Egunkariak leituz ilustratzen gara

I

Agur Statkraftek eraiki nahi zuen poligono eoliko bati!

Antza denez, Statkraft multinazional norbegiarraren proiektuak ez dira beti nahi duten bezala burutzen. Egunkariek diotenez, ingurugiroan sorraraz lezakeen inpaktuak ekarri dio oraingoan Trantsizio Ekologikorako Ministeritzaren baimenik eza:

dicho proyecto previsiblemente causará impactos adversos significativos sobre el medio ambiente, sin que las medidas de prevención, corrección y compensación previstas por el promotor constituyan una garantía suficiente para la adecuada protección del medio ambiente.

Ingurunearen zaintzaile eta begiraile amorratua omen den talde norbegiarrak 22 aerosorgailu jartzeko asmoa zuen jadanik 10 kilometroko radioan beste bost makropoligono eolikorengatik oso “ukituta” dagoen 110 hektareako eskualde batean (Leongo El Bierzo eta Lugo eta Ourenseko hainbat herri hartuz). 100 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, 121 MW ekoizteko aurreikusia zuen, sare elektrikoa 54 kilometroz hedatuko zelarik.

II

Eusko Jaurlaritzaren sentsibilitate fina paisaiarekiko

Abiadura Handiko Trenak Gasteizen sartzeko proposatzen ari diren ibilbidearen inguruko diseinuen artean, ezaguna da desadostasunen bat edo beste dagoela Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministeritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Lehenak Arkauteko Ertzaindegiaren ostetik Gasteizeratu nahi du AHT delakoa. Eusko Jaurlaritzari, berriz, ez zaio ideia hori gehiegi gustatzen eta ika-mika ari dira orain. 

Nabarmengarriena, baina, Eusko Jaurlaritzak paisaiaz agertu duen kezka da, orain arte ingurunea hondatzera datozen bestelako proiektutan erakutsi ez duena.

Aipatutako albisteak jasotzen duenez –erne, irakurle!–, Eusko Jaurlaritzak 

considera insuficiente la valoración de los impactos sobre el paisaje, al no considerar aspectos fundamentales como la altura que alcanza la infraestructura, la accesibilidad visual, la pérdida de calidad paisajística en las cuencas visuales, etc. 

Belamenditarren bati, lehen begiratuan behintzat, egokiak iruditzen zaizkio argudio horiek guztiak Aramaioko paisaiari ere aplikatu ahal izateko… eta Statkraftek eraiki nahi duen industria-poligono eolikoari ezetza luzatzeko. 

III

Norbanakoaren karbono-aztarnaren erantzukizuna

Hiltzaile klimatikoak liburuaren egilea den Mickaël Correia kazetariak dioenez, krisi klimatikoaren erantzukizunen zama ekonomikoa zetorkiokeela eta, argitxo gorriren bat piztu zitzaion British Petroleum enpresari eta, segidan, komunikazio-agentzia bati egin zion enkargua: formularen bat bilatu behar zen ingurunearen kutsaduraren erantzukizun latza sozializatzeko –demokratizatzeko?– eta haren ardura oinezko arruntoi ere bizkarreratzeko, gehien kutsatzen zuten enpresena ahal zena lausotuz.

Eta horra hor non asmatu zen norbanakoa errudun bilakatzeko “karbono-aztarna” kontzeptua. Horrela, erantzukizunak parekatuta, estatistikoki banatuta eta ekitatiboki partekatuta geratzen ziren, eta, halaber, litezkeen konponbideak,“empezando por cada uno de nosotros en nuestro día a día”, guztion esku, Iberdrolak xume-xume gogorarazten digun bezala.

Correia kazetariak erakutsi du, halere, munduan 100 enpresa baino ez direla gizakiari bizkarreratutako negutegi-gasen isurketen %71ren sortzaile. Guztietatik hiru dira gehien kutsatzen duten multinazionalak: Aramco petrolera (ez beza inork pentsa Aram[aio]ko denik, Saudi Arabiakoa baita), China Energy (ikatza) eta Errusiako Gazprom (gasa). Hiru-hiruek segitzen dute erregai fosil horiek ekoizten, zentralak eraikitzen eta hobi berriak bilatzen. Hain zuzen ere, erregai fosil horien ekoizpena %20 areagotzea espero dute 2030erako.

IV

Energia berriztagarria botatzen ari da espainiar Estatua

Albisteak ez du zalantzetarako tarterik uzten: kontsumitzen dena baino askoz elektrizitate berriztagarri gehiago ekoizten da gaur egun. Iaz, esaterako, 2.100 milioi euroko argindarra “galdu” zen, ekoiztu eta gero, eguzkiarekin loturiko berriztagarrietan eta eolikoetan.

Ezaguna denez, kontsumoaren gutxitze horri bestelako arrazoirik ere elkartzen zaio. Honatx aipatuenak: elektrizitate-sareak ez du ekoiztutako guztia bideratzeko ahalmenik; hainbeste argindar gorde ahal izateko bateriak ez daude garatuta; energia horretaz erruz balia zitekeen ibilgailu elektrikoa ez da espero bezala hedatu; hartarako azpiegiturek lehen bezain urri segitzen dute; klimak berak ere ez du gehiegi laguntzen negu eta udaberri epelekin… 

Badirudi udarako iragarritako beroei aurre egiteko masiboki erabili beharko dela aire girotua eta, horrek argindarraren kontsumoa gora eramango duela…, baina aski izango ote da hori berriztagarri eoliko eta fotoboltaikoen ekoizleek behingoz negar egiteari utzi diezaioten?

V

Aberria eta aldaketa klimatikoaren aurkako borroka

Aerosorgailuak Txinari erosteak ez du barkamenik, guztion “aberria” ei den Europaren kontra jokatzea baita, eta gainera oso da gure ziurtasunerako arriskutsua. Horixe diote, behintzat, Wind Europe izeneko europar patronal eolikoak eta espainiar Enpresarien Elkarte Eolikoak.

Hau da, Europako trantsizio energetikoak made in Europe izan behar du oso-osorik, eta horrek eskatzen du bertako industria zaintzea eta indartzea, horren inpaktu kaltegarriak ere Europan utzita. Baina ez txinatarrekiko solidaritateagatik, noski, guztion Aberriagatik baizik, termino ekonomikotan gauzatzen eta islatzen den Aberriagatik hain zuzen:

Wind turbine manufacturers in EU are beginning to return to profit […] And buying Chinese turbines reduces the economic benefits of wind energy manufacturing in Europe –300.000 jobs, EUR 53 billion a year contributed to EU GDP. It is not in Europe’s collective interest to transfer those benefits outside of Europe.

Alegia, europar patronal eoliko batuak –eta fotoboltaikoenak, erantsi liteke segidan– argi du ezin dela deskarbonizazioak ekar litzakeen etekin ekonomikoetako bat ere galdu aerosorgailuak –eta fotoboltaikoak– atzerritar dumping-zale desleialei erosten, txinatarren turbinak eta plakak hobeak, merkeagoak eta finantziazio-mailan eroserrazagoak balira ere. 

VI

Norbegiako poligono eoliko batek aerosorgailu zenbait geldiarazi ditu

Albisteek diotenez, Siemens-Gamesak egindako SG 5.0 -145 turbina-motako palek fabrikazio-akats larriak dituzte. Hori dela eta, mota horretako 14 turbinetatik 13 gelditu behar izan ditu Norbegiako Odal poligono eolikoak (160 MW).

Erantsi behar da iaz Siemens Energyk akats larriak detektatu zituela Siemens Gamesak egindako 4.X eta 5.X turbina eolikoetan eta haiek komertzializatzeari utzi behar izan ziola baitezpada. Urte hartako galerak ia 5.000 milioi eurokoak izan ziren eta alemaniar Estatuak lagundu behar izan zion porrotari aurre egin ahal izateko.

Hori ikusita, bitxia litzateke bikingoek berek Siemens Gamesak egin ez dituen aerosorgailu txinatarrak edota bestelakoak jarri nahi izatea non eta hemen, Euskal Herrian, Gamesaren aberrian.

VII

Danimarkakoak, bai, gure aerosorgailuak

Bitxia litzateke hori gertatzea, baina bai hori gertatuko da azkenean, ez baitira izango Siemens Gamesak egindakoak Aramaioko industria-poligono eolikoan jarriko diren aerosorgailuak.

Aramaioar gehienek dakitenez, Danimarkako Vestas enpresarenak ikusiko dira gure mendietan. Oraindik komertzializatu gabea dirudien honako modelo honetakoak hain zuzen: Vestas V172 7.55 MW.

Tokian tokiko produktuen kontsumoaren aldekoak omen diren arren, kontu hauetan bikingoak ez dira Siemens Gamesaren produktuez fidatzen.

Nolanahi ere den, honakoxeak izango ei dituzte aerosorgailuek ezaugarri ikusgarrienak: abatza edo bujea 115 metroko alturan geratuko da, palen luzera 85 metrokoa izango da. Bien arteko batuketak emango luke aerosorgailuen gehienezko garaiera: 200 metro pasatxo.

Kategoria: Aerosorgailuak, klima-aldaketa. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude