Alaba

Laida_22

Bilbon bizi nintzen, lanean eta karrerako 4. kurtsoa egiten. Jakin nuenean umea izango nuela, garbi neukan ez nuela hiri baten bizitzen jarraitu nahi, neuk izandako haurtzaroaren antzekoa eskaini nahi nion jaioko zen umeari. Gogoratzen nuen kalean, jolasean, orduak eta orduak ematen genituela, udan, gainera, berandu arte. Gogoratzen nuen kaletik amari deitzen niola: “Ama, meixendi!”, eta amak balkoitik botatzen zidan. Pentsatu eta egin: trasladoa eskatu nuen beharrean. Lankide batek, Mikel Ormazabalek, bertso hauek egin eta denen artean abestu zizkidaten, Carmenek soinua jotzen zuen bitartean.

Ez nuen probarik egin neska ala mutila zen jakiteko, barrenak esaten zidan neska izango zela, eta izen bakarra genuen aukeratua: LAIDA.
Laida: kimu berria; hondartza, itsasoa, ura… uraren indarra, mugaezina, librea… Horiek guztiak izen baten bilduak; halakoxea izatea nahi nuen.
Eta gure Laida 1983ko irailaren 30ean jaio zen. Hogei eta lau urte pasa dira, eta urte horietan guztietan ondo baino hobeto erakutsi du bere indarra, bere nortasuna.

Laida_1 copia

Txiker-txikerra zen (2’875 kg), aurpegia borobiltxua, begiak ilunak, sudurra xapal-xapala, hatzamarrak luxe-luxeak… Ze politta!
Txaketatxo bat egin nion jaiotzen zenerako. Nire ilobak, Anak, esaten zidan, irrifartsu: “Handia izango du hori”. Arrazoirik ez zuen falta, zazpi hilabete behar izan zituen hura janzteko!

Mimosa hutsa zen. Gauetan, oheratzen nuenean, ez zuen maite bakarrik egotea, negar egiten zuen eten gabe. Besoetan hartzen nuen, burua nire paparraren kontra jarri eta berehala geratzen zen lotan, goxo-goxo. Biziki maite zuen ura. Bainutik atera eta negar egiten zuen. Mimosa, kuxkuxeroa, alaia! Nola maite zuen ziburuan ibiltzea! Donostiako beste lankide batek, Telesek olerki hori dedikatu zion.

Soroetan zebilela, haur hezkuntzan, ikasturte amaieran jaia antolatzen zuten irakasleek. Andereñoek bazekiten elikadura bejetarianoa ematen niola; horrexegatik berari noziladun ogitxo goxoak eskaintzen zizkioten. Berak hura ikustean esaten omen zien haserre-haserre: “Nik nahi dut txorizo de bokadilo”. Behin Santo Tomas egunean Donostira eraman nituen bera eta lagun baten alaba. Txistorra jan nahi zuten eta eskatzean esan nion txosnakoari: “Bat txikia, umearentzat”. Hori entzun eta berehala berak: “Nik handia, nik txistorra handia”. Bejetarianoa izatea nahi nuen, baina bera “todo terreno” irten zitzaidan: okela, txorizoa, txistorra, urdaiazpikoa… horiek, batez ere, zituen gustuko.

Andereño Belenekin “infinito” hitzaren esanahia edo ikasi zuten. Handik aurrera dena zen infinito: “amatxo, gaur jango dut… infinito”; “gaur lo egingo dut infinito”.
Amatxo, maite zaitut infinito!
-Nik maite zaitut hemendik ilargiraino –erantzun nion nik–.
-Nik, amatxo, hemendik… Ameriketarino!
-Nik gehiago maite zaitut –erantzun nion–, ze ilargia urrutiago dago.
-Ez, amatxo –serio-serio berak–, ilargia ikusi egiten da eta Amerikak ez!

Beti gauzak garbi azaldu izan dizkiot, pertsona heldu bat balitz bezala. Lantzean behin, erosi ezin nizkion gauzak eskatzen zizkidan. Garestiak zirela, nik ezin nuela hainbeste diru gastatu erantzuten nion. “Amatxo, erosi dirua, ba! horrela eukiko duzu”.
 
Helduok ohitura izaten dugu umeei galdetzeko ea zer izan nahi duten nagusitan; Laidak beti erantzuten zuen: “Nik Eroskiko kajera izan nahi dut”. Jakin zuenean Eroskiko kajerek erabiltzen zuten dirua ez zela eurentzat ez zuen gehiago aukera hori aipatu.

Hamalau urte zituela, udako oporretan esan zidan:
Amatxo, nik uda honetan lana eingo dut.
-Lana? Zertan?
-Tabernetan eskatuko dut.
-Gaztetxoegia zara, bixotza.
-Jendea behar izaten dute udan; galdetzera joango naiz.

Laga nion joaten, ilusioa, behintzat, ez nion nik kenduko. Zein tabernarik emango zion lana 14 urteko gaztetxo bati? Bazkaltzeko ordua ailegatu eta… bera falta. Arratsaldeko hirurak… ondiokan falta. “Aitarekin egongo da bazkaltzen” esaten nion neure buruari. Baina ez zegoen aitarekin. Kezkatuta, San Pedro kalera joan nintzen, han ikusten ote nuen; arratsaldeko laurak ziren. Alabaren lagun batekin topo egin eta galdetu nion:
“Nahikari, Laida ikusi duzu? Eguerdian irten da eta oraindik ez da itzuli etxera”.
-Laida? Bai, lanean dabil, super konttent!, proba moduan hartu dute.
-Lanean? Non, baina?
-Txarpan, bostetan amaituko du.

Lasaitua hartu nuen. Bertara joan nintzen aringa-aringa. Espigoiaren hasieran zegoen self-zerbiza, eta hantxe aurkitu nuen neure umea. Nekatua, baina poz-pozik. Harrezkero, uda guztietan egin izan du lan. “Amatxo, horrela ez dizut dirurik eskatu behar, nik ere lagundu nahi dut”.

Gaueko bederatzietan afaltzen genuen. Behin, institutuan zebilela, afaltzeko ordua iritsi eta… alaba falta. Gaueko bederatziak, bederatzi t’erdiak, hamarrak… eta ez zela agertzen! Sutan nengoen, txikitu egingo nuen! Hurrengo egunean goiz jaiki behar zuen ikastetxera joateko; non demontre ote zegoen! Halako batean atea zabaltzen sumatu nuen:
-Gabon, ama!
-Baine, baine, jakin leike non eon zaren orain arte? Hauek eztiz etxera etorteko orduak!
-Ama, ez ein errixetan, munizipaletan izan naiz eta!
-Munizipaletan? Ze eizu?
-Salaketa jartzen izan naiz, ama.
-Salaketa? Ze salaketa? Ze gertatu da?

Urria zen, hamazazpi urte egin berriak aurreko astean. Ekainaren 30ean Irungo San Martzialetan hartu zuen parte, lehenengo aldiz, txilibitoa jotzen. Etxera zetorrela, mutil batek eraso egin zion, errugby jokalari batek, kalean, San Pedro kalean.
Beste eraso batzuen hasiera baino ez zen izan hura. Hiru eraso, hiru salaketa, hiru epaiketa. Hurrengo baten hitz egingo dut horretaz, luze eta zabal.

Nortasun handikoa dut alaba, oso heldua bere adinerako. Hondarribiako heldu askok erasoen aurrean egin ez zutena egin zuen berak adoleszente bat baino ez zela: salatu eta aurre egin. Itsasoaren antzera, ez du atzera egingo, ez du utziko inork mugak jartzerik berari.

Amamak ezagutu izan balu, amama biziko balitz, oso harro egongo zen beraz, ni neu nagoen bezala.

 Laida_itsasoa_2745 copia

Erantzun bat “Alaba” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude