Aramaioko poligono eolikoa: hondamendia ikusten hasteko gida praktikoa

Inork ezer ez omen dakien arren, badirudi nolabaiteko lanak hasi direla Statkraftek Aramaion industria-poligono eoliko bilakatu nahi duen esparruan. Hain zuzen ere, Kurtzetatik Gatzagarantz doan “GR 12” deritzon Ibilbide Luzearen lehen kilometro erdian.

Eta bai: inor gutxik sinetsi nahi bazuen ere, 2024ko otsaila zeukan markatuta Statkraftek bere kronograman poligono eolikoaren eraikitze-lanei ekiteko datatzat. Eta data horietan hasi bide da lanean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kasualitate hutsaren ondorioz ziurrenik, nekez atzeman daiteke ezer berezirik bertaratu ezik, harako bidea beti bezala agertzen da-eta lehen metroetan. Hondeamakinek eragindako ur-mugimenduak, gainera, nahiko toki babestuan burutzen ari dira eta zail samarra da haietaz ohartzea Gasteizko A-2620 errepidetik begiratuz gero.

Edonola ere, hango lanak-eta ikusteko, ibiltariak aski du zuri-gorriz markatuta dagoen GR 12 delako ibilbide publikoa Kurtzetan hartzea, diskretuki geldirik eta galduta moduan paratuta dagoen zapalgailu baten ondotik hasita eta kamioikada bat legar eskuinean utzita.

Aurreraxeago, bide ondoan harro zutunik ageri den Pago Urtetsu miresgarriari omen egin diezaioke ibiltariak, azken urtea izango baitu agian aurtengoa.

Beste berrehun bat metro gehiago egitea du gero ibiltariak hondeamakinak zabaltzen ari diren eremu lokaztura iristeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hara eta hona dabiltzan mendizaleen iritziz, aerosorgailu bakoitzaren eraikuntzarako ezinbesteko diren “muntatze-plataforma” horietako bat prestatzeko aurreko lanak izan daitezke horiek erraz asko. Baina inork ez ei daki ezer garbirik.

Jakina, uste hutsak berezko eraman dezakeen ustela kenduta ere, egia da Statkraftek bere proiektu eolikoan ITS-02 izenarekin identifikatzen duen aerosorgailurako plataforma izan litekeela prestatzen ari direna. Horrelako zerbait adierazten bide du ondoko grafikoak behintzat:

Fuxia kolorez markatutakoen artean, ezkerreko bigarrena da ITS-02 aerosorgailua

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezin, zoritxarrez, hipotesia inon egiaztatu, inork ez baitu horren berririk, ezta, antza denez, lizentzia luzatu ohi duten –eta luzatu behar luketen– erakundeek ere.

Misterio larri hori dela eta, hango paisaiari ematen ari zaion aurpegi berriaren irudiekin konformatu beharko da ibiltaria momentuz, beraz.

Bai, hala dirudi: obrei ekiteko data 2024ko otsailean zeukan Statkraftek markatuta bere lan-kronograman eta badirudi ez duela inolako atzerapenik izan nahi.

∞∞∞∞∞∞∞∞

AZKEN ORDUKOA (2024.04.09)

Edozeinek ikus dezakeenez, biziki areagotu da azken egunotan Legutioko saihespidea egiteko kentzen ari diren lurren garraioa Aramaioko poligono eolikora.

Belabeltz honek berak atzeman izan du lur-garraiorako erabilitako kamioien krono-kadentzia matematikoa Kurtzetatik Legutiorainoko bidea egin bitartean: lehen kamioia Kurtzetan bertan, lurra jadanik utzita eta Legutiorantz bueltan; bigarren kamioia, lurrez gainezka, Albinan, poligonorako norantzan; hirugarrena ere, lurrez betea, Legutioko zerrategiaren pareko aldapa igotzen; eta laugarren kamioia, azkenik, saihespide berria izango den lekuan bertan, lurra kargatzen.

Belabeltzak hamar minutu exkaxetan ikusia.

Darabiltzaten kamioi guztiak (bospasei, nonbait) kontuan hartuz gero, kalkulaerraza da eguneko lur-mugimenduen kopurua…, antza denez, Aramaioko Udalaren lizentzia gabe burutua.

Eta oraindik poligono eolikoaren proiketuari azken alegazioak aurkezteko epea bukatu gabe dagoenean!

Kategoria: Aerosorgailuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude