Statkraft eta LPS: isekaz eta iruzurrez

Boterearen aurrean

Maiatzaren 10ean kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak –Arantxa Tapiaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, hain zuzen– Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala delakoa, ingurumenaren ustiaketa industrialerako erabilpen gupidagabearen inguruko arazoa eta gatazka EAE guztira hedatuz.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Teresa Riberaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak ere antzera jokatu izan du Statkraftek Aramaio-Eskoriatzan eraiki nahi duen Poligono Industrial Eolikoaren proiektua ofizialki ezagutarazi eta alegazioak egiteko epea jarri izan duenean, maiatzaren 19an argitaratu baitzuen iragarkia Arabako Aldizkari Ofizialean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Norgehiagoka horretan agerian geratu zen Jaurlaritzak aurrea hartu nahi izan ziola Madrileko Ministerioari, batik bat, berea Lurralde Plan bat zelako eta, teorikoki behintzat, nekez onar zezakeelako, Madrildik bazetorren ere, berak erabakitako jarraibideen barnean egon behar zuen proiektu eoliko bati buruzko iragarkia lehenago kaleratzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kasualitatez edo, alegazio-prozesu horiek biak bete-betean zegozkien Aramaiori eta haren egoera bertsuan zeuden beste hainbat herri euskalduni. Eta bai erakunde madrildarrak eta bai EAEkoek bazekiten hori.

Eta kasualki nonbait, alegazio-epe horiek biak udalbatza berriak osatzeko garaian antolatu ziren, hau da, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak politikoki eta administratiboki zeharo desaktibatuta eta abian hasteko prestatzen ari zirenean.

Ikuspuntu demokratiko huts batetik begiraturik, prozesu guztia baliogabetzeko motiboa zirudien ustezko amarrukeria horrek.

Alegazioei emango zaien erantzunak esango, dena den.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezarritako epe ezin estuagoa bukatuta, 4.000 herri-alegazio inguru jaso omen ditu EAErako prestatutako LPS delakoak.

Statkraftek Aramaion jarri nahi duen Poligono Industrial Eolikoaren proiektuari alegazioak jartzeko epea bizpahiru egunen buruan amaituko da.

Eta kasu honetan ere, alegaziorik funtsezkoena prozedurari egin beharko litzaioke lehendabizi, erakunde gorenetatik etorri arren, sistema demokratikoak ezin bailezake horrelako erdeinuzko antzerkirik onartu proiektuak eragindako jendearekiko. 

Zeren eta, iseka ez bada, isekaren eta mespretxuaren antzik ez zaio falta horri guztiari, garbi asko erakusten baita zertan daukaten gobernu, erakunde eta oligopolio energetikoak jendearen iritzia eta zer-nolako balioa ematen dioten Herriari lortu nahi dutena lortzeko unean. 

Eta bereziki Aramaioko kasuan, zeren eta iruzurra ez bada, iruzurraren antzik ere ez zaio falta Statkraften eta Ministerioaren jokamoldeari.

Ala ez al da iruzur horrelako proiektu erraldoi bati buruzko eztabaida taxuzkorik egon ez denean, haraneko ingurumenera eta arlo sozialera eta kulturalera ekar ditzakeen kalte eta onuren balorazio pausaturik egin ez denean, aramaioarrek Poligonoaren alde/kontra duten jarrera ezagutzeko galdeketarik izan ez denean…, ez al da iruzur –diogun berriro– aerosorgailuen proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruzko alegazio-epea zabaltzeko urgentziazko modu hau?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zalantzarik ez da: bai LPSri eta bai Statkraften Poligono Eolikoaren proiektuari aurkeztuko zaizkien alegazioak Euskal Herrian, etorkizunean eta biodibertsitatean sinetsi nahi duen gizarteak fede onez bideratutako alegazioak dira. Fede onez bideratuak eta arrazoian eta justizian fidatuz.

Alabaina, herri-alegazioen sendotasuna eta indar etiko-soziala ezin handiagoak badira ere, kezka da noraino ote diren aldagarri Jaurlaritzako eta Ministerio madrildarretako bulegoetan, energia-subiranotasunaren eta deskarbonizazioaren aitzakiarekin, oligopolio energetikoaren interesen alde erakusten ari diren borondatea eta jarrera.

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Gerrillaria eta medikua (1872)

Aurreko batean azaldu legez, 1868ko irailean garrantzi handiko matxinada gertatu zen estatu espainiarrean. “Behera Borboiak!” aldarrikatzen zuen Iraultza Loriotsua izeneko hark Donostian harrapatu zuen Isabel II.a erregina borboia uda-garaiaz gozatzen eta Iparralderantz alde egitea beste irtenbiderik ez zuen izan.

Seiurteko Iraultzailea deitua izango zen garai hasiberri hari erronka politiko desberdinak sortu zitzaizkion segidan, besteak beste, gobernu-formaren hautuarena eta konstituzio berria erredaktatzearena. 

Luzeak bezain latzak suertatu ziren haien inguruko eztabaidak eta erabakiak, baina hausketa sozial eta politiko larriena ekarri zutenak kultu-askatasunaren aldeko erabakiak, ezkontza zibilaren legeztatzea eta jesuiten ordenaren deuseztatzea izan ziren oro har. 

Eliza erromatarraren jarraibide eta aginduak tarteko, estatuko katoliko gehienek –batik bat, elizgizonek eta nekazariek– gogor egin zuten neurri haien aurka. Eta, euskaldun asko barne, karlismoaren lerroetan aurkitu uste zuten sistema liberalaren kontrako borroka-bidea, zeharo sinetsita baitzeuden Karlos VII.ak –Borboia hura ere!– “dinastia lejitimo”-az gainera, erlijio katolikoa eta Foru zaharrak ere aldarrikatzen zituela.

Lau urtez luzatuko zen Bigarren Karlistaldiari (1872-1876) ekiteko arrazoiak eta aitzakiak harilkatu ziren une haietan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Inguruabar haren fruitu nabarmena izan zen Elduaingo Manuel Santa Kruz Loidi apaiz gerrillariak Aramaion 1872ko abuztuaren hasieran, Bigarren Karlistaldiaren atarian, sorrarazitako pasadizo ospetsua. 

Jakina denez, Bergarako Elorregin harrapatua izan ondoren, Aramaioko udaletxeko ziegan sartu zuten liberalek, baina fusilatua izan baino ordu batzuk lehenago lortu zuen ihes egitea.

Ez dirudi Santa Kruzek Aramaioko bainuetxea ikusteko gogo eta adore gehiegirik izango zuenik egun haietan. Baina, itxura duenez, abuztuaren 12ko gauean Udaletxeko balkoitik errekara jauzi egin eta Errotabarrirantz jo zuenean, bainuetxearen ondo-ondoko erreka-zulotik igaro behar izan zuen itzalgaizka eta hotsik atera gabe, bila zebilzkion soldadu liberalek berriro atxilotu ez zezaten.

Erreka-zolatik nekez ikus zezakeen kanpoko aldeko ezer, eta entzun ere, berak beranduago aitortu zuenez, zaldien trostak eta soldaduen oihuak eta uluak baino ez zituen entzun. Alabaina, argi da gau hartako ibilaldian Santa Kruz ekintzailearen ihesaldiaren lekuko mutu suertatu zela bainuetxea oharkabean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aurreko sasoietan bezala, Lorenzo Cordido Garzak berriz hartu zuen Aramaioko bainuetxeko mediku-lana 1872an. Oraingoan, uztailaren 21etik irailaren amaierara arte. Egoitza, halere, herrian bertan zeukan urtean zehar: “Mi residencia fuera de la temporada oficial es el mismo valle de Aramana (sic)”.

Urriaren 2an sinatutako Memoria edo Oroitidazki ezin laburragoan adierazitakoaren arabera, 50 bainuzale besterik ez zen izan urte hartan bainuetxean (18 aramaioar [klase altu edo ertaineko 15, klase txiroko 2 eta militar bat], 22 gasteiztar [haietako bat, txiroa], Briviescako 2 eta Zornotza, Bilbo, Arrasate, Zaragoza, Madril, Alcala Henares, Toledo, Valladolid hiri/herriguneetako bana).

Sendagileak birritan nabarmendu zuenez, 1872ko bainu-sasoia “empezó el 21 de Julio, en que tomó posesión el Director (medikuak berak, alegia), y no permitirlo antes la insurrección carlista que existía en el valle”.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Sendagile huraxe izan zen lau urte lehenago, erakarri nahi zituen bainuzale berriak ikusmiran zituela-eta, errealitate politikotik kanpoko paradisu bat irudikatu nahi izan balu bezala mintzatu zena aramaioarrez. 

Halaxe zioen erdaraz idatzitako Aramaioko bainuetxeko Oroitidazkian 1868ko urrian:“Kristau-erlijiosotasun bikainaz gordetzen dituzte aramaioarrek Elizaren aginduak eta horrek eragin onuragarria sorrarazten du auzitegi-barruti osoko estatistika kriminalean”. 

Hori esatea gutxi iruditurik edo, honako hau erantsi zuen jarraian: “aramaioarren ohiturak oso dira egokiak eta lasaiak”, eta are gehiago, politikoki ere “obedienteak eta esanekoak dira agintari eta legeekiko eta adorez defendatzen dituzte beren eskubideak”.

Ezin asma daiteke, tamalez, barne-ontasunetik isuri ote zitzaion irudikatze hura Cordido Garza medikuari ala hilabete lehenago Estatua hankaz gora utzia zuen Iraultzak eragindako interes politikoengatik.

Ezin jakin dezakegu, ezta ere, beranduago Aramaion Santa Kruz apaizarekin gertatua ikusita –ziurra baita bertatik ezagutu zuela atxiloketaren eta hura fusilatzeko asmoaren berria–, berdin mintzatuko zatekeen 1872ko abuztuaz geroztik aramaioarrez eta, batik bat, gerrillariari ihes egiten lagundu zioten herritar karlista ausartez. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Dena den, 1866an Alakanteko Salinetas de Novelda bainuetxean behin-behineko zuzendari izandako sendagile hark ondo baino hobeto zekien non zebilen lanean eta zer zegoen irakiten inguruan (“la insurrección carlista en que se halla este país”), zerbaitegatik baitzen, mediku-zirujauaz gainera, “segundo ayudante médico honorario del cuerpo de Sanidad Militar, condecorado con la Cruz de Caballero de la Real Orden Americana de Isabel la Católica, con la Medalla de África, benemérito de la Patria”, etab. 

Ez zituen, horratik, meritu horiek 1868ko Oroitidazkian zerrendatu; ezta ere, noski –nekez izan baitzitekeen geroago gertatuko zenaren igarle–, 1872an Amadeo I.a errege espainiartuak emango zion “la Encomienda de Isabel la Católica” entzutetsuarena. 

Nolanahi ere den, agerikoa zen monarkiaren aldeko zerbitzuez mintzo zela azken domina hura ere; domina, bidenabar esateko, aski debaluatua, errege izan bitartean –hogeita bost hilabetez baino ez– 4.202 gurutze eta enkomienda banatu baitzituen eskuzabalki monarka saboiar hark. Hau da, urteko bi mila. Batez beste, sei bat domina eguneko. Egungo Guiness Liburuan agertzeko moduko errekorra, alegia.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ageri denez, bi nortasun eta bi bizitza-proiektu zeharo ezberdinak Elduaingo gerrillari euskaldunarena eta estatu espainiarreko gobernuek ohoratutako medikuarena. Biak hautu, xede eta norabide arras kontrajarrikoak eta bi-biak, gau batez behintzat, Aramaion, bainuetxearen itzalpean, oharkabez tril eginikoak.

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Hidrogeno berdea: energia berriztagarrien itzalpeko negozioa

Ezaguna denez, aerosorgailuek eta plaka fotoboltaikoek argindarra sortzen dute, elektrizitate hutsa, alegia. Eta hori da, eskuarki, oinezko garenok energia berriztagarrien ikusmiran izan ohi duguna. Alabaina, elektrifikazio hutsak ez du balio askoz pisu ekonomiko gehiagokoak diren bestelako energia-premiak asetzeko. Izan ere, badira hainbat eta hainbat arlo non elektrizitatea ez da nahikoa edo ez du aparteko baliorik. Industria-arloko berotze handiko prozesuak bezalakoak, adibidez, ez dira elektrifikagarriak. Eta berdin gertatzen da garraioen esparruan, non hegazkinak, itsasontziak, lehorreko garraio eta makineria astuna (kamioiak, traktoreak…) ez diren elektrifikagarri.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Guztiarekin ere, deskarbonizazioaren aitzakiarekin, etenik gabe ari dira gure inguruak elektrizitatea besterik ekoizten ez duten fotoboltaikoz eta aerosorgailuz betetzen. Eta horrela segituz gero, denbora laburrean gainera, behar baino askoz elektrizitate gehiago izango da. Baita gurean ere, Eusko Jaurlaritzaren Energia Planak ez baitu energetikoki irensgarri den toki bat bera ere bakean utziko.

Energiaren negozio erraldoi horretako interesatuenek, dena den, ongi pentsatua dute nora bideratu gainekoizpen izan daitekeen hori, hots, negozioa areagotzera eta, ahal delarik, next generationak eta beste ere eskuratzera. Betiere, noski, deskarbonizazioaren aitzakiarekin. Eta aitzakia diogu, zeren eta, energia fosilen ordezkatzeak eta nolabaiteko desazkunde-urratsek batera-edo etorri beharra dutela badirudi ere, bestela bide dute aurreikusia gure bizitza bideratzen dutenek:

Las últimas estimaciones de la Agencia Internacional de la Energía (AIE), publicadas a finales de 2019, prevén un aumento de la demanda energética global de entre un 25 y un 30 % hasta 2040, lo que en una economía dependiente del carbón y el petróleo significaría más CO2 y el agravamiento del cambio climático. Sin embargo, la descarbonización del planeta nos propone un mundo distinto para 2050: más accesible, eficiente y sostenible, e impulsado por energías limpias como el hidrógeno verde.

Horra hor, beraz, egoeraren argazkia: abian dugun hazkunde ekonomiko eta energetiko eskerga baretu eta egoera orekatu ordez, areagotuz joango den eskari energetikoari babesa eman eta deskarbonizazioaren mirakulua hidrogeno berdearen ekoizpen erraldoiaren eskuetan utzi. 

Agerikoa da, bada, zein den planteatzen duten berriztagarriez baliatzeko estrategia: hidrogeno berdearen menpe jarri nahita “soberakin” bilakatuko den energia elektriko guztia, aurrerantzean huraxe ekoiztea izango baita helburua… eta negozioa.

Lehendabizi aerosorgailuak eta fotoboltaikoak, jarraian hidrogeno berdea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Euskal Autonomia Erkidegoak bere proiektu propioa du garatua: BH2C. Hidrogenoaren Euskal Korridorea izenekoa. Petronor-Repsolek abiarazitako ekimen honek 77 erakunde biltzen ditu inguruan, presidenteordetza Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundea (EVE) delakoak daukalarik.

Ia 1.400 milioiko inbertsioa medio, 2024an hasiko da abian eta urtean 20.000 tona hidrogeno berde ekoiztea du xede.

Momentuz ez dute zehaztu zenbat tona izango diren bertan kontsumitzeko eta zenbat esportaziorako. 

CEPSAk, berriz, argi iragarria du 2026an ekingo diola hidrogeno berdea Europara esportatzeari. 5.000 milioi euroko inbertsioarekin eta Andaluzian kokatuta, bi plantatan banatutako industria honek 300.000 tona hidrogeno berde ekoiztea espero du. Inguruko baliabide hidrikoak ikusita, uste izatekoa da itsas ura gatzgabetu beharko dutela aurrenik ekoizpen erraldoi hori lortzeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hidrogeno berdea, oro har, funtsezko alternatiba da, energia berriztagarrien bidezko ekoizpena izateaz gainera, ez baitu CO2-rik igortzen airera. Damurik, hura lortzeko eta bideratzeko teknologia ahula eta heldu gabea da oraindik, eta gaur egun zaila da ekoizteko, kostu ekonomiko handikoa eta garraiatzeko ere eragozpen itzelak sorrarazten ditu. Iberdrolak berak aitortzen duen moduan

El hidrógeno verde también tiene aspectos negativos que conviene recordar:

  • Mayor coste: la energía procedente de fuentes renovables, claves para generar hidrógeno verde a través de la electrólisis, es más cara de generar, lo que a su vez encarece la obtención del hidrógeno.
  • Mayor gasto energético: la producción del hidrógeno en general (berriztagarria ez den hidrogenoa, alegia) y del verde en particular requiere más energía que otros combustibles.
  • Atención a la seguridad: el hidrógeno es un elemento muy volátil e inflamable, por lo que requiere unos requisitos de seguridad elevados para evitar fugas y explosiones.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta ziurtasun-arazoak ahaztu gabe ere (honatx France Hydrogène elkarteko Philippe Boucly lehendakariaren hitzak datorkeen hidrogeno-estazio eta hoditeriaren zabalkundearen aurrean: “Oso bektore energetiko arriskutsua da, baita profesionalek arreta eta ardura guztiak hartzen badituzte ere. Ezin da ezkutatu: hildakoak izango dira hidrogenoagatik”), zinez nabarmendu behar da garestia dela hidrogeno berdearen ekoizpena eta aurrerantzean ere ez dela berriztagarri ez diren energien bidezko hidrogeno-ekoizpena baino merkeago izango. Energiaren Nazioarteko Elkartearen (Asociación Internacional de la Energía) arabera,

En 2019 producir un kilo de hidrógeno verde (elektrizitate berriztagarriaren bidez ekoiztea) costaba entre 3,2 y 7,7 dólares, mientras que con gas oscilaba entre 0,7 y 2,1 y el carbón se situaba entre 1,9 y 2,6 dólares. Estiman que en 2060 los costes se habrán igualado por abajo –dependerá del precio de la electricidad– y también estará mucho más cerca por arriba (2,5 dólares con emisiones, 3,3 dólares el kilo de verde).

Ikus daitekeenez, hidrogeno berdearen kilo bakoitzaren prezioak gutxienez 0,8 dolar garestiago izaten jarraituko du gero ere, hau da, 2060tik aurrera.

Beste nonbaiten merketu beharko da kostua, hortaz, “lehiakor” izan dadin.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina ez da, ez, merkeago eta errazago biltegiratze-lana ere, nahiz eta teorian likido moduan, solidoan edota gas gisa ere manipula daitekeen. 

Likido modura, oso tenperatura baxuan gorde behar da, hidrogenoaren irakite-puntua -252,87º C-tan gertatzen baita. 

Gas gisa egiteak toki gehiago eskatzen du eta presio altuko tratamendua (200-300 bar). Ohikoa da sakontasun handian egindako leize edota meategietan biltzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Sor ditzakeen arriskuak direla eta, presio altua jasan dezaketen edukiontzitan garraiatu behar da hidrogeno berdea. Ez da hori, baina, arazorik latzena, garraiatzea bera baizik. Eta adibide bat jar daiteke.

2020ko uztailean Bruselan Europar Batzordeak aurkeztutako Une stratégie de l’hydrogène pour une Europe climatiquement neutre txostenean adierazitakoaren arabera, 2030era bitartean hamaseina tonako ehun mila kamioi inguru jarri beharko lirateke hidrogenoaren garraiatze-lanetan Europar Batasunean. Batez beste, kamioi bakoitzari 160.000 km kalkulatuko balitzaizkio urteko, 900 km2-zabalera luketen plaka fotoboltaikoen ekoizpenaren parekoa beharko litzateke, edo, nahiago bada, 15 zentral nuklear klasikoren ekoizpena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gogoan izan behar da gaur egun oraindik gehien erabiltzen den hidrogenoa (hidrogeno grisa) ez dela berriztagarria, erregai fosilak behar direlako haren ekoizpenerako (ia % 99 ekoizten da metanoaren bitartez). Eta berdin esan liteke bestelako hidrogeno gehienei buruz.

Hidrogeno berdea dugu, bada, deskarbonizazioaren ikuspuntutik behintzat “itxaropena” lekarkigukeen bektore energetikoa, baina aipatu berri ditugun eragozpenekin betiere. Ez dira guztiak horratik, bai baitago bestelako eragozpenik ere, eta ez, tamalez, edozelakorik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hidrogeno berdearen ekoizpenaren gakoa ez datza eguzkia eta haizea bakarrik izatean, Iberdrolak bere propagandan dioen bezala (“Por viento y sol que no quede. España es uno de los países europeos con mayor radiación solar y por tanto recurso para el despliegue fotovoltaico, el de mayor potencial”). Alegia, hidrogenoa energia berriztagarri horien bitartez lor badaiteke ere, ura –ur geza– behar da elektrolisi-prozesuaren bitartez oxigenoa eta hidrogenoa banantzeko, eta, Iberdrolari esatea ahaztu egin zaion arren, estatu espainiarra ez da uretan –nola esan?– aberatsegia, besteak beste, erremediorik gabeko desertifikazio-prozesu latzean murgilduta dagoelako aspaldidanik. 

Eta ahaztu egin zaio hori esatea, edonork dakien arren Castilla-La Manchan Hidrogeno Berdearen Cluster edo enpresa-taldeko burua Iberdrola bera dela eta Hidrogenoaren Zentro Nazionaltzat duten Puertollano herrian (Energiaren Hiria ere deitua) Europako azpiegiturarik handiena duela industria-erabilpenerako hidrogeno berdea ekoizteko. 

Hori bai: fotoelektrokatalisi-teknologia aurreratuenerako eguzki faltarik izango ez badute ere, inor ez omen da ohartu eskas samarra dutela hidrogeno berdea sortzeko ezinbestekoa den ura –ura bai–, nahiz eta dagoeneko ongi ikasia duten teknologia berrienekin ere kilo bat hidrogeno berde sortzeko 10 litro ur behar dituztela.

Zeinahi ere den kontsumoa, Montoro urtegia dute Puertollanoko biztanleek ur-hornidurarako biltegia. Industria petrokimiko guztia ere urtegi beretik elikatzen da.

Kontua –eta arazoa– da urtegiak 105 hm3-ko edukiera duela, eta azken hamar urteotan 80 hm3 ur izan duela batez beste ekainaren azken astean (edukiera guztiaren % 77,05). 2022an, ordea, 50 hm3 (% 47,62) baino ez zuen izan ekaineko aste horretan, eta 2023an 33 hm3 (% 31,43). Une honetan (2023.07.05) 31,77 hm3 besterik ez du, eta, antza denez, beherantza doa gupidarik gabe.

Erritmo horrekin zaila izan liteke, hortaz, hidrogeno berde askorik ekoiztea…, ez bada –beranduegi etor liteke hori ere– inguruetako ibai handiren bateko isuria husten doan urtegirantz bideratzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Espainian ez, baina urarekin zerikusia duen antzeko arazo larri batez ohartu da oraintsu Estatu Batuetako lehendakaria ere. 

Reuters agentziak kaleratu duenez (2023/07/03), Biden-en administrazioak ez daki nola aurre egin Texas-eko Corpus Christi herrian aurreikusia zuten hidrogeno berdea ekoizteko proiektuari. Izan ere, proiektua Mexikoko golkoan kokatuta egonik, itsasoko ura baliatzea zuten ikusmiran, hango lurrak urtetako lehortea jasaten ari baitira. Zoritxarrez, itsas ura gatzgabetzeko nahitaezko diren araztegien kostua ikaragarri garestia da eta, ingurunea eta arrantza-ekonomia hondatzeaz gainera, planta horiek behar duten energia-kopurua ere itzela da, eta garestia, oso. 

Baina krisiaren hasiera baizik ez dirudi horrek. Energia Sail estatubatuarrak hidrogeno berdea ekoizteko omen dituen 33 proiektuetatik laurdena (bederatzi, hain zuzen) ur-eskasia kezkagarria duten herrialdeetan aurreikusita ei daude (Texas, Kaliforniako hegoaldea, Kansas, Colorado eta Mexiko Berria).

Estatu espainiarrean bezalatsu, esan liteke, ez baitirudi Kataluniako Vall de L’Hidrogen proiektua eta Aragoiko Valle del Hidrógeno delakoa asko bereizten direnik Castilla-La Manchako Clúster del Hidrógenotik, hirurak kokatzen baitira egonkortasun hidriko gehiegirik ez duten lurraldeetan. Ahaztu gabe, noski, goraxeago aipatu den Europako handiena izan nahi duen Valle Andaluz del Hidrógeno Verde izeneko proiektua.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horrenbestez, bistan da aerosorgailu eta fotoboltaikoen bidez sortutako energia berriztagarria dela Hidrogeno Berdearen inguruko proiektuak aurrera eramateko giltza. Eta hasieran jaso bezala, “por viento y sol que no quede!” izan da sektore energetikoaren lehen aldarria, energia berriztagarrien ekoizpen erraz eta merkean baitatza, diotenez, hidrogeno berdearen azken prezioaren osagairik garrantzizkoena. Baina faktoreren bat falta uste zaie analisian.

Berretsi beharrik ez da gaur gaurkoz hidrogeno berdearen prezioa ez dela inondik ere lehiakorra. Eta aurrerago ere arretaz ikusi beharko da kontua.

Herrialde industrializatu zenbaitek (Alemania, Herbehereak, Japonia…) dagoeneko erakutsi duten bezala, askoz merkeagoa gertatuko zaie hidrogenoa inportatzea ekoizten hastea baino.

Kalkulatua dute, adibidez, Mendebaldeko Afrikan eros dezaketen hidrogenoaren prezioa (2,50 euro baino gutxiago kiloko) Alemanian sortzea baino errentagarriagoa izango dela (3,80 euro kiloko).

Hau da, kostuak direla eta, ez dute dirurik xahutuko elektrizitatea beren herrialdeetara eramaten eta hidrogenoa bertan ekoizten, nahiago baitute prezio “egokiak” aurkitzea eta han urrun fotoboltaikoz eta aerosorgailuz josiko diren herrialdeetan erostea. 

Eta argi da arras “lehiakor” izateko prest egongo direla, esaterako, eredu neokolonial hau onetsi beharko duen Afrika (Egipto, Kenya, Mauritania, Maroko, Namibia eta Hegoafrikaren artean 2.000 kilotona hidrogeno berde ekoitzi asmo dute 2030erako), Txile, Kanada, Australia eta beste.

Hori horrela, jakiteke geratzen da zer-nolako tarta-zatia egokituko zaion gure aerosorgailuek eta fotoboltaikoek elikatuko duten Basque Hydrogen Corridor-BH2C proiektuari.

Laster asko jakingo, halere.

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Abere-lehiaketa eta zinematografoa Aramaion (1911)

Arabako ekonomia guztia abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarrituta egotean, bertako Aldundiak haiexek sustatzen segitzeko politikari ekin zion krisiari aurre egin ahal izateko. Ez kasualitatez, bada, hasi ziren alor haietako erakusketa-lehiaketak han eta hemen antolatzen, besteak beste, Gasteizen bertan 1911ko irailaren 7an eta 14an.

Hiru hilabete lehenago, halere, Aramaiori egokitu zitzaion abere-lehiaketaz gozatzea. Azken Karlistaldiaren aurretik ez zen Arabako Aldundiko arduradunik bertaratzen eta, nonbait, nahitaezko jo zuten arabar agintariek gerran karlista izandako lurralde hauetara albait lasterren etortzea.

1911ko ekainaren 11n, beraz, jai handia antolatu zen Aramaion. Duela 112 urte, hain zuzen.

GOIZEZ

Igandea zen eta, orduko egunkariek jaso zutenez, goizeko sei eta erdietan abiatu ziren Gasteiztik kotxe batean Arabako Aldundiko lehendakaria zen Federico Baraibar, Gabriel Martínez de Aragón Sustapenerako errege-komisarioa (1931n Errepublika espainoleko Fiskal Nagusia izatera iritsiko zen berbera), Arabako Nekazari-Sindikatuko lehendakaria zen Tomas Salazar eta Benito Guinea diputatua.

Bi kotxe handitan abiatu ziren, bestalde, Jauregi, Atauri eta Etxabe-Sustateta diputatuak, Zumarraga idazkaria, Guinea interbentorea, Suso letratua, Matauko miñoiburua, miñoiak, laguntzaileak eta beste.

Atzetik, orduko egunkariek ziotenez, hainbat eta hainbat txirrindulari izan zituzten lagun errepide konpondu berriaz gozatzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hiru ordu luze behar izan zituzten Aramaiora iristeko. 

Bezperan ikaragarrizko euri-zaparrada izan bazen ere, eguraldia hobetzeko itxaropena ez zen itzali eta bisitariak musika, suziri eta kanpai-soinuen artean sartu ziren herrian.

Remigio Garro alkatea, Pablo Lasaga alkateordea, Lorenzo Eriz, Ziriako Pujana, Marin Etxebarria, Domingo Hormaetxea eta Jose Luis Uribarren zinegotziak, Simon Landa idazkaria eta Ladislao Gorostiza udaltzaina izan ziren Santana baselizaren inguruan harrera ofiziala egin zieten aramaioarrak. Ondoren, udaletxerainoko ibilaldia egin zuten herrian barrena.

Nikasio Uribarren sindikoa izan zen segizio-buru, eskuetan herriko bandera zeramala. Ikurrak Jesusen Bihotz Sakratua eta ohiko “Reinaré en España” leloa zeuzkan brodatuta.

Ordurako, erantsi beharrik ez dago, behin Aramaiora etortzean Suitza ikusi omen zuen errege kirten haren erresumako banderez eta girlandez hornituta zeuden herriko etxeak eta kaleak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bidaian erabilitako arropak aldatu eta gero, bisitariek Xerez ardoa eta pastak izan zituzten udaletxean indarrak berpizteko. 

Jarraian, prozesioa “al estilo foral” San Martin-en irudiarekin elizaraino, herriko apaizak buru.

Rafael Eriz (parrokiako koadjutorea), Leontzio Uribarren (Untzillako ekonomoa) eta Felix Altube abadeek bideratu zuten meza nagusia. Gantzagako abade ekonomoa zen Eustakio Agirre Urretari egokitu zitzaion sermoia garatzea. Euskara hutsez aritu zen, hasieran bertan garbi utzita entzule izango zituen agintari gehienek euskaraz ez jakiteak sorrarazten zion nahigabea eta tristura. Orduko albisteen diotenez, ahobatezkoa izan zen predikua entzun zuten euskaldun guztien oniritzia.

Bizente Goikoetxearen Meza kantatu zen Arrasateko Benigno Altube dultzaina-jotzailearen zuzendaritzapean, abesbatza honako hauek osatu zutelarik: German Arenaza, Migel San Pedro, Jose Salaberri, Mario Irure, Bizente Barrutia, Kruz Aginagalde, Nemesio Ozio, Frantzisko Imaz, Bernardino Muñoa eta Pedro Maria Elgoibar. Roke Amilburuk jo zuen organoa.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Meza bukatutakoan, segizioan hurbildu ziren herriko plazara, betiere Arrasateko gaiteroen musika-laguntzarekin.

Bertan zeuden, besteren artean, lehiaketan epaile gisa arituko ziren gasteiztarrak eta Nekazaritza Eskolako zuzendari Bitoriano Odriozola, eta baita ere Antonio Ortueta eta Atanasio Untzueta albaitari aramaioarrak abere-lehiaketa ordenatzen, ikaragarri handia izan baitzen aurkeztutakoen kopurua.

Abereak atal desberdinetan banatuta zeudenez, bederatzi eta erdietan puntuan hasi zen epaileen ikuskatze ofiziala eta saridunen izenak erabakitzeko lana. Jakinarazpenak eta sari-banaketa, ordea, bazkalondorako utzi ziren.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ordu batean abiatu ziren agintariak bazkaltzera. 

Jantokia udaletxeko areto nagusian atondu zen, mahaiak erdian jarrita. Bazkaria, Udalak ordainduta, Ildefontso Imaz-en ostatuari enkargatu zitzaion. Jantoki-buru Rosario Imaz izan zen eta zerbitzari-lanetan Maria Maskariano, Raimunda Beitia eta Feliziana eta Felipa Iriondo aritu ziren.

Prestatutako menua, esan beharrik ez da, goi mailakoa izan zen: 

  • Zizka-mizkak (gurina, olibak, saltxitxoia, Panplona txorizoa eta mihia eskarlata eran)
  • Kontsomea italiar eran 
  • Askotariko frijitukiak
  • Menestra
  • Zainzuriak maionesarekin
  • Legatza olio-ozpin saltsan
  • Azpizuna tartariar eran
  • Urdaiazpiko goxoa
  • Azkenburukoak: izozkia, tarta, frutak, gazta 
  • Kafea
  • Puro habanoak, Caruncho markakoak
  • Ardoak: Bodegas Bilbainas 
  • Xerez ardoa: Fuentez Parrilla
  • Likoreak: anisa (Marie Brizard), koñaka (Domecq), belar-likorea (Chartreuse)

Caruncho markako txokor-kutxak

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bitartean, Aramaioko eliza nagusian berrogeita hamar urte zeramatzan Bernabe Gortazar parroko aramaioarrak bezperan urtebetetzea izan zuela eta, beste bazkari handi bat izan zuten, politikariengatik aldenduta, herriko handikiek (apaizak, Zatarain sendagilea, etab.). 

Ezin jakin daiteke, tamalez, noraino zegoen lotuta bazkari paralelo haren antolamendua elizako predikuan azaldu ziren hizkuntza, ideologia eta mezuekin. Izan ere, euskara hutsezko sermoi hura Leon XIII. elizburuak 1885ean kaleratutako Inmortale Dei entziklikan oinarrituta zegoen eta, Estatuaren eta Elizaren artean egon behar omen lukeen lotura estuaz aritzean, Espainian erlijioari egiten zitzaizkion erasoez kexatu zen predikaria, zeharka bazen ere, liberalismoa eta gobernu liberalak kritikatuz.

ARRATSALDEZ

Bazkalostean, Aldundiko buruak hitza hartu zuen. Federiko Baraibarren orduko hura izan omen zen Arabako historian presidente batek euskaraz egiten zuen lehen hitzaldia.

Dena den, aitortu behar da eskertze hutsa besterik ez zela izan euskaraz egin zuena. Honatx erdarazko hitzaldia amaitzeko erantsi zuen ataltxoa:

Quisiera haber dicho todo esto y más en la lengua euskera que aquí se habla. Admiro y venero ese idioma multicentenario; halaga mis oídos el ritmo, la música de su fonética cuya influencia sobre el fonetismo castellano es para mí evidente, y me pasmo ante su verbo maravilloso y en el cual, como dice Campión, aletea la oda. Conozco algo gramaticalmente el euskera pero no sé manejarlo. Con todo, haciendo un esfuerzo, y rindiendo homenaje al habla del país he condensado mi sentimiento en breves frases. Oídlas con benevolencia y trasmitirlas a vuestros convecinos.

Aramayotarr maiteak. Arabako Diputaziñoaren izenean, gure izkuntza zarr-zarrean agurtzen zaituet, eta egin doskuzuen abegi maitekorragatik eskarrak emoten adutzuedaz. Gure asaben izkuntza egiten dozuben bezela, aberriyaren batasunaren kaltezkoa ez dan ezkero, asaben ekandu zarrak iraunerazo egizubez. Zintsubak eta languilleak izan zaitezte, zeuen lurrok landu egizubez; aberiak, be obetu, beyak eta beorrak batezbe, ta Jainkoak eman begizuez osasuna, poza, aberastasuna ta pakea. Aramayonan, 1911ko Bagillaren 11.an. Diputaziñoaren Nagusia. Federico Baráibar.

Bada, baiki, handik bost urtera Baraibarrek Aramaion Bizente Goikoetxea musikariaren heriotzaren ondoko omenaldian (1916) egin zuen hitzaldia ere nabarmendu duenik. Alabaina, harrigarriro, diskurtso hartan hitz bat bera ere ez zuen euskaraz egin.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Jarraian, agintariak eta epaimahaikideak udaletxearen aurrean jarritako kioskoaren gainean zeudela, sari-banaketari ekin zitzaion. Txalo-zaparrada itzelak entzun ziren abere sariztatuak plaza erdian ikusi eta jabeei diru-sariak eta diplomak banatu zizkieten bitartean. 

Honako zerrenda honetan ikusten den bezala, askotxo izan ziren sariztatuak:

LEHEN ATALA

Zekorrak (bertako arrazakoak eta bat edo bi urtekoak; aurkeztutakoak: 8)

  • Eusebio Urizar (Ibarra): 80 pzta.
  • Jose Ormaetxea (Gantzaga): 40 pzta.
  • Emeterio Arana (Ibarra): 15 pzta.

Zezenak (bertako arrazakoak eta bi urtetik aurrerakoak; aurkeztuak: 4)

  • Jose Nikolas Irasuegi (Ibarra): 100 pzta.
  • Antonio Axpe (Azkoaga): 75 pzta.
  • Gregorio Zilaurren (Untzilla): 50 pzta.
  • Juana Kortabarria (Ibarra): 25 pzta.

Ardi-abereak (sei ardiz eta ahari batez osatutako taldeak; aurkeztuak: 8)

  • Antonio Mentxaka (Uribarri): 50 pzta.
  • Saturnino Etxebarria (Ibarra): 30 pzta.
  • Hermenegildo Arexola (Azkoaga): 20 pzta.

BIGARREN ATALA

Bigantxak (bertako arrazakoak, bat eta hiru urte bitartekoak; aurkeztuak: 20)

  • Kalixto Etxebarria (Barajuen): 70 pzta.
  • Simon Mondragon (Uribarri): 40 pzta.
  • Kalixto Elortza (Azkoaga): 25 pzta.
  • Zelestina Ibabe (Uribarri): 20 pzta.

Behiak (bertako arrazakoak, hiru urtetik aurrerakoak; aurkeztutakoak: 25)

  • Eusebio Ibabe Kortabarria (Uribarri): 80 pzta.
  • Frantzisko Garaizabal (Barajuen): 60 pzta.
  • Joakin Irasuegi (Ibarra): 40 pzta.

HIRUGARREN ATALA

Moxalak eta behokak (bertako arrazakoak eta bat edo bi urtekoak; aurkeztuak: 7)

  • Mariano Maturana (Arroiabe): 50 pzta.
  • (Bigarren saria –25 pzta.–: hutsik)

Hazitarako zaldiak (bertako arrazakoak, hiru urte baino gehiagokoak; aurkeztuak: 4)

  • Maximino Arana (Jungitu): 80 pzta.
  • Inazio Azurmendi (Landa): 50 pzta.

Hazkuntzarako behorrak (bertako arrazakoak, ernalaraziak edo kumedunak; aurkeztuak: 6)

  • (Lehen saria –70 pzta.–: hutsik)
  • Domingo Olarte (Arriaga – Gasteiz): 40 pzta.

Atal honetako sariek guztiz agerian utzi zuten garai hartan ez zegoela zaldirik edo taxuzko behorrik Aramaio guztian.

LAUGARREN ATALA

Idi pareak (edozein arrazatakoak, hiru eta zazpi urte bitartekoak; aurkeztuak: 8)

  • Raimundo Goikoetxea (Ibarra): 70 pzta.
  • Esteban Bengoa (Arexola): 30 pzta.

Idi pareak (bertako arrazakoak, hiru eta zazpi urte bitartekoak; aurkeztuak: 4)

  • Kalixto Etxebarria (Barajuen): 60 pzta.
  • Fermin Gorostiza (Barajuen): 30 pzta.

Azienda nahastekatua (zezenak eta behiak; aurkeztuak: 9)

  • Jose Lopez de Bergara (Ibarra): 40 pzta.
  • Kaietano Bengoa (Arexola): 20 pzta.
  • Juana Kortabarria (Ibarra): 15 pzta.
  • Lorentzo Eriz (Barajuen): 15 pzta.
  • Domingo Etxebarria (Ibarra): 15 pzta.

Banatutako diplomek, ohi bezala, erdara hutsean zabaldu zituzten lehiaketaren mezu nagusiak euskaldun elebakar huts ziren baserritar haien artean: “Asociaos y haréis maravillas”, “La mejora del ganado depende de su alimentación”, “La selección es la base de vuestra riqueza”. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Arratsaldeko bostak eta erdiak iritsita, Gasteizerako bidea hartu zuten bisitariek, oraingoan Gipuzkoa alderantz abiatuta, hau da, Arrasate zeharkatuz eta Gatzagako mendatetik barrena.

Lehenago, halere, aurreskua dantzatu zieten aramaioarrek ohorezko agur gisara. Txistularia Roke Amilburu izan zen. Dantzari nagusiak bikote bi: aurreskua dantzatu zutenak Krisanto Etxebarria eta Maria Zubizarreta eta atzeskuari heldu ziotenak Jose Salaberri eta Kattalina Urzelai. 

Bikaina izan omen zen dantzaldia. Gainera, bada dioenik, eta badirudi egia dioela, atzeskua dantzatu zuen bikoteak orduan eman ziola ofizialtasuna familia osatzeko ezinbestekoa zen ezkongaialdiari. Belamenditar honek ziurta dezakeen gauza bakarra da aitteitte eta amama izan zituela bi-biak. Tamalez, aitteitte Jose ezagutzeko aukerarik ez zitzaion egokitu, bera jaio baino hamabost bat urte lehenago hil baitzen 1936ko gerratik bueltan, amama Kattalin alargun eta bederatzi seme-alaba umezurtz utzita.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Tamainako egunari behar bezalako amaiera emateko, leku gutxitan ikusia zuten ekitaldi berezia antolatu ei zen ilunkeran herrian: zinematografo-saio bat. 

Lumière anaiek hamabost urte lehenago asmatua, zinematografoaren esperientzia zirraragarria gertatu bide zen aramaioarrentzat eta herriko ostatuetan geratuak ziren kanpotarrentzat.

Bi sarrera-mota egon omen zen (sarrera osoa, erreal baten truke, eta sarrera erdia, hamar zentimo) eta honako hauek izan ziren gaztelaniaz proiektatutako filmen izenburuak: Max boxeolariaZezenketaToribiok jauzika ibili nahi du eta Albako dukea

Beste behin ere, teknologia, ideologia patriotikoa eta hizkuntza hegemonikoa nagusi eta progresoaren eredu…, non eta, bere kulturari eta hizkuntzari atxikirik segitzeko gero eta zailtasun gehiago zeukan arabar herri euskaldun bakarrean.

Zinematografoa
Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Zahar-berri gehiago Aramaioko bainuetxeaz

Arrautza ustelen usaineko uratsa (uretza, aramaioarron hizkeran), horixe zen bainulariek Aramaioko bainuetxean bilatzen zutena, besteren artean, azaleko gaixotasunak eta digeritze-sistemakoak osatzen ei zituelako. 

Ur sulfuroso-kaltziko hura, gorabehera ñimiñoren batekin, 12,5ºko tenperaturan azaleratzen zen iturburuan eta 15 bat litroko jarioa zuen minutuko. Urte guztian zehar berdintsu.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aitortu behar da, Karlistaldien ondoko garaiak hobeak izan zitezkeelakoan edo, lehen baino gehiago saiatu zirela bainuetxeko jabeak ur minero-medizinalen kalitatea bermatzen eta, garrantzi gehiagokoa zena, baita estatu mailako homologazio-aitortza ofizialen bat ere eskuratzen, hartan antzematen zuten-eta kanporako proiekzioaren eta arrakastaren gako nagusia. 

Hori zela eta, 1882an Madrilen burututako Farmazi Erakusketara abiatu ziren behar zutenaren bila. Domina-zaparrada baten erdian, Julian Lukok ere jaso zuen Aramaioko bainuetxea elikatzen zuten «Santana» eta «Saneduardo» izeneko iturburuetako urei luzatutako domina:

P. Fernandez Izquierdo, La Exposición Farmacéutica Nacional de 1882, Madril, 1883, 207 or.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Azpiegitura berriztatuak eta uraren kalitate onak erakarrita hasi ziren, beraz, jatorri desberdinetako apaiz, militar, politikari, dendari, lantegi-ugazaba… eta jende xehea bainuetxera hurreratzen, inguru hurbilekoak nagusi zirelarik. 

Ikusia dugu jadanik 142 izan zirela 1865ean bainuzaleak. Eta datuak oso urriak ez badira ere, nabarmena da ez zela haien artean falta senar-emazterik, apaizik –bakarrik edo arrebekin joandakoak– edota inoren lagun gisa joandako koinata, adiskide edota ilobarik ere. Ez guztiak, itxura duenez, bene-benetakoak. 

Bitxikerien artean, familia-multzo bezala identifikatutako Güell neba-arrebak eta, haiekin batera, “el ñiño, la nena y la criada” genituzke. 1886an hamalau egun eta erdi egin zituzten bainuetxean, eta erregimen desberdinen kontratazioak medio –ez zuten berdin balio haurrenek eta neskemeenek–, 1.247 erreal ordaindu zituzten egoitza osoagatik (ondoko datu gehienak ere gure Etxezar agiri-bildumatik jasoak).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Egonaldiak iraun bitartean, jende hura ez zen egoitzatik atera gabe egotekoa, ez baitzen aukera askoko aisialdia bainuetxeak eskain zezakeena. Hortaz, herrian gora eta behera paseatzen aritzeaz gainera, omnibusak baliatuz, Gesalibar, Aretxabaleta edota Eskoriatzako bainuetxeetaraino ere gerturatzen ziren arratsalde askotan, han zeuden ezagunak agurtzera eta, bainuetxe ospetsuagoak eta handiagoak izanik, giroaz gozatzera. 

Oinez, zaldiz zein gurditan, haranean barrena ere ibili ohi ziren udatiar haiek, eskuarki baserrietara joanez, bertakoekin egonez eta esnea hartuz, horixe zen-eta bainuetxeko arduradunek, denborapasa gisa, aholkatzen zizkieten jardueretako exotikoena. Uste izatekoa da jauntxoen mundukotzat hartzen zituztela baserritarrek hizkuntza aloktonoan, atzerrikoan, hitz eginarazten zieten kanpotar haiek guztiak. Eta aldi berean, turismoak betidanik eragin duen efektua ere nabarituko zutela euren baitan: klase oporzalearen bizimoduaren lilura.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Iiluragarritasun hura areagotu zezakeen izen ezagunik ere ez zen falta bainularien artean. Jadanik aipatua dugu, adibidez, Bizkaiko 50 pertsona aberatsenen artean zegoen Ramon Salazar Mazarredo militar liberalak 1888ko uda osoa pasatu zuela Aramaioko bainuetxean. Bizkaiko senadorea, berdin gobernadore militarra zein gobernadore zibila Bizkaian, Burgosen edo Badajozen, karlisten kontrako gerretan izandako “meritu”-engatik hamaika dominaz betetako militar hari bainuetxeak ezin konpondu zizkion osasun-arazoek ekarri zioten heriotza handik bi urtera Oñatin. 

Orobat, Gasteizko kartagilea zen Heraclio Fournier ere 1886ko uztailaren 11tik 20ra bitartean egon zen Aramaioko bainuetxean eta 238 erreal ordaindu zituen egoitza eta tratamenduengatik. Anselma Novia de Salcedo, Manuel Berastegiren alarguna, alabarekin bainuetxeratu zen uztailaren 5ean eta hamar egun egin zituen bertan, 532 erreal ordainduta. Bizente Sarralde, armadako jenerala, bi umerekin iritsi zen abuztuaren 13an eta 22ra arte geratu zen, astebeteko egonaldia eginez. Ramon Rubalcaba koronelak ere 13 egun igaro zituen bainuetxean. Ruperto Gimenez de Oca, Gasteizko Institutuko katedraduna eta Ateneoko kidea, urte bereko uztailaren 29ko arratsaldean sartu zen, baina, giroak gogaituta agian, 31ko goizean egin zuen alde, 42 erreal ordainduta. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baten bat, berriz, bainuetxea probatu eta itzuli egin zen beranduago, politikari ospetsu bilakatuko zen Antonio Ibarra gaztearen kasuan bezala, uztaileko 22tik 24ra eta 25etik 26ra bitartean egon ondoren, abuztuaren 11n itzuli eta 21era arte geratu baitzen, tartean, adiskide bati afaria eta gaua ere ordaindu zizkiola. Ezin jakin politika-munduko jendea ezagutzera joan ote zen gaztea, inoizka politikari ospetsuak ere biltzen ziren-eta bainuetxean. 1886ko abuztuaren 12an, esate baterako, aipatutako Antonio Ibarra bertan zela, 200 errealeko faktura ordaindu zen arabar “diputatuen bazkariagatik” (txanpan botilak aparte).

Horrelakoetan, pianoa izateaz gainera, piano-jotzailea ere behar izaten zen. Antza denez, haietako batek 40 erreal jaso zituen “gau eta egun” jotzeagatik, hain zuzen ere inguruko jendea edaten ari zen frantses txanpan-botila bakoitzaren prezioa adinako ordaina (Bordeleko ardoa 8 errealean zegoen).

Argi asko erakusten du horrek guztiak Aramaioko bainuetxearen hiruhilabeteko sasoien “sasoia”. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Arrakastak, baina, amaierarik ere izan dezake, eta hartara, Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat bainuetxerekin gertatu legez (Aretxabaleta, Eskoriatza, Legutio…), Aramaioko bainuetxea ere diru-galerak metatzen hasi zen mendearen amaieran. Orduko jabe ziren Patrizio Altube, Lino Unzueta Labeaga eta Ildefontso Imaz bazkideek nekez eutsi zioten porrotari. 1910ean itxi zen bainuetxea. 

Bolada batez aprobetxatu gabe egon ondoren, 1939tik aurrera ezarritako diktadurak baliatu zuen eraikuntza bere jarduera ideologikoa eta errepresiboa aterpetzeko. Bestela esanda, hegoaldeko hegalean guardia zibilen kuartela eta haien etxebizitzak ezarri ziren eta iparraldekoan, erdara hutsez jardungo zuen “eskola nazionala”. 

1971n, gainerako guztia eraitsita, kuartelari zegokion hegala besterik ez zen zutik utzi. Halabeharrez, nonbait. Baina ez denbora luzez.

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Hiru bat datu energia berriztagarriei buruzko eztabaidarako

Aramaioko aerosorgailuek eskuinaldeko lehenaren garaiera izango dute.

Ezaguna denez, Estatu batek enpresa, zerbitzu publiko eta hiritarrei energia elektrikoa eskaintzeko duen edukiera edo ahalmenari potentzia instalatua deitzen zaio. Estatu espainolean 120,38 GW-koa da, guztira, instalatuta dagoen potentzia hori.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Estatu osoko energia-eskaria (enpresa, zerbitzu publiko eta hiritarrek egunez egun baliatu ohi dutena), aldiz, 27 GW-koa baino ez da oro har (gaueko 9etatik 10ak bitartean 30 GW-ra iristen da). Uda-neguko aldaketa bortitzenak gogoan hartuta, eskari-erpinik altuena ez da 40 GW-tik gora igotzen (ikus Estatuko energia-eskaria denbora errealean). 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Energia berriztagarrien intermitentziak aintzat hartuta ere –haizerik eta eguzkirik ez denetan ez baita ekoizpenik–, adituen iritziz, arrazionalki antolatuta, nahikoa litzateke 80-90 GW-ko potentzia eskari arruntari eta leudekeen kontingentziei aurre egin ahal izateko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

­Halere, egungo 120,38 GW horiek (120.380 MW-ko potentzia, alegia) aski ez omen direla eta, 2030erako beste 55-60 GW gehiago instalatzea dute planifikaturik. Planifikazio horren barruan sartzen dira Arabako aerosorgailuak, Aramaiokoak tarteko (60,4 MW).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Agerikoa da, beraz, beharrezkoa dena baino energia gehiago ekoizten dela dagoeneko Estatu espainolean, eta are gehiago ekoitzi nahi dutela aurrerantzean ere. Edo beste modu batez esanda: lau haizetara –barka oximoron eoliko gisakoa!– aldarrikatzen denaren kontra, ekoizten den energia berriztagarriak ez dakar erregai fosilen eta berriztagarri ez direnen inolako murrizketarik.

Eta murriztu beharrean, alderantzizkoa gertatzen da: metatu egiten dira energia guztiak, nork daki –inork ez al du susmatuko?– zergatik, noiz arte eta zertarako!

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina bada gehiagorik ere. Energia biltzeko teknologia hobetzen ez den bitartean, ekoitzi ahala kontsumitu behar dira energia eolikoa eta fotovoltaikoa. Kontsumitu ezean, galdu egiten da gainekoizpen edo gainprodukziotzat jotzen den energia hori. Horrela, eta txundigarria badirudi ere, aurtengo urtarriletik martxora bitartean bota –bai, bota– behar izan da gainekoiztutako energia eolikoa zaborrontzira. Are okerrago: % 500 gehiagotu da Estatu espainolean ekoitzi eta alferrik galdu den energia eolikoa. Eta energia-kopuruak eta galera ekonomikoak ez dira gutxiesteko modukoak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Azpiegituren egoerarekin uztartzen da galera-arazo hori: argindarra bideratzeko sare elektrikoaren hainbat gunetan ziurtasun- eta egonkortasun-arazoak sortu eta kolapsatu egiten dira sartu nahi izaten den energia-kopuru eskergagatik. Horrek ekoizpenaren etenketa (curtailment) izan ohi du ondoriotzat, eta, besteak beste, kalte ekonomikoak dakarzkie ekoizle eta inbertsoreei.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Espero da (“desespero” hitza hobeto legoke!), tamalez, ekoizpen-etenketa edo curtailment horiek areagotuz joatea, bai hemen eta bai edonon. Adibidez, Australiak negutegi-efektuko gas-isurketak “net zero” izatera iristeko aurkeztu dituen aurreikuspenen arabera, 2050ean ekoiztuko den energia berriztagarriaren % 20raino igoko da etenketa edo curtailment izeneko fenomenoa, gutxi gorabehera gaur egun Australian ekoizten diren berriztagarrien parekoa (“about 50 trillion Wh –equal to 50 billion kWh–, the equivalent of what renewables currently produce”). 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Energiaren gainekoizpenak, bestalde, badu beste ondorio ekonomikorik ere: energia-eskaintza handia denean eta eskaria txikia, prezioak amildu egiten dira, aerosorgailu eta plaken errendimendu-tasak eta parkeen errentagarritasunak erreka-zolatik hurbilegi utziz. Kontsumitzaileentzat albiste ona izan daitekeen arren, egoera kritikoa luzatuz gero, erraz asko gerta liteke enpresa eolikoak bertan behera utzi nahi izatea ekoizpena eta, segidan, haren porrotak lekartzakeen ondorioak eta zamak (azpiegituren eraistea, etab.) besteren bizkar lagatzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Las renovables bezala agertzen diren enpresa erraldoien arabera, benetako konponbidea berriztagarrien hedapen azkarra frenatzetik letorke, horrela ez bailitzateke sistemak ezin irentsi lezakeen gainprodukziorik sortuko. Gainera, klimatologia onak berogailuetarako elektrizitate-eskaria minimoetaraino eraman duenez, nahitaezko jotzen dute argindarraren kontsumoa areagotzea (!!!). Elektrizitate-eskariaren areagotze hau, esan beharrik ez dago, Gobernuak arautu beharko lukeen beste pizgarri-sistema baten bidez lortuko litzateke (ikus gaur prentsan kaleratutako albistea).

El Mundo, 2023.05.20

∞∞∞∞∞∞∞∞

Konponbide-ildo horrekin batera, baterien sektorea ere ikusten bide dute irtenbidearen parte garrantzitsu, energia eolikoa eta fotovoltaikoa metatu ahal izateko bateria-sektorea. Baina, albisteak argitzen duen bezala, horretarako ere ezinbestekoa omen da “desarrollar un marco retributivo que potencie el almacenamiento”.

Iberdrolak, dena den, badu jadanik Abadiñon Zamudioko Ingeteam enpresak jarritako bateria bat. 6 MW-ekoa (3,5 MW/h) da eta Bizkaiko poligono eoliko bati lotuta dago. Bateria handiagoa ere du jarrita Erresuma Batuko Whitelee Windfarm-en (215 aerosorgailu, 539 MW), 50 MWkoa hain zuzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Guztiarekin ere, zail samar ikusten da curtailments direlakoen arazoen konpoketa. Enpresa Eolikoen Elkarte Espainoleko zuzendari teknikoa den Tomas Romagosak dioen legez,”la disminución progresiva de demanda eléctrica que estamos experimentando, junto con los elevados excedentes de generación fotovoltaica que entrarán en el sistema, pueden provocar [egokiago litzateke “eragin egingo dute, baiki” esatea] que las baterías no puedan evacuar toda la energía almacenada en otras horas del día”.

∞∞∞∞∞∞∞∞

UNEF (Unión Española Fotovoltaica) elkarteak, horratik, zolitasun handiz zehaztu du non dagoen konponbiderako aurreneko katebegia, funtsezkoena eta erabakigarriena: “a progressive generalization of storage cannot take place without investment incentive measures, in addition to stimulating grants and aid”. Alegia, energia-biltegiratzearen hedapena ezin da burutu inbertsioa sustatzeko “pizgarri”-rik gabe eta subentzioen eta diru-laguntzen “bultzagarriak” ematen ez badira.

Esan gabe doa, noski, aipatutako pizgarri eta bultzagarri horiek alor publikotik etorri beharko luketela. Ondoko negozio pribatua ondo eta arrakastatsu aterako bada, bederen. 

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Arabako Batzar Nagusiak Aramaion (1868)

Aramaioko udaletxea eta Sastiña (1955)

1868 garrantzizko urtea izan zen Aramaion. Besteren artean, bertako udaletxearen eraberritze-lanak bukatu zirelako (kontzejupeko harlauza batek zenbaki handiz zizelkatua du data) eta, harekin batera, teilatu gaineko erloju ordu-emaile algaratsua ere jarri zelako. Jakina denez, handik aurrera arautuago geratu zen aramaioarren bizimodua, ordu osoak ez ezik, erdiak ere jotzen baitzituen, kanpaikada bat lehenengo eta, etena eginez, orduari zegokion kanpaikada-kopurua handik segundo batzuetara.

Baina izan zen nabarmentzeko beste gertakaririk ere herrian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Une hartan, eta zegoen tokian egonik, aski garatua zen Aramaio, eta bada horren berri ematen duen albisterik.

Bainuetxeko mediku arduraduna zen Lorenzo Cordido Garzak urte hartako urrian Oroitidazki edo Memorian idatzita utzi zuenez, 422 auzoko –ez biztanle– ziren udalerrian, honela banatuta: Ibarra edo kalea: 180 auzoko, 163 etxetan banatuak; Oleta: 82; Azkoaga: 41; Untzila: 32; Uribarri: 28; Barajuen: 20; Etxaguen: 16; 12 Gantzaga: 12; Arexola: 11. 

Batez beste, auzoko bakoitzeko lau bat biztanle kalkulatuz gero, 1.600 biztanletik gora zituen Aramaiok une haietan. Albisteek diotenez, biztanle gehienak euskaldun elebakarrak.

Ibarrak, antza, galtzadarriz estaliak zituen ordurako kaleak; zerbitzuak ere ugari zituen: udaletxea, ospitalea, neska eta mutikoentzako eskola bana, bainuetxea, eliza, hiru ermita, medikua, zirujaua (bizargina ere izaten zena), botikaria (eta botika), albaitaria, burdineria-sutegia, zaldi-burdindegia (denda), kasinoa, irina egiteko bolu edo errota bi, harategia, dendak… Eta osagarri gisara, bi txistulari eta “haraneko mutikoen orkestra adoretsua”. 

Aipatu medikuaren esanetan, bestalde, sanoak eta kalitate handikoak ziren Aramaion jaten ziren elikagaiak: behi-okela, txahala, aharia, txerria, ehiza, etxeko hegaztiak, gazta, garia, artoa, gaztainak, lekariak, barazkiak, frutak…, eta ia guztiak bertakoak. Ez zitzaion, beraz, harritzekoa iruditu sendagileari orduko aramaioarren bizitza-iraupena 80-90 urte bitartekoa izatea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez zirudien kanpoko jendea erakartzen hasteko arrazoi gehiago behar zirenik. 

Beraz, horrek guztiak eta Gasteizko errepide berriak aski lagundu zuten Arabako Batzar Nagusiek Aramaio hauta zezaten biltzeko. Arrazoi politiko-administratiboez gainera, esan nahi baita.

Anekdoten ikuspuntutik ere bitxia suertatu zen ekitaldia, urte hartako irailean bertan “Behera Borboiak!” aldarrikatuko zuen Iraultza Loriotsuaren aurretik burututako azken Batzar Nagusiak izan baitziren Aramaiokoak.

Ezaguna denez, Donostian harrapatu zuen Iraultza hark Isabel II.a erregina espainola uda-garaiaz gozatzen eta, beste ihesbiderik ez zuela, Iparralderako trena hartzera jo zuen presaka eta beldurrez, paradoxikoki hainbat karlista zituela lagun, gidari eta berme.

Gogoan izatekoa da 1868ko irail hartan irekiko zen aro politiko berri eta itxaropentsu hura izango zela 1876ko uztailaren 21ean, bigarren Karlistaldiaren amaieran, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foruak zeharo deuseztatuko zituena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Duela 155 urte, 1868ko maiatzaren 4tik 7ra bitartean burutu ziren Batzar Nagusiak Aramaion. 

Hartara, zabaldu egin ziren herrian normalean ekainaren 15era arte itxita egon ohi ziren bainuetxeko zerbitzuak, ostatuak (Bizente Goikoetxea musikariaren aitarena barne), etxe partikularretako gelak eta bestelakoak… herriaz “jabetu” ziren hirurogeita hamarretik gora agintari, parlamentari, prokuradore, idazkari, militar eta miñoiri egoitza eskaini ahal izateko. 

Udarokoa baino askoz intentsitate sozioekonomiko handiagoko mugimendua izan zen lau egun haietakoa. Udalak 10.000 errealetan kalkulatu zituen xahupenak eta halaxe jakinarazi zien Batzar Nagusiei konpentsazio ekonomikoa eskatzeko orduan. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez zen hain onuragarria suertatu, zoritxarrez, Batzar Nagusi haiek biztanleen eguneroko harreman-hizkuntzan izan zuten inpaktua. Gaztelania izan zen aramaioarrek eurrez entzun eta etorritakoekin erabili behar izan zuten mintzaira. 

Beste behin ere, hizkuntza hegemoniko arrotzean burututako jarduera soziopolitikoek tokiko hizkuntza gutxituen egoeran eta prestigioan izaten duten eragin lausoaren adibide argia, hortaz, Arabako Batzar Nagusi haiena. 

Izan ere, lehen begiratuan kaltegarri ez dirudien eragin horrek ondorio gaitzak izan ohi ditu epe laburrean, egoera zeharo desorekatu horietan aski arrunta baita hizkuntza gutxituko hiztunak bere burua erdeinatua eta gutxietsia atzematea. Errudun-konplexua nabaritzen hastea hurrengo urratsa besterik ez da izaten. 

Horiexek, bada, norberak berehalakoan suma ditzakeen aurreneko efektu praktikoak. Erdeinuzko egoera hartara kondenatu uste duen hizkuntza propioaren pixkanakako bazterketa eta mintzaira nagusian murgilduta egoteko irrika, ondokoak. Hizkuntza propioa abandonatzea eta kultura eta hizkuntza hegemonikoek asimilatua izatea, azkenengo eta behin betiko efektuak. 

Baina hori guztia periferiako herri bateko jende xumearen arazoa zen eta urruti, oso urruti, geratzen zitzaien 1868ko Batzar Nagusietako partaideei beren ostertz politiko eta ideologikotik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ia mende oso bat beranduagora arte ez ziren berriro Arabako Batzar Nagusiak Aramaion bildu. Dena den, hori beste kontu bat da.

Arabako Batzar Nagusiak Aramaion (1961)
Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina