Aramaioko Parke Eolikoa: kostua, etekinak, zergak

Parke Eoliko baten eraikuntzaren kostua aurreikustean, milioi bat euro kalkulatzen da ekoitziko duen Megawat bakoitzeko. Aramaioko Parkearen lehen estimazioa, hortaz, 60 bat milioi eurokoa izango litzateke, baldin eta Statkraftek iragarri duen 60,4 MWeko potentzia ematen bazaio. Horrelakoetan, dena den, ezin ahaztu daiteke moldaketak gerta daitezkeela obrak eta aerosorgailuak jartzeko orduan, kostuak berretuz.

Nolanahi ere, handiak izan arren, gainkostuek ez liokete enpresa honi buruhauste larregirik ekarriko, norvegiar Estatuarena den heinean ez baitu atzean interes-ordainketarik xurgatuko dion banka pribaturik izango.

Beraz, behin aerosorgailuak lanean hasita, ez luke 10-12 urte baino gehiago beharko inbertitutako dirua zeharo berreskuratzeko. Kontuan hartu behar dira, orobat, energia berriztagarrien garapenerako europar funtsetatik eta bestetatik iritsiko zaizkion diru-laguntzak. Ildo horretan, Next Generation EU izeneko programa da enpresa hauek guztiek ikusmiran jarria duten diru-iturria: 2026ra arte 160.000 milioi euroko funtsak hain zuzen, haietatik % 37 trantsizio energetikorako erreserbatuak eta jaso ondoren itzuli behar ez direnak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Statkraften etekinak, bada, garbiak izango lirateke aerosorgailuen bizitza aktiboaren bi herenetan gutxienez.

Kenketa ñimiñoren bat eginda (zergak eta mantentze-lanak, batik bat), hiruko erregela egitea eta urtez urteko energia-prezioen igoerak batzea besterik ez da behar Aramaioko haizeek oparituko diotena irudikatzeko.

Seguru asko, horrek islatzen du ongien enpresa elektriko hauen altruismo eta funtzio sozioekologikoaren oinarria.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina badaezpada ere, hona hemen adibide bat eszeptiko samarrak direnek enpresa horietan guztietan sortu den energia berriztagarriekiko “bokazio publikoa” eta atxikimendua baloratu ahal ditzaten.

2030 urterako, Espainiako gobernuak 60.000 MW ekoiztea zeukan aurreikusita energia berriztagarrietan. Hartarako kaleratu zuen PERTE (Proyecto Estratégico para la Recuperación y Transformación Económica de Energías Renovables, Hidrógeno Renovable y Almacenamiento) izeneko proiektuaren bitartez, 6.900 milioi euroko diru-laguntza publikoak prestatu zituen espero zuen 9.500 milioiko inbertsio pribatuari sustagarri gisa emateko.

Egin zitekeen inbertsio biribila ikusita, 150.000 MW ekoizteko proiektu-eskabideak aurkeztu ziren 2022ko hasiera baino lehen: 467 proiektu fotovoltaiko, 211 proiektu eoliko eta 11 proiektu hibrido. Guztira, gobernuak aurreikusitako potentzia baino bi bider luze gehiago.

Horrek, noski, administrazioaren saturazioa eta proiektuen ebaluazioen atzerapena ekarri zituen ondoriotzat, eta batez ere prozedura arretatsuagoa eta luzeagoa eskatzen zuen Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluazioarena. Ezaguna denez, handik urtebete eskasera 50 MW baino gutxiagoko parkeentzat bakarrik bilakatu zen derrigorrezko Ebaluazio hori.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Honatx, azkenik, estatu espainiarreko Parke Eolikoek Udalerriei ordaindu behar izaten dizkieten hiru zerga-motak:

1. – Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zerga (EIOZ). Parkearen eraikuntzaren kostuaren gaineko % 3 eta % 5 bitarteko portzentajea izan ohi da eskuarki. Aurrenik, aurrekontuaren gaineko likidazioa egiten da lizentzia jaso edo lanak hasi ondoren; behin betiko likidazioa, berriz, obrak bukatutakoan.

2. – Ekonomi Jardueren gaineko zerga (EJZ). Ekoitzitako energiaren salmentaren gainekoa da eta urteroko diru-iturria izan ohi da.

3. – Ezaugarri Berezietako Ondasun Higiezinen gaineko zerga (EBOHZ). Aktibo finkoen gaineko zerga aldakor hau urtero jasoko luke Udalerriak.

EIOZ delako zerga dela eta, diru-kopuru mordoxka izan liteke Eskoriatza eta Aramaioko Udalerriek hasieran bertan jaso lezaketena. Parke Eolikoak sorraraziko dituen arazoak eta eragozpenak lausotzen hasteko adina.

Kategoria: Aerosorgailuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude