Amaiurko gudari aramaioarra eta “Santoñako Ituna”

1937ko abuztuaren 24an sinatu zen Santoñan (Cantabria) espainiar Errepublikaren aldekoekin borrokatzen ziharduen Euzko Gudarostearen errendizioa adosten zuen akordioa. 

Kronikek diotenez, “Santoñako Ituna” deituriko hura Francoren alde ari ziren italiar faxisten eta EAJko politikarien artean sinatu zen.

Francok, halere, ez zuen ontzat hartu akordioa eta, hitzarturik zegoena gaitzetsita, italiarren eskuetan zeuden gudari guztiak harrapatu zituen irailaren 4an.

Ondoren, espainiar jeneral kolpe-emaileak gerra-kontseiluak antolatu zituen Euzko Gudarosteko ofizialen aurka. Hiru hilabete eskas besterik ez zuen behar izan guztiak fusilarazteko. Gainerako gudariak eta kapilau militarrak espetxe eta kontzentrazio-esparruetan sartu zituen.

Etsaien eskuetan erori ziren gudari debagoiendarren artean bazen Arrasaten jaiotako aramaioar bat ere, honako belamenditar honek aski ongi ezagutu zuena eta, hori dela medio, hona ekarri nahiko lukeena orduan erori eta hil zirenen omenez. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Francisco de Paula ponte-izenez, gure aita “Pako” hipokoristikoaren bitartez izan zen inguruan ezagunago. Alabaina, oso gazte ekin zion euskarazko izena erabiltzeari, Pantzeska lehendabizi eta Patxi beranduago. Azken honekin militatu zuen gero bere alderdi politikoan eta huraxe ezpainetan zendu zen 2010eko uztailaren 28an, 94 urte zituela.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Madrilen komertzio-ikasketak egiten igarotako hiru ikasturteetan, txikitatik adiskide min zeukan Joxemari Azkarraga, Lurgorri, izan zuen bidaide abentura abertzalean, batez ere adiskidea Euzko Ikasle Batzan lehendakari izan zen bitartean.

Madrilen, Joxemari eta Emiliano Azkarraga anaien erdian

Handik gutxira, faxisten aurkako gerrak ekarriko zien Euskal Herriaren defentsarako irakaspen praktiko bortitza.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gure aita 1937ko otsailean estreinatu zen gerra gorian. Hogei urte zituen une haietan eta denbora eskasa izan zuen fusila zer zen ikasteko. Asturiaseko frontean bertan ikasi behar izan zuen, beraz, Amaiur batailoiak Kandido Sasetaren agindupeko Brigadaren parte egin zuenean. 

Amaiur batailoian arrasatearrek Jose Gorroñogoitia taldeburu izanik osatzen zuten lehen  konpainiak –Arrasate izenekoa, jakina– Mundaka izan zuen Asturiasera abiatzeko pausalekua eta “ondasunak” –arropa, dirua, kuttunak eta beste– gordeta izateko lekua. Gure aitari hango Ormaetxea familia egokitu zitzaion hartarako, gaur egun guztiz aramaioartua den Markel Ormaetxearen gurasoen etxea. Gure aitak inoiz ez zituen ahaztuko familia hartako kideak eta jaso zuen abegi txeratsua eta maitagarria. Azken unera arte egon zen eskerturik seme gisa eman zioten tratuagatik. Esan bezala, haiena bezalako etxe xamurretan uzten zituzten gudariek beren ondasuntxoak eta, maizegi, azken giza-emozio eta afektuak. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Besteri buruz bai, baina Asturiaseko frontean ia hiru eguneko iraupena izandako infernu-irakasgai hartaz inoiz ez zigun aitak anekdota hutsalen bat edo beste baizik kontatu seme-alaboi, nahiz eta Amaiurrek berak jasan zituen, bai orduan eta bai zutik iraun bitartean, hildako (tartean, Saseta komandantea bera) eta zauritutako gehienak. Latzegi zeritzon han gertatutako sarraskiari.

Martxoaren amaieran Bilbora itzuli eta, jarraian, ongi ezagutzen zituen inguruetara abiatzea egokitu zitzaien (Oleta eta Urkiola). Gero etorri ziren Sollube, Bizkargi, Artxanda eta beste, harik eta Santanderren harrapatu zituzten arte.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Santanderren –Laredo, Castro, Santoña– hasi zitzaien zorabioa eta engainatuak izatearen amorrua. Geroxeago etorri ziren izua eta zigorrak, Francok hasieratik ekin baitzion etenik gabeko errepresioa hedatzeari.

Beste askorena bezalakoxea izan zen gure aitaren gurutze-bidea ere: Miranda de Ebro (kontzentrazio-esparrua), S. Pedro de Cardeña (kontzentrazio-esparrua), Gallur (“soldadu langileen batailoia” izenekoan), Haro, tartean, gaixotasunak medio, Tutera eta Zaragozako ospitaleak bisitatu behar izan zituelarik. Gerra amaitzean laurehun mila inguru ziren soldadu kartzelatuak.

Eta 1939an haietako batzuk etxera –ustez, betiko– bidali bazituzten ere, handik gutxira bigarren errepresio-txanda bete behar zutela jakinarazi zieten. Gure aitaren ibilbide berria Mirandatik Galiziaraino hedatu zen, bidean batez ere Madril (“Miguel de Unamuno” izeneko kontzentrazio-esparrua) eta Lavacolla (Santiago de Compostela-ko aireportua egiteko “soldadu langileen batailoia”) dastatu zituelarik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

San Pedro de Cardeñan preso euskaldun eta asturiarrak ziren nagusi eta, oro har, ez zuten bertan hilabete eta erdi baino gehiago egiten. Halere, gure aitak ongi gogoratzen zuen han izan zuela krisi moralik handiena. Gosea, hotza, erabateko higiene-gabezia eta etengabe jasan behar izan zuten umiliazioa gutxi bailiran, gorputzeko azal guztia haragi bizian utziko zion hazteriak harrapatu zuen, jasanezinezko hazkura latza eta oinazea sortuz. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gerrara boluntario gisa joan zenez, gure aita ez zen frankisten sailkapen ideologikoan “berreskuragarri” gisa agertu, “desafecto al Glorioso Movimiento Nacional” moduan sailkatu baitzuten hasieratik, horrek ekarriko zizkion ondorio guztiekin. 

Jasangaitzenetako bat Galiziako langile-batailoian zenean gertatu zitzaion. Jakinaren gainean zen bere aita Jose guztiz gaixorik etxeratua zela Iparraldean eta Frantzian barrena aterpetuta egotetik. Handik gutxira hil zen Aramaion. Gure Patxi Salaberri Urtzelai gudariari ez zioten biderik utzi ez aitaren hilzorian eta ez hildakoan etxeratzeko eta azken agurra eskaini ahal izateko. 

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Santa Kruz gerrillariaren ihesaldia (Aramaio, 1872.08.12)

Elduainen 1842an jaioa, Tolosan egin omen zituen Manuel Santa Kruz Loidik lehen ikasketak osaba apaiz baten laguntzarekin. Gero, adin egokira iritsita, apaizgorako formakuntza-ikasketei heldu zien Gasteizen. Eta amaitu ere –nabarmendu beharrekoa da datu hau–, oso curriculum distiratsuarekin amaitu zuen karrera osoa. Ez zen, beraz, maiz asko irudikatu nahi izan den prestakuntza intelektualik gabeko gizon oiesa.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Garatutako ideologia politiko-erlijiosoa medio (“la creencia de que el triunfo de las armas carlistas era también el triunfo de la religión”, aitortuko zuen berak zahartzaroan), Hernialden abade zegoela ekin zion Santa Kruzek liberalen aurka borrokatzeari. Alabaina, han-hemen karlistentzako armak gordetzen zituela susmatzen bazuten ere, pulpitutik egiten zuen propaganda gordina ei zen agintariak hasieratik kezkatu zituena. Horren guztiaren ondorioz, Iparraldera egin behar izan zuen ihes 1870eko urrian. 

1872an, Bigarren Karlistaldia ofizialki hastear zela itzuli zen Hegoaldera, armak hartzeko gertu. Baina era aski berezian ulertzen zuen liberalen aurkako borroka eta, hartaz gainera, euskal jendea eta lurraldeak ezagutzen ez zituzten agintari militar karlistez mesfidatuz ibili zen hasiera-hasieratik. Ildo horretan, izugarrizko iskanbilak sorrarazi zizkioten bere nortasunak eta guda ulertzeko era pertsonalak agintari karlista gorenekin ere. Une batean, adibidez, hura atxilotzeko eta fusilatzeko agindua luzatu zuen Antonio Lizarraga jeneral karlistak, eta, areago, Santa Kruzen gerrillari-ibilaldia bera ere Karlos errege-nahiak errebeldetzat hartzeko mehatxu-agindua luzatu zuenean amaitu zen. 

Guztiarekin ere, Santa Kruzek gerrillari gisa egin zuen urtebete eskasean (nagusiki 1872ko uda-hasieratik 1873ko uztailera bitartean), Aramaioko gertakaria izan zen haren irudia entzutetsu bilakatu zuena. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Esan bezala, liberalen jazarpenak bultzatuta aterpetu zen Iparraldean 1870ean. Urte eta erdi beranduago, 1872ko apirilean, Rekondo komandante jeneralaren taldeko kaperau modura (“Capellán de los Batallones de Guipúzcoa”) aritu zen Hegoaldean. Ibilaldi haietan ia ez zuten geografia ezagutu besterik egin, batik bat Gipuzkoako mendiak, Nafarroako iparraldekoak eta balio estrategikoa izan zezaketen herriak, hala nola Leiza, Doneztebe, Ataun, Oñati, Segura eta beste.

Rekondo komandantea Zornotzako Itunera (1872.05.24) makurtu zenean (aurretik, Lehen Karlistaldian, Bergarako Besarkadaren mende geratua zen), Santa Kruz apaizak ez zuen hura onetsi eta Iparraldean aterpetu zen berriz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aterpetu bai, baina bera bezala Iparraldean zeuden ofizial eta soldadu karlisten artean ikusten zuen egoerak biziki kezkatuta zeukan Santa Kruz, inguru hartan ez baitzuen nabaritzen ezinbesteko zeritzon gerrari seriotan heltzeko asmorik. 

1916ko uztailaren 16an idatzi zuen gutun autobiografikoan argi azaldu zuen egoera: 

Aquí [Iparraldean] fue donde yo me di cuenta exacta de la situación de las cosas. Comparaba lo que tenía delante de los ojos con lo que sucedió en la primera guerra, y veía que lo uno no era más que una repetición de lo otro.

[…] los mozos vagaban por las calles medio muertos de hambre, y sin que nadie se preocupara de ellos; los oficiales, por el contrario, vivían en los cafés, muy bien tratados y echando planes al por mayor; y entre los que tenían la alta dirección, no todos estaban dotados de aquella energía y talentos que son necesarios para tan altos puestos. En una palabra; se procuraba cubrir las apariencias; pero en realidad, la traición estaba tramada. 

Y aquí me pregunto yo: ¿Con que título podían licenciar las tropas carlistas? Cuando los mozos se alistan en cumplimiento de alguna ley, tienen obligación de retirarse cuando el Gobierno lo ordene; pero los carlistas no tomaban las armas obligados por ninguna ley, sino voluntariamente y movidos solamente por la excelencia y la justicia de la causa que defendían, y por la confianza que abrigaban de conseguir su fin. Y así, mientras subsistiesen estas dos razones, nadie podía obligarles a desistir de su intento. Y ¿Quién puede decir que, al tiempo del convenio de Vergara o de la entrega de Amorebieta, faltaran gentes o medios de continuar la guerra con probabilidades de buen éxito? ¿No acudían en tropel los mozos, cuando veían aparecer en el campo algún hombre, que estuviese animado de sanas intenciones y de voluntad de vencer? ¿No sucedió esto con el cura Sierra? ¿Qué no hubiera conseguido éste, si, desoyendo órdenes inicuas, hubiera continuado en la lucha? ¿Qué hubiera sido de los liberales, si se hubieran puesto al frente de los carlistas muchos hombres de este temple?

He aquí, expuestas brevemente, las ideas que a mí me impulsaron a lanzarme por fin al campo. 
Reuní, pues, mis muchachos; y lo primero que exigí de ellos fue un compromiso serio de no abandonar las filas a su capricho, como sucedía con lamentable frecuencia; lo segundo, una conducta ejemplar, la que convenía a los intereses sagrados que defendían.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Santa Kruz Loidi, taldekideen erdian zutik

Hori horrela, Hegoaldera itzuli zen liberalen aurka jokatzeko gertu zeuden beste hogeita bost bat gazterekin.

Ekintzak ekintza, 1872ko abuztuaren 9an burutu zuen ospetsuenetako bat, arma mordoxka zeraman Segorbe Batailoiko konpainia-sekzio bati egin baitzion eraso Bergarako Elorregi aldean (San Prudentzio auzoan). Gogoratzekoa da batailoi hura izan zela Santa Kruz Hernialden apaiz zenean bila joan eta ihes eginarazi zion berbera. 

Sekzio hura alferez baten menpe zeuden hogeitaka soldadu profesionalez eta mikeletez osatua bazen ere, apaizaren kuadrillak ez omen zuen eragozpen handirik izan berrogeita bat fusil, balak eta bestelakoak kentzeko. 

Hartan zeudela, taldekide bat zauriturik gertatu zen eskuan eta Santa Kruzi toki egokiren batean artatzera eramatea otu zitzaion. Behin zauritua esku onetan utzita, bera bakarrik itzultzen ari zela harrapatu omen zuen ejerzito liberaleko soldadu-talde batek apaiza. Nabarmentzekoa da patua aldekoa izan zuela atxilotze hartan ere, zeren eta mikelete gipuzkoarrek bertan akabatu nahi baitzuten, justiziaren ebazpenaren zain egon gabe. 

Nolanahi ere, Aramaioko Udaletxera eraman zuten jarraian atxilotuta, tokirik hurbilena eta ziurrena zeritzotelako nonbait. 

Azkar asko zabaldu zen herrian albistea eta baita ere fusilatua izango zelako susmoa. Santa Kruzek ere bazekien zer zetorkion gainera eta ihes egitea erabaki zuen; eta baita lortu ere. 

Abuztuaren 12ko gauean, gaixo-itxurak eginez, eta komunera joateko premia aitzakiatzat, lehen solairuko balkoira ateratzeko baimena eman zitzaion. Handik egin zuen jauzi errekara denbora lar galdu gabe. Ziztu bizian, Nardeagako errekatik gora egin eta, soldadu liberalez betetzen hasia zen bainuetxearen ondo-ondotik igarota, Errotabarriraino iritsi zen. Hango zubipean pasatu ei zuen gau guztia, gorputza urpean zuela. 

Herria tropa liberalez gainezka zegoen arren, inork ez zuen ikusi nola lagundu zion Juan Antonio Unzueta izeneko baserritarrak hurrengo gauean Gantzagara iristen eta, gero, Urdingio baserriko Balentin Larrañagak haitzetako leize-zulo ezezagun batera eramaten. Hiru egun egin zituen sarrera ezkutuko eta aho zabaleko leize hartan gordeta, baserriko artzain gazteak eramaten zizkion elikagaiak jaten eta haranean zehar bere bila ari ziren tropa liberalen joan-etorri antzuak ikusten.

Etsaiak etsitzen eta egoera lasaitzen hastean, Iparralderantz jo zuen oinez, mendirik mendi. Hogeita lau ordu behar izan omen zituen hogei legoa –ehun bat kilometro– egiteko. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez zen, horratik, aterpean besoak gurutzaturik begira egotekoa gure gizona, eta behin eta berriz itzuli zen Hegoaldeko burrundaretara, une batzuetan bostehun mutil baino gehiago zituela menpean. Azken itzuleran, baina, biziki areagotu zitzaizkion Santa Kruzi buruhausteak, borrokarako erakusten zituen jokamolde eta pertsonalismoek karlistekin ere zalapartaka ibiltzera eraman baitzuten. Azkenean, hierarkia militar karlistak eta errege-nahi Karlos VII.ak berak ere gogorki gaitzetsi zutenez, gerra-erantzukizunetatik alboratzea erabaki zuen eta, ondorioz, betiko erbesteratzea. 

Iparraldean zen 1873ko abenduaren amaieran, Lillen eta Londresen beranduago, eta, azkenik, behin Eliza erromatarraren barkazioa jasota, Jamaikan aurrenik eta Kolonbian geroago misiolari… eta baita, inoizka, gerra-aholkulari ere. Baina beste istorio bat da hori.

1926ko abuztuaren 10ean hil zen Kolonbiako Pasto herrian. Duela laurogeita hamazazpi urte, hain justu.

Kolonbian misiolari

∞∞∞∞∞∞∞∞

Anekdotariorako geratu dira, bestalde, Santa Kruzen taldeak erabilitako estandartea eta bandera. Azken hau garai hartako espainiar hori-gorria ei zen. Estandartea, aldiz, beldurgarri gertatzea bilatzen zuenez, burezurra bi izterrezur gurutzatuekin brodatu zuten Elorrioko mojek oihal beltzean, eta lelo hauek zeramatzan gaztelaniaz idatzirik: “Gerra errukirik gabe” aurkian eta “Garaipena ala hil!” ifrentzuan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

∞∞∞∞∞∞∞∞

Juan Olazabal, El cura de Santa Cruz guerrillero, Gasteiz, 1928, 534-535 or.
Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Statkraft: Itsaraz eta Piaspe sasitoponimoen asmazioa

Munduan ohiko bilakatu bide da konkistatzaileek beren gogoko izenekin bataiatzea “aurkitutako” lurralde berriak, bertako biztanleek erabilitako izenei muzin eginez. Berdin gertatu ohi da boterea edota aginte-motaren bat eskuratzen duten kolonizatzaile gehienekin, beti baitaude prest tradizioaren bitartez jasotako izendapenak ahazteko eta euren gogoko direnak inposatzeko, eta bereziki jatorrizko izenok haiena ez den beste hizkuntza batekoak diren kasuetan. Erromatarren garaira jo gabe ere, berehala ikusiko dugu, adibidez, Aotearoa “Zelanda Berria” izendatzen ikasi dugula, Te Pito edo Rapa Nui irla “Pazko Uharte” gisa agertzen zaigula, Chomolungma edo Sagarmāthā mendiari George Everest galestarraren deitura zintzilikatu izan zaiola izentzat, Lapurdiko Larrun muinoari “La Rhune” exotikoagoa gainjartzen ari zaiola azken urteotan, etab.

Pertsona-izenetan ere ezagutu izan dute belamenditarrek horrelako jukutriarik. Kasu deigarriena, 1920ko hamarkadan Aramaion gertatua: orduko maisu espainolak ez zuen gogoko neskato baten Eskarne izen euskalduna eta, eskolak ematen zion aginpide osoarekin, aurrerantzean “Encarna” deituko zutela erabaki zuen arlote alproja hark.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Odin-en espiritu etiko-demokratiko apartarekin bertaratzen ari zaigun Statkraft norvegiarrak ere nekez ezkuta dezake bere sen sortzailea. 

Euskal Herrian aerosorgailuak landatzera etorririk, “Estatuaren indarra”/ “Estatu-boterea” (Statkraft) izateak eskaintzen omen dion eskubideaz baliatzen ari da “aurkitu” berri dituen lur hauek egoki deritzen asmazioekin bataiatzeko, erditutako munstroek bertako kultur tradizioarekin, hizkuntzarekin edota orografiarekin zerikusirik ez badute ere. 

Horixe, ustez, bikingo kolonizatzaileek ezarri nahi dituzten ITSARAZ eta PIASPE makrotoponimoen kasua, bi-biak, noski, inguru zabal bateko benetako leku-izenak irenstera eta ordeztera etorriak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Egia esan, orain arte inork ez du argi jakin izan nondik eta nola iritsi zaion neotoponimo horiek asmatzeko “etorria” eta inspirazioa, ez baita inon dokumentazio argigarririk aurkitu. Alabaina, egia ere da bi poligono industrial eolikoen proiektuak zituela karteran Statkraftek –bata Azpeitian eta bestea Aramaion– eta, bere burua bertako biztanleen borondatearen kontrako zinezko kolonizatzaile gisa agertu behar bazuen, bientzat behar zuela nortasun handiko izendapen propioa.

Belamendiri iturri onetatik iritsi zaio zein izan zen asmakari horien sortze-ildoa, eta, prebentzio guztiekin bada ere, informazioa partekatzea erabaki du gaurkoan. Honatx Statkraftek emandako urratsak

∞∞∞∞∞∞∞∞

Orografiari zegozkion toponimoak mapan luparekin bilatzen ibili behar ez izateko, entitate nagusien –hots, udalerrien– izenetatik abiatzea zuen Statkrafek errazena eta erosoena, eta halaxe jokatu omen zuten enpresako aditu hispano-norvegiarrek. Hori bai: betiere, hizkuntz txokokeriatan ez erortzeko, gaztelania unibertsala buruan, ezpainetan eta ikusmiran zutela.

Nola deitu, beraz, Azpeitiko aerosorgailuen poligonoari? Bada, “Poligono Industrial de Azpeitia”, hau da, laburdurez baliatuta, PI-AZPE. Jakina, ahoskatzeko zailtasuna zeukan izendapen horrek erdal hiztunentzat eta hartara, euskal ahoskeratik ere hurbilago egon zitekeela interpretatuz, PIASPE jarri zioten izena mendiko poligono industrialari. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aramaioko parkearen izendapenean, berriz, berehala ohartu ziren arazo larriak sortzen zituela eskema berdina aplikatzeak. Alegia, edonorentzat barregarri gerta zitekeela izendapena eta, okerrago zena, aramaioarrek isekatzat har zezaketela, gizagaixoek, neotoponimoa. Zeren eta, eskema haren arabera, Ganborraldeko Poligono Industrialari PI-ARA izendapena zegokion eta, jakina, gordin samarra iruditu zitzaien aditu hispano-norvegiarrei, Aramaion lurra hartzeko unean, bertako zerbait handi izan behar zuenari txerri-talde edo urdalde deitzen hastea.

Denborarik galdu gabe, konpainiako komunikazio-batzordekide argienek berehala ekin zioten anagrama berriak zirriborratzeari, esanguratsuenak izan zitezkeen hizkien ordena-eta aldatuz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zaila zuten bataiorako asmazio-lana, ordea! Poligonoak barne-hartzen zituen udalerri biak –Aramaio eta Eskoriatza– izendatu nahi bazituzten, bederen.

Aukera desberdinekin jokatu ondoren, esanahiaren inguruko arazoak zirela eta, berehala baztertu omen zituzten haietako batzuk. Hala nola: PIARAES (PI-ARAmaio-ESkoriatza), berriz ere esplizituegia zelako; PIESKARA (PI-ESK-ARA), era antropomorfikoan zein ezkorregi interpreta zitekeelako; PESKARA, kontraesankorra zelako inguruan idortuta geratuko ziren iturburu eta latsak medio…

∞∞∞∞∞∞∞∞

Izena PI-z hasi beharrean, beraz, I-z bakarrik hastea erabaki zuten adituek. Alabaina, Orotariko Hiztegia arakatu ondoren, I-ESK-ARA, ihes egitearekin edota herabeti kontzeptuarekin lotu zitekeelako, eta I-ARA-ES, ahoskatzeko zailegia zelako, ezabatuta utzi zituzten aukera biak.

Hori bai, jenio haietakoren bati –eoliko offshore-etan aritua, ziurrenik– itsasoaren irudi baregarria eta xarmanta asma zezaketela iruditu zitzaion Aramaioko basoa izendatzeko. Horretarako, hasierako ARA mantendu behar zela proposatu zuen, Eskoriatza izenaren amaierako tza silaba ts bilakatu eta, amaieran bat erantsi. Hara non, bada, behar zuten neotoponimoa azkenean erditurik: mendiko poligonoa I-TSA-ARA-Z > ITSARAZ izendatuko zuten. Leku-izen zinez zoragarria bezain hutsala eta eduki gabea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Mihi gaiztoek diotenez, bikingo berriek, ordurako intelektualki zeharo akiturik, ez zuten euskarazko hiztegietan begiratu ere egin, eta berehalakoan barreiatu zuten ITSARAZ izena munduan barrena, ohartu ere gabe zer esan nahi duen (H)ITSARAZ, (H)ITSARAZI aditzak euskaraz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Argi da: Statkraft ahalguztidunari ahaztu egin zaio, nonbait, azken hirurogeita hiru urteotan Nazio Batuen Erakundeak berak abian duela ingelesez UNGEGN deritzon taldea (Izen Geografikoetan Aditu direnen Nazio Batuen Taldea).

Eta zertarako? Bada, tokian tokiko toponimoak normaltzeko, hedatzeko eta erabilarazteko. Horietxek ditu xede nagusiak.

Baina, esan bezala, Statkraftek ez du horren berri izan nahi.

Bejondeiela!

Kategoriak Sailkatu gabea | Utzi iruzkina

Automobil-elkartea Aramaion (1925)

Chevrolet markako autobusa (1923)

Adineko belamenditarren oroimenean argi samar dago oraindik zein izan ziren joan den mendearen bigarren erdialdean Arrasate eta Gasteizerako autobus-lineaz arduratu ziren aramaioarrak. Horretan hizpidera datozen lehenak Jauregitarrak –aita eta semea– ohi dira. Zailagoa da, aldiz, aurrekoen berri izatea. Nolanahi ere, bada duela ehun bat urte izandako garraio-ekimen baten albistetxorik historiaren haria ehuntzen joateko. Hontax

∞∞∞∞∞∞∞∞

1925eko abuztuaren 12an “Sociedad del automóvil de Aramayona marca Chevrolet” sortu zuten hamasei aramaioar gaztek. 

Elkartearen asmoa Chevrolet markako autobus bat erostea zen eta Aramaio eta Arrasate autobusez lotzea, gero eta gehiago ziren-eta egunero hara eta hona ibiltzen ziren langileak eta bidaiariak. 

Diru-kontuak zirela eta, ez dirudi guztiz berria nahi zutenik eskuratzera zihoazen autobusa, baina tamalez ohar-sortatxo bat besterik ez bide dugu ekimen hartaz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Abuztuaren 12an sortu zen, bada, elkartea:

Elkartekideen izen-deiturak eta egin zuten aurreneko diru-ekarpena

∞∞∞∞∞∞∞∞

Elkartea sortzearekin batera, bakoitzak bere ekarpen ekonomikoa egin zuen: 250 pezeta. Guztira, beraz, 4.000 pezetarekin abiatu ziren erronkari aurre egitera.

Autobusaren erosketa ahalbidetu zuen Francisco Alarcón izeneko gasteiztarrari 3.007,50 pezetako letra ordaindu zitzaion egun hartan bertan.

Irailean 1.750 pzta. ordaindu zioten Gasteizko Sabino Anduezari elkartekideek hilaren hasieran jarritako diru-ekarpen berriarekin (125na pezetakoa). 

Anduezak kotxeak konpontzeko eta saltzeko lantegia zuen Gasteizen (Frantzia kalea, 23) eta, antza denez, handik atera zen autobusa Aramaiorantz. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gastuak ikusita, lehen hilabetean erregai nahikoa erabili zuten autobusarekin: 130 bat litro. Aurreneko gasolina-tankea Anduezari berari erosi zioten (25 pzta.), Legution 14,50 pzta. gastatu zuten geroago eta Arrasateko Zerrajeran 68 pzta. (85 litro). 

Gasolina-litroa, agerikoa denez, 0,80 pezetan zegoen une hartan.

1924ko Chevrolet modeloa barrutik (argazkia: Antonio Arenas)

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bidaiarien garraioan lortutako diru-sarrera 415 pezetako izan omen zen irailean eta 100 pezetakoa urriaren lehen astean.

Hasieran autobus-gidaria kanpotarra omen zen eta Eleixosten izan zuen ostatua hainbat egunez elkartearen kontura (77 pzta. guztira). Txofer izan behar zutenei gidatzen erakutsi bitartean, akaso.

Gaztetan Deustuko unibertsitatean liburu-kontularitza ikasketak egiten aritu zelako edo, Jose Salaberriren ardurapean geratu zen kontabilitate-lana. Eta bizitza nolakoa den! Abentura labur haren amaieran, kobratzaile gisa aritu zen gure Jose bolada batez hamasei aramaioar gazte haiek ustiatzeko asmoa zuten ibilbide bera egiten hasiak ziren Atxa konpainiaren autobusetan.

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Statkraft eta LPS: isekaz eta iruzurrez

Boterearen aurrean

Maiatzaren 10ean kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak –Arantxa Tapiaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, hain zuzen– Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala delakoa, ingurumenaren ustiaketa industrialerako erabilpen gupidagabearen inguruko arazoa eta gatazka EAE guztira hedatuz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Teresa Riberaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak ere antzera jokatu izan du Statkraftek Aramaio-Eskoriatzan eraiki nahi duen Poligono Industrial Eolikoaren proiektua ofizialki ezagutarazi eta alegazioak egiteko epea jarri izan duenean, maiatzaren 19an argitaratu baitzuen iragarkia Arabako Aldizkari Ofizialean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Norgehiagoka horretan agerian geratu zen Jaurlaritzak aurrea hartu nahi izan ziola Madrileko Ministerioari, batik bat, berea Lurralde Plan bat zelako eta, teorikoki behintzat, nekez onar zezakeelako, Madrildik bazetorren ere, berak erabakitako jarraibideen barnean egon behar zuen proiektu eoliko bati buruzko iragarkia lehenago kaleratzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kasualitatez edo, alegazio-prozesu horiek biak bete-betean zegozkien Aramaiori eta haren egoera bertsuan zeuden beste hainbat herri euskalduni. Eta bai erakunde madrildarrak eta bai EAEkoek bazekiten hori.

Eta kasualki nonbait, alegazio-epe horiek biak udalbatza berriak osatzeko garaian antolatu ziren, hau da, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak politikoki eta administratiboki zeharo desaktibatuta eta abian hasteko prestatzen ari zirenean.

Ikuspuntu demokratiko huts batetik begiraturik, prozesu guztia baliogabetzeko motiboa zirudien ustezko amarrukeria horrek.

Alegazioei emango zaien erantzunak esango, dena den.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezarritako epe ezin estuagoa bukatuta, 4.000 herri-alegazio inguru jaso omen ditu EAErako prestatutako LPS delakoak.

Statkraftek Aramaion jarri nahi duen Poligono Industrial Eolikoaren proiektuari alegazioak jartzeko epea bizpahiru egunen buruan amaituko da.

Eta kasu honetan ere, alegaziorik funtsezkoena prozedurari egin beharko litzaioke lehendabizi, erakunde gorenetatik etorri arren, sistema demokratikoak ezin bailezake horrelako erdeinuzko antzerkirik onartu proiektuak eragindako jendearekiko. 

Zeren eta, iseka ez bada, isekaren eta mespretxuaren antzik ez zaio falta horri guztiari, garbi asko erakusten baita zertan daukaten gobernu, erakunde eta oligopolio energetikoak jendearen iritzia eta zer-nolako balioa ematen dioten Herriari lortu nahi dutena lortzeko unean. 

Eta bereziki Aramaioko kasuan, zeren eta iruzurra ez bada, iruzurraren antzik ere ez zaio falta Statkraften eta Ministerioaren jokamoldeari.

Ala ez al da iruzur horrelako proiektu erraldoi bati buruzko eztabaida taxuzkorik egon ez denean, haraneko ingurumenera eta arlo sozialera eta kulturalera ekar ditzakeen kalte eta onuren balorazio pausaturik egin ez denean, aramaioarrek Poligonoaren alde/kontra duten jarrera ezagutzeko galdeketarik izan ez denean…, ez al da iruzur –diogun berriro– aerosorgailuen proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruzko alegazio-epea zabaltzeko urgentziazko modu hau?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zalantzarik ez da: bai LPSri eta bai Statkraften Poligono Eolikoaren proiektuari aurkeztuko zaizkien alegazioak Euskal Herrian, etorkizunean eta biodibertsitatean sinetsi nahi duen gizarteak fede onez bideratutako alegazioak dira. Fede onez bideratuak eta arrazoian eta justizian fidatuz.

Alabaina, herri-alegazioen sendotasuna eta indar etiko-soziala ezin handiagoak badira ere, kezka da noraino ote diren aldagarri Jaurlaritzako eta Ministerio madrildarretako bulegoetan, energia-subiranotasunaren eta deskarbonizazioaren aitzakiarekin, oligopolio energetikoaren interesen alde erakusten ari diren borondatea eta jarrera.

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Gerrillaria eta medikua (1872)

Aurreko batean azaldu legez, 1868ko irailean garrantzi handiko matxinada gertatu zen estatu espainiarrean. “Behera Borboiak!” aldarrikatzen zuen Iraultza Loriotsua izeneko hark Donostian harrapatu zuen Isabel II.a erregina borboia uda-garaiaz gozatzen eta Iparralderantz alde egitea beste irtenbiderik ez zuen izan.

Seiurteko Iraultzailea deitua izango zen garai hasiberri hari erronka politiko desberdinak sortu zitzaizkion segidan, besteak beste, gobernu-formaren hautuarena eta konstituzio berria erredaktatzearena. 

Luzeak bezain latzak suertatu ziren haien inguruko eztabaidak eta erabakiak, baina hausketa sozial eta politiko larriena ekarri zutenak kultu-askatasunaren aldeko erabakiak, ezkontza zibilaren legeztatzea eta jesuiten ordenaren deuseztatzea izan ziren oro har. 

Eliza erromatarraren jarraibide eta aginduak tarteko, estatuko katoliko gehienek –batik bat, elizgizonek eta nekazariek– gogor egin zuten neurri haien aurka. Eta, euskaldun asko barne, karlismoaren lerroetan aurkitu uste zuten sistema liberalaren kontrako borroka-bidea, zeharo sinetsita baitzeuden Karlos VII.ak –Borboia hura ere!– “dinastia lejitimo”-az gainera, erlijio katolikoa eta Foru zaharrak ere aldarrikatzen zituela.

Lau urtez luzatuko zen Bigarren Karlistaldiari (1872-1876) ekiteko arrazoiak eta aitzakiak harilkatu ziren une haietan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Inguruabar haren fruitu nabarmena izan zen Elduaingo Manuel Santa Kruz Loidi apaiz gerrillariak Aramaion 1872ko abuztuaren hasieran, Bigarren Karlistaldiaren atarian, sorrarazitako pasadizo ospetsua. 

Jakina denez, Bergarako Elorregin harrapatua izan ondoren, Aramaioko udaletxeko ziegan sartu zuten liberalek, baina fusilatua izan baino ordu batzuk lehenago lortu zuen ihes egitea.

Ez dirudi Santa Kruzek Aramaioko bainuetxea ikusteko gogo eta adore gehiegirik izango zuenik egun haietan. Baina, itxura duenez, abuztuaren 12ko gauean Udaletxeko balkoitik errekara jauzi egin eta Errotabarrirantz jo zuenean, bainuetxearen ondo-ondoko erreka-zulotik igaro behar izan zuen itzalgaizka eta hotsik atera gabe, bila zebilzkion soldadu liberalek berriro atxilotu ez zezaten.

Erreka-zolatik nekez ikus zezakeen kanpoko aldeko ezer, eta entzun ere, berak beranduago aitortu zuenez, zaldien trostak eta soldaduen oihuak eta uluak baino ez zituen entzun. Alabaina, argi da gau hartako ibilaldian Santa Kruz ekintzailearen ihesaldiaren lekuko mutu suertatu zela bainuetxea oharkabean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aurreko sasoietan bezala, Lorenzo Cordido Garzak berriz hartu zuen Aramaioko bainuetxeko mediku-lana 1872an. Oraingoan, uztailaren 21etik irailaren amaierara arte. Egoitza, halere, herrian bertan zeukan urtean zehar: “Mi residencia fuera de la temporada oficial es el mismo valle de Aramana (sic)”.

Urriaren 2an sinatutako Memoria edo Oroitidazki ezin laburragoan adierazitakoaren arabera, 50 bainuzale besterik ez zen izan urte hartan bainuetxean (18 aramaioar [klase altu edo ertaineko 15, klase txiroko 2 eta militar bat], 22 gasteiztar [haietako bat, txiroa], Briviescako 2 eta Zornotza, Bilbo, Arrasate, Zaragoza, Madril, Alcala Henares, Toledo, Valladolid hiri/herriguneetako bana).

Sendagileak birritan nabarmendu zuenez, 1872ko bainu-sasoia “empezó el 21 de Julio, en que tomó posesión el Director (medikuak berak, alegia), y no permitirlo antes la insurrección carlista que existía en el valle”.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Sendagile huraxe izan zen lau urte lehenago, erakarri nahi zituen bainuzale berriak ikusmiran zituela-eta, errealitate politikotik kanpoko paradisu bat irudikatu nahi izan balu bezala mintzatu zena aramaioarrez. 

Halaxe zioen erdaraz idatzitako Aramaioko bainuetxeko Oroitidazkian 1868ko urrian:“Kristau-erlijiosotasun bikainaz gordetzen dituzte aramaioarrek Elizaren aginduak eta horrek eragin onuragarria sorrarazten du auzitegi-barruti osoko estatistika kriminalean”. 

Hori esatea gutxi iruditurik edo, honako hau erantsi zuen jarraian: “aramaioarren ohiturak oso dira egokiak eta lasaiak”, eta are gehiago, politikoki ere “obedienteak eta esanekoak dira agintari eta legeekiko eta adorez defendatzen dituzte beren eskubideak”.

Ezin asma daiteke, tamalez, barne-ontasunetik isuri ote zitzaion irudikatze hura Cordido Garza medikuari ala hilabete lehenago Estatua hankaz gora utzia zuen Iraultzak eragindako interes politikoengatik.

Ezin jakin dezakegu, ezta ere, beranduago Aramaion Santa Kruz apaizarekin gertatua ikusita –ziurra baita bertatik ezagutu zuela atxiloketaren eta hura fusilatzeko asmoaren berria–, berdin mintzatuko zatekeen 1872ko abuztuaz geroztik aramaioarrez eta, batik bat, gerrillariari ihes egiten lagundu zioten herritar karlista ausartez. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Dena den, 1866an Alakanteko Salinetas de Novelda bainuetxean behin-behineko zuzendari izandako sendagile hark ondo baino hobeto zekien non zebilen lanean eta zer zegoen irakiten inguruan (“la insurrección carlista en que se halla este país”), zerbaitegatik baitzen, mediku-zirujauaz gainera, “segundo ayudante médico honorario del cuerpo de Sanidad Militar, condecorado con la Cruz de Caballero de la Real Orden Americana de Isabel la Católica, con la Medalla de África, benemérito de la Patria”, etab. 

Ez zituen, horratik, meritu horiek 1868ko Oroitidazkian zerrendatu; ezta ere, noski –nekez izan baitzitekeen geroago gertatuko zenaren igarle–, 1872an Amadeo I.a errege espainiartuak emango zion “la Encomienda de Isabel la Católica” entzutetsuarena. 

Nolanahi ere den, agerikoa zen monarkiaren aldeko zerbitzuez mintzo zela azken domina hura ere; domina, bidenabar esateko, aski debaluatua, errege izan bitartean –hogeita bost hilabetez baino ez– 4.202 gurutze eta enkomienda banatu baitzituen eskuzabalki monarka saboiar hark. Hau da, urteko bi mila. Batez beste, sei bat domina eguneko. Egungo Guiness Liburuan agertzeko moduko errekorra, alegia.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ageri denez, bi nortasun eta bi bizitza-proiektu zeharo ezberdinak Elduaingo gerrillari euskaldunarena eta estatu espainiarreko gobernuek ohoratutako medikuarena. Biak hautu, xede eta norabide arras kontrajarrikoak eta bi-biak, gau batez behintzat, Aramaion, bainuetxearen itzalpean, oharkabez tril eginikoak.

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Hidrogeno berdea: energia berriztagarrien itzalpeko negozioa

Ezaguna denez, aerosorgailuek eta plaka fotoboltaikoek argindarra sortzen dute, elektrizitate hutsa, alegia. Eta hori da, eskuarki, oinezko garenok energia berriztagarrien ikusmiran izan ohi duguna. Alabaina, elektrifikazio hutsak ez du balio askoz pisu ekonomiko gehiagokoak diren bestelako energia-premiak asetzeko. Izan ere, badira hainbat eta hainbat arlo non elektrizitatea ez da nahikoa edo ez du aparteko baliorik. Industria-arloko berotze handiko prozesuak bezalakoak, adibidez, ez dira elektrifikagarriak. Eta berdin gertatzen da garraioen esparruan, non hegazkinak, itsasontziak, lehorreko garraio eta makineria astuna (kamioiak, traktoreak…) ez diren elektrifikagarri.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Guztiarekin ere, deskarbonizazioaren aitzakiarekin, etenik gabe ari dira gure inguruak elektrizitatea besterik ekoizten ez duten fotoboltaikoz eta aerosorgailuz betetzen. Eta horrela segituz gero, denbora laburrean gainera, behar baino askoz elektrizitate gehiago izango da. Baita gurean ere, Eusko Jaurlaritzaren Energia Planak ez baitu energetikoki irensgarri den toki bat bera ere bakean utziko.

Energiaren negozio erraldoi horretako interesatuenek, dena den, ongi pentsatua dute nora bideratu gainekoizpen izan daitekeen hori, hots, negozioa areagotzera eta, ahal delarik, next generationak eta beste ere eskuratzera. Betiere, noski, deskarbonizazioaren aitzakiarekin. Eta aitzakia diogu, zeren eta, energia fosilen ordezkatzeak eta nolabaiteko desazkunde-urratsek batera-edo etorri beharra dutela badirudi ere, bestela bide dute aurreikusia gure bizitza bideratzen dutenek:

Las últimas estimaciones de la Agencia Internacional de la Energía (AIE), publicadas a finales de 2019, prevén un aumento de la demanda energética global de entre un 25 y un 30 % hasta 2040, lo que en una economía dependiente del carbón y el petróleo significaría más CO2 y el agravamiento del cambio climático. Sin embargo, la descarbonización del planeta nos propone un mundo distinto para 2050: más accesible, eficiente y sostenible, e impulsado por energías limpias como el hidrógeno verde.

Horra hor, beraz, egoeraren argazkia: abian dugun hazkunde ekonomiko eta energetiko eskerga baretu eta egoera orekatu ordez, areagotuz joango den eskari energetikoari babesa eman eta deskarbonizazioaren mirakulua hidrogeno berdearen ekoizpen erraldoiaren eskuetan utzi. 

Agerikoa da, bada, zein den planteatzen duten berriztagarriez baliatzeko estrategia: hidrogeno berdearen menpe jarri nahita “soberakin” bilakatuko den energia elektriko guztia, aurrerantzean huraxe ekoiztea izango baita helburua… eta negozioa.

Lehendabizi aerosorgailuak eta fotoboltaikoak, jarraian hidrogeno berdea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Euskal Autonomia Erkidegoak bere proiektu propioa du garatua: BH2C. Hidrogenoaren Euskal Korridorea izenekoa. Petronor-Repsolek abiarazitako ekimen honek 77 erakunde biltzen ditu inguruan, presidenteordetza Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundea (EVE) delakoak daukalarik.

Ia 1.400 milioiko inbertsioa medio, 2024an hasiko da abian eta urtean 20.000 tona hidrogeno berde ekoiztea du xede.

Momentuz ez dute zehaztu zenbat tona izango diren bertan kontsumitzeko eta zenbat esportaziorako. 

CEPSAk, berriz, argi iragarria du 2026an ekingo diola hidrogeno berdea Europara esportatzeari. 5.000 milioi euroko inbertsioarekin eta Andaluzian kokatuta, bi plantatan banatutako industria honek 300.000 tona hidrogeno berde ekoiztea espero du. Inguruko baliabide hidrikoak ikusita, uste izatekoa da itsas ura gatzgabetu beharko dutela aurrenik ekoizpen erraldoi hori lortzeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hidrogeno berdea, oro har, funtsezko alternatiba da, energia berriztagarrien bidezko ekoizpena izateaz gainera, ez baitu CO2-rik igortzen airera. Damurik, hura lortzeko eta bideratzeko teknologia ahula eta heldu gabea da oraindik, eta gaur egun zaila da ekoizteko, kostu ekonomiko handikoa eta garraiatzeko ere eragozpen itzelak sorrarazten ditu. Iberdrolak berak aitortzen duen moduan

El hidrógeno verde también tiene aspectos negativos que conviene recordar:

  • Mayor coste: la energía procedente de fuentes renovables, claves para generar hidrógeno verde a través de la electrólisis, es más cara de generar, lo que a su vez encarece la obtención del hidrógeno.
  • Mayor gasto energético: la producción del hidrógeno en general (berriztagarria ez den hidrogenoa, alegia) y del verde en particular requiere más energía que otros combustibles.
  • Atención a la seguridad: el hidrógeno es un elemento muy volátil e inflamable, por lo que requiere unos requisitos de seguridad elevados para evitar fugas y explosiones.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta ziurtasun-arazoak ahaztu gabe ere (honatx France Hydrogène elkarteko Philippe Boucly lehendakariaren hitzak datorkeen hidrogeno-estazio eta hoditeriaren zabalkundearen aurrean: “Oso bektore energetiko arriskutsua da, baita profesionalek arreta eta ardura guztiak hartzen badituzte ere. Ezin da ezkutatu: hildakoak izango dira hidrogenoagatik”), zinez nabarmendu behar da garestia dela hidrogeno berdearen ekoizpena eta aurrerantzean ere ez dela berriztagarri ez diren energien bidezko hidrogeno-ekoizpena baino merkeago izango. Energiaren Nazioarteko Elkartearen (Asociación Internacional de la Energía) arabera,

En 2019 producir un kilo de hidrógeno verde (elektrizitate berriztagarriaren bidez ekoiztea) costaba entre 3,2 y 7,7 dólares, mientras que con gas oscilaba entre 0,7 y 2,1 y el carbón se situaba entre 1,9 y 2,6 dólares. Estiman que en 2060 los costes se habrán igualado por abajo –dependerá del precio de la electricidad– y también estará mucho más cerca por arriba (2,5 dólares con emisiones, 3,3 dólares el kilo de verde).

Ikus daitekeenez, hidrogeno berdearen kilo bakoitzaren prezioak gutxienez 0,8 dolar garestiago izaten jarraituko du gero ere, hau da, 2060tik aurrera.

Beste nonbaiten merketu beharko da kostua, hortaz, “lehiakor” izan dadin.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina ez da, ez, merkeago eta errazago biltegiratze-lana ere, nahiz eta teorian likido moduan, solidoan edota gas gisa ere manipula daitekeen. 

Likido modura, oso tenperatura baxuan gorde behar da, hidrogenoaren irakite-puntua -252,87º C-tan gertatzen baita. 

Gas gisa egiteak toki gehiago eskatzen du eta presio altuko tratamendua (200-300 bar). Ohikoa da sakontasun handian egindako leize edota meategietan biltzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Sor ditzakeen arriskuak direla eta, presio altua jasan dezaketen edukiontzitan garraiatu behar da hidrogeno berdea. Ez da hori, baina, arazorik latzena, garraiatzea bera baizik. Eta adibide bat jar daiteke.

2020ko uztailean Bruselan Europar Batzordeak aurkeztutako Une stratégie de l’hydrogène pour une Europe climatiquement neutre txostenean adierazitakoaren arabera, 2030era bitartean hamaseina tonako ehun mila kamioi inguru jarri beharko lirateke hidrogenoaren garraiatze-lanetan Europar Batasunean. Batez beste, kamioi bakoitzari 160.000 km kalkulatuko balitzaizkio urteko, 900 km2-zabalera luketen plaka fotoboltaikoen ekoizpenaren parekoa beharko litzateke, edo, nahiago bada, 15 zentral nuklear klasikoren ekoizpena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gogoan izan behar da gaur egun oraindik gehien erabiltzen den hidrogenoa (hidrogeno grisa) ez dela berriztagarria, erregai fosilak behar direlako haren ekoizpenerako (ia % 99 ekoizten da metanoaren bitartez). Eta berdin esan liteke bestelako hidrogeno gehienei buruz.

Hidrogeno berdea dugu, bada, deskarbonizazioaren ikuspuntutik behintzat “itxaropena” lekarkigukeen bektore energetikoa, baina aipatu berri ditugun eragozpenekin betiere. Ez dira guztiak horratik, bai baitago bestelako eragozpenik ere, eta ez, tamalez, edozelakorik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hidrogeno berdearen ekoizpenaren gakoa ez datza eguzkia eta haizea bakarrik izatean, Iberdrolak bere propagandan dioen bezala (“Por viento y sol que no quede. España es uno de los países europeos con mayor radiación solar y por tanto recurso para el despliegue fotovoltaico, el de mayor potencial”). Alegia, hidrogenoa energia berriztagarri horien bitartez lor badaiteke ere, ura –ur geza– behar da elektrolisi-prozesuaren bitartez oxigenoa eta hidrogenoa banantzeko, eta, Iberdrolari esatea ahaztu egin zaion arren, estatu espainiarra ez da uretan –nola esan?– aberatsegia, besteak beste, erremediorik gabeko desertifikazio-prozesu latzean murgilduta dagoelako aspaldidanik. 

Eta ahaztu egin zaio hori esatea, edonork dakien arren Castilla-La Manchan Hidrogeno Berdearen Cluster edo enpresa-taldeko burua Iberdrola bera dela eta Hidrogenoaren Zentro Nazionaltzat duten Puertollano herrian (Energiaren Hiria ere deitua) Europako azpiegiturarik handiena duela industria-erabilpenerako hidrogeno berdea ekoizteko. 

Hori bai: fotoelektrokatalisi-teknologia aurreratuenerako eguzki faltarik izango ez badute ere, inor ez omen da ohartu eskas samarra dutela hidrogeno berdea sortzeko ezinbestekoa den ura –ura bai–, nahiz eta dagoeneko ongi ikasia duten teknologia berrienekin ere kilo bat hidrogeno berde sortzeko 10 litro ur behar dituztela.

Zeinahi ere den kontsumoa, Montoro urtegia dute Puertollanoko biztanleek ur-hornidurarako biltegia. Industria petrokimiko guztia ere urtegi beretik elikatzen da.

Kontua –eta arazoa– da urtegiak 105 hm3-ko edukiera duela, eta azken hamar urteotan 80 hm3 ur izan duela batez beste ekainaren azken astean (edukiera guztiaren % 77,05). 2022an, ordea, 50 hm3 (% 47,62) baino ez zuen izan ekaineko aste horretan, eta 2023an 33 hm3 (% 31,43). Une honetan (2023.07.05) 31,77 hm3 besterik ez du, eta, antza denez, beherantza doa gupidarik gabe.

Erritmo horrekin zaila izan liteke, hortaz, hidrogeno berde askorik ekoiztea…, ez bada –beranduegi etor liteke hori ere– inguruetako ibai handiren bateko isuria husten doan urtegirantz bideratzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Espainian ez, baina urarekin zerikusia duen antzeko arazo larri batez ohartu da oraintsu Estatu Batuetako lehendakaria ere. 

Reuters agentziak kaleratu duenez (2023/07/03), Biden-en administrazioak ez daki nola aurre egin Texas-eko Corpus Christi herrian aurreikusia zuten hidrogeno berdea ekoizteko proiektuari. Izan ere, proiektua Mexikoko golkoan kokatuta egonik, itsasoko ura baliatzea zuten ikusmiran, hango lurrak urtetako lehortea jasaten ari baitira. Zoritxarrez, itsas ura gatzgabetzeko nahitaezko diren araztegien kostua ikaragarri garestia da eta, ingurunea eta arrantza-ekonomia hondatzeaz gainera, planta horiek behar duten energia-kopurua ere itzela da, eta garestia, oso. 

Baina krisiaren hasiera baizik ez dirudi horrek. Energia Sail estatubatuarrak hidrogeno berdea ekoizteko omen dituen 33 proiektuetatik laurdena (bederatzi, hain zuzen) ur-eskasia kezkagarria duten herrialdeetan aurreikusita ei daude (Texas, Kaliforniako hegoaldea, Kansas, Colorado eta Mexiko Berria).

Estatu espainiarrean bezalatsu, esan liteke, ez baitirudi Kataluniako Vall de L’Hidrogen proiektua eta Aragoiko Valle del Hidrógeno delakoa asko bereizten direnik Castilla-La Manchako Clúster del Hidrógenotik, hirurak kokatzen baitira egonkortasun hidriko gehiegirik ez duten lurraldeetan. Ahaztu gabe, noski, goraxeago aipatu den Europako handiena izan nahi duen Valle Andaluz del Hidrógeno Verde izeneko proiektua.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horrenbestez, bistan da aerosorgailu eta fotoboltaikoen bidez sortutako energia berriztagarria dela Hidrogeno Berdearen inguruko proiektuak aurrera eramateko giltza. Eta hasieran jaso bezala, “por viento y sol que no quede!” izan da sektore energetikoaren lehen aldarria, energia berriztagarrien ekoizpen erraz eta merkean baitatza, diotenez, hidrogeno berdearen azken prezioaren osagairik garrantzizkoena. Baina faktoreren bat falta uste zaie analisian.

Berretsi beharrik ez da gaur gaurkoz hidrogeno berdearen prezioa ez dela inondik ere lehiakorra. Eta aurrerago ere arretaz ikusi beharko da kontua.

Herrialde industrializatu zenbaitek (Alemania, Herbehereak, Japonia…) dagoeneko erakutsi duten bezala, askoz merkeagoa gertatuko zaie hidrogenoa inportatzea ekoizten hastea baino.

Kalkulatua dute, adibidez, Mendebaldeko Afrikan eros dezaketen hidrogenoaren prezioa (2,50 euro baino gutxiago kiloko) Alemanian sortzea baino errentagarriagoa izango dela (3,80 euro kiloko).

Hau da, kostuak direla eta, ez dute dirurik xahutuko elektrizitatea beren herrialdeetara eramaten eta hidrogenoa bertan ekoizten, nahiago baitute prezio “egokiak” aurkitzea eta han urrun fotoboltaikoz eta aerosorgailuz josiko diren herrialdeetan erostea. 

Eta argi da arras “lehiakor” izateko prest egongo direla, esaterako, eredu neokolonial hau onetsi beharko duen Afrika (Egipto, Kenya, Mauritania, Maroko, Namibia eta Hegoafrikaren artean 2.000 kilotona hidrogeno berde ekoitzi asmo dute 2030erako), Txile, Kanada, Australia eta beste.

Hori horrela, jakiteke geratzen da zer-nolako tarta-zatia egokituko zaion gure aerosorgailuek eta fotoboltaikoek elikatuko duten Basque Hydrogen Corridor-BH2C proiektuari.

Laster asko jakingo, halere.

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina