Urte gogorra zein berezia izan da aurtengoa. Uste dut ez zegoela modu bereziagorik urtea bukatzeko sari bat jasotzea baino. Beti esan izan dut horrelakoak ez zaizkidala gustatzen, eta egiten dudana ondo egiten saiatzen naizela.
Azaroaren 15ean Bertizen nengoela nire DBH 4ko ikasleekin, dei bat jaso nuen Getxoko Euskara Zerbitzutik. “Nahikari, Argia Ereiten Euskara Saria jaso duzu, zorionak!”. Ikasleen zorionak, lankideenak, etxera arrapalada baten deitu… Poza, “subidoia” (nire ikasleen esanetan),… Baina etxera bidean, kotxean bakarrik nentorrela, negarraldi polita izan nuen. Momentu batean, gauza asko pasa zitzaizkidalako burutik.
Hamar urte dira Getxon Bertsolaritza irakasten hasi nintzela. Eta geroztik denetarik gertatu da: une izugarriak, pertsona ahaztezinak, une txarrak, negarrak, barre algarak… Baina, ez naiz damutzen hamar urte hauetan egindako lan guztiarekin. Emaitzak hor daude eta oso opari polita izan da Argia Ereiten saria jasotzea. Zure herriaren aitorpena jasotzea oso ederra da.
Saria jaso baino lehen oso urduri ibili nintzen: elkarrizketak, irratia, egunkariak… Ezagutzen nautenek, badakite horrelakoak ez zaizkidala gustatzen, baina, behingoagatik esan daiteke, gustora egin nuela.
Galan une txarrak pasa nituen, baina gehien bat hunkituta nengoelako. Bertso eskolakoen bertsoak, eskoletako zein instiko ikasleen bertsoak, argazkiz egindako bideo hunkigarria… Eta niretzat garrantzitsuena: maite nauen jendeaz inguratuta negoela: familia, lagunak, ikasleak, ikasleen gurasoak, lankideak,…
Asko gustatu zitzaidan Imanol Landa alkateak egindako diskurtsoa. Aspalditik elkar ezagutzen dugu, eta gainera bere alaben irakaslea naiz. Azken esaldia hunkigarria bezain esanguratsua izan zen: Laugarren Getxoko Euskara Saria zurea da baina, benetan esaten dizut, zu zara gure seme alabentzako eta euren euskararentzako benetazko saria.
Eskerrik asko urte hauetan lagundu nauzuen guztioi, nire ikasleei, lankideei, eskolei,.. Benetan, eskerrik asko!