… eta ez zela agertzen! Sutan nengoen, txikitu egingo nuen! Hurrengo egunean goiz jaiki behar zuen ikastetxera joateko; non demontre ote zegoen! Halako batean atea zabaltzen sumatu nuen:
-Gabon, ama!
-Baine, baine, jakin leike non eon zaren orain arte? Hauek eztiz etxera etorteko orduak!
-Ama, ez ein errixetan, munizipaletan izan naiz eta!
-Munizipaletan? Ze eizu?
-Salaketa jartzen izan naiz, ama.
-Salaketa? Ze salaketa? Ze gertatu da?

Urria zen, hamazazpi urte egin berriak aurreko astean. Ekainaren 30ean Irungo San Martzialetan hartu zuen parte, lehenengo aldiz, txilibitoa jotzen. Etxera zetorrela, mutil batek eraso egin zion, errugby jokalari batek, kalean, San Pedro kalean.
Beste eraso batzuen hasiera baino ez zen izan hura. Hiru eraso, hiru salaketa, hiru epaiketa. Hurrengo baten hitz egingo dut horretaz, luze eta zabal.

Nortasun handikoa dut alaba, oso heldua bere adinerako. Hondarribiako heldu askok erasoen aurrean egin ez zutena egin zuen berak adoleszente bat baino ez zela: salatu eta aurre egin. Itsasoaren antzera, ez du atzera egingo, ez du utziko inork mugak jartzerik berari.

Amamak ezagutu izan balu, amama biziko balitz, oso harro egongo zen beraz, ni neu nagoen bezala.

 Laida_itsasoa_2745 copia

Isun selektiboak

autoa_0018 copia

Hauxe da Hondarribiako udaltzainen estilo berria, edo, agian, esan beharko nuke betiko estiloa. Eta selektiboak direla diot, ez baitute berdin jokatzen bizilagun guztiekin isunak, multak jartzeko orduan.

Selektiboak dira ez ikusiarenak egiten dutelako:
batzokiaren aurrean, EGUNERO, autoak gaizki aparkatuta egon arren.

-udaltzaingoaren bulego ondo-ondoan, goizeko 8etan hasita, Hawai gozodendako espaloian autoa aparkatuta egon arren, euren muturren aurrean.

 autoak_asteazkena_0122 copia


-udalaren kamioiak espaloiaren gainean –gaizki aparkatuta– igande goiza eta arratsaldea eman arren. Eta udalarena izanda ere, arauak bete behar ditu, besteok legez.

 autoa_0219 copia

-atzerritarren motoak Arma Plazan aparkatuta egon arren.

motoak_0228 copia

-Alamedan atzerritarren autoak gaizki aparkatuta ikusi arren.

-eta edozein lekutan, eta edozein ordutan, eta edozein egunetan eta edozein espaloitan… autoak gaizki aparkatuta eta eurak ezer egin barik.

Eta SELEKTIBOAK izateaz gain, ERREINZIDENTEAK DIRA axolagabekeriaz y faboritismoz jokatzen dutelako. Eta ausardia dute auzotar batzuei, ez guztiei, jakina, nota anominoak uzteko autoan –erreinzidenteak direla esanez– eta isunak jartzeko.

Biztanleok eskubidea dugu jakiteko zeinek jarri digun eta zergatik jarri digun guri, eta ez ondokoari. Biztanleok ez gara izkutatzen erreklamazio bat egitera joaten garenean. Herritarrok eskubide osoa dugu etxe ondoan aparkatzeko “karga eta deskarga” egiteko.

Argazkiak hartuta daude:
-Udaltzainen bulegotik hasi eta 200/300 metrora.
-bizpahiru egunetan, eta egun bakoitzean 10’ zeregin horretan.
-argazkiren bat errepikatuta dagoela ematen badu ere, ez da hola; egunero auto batzuk, eta, sarritan berberak, horrela aparkatzen dutelako da.
-autoen matrikulak apropos, nahita ezabatuta daude, nire asmoa ez baita salatzea, ez eta udaltzainen lana erraztea. Nire asmoa udaltzainen utzikeria eta faboritismoa agerian uztea da.
Nik argazkiak aurkezten ditut frogatzat. Eta eurek?

Argazki gehiago ikusteko, sakatu gainean.

7 emakumeren ikuspegia

katalogoa

7 emakumeren ikuspegia emakumeaz

Hondarribian egindako erakusketa baten ezagutu genuen elkar: Emakume artistak. Bakoitzaren lanak hurbildu gintuen. Eta esan dezakegu obrak berak elkar aurkeztu gintuela eta gure artean zubia eraiki zuela.

Espezialitate baten baino gehiagotan aritzen gara:

Josune Laka: Grabatua, serigrafia eta pintura.
Txelo Sanchez: Argazkigintza analogikoa eta digitala.
Laura Ruiz: Diziplina anitzekoa: argazkigintza, eskultura, pintura eta marrazketa.
Maite Biurrarena: Arte plastikoak eta diseinua.
Ainara Oskoz: Arte plastikoak eta eta pintura.
Vanessa Soodeen: Ilustrazioa eta bideogintza.
Gotzone Elu: Argazkigintza digitala.

Gustatu egin zitzaigun gutako bakoitzak ikusgai jarri zuena, eta horrek ekarri zuen besteen lanengana hurbiltzea. Eta beste emakumeen lanak sortzen zigun lilurak eta errespetuak bultzatuta, eta modu espontaneoan, elkarrekin telefono zenbakiak trukatu eta, azkar baten, jarri ginen harremanetan denok batera lanean aritzeko, elkarrekin erakusketa bat egiteko, gure artean zeuden ezberdintasun guztien gainetik, bai lanenak bai adinarenak.