LETEren kantuek bete zuten Arantzazu

 

Berrian irakurri berri dut Gorka Erostarberen
artikulua. Pettiri (besteak beste) emandako erretratu handia ikusita gaueko
artistarik borobilenaz zer zioen irakurtzera jo dut amaieraraino-eta… kaka! Ez
zion denborarik eman edizioa itxi aurretik. “Egunkari honen edizio itxi zenean,
Petti eta Erramun Martikorena euren kantuak eskaintzeko zeuden artean ere” dio artikuluaren azpen puntuan.

Polito hasi zen arratsaldea Arantzazun. Missa
Pro Defunctis abestu zuen Iruñeko kamera koralak. Antza, Lourdes Iriondoren
azken agurrean kantatu ziren hauek guztiak. Ni Amaierako Laudate dominum (de
las “vesperae solemnes de confessore”, K. 339) lanarekin geratu naiz. Sopranoak
demaseko lezioa eman zuen gure gozamenerako.

Egiari zor, ekitaldia hasi, hasi zuen Noel
Elorga aurkezleak 19:00etan. Horrelakoetan egin ohi denez, eskerrak eman zizkien
Hamabostaldiari, Arantzazuko Frantziskotarrei eta Mondragon Corparation-i
(guretzako, Mondragon Taldea).

Koralaren 40 minutuak pasata laster hasi da
bigarren kontzertu moduan defini genezakeena. “Ingurumen eder eta gardenean,
basilikak euskal leinu sortzaileei eskaintzen dien lekuan, euskal
espiritualtasunaren kabian”, Elorgaren esanetan. Arantzazu bera ere 69koa dela
gogorarazi digu, “Ez dok 13” denboretakoa hau ere. 

Piel Paul Berzaitz-ek egin ditu lehen lau
kantuak. Niretzako oraindik ere beldurra-edo, errespetua ematen didan “Ni naiz”
kantarekin hasi da. Egokiagoa dirudi kantuak kantaera beltzagoa, marrantatuagoa
duen kantari batendako, baina kantua hain da sakona… “Negarra begian” izan da
gero “Habanera”-ren aurretik “Lore gorrien balada”. Berzaitz-ek Xalbadorren
hitzak dituen kantuarekin izan omen zuen lehen harremana Leterekin.

Antton Valverde urtetan izan da Leteren
ondoko. Lagun. Mikrofonoa eskuan kantatu du “Amodio amore” eta pianoan jarri da
Letek euskarara itzuli eta Valverdek berak musika jarri zion “Itzulera”
kantatzeko. “Hitzez hitz” kantatu ostean etorri da “Jardin bat zuretzat”:
“Amaitu da bidaia…” hil baino lehenxeago idatzia. Ospitalera zioala, gaixo,
Lourdes Iriondo geratu zen muino berean geratu zen Lete eta Elorgak kontatu
zuenez han entzun ei zuen ahots neutral bat bidaia amaitu dela esanez.
Kontakizunak jantziko du, batzurendako, baina kantua bere hutsean da
entzutekoa.

Joxan Artzek errezitaldi bi egin zituen.
Tokatzen ez zitzaionean taularatu eta esan zigun “mutu, gor eta elbarriturik”
utzi dutela Iriondo eta Leteren heriotzak. Heriotza gai hartuta egin zituen
lauzpabost poema eta poesia poesia denean espiritualitatea dela edo izan beharko
lukeela adierazi zigun. Bigarren agerraldia inprobisatua izan zen eta
inprobisatu ere egin zuen bigarren saioan. Niri gustatu zitzaidan, hala ere.

Joxan Goikoetxeak egin zuen bakarkako lana. “Errota
zahar maitea” soinu hutsez. Eta 1.700 lagun jarri gintuen ahopeka laguntzen,
konpasa eramaten. Momentu polita izan zen, jakin baitakigu oso lagun izan
zirela Lete eta bera. Nik batera ezagutu nituen Espaloian egin zuten
errezitaldian. Goxo egon ziren biak afalorduan.

Amaia Zubiria: Noel Elorgak Zubiriaren hainbat meritu nabarmentzeaz gain aurkeztu du esanez “emakumeak defenditzen dituen tertuliakide
moduan, behar ere behar dela defentsa hori…”. Segituan erantzun dio Zubiriak, “ez
luke behar!”. Lau kanta egin ditu: “Zure trixtura” piano hutsez, “Itsasoak urak
handi” arotz familiaren kantua, “Maiteaz galdezka” eta “Nabil”. Aitortu du
edozein kantarik idaztea gura lukeen moduko kantua dela “Nabil”, baina pozik
dela pentsatuz guretzat idatzia dela.

Petti: Azkar, ahots berodun eta indartsu
moduan definitu du aurkezleak nafarra. Euskal kantagintzaren balore seguru
horietakoa dela esan zuen Elorgak. Eta bai, balore segurua da Petti, nahiz eta
ez dakidan zenbateraino den baloratua eta are okerrago zenbatek ez den baloratua. “Altzateko Jaun” kantatuz hasi zuen bere
jarduna Pettik. Behetik kantatuz oso goraino ere heltzeko. Bete egin zuen
Arantzazu Pettiren ahotsak. Nire ondoen Hernanitik etorritako bikotea zegoen,
50 urtetik gorakoak. Galdetu zidaten ia zein den ahots hori duen gizona.
Berakoa dela, hainbat disko dituela, gitarrarekin ere oso ondo moldatzen dela…
Hernaniarrak ez du zalantzarik izan, “ez nuen ezagutzen, baina gaueko onena
izan da Petti hori”. Gaua ere bazen ordurako. “Euskal Herri Nerea” errezitatu
eta kantatu zituen eta “haizea dator ifarraldetik” kantuarekin inor ez zuen
utzi jarrita. Txalo zaparrada handiak jaso zituen beste batzuetan baino
lotsatuago ikusi genuen Pettik. Lau kantu zituen egiteko, baina hiru eginda
erretiratu zen taulatik. Karlos Gimenezek ere burutu zuen bakarkako lana. Inork gutxik
jartzen du zalantzan pianoarekin duen abilezia eta abilidade hori sentimenduz lagunduta eman zuen Arantzazun.

Erramun Martirikorenaren txanda horrenbestez.
Instrumentazioari lotzeko eginahalak eginda osatu zituen bi kantu, “San Martin
azken Larrosa” eta “Nafarroa Arragoa”. “Kontrapas” utzi dute gero denok batera
kantatzeko. Berriz bueltatu zen Petti “Lore bat zauri bat” egitera, erritmo
bluseroan eta gitarra elektrikoari kaña emanda lagundu zion Xanet Arotzenak.
Laugarren kantuan ere ezin hobeto Petti. Egia da gaueko izarra izan zela Petti. Ni emozionatu egin nintzen. 

Amaierara heldu zen kontzertua eta bazen ordua ere. 22:30ak jota eta pare bat kanta geratzen ziren… “Errotar zahar maitea”
ziren egitekoak, baina “kontrapas” kantatu genuen denok zutik. Gero “Xalbadorren
Heriotzean” entzunegia nire gusturako.

Hiru ordu eta berrogeita bost minutuko
kontzertua. Guk korutik ikusi dugu eta soinu eta argi neurtuekin. Ondo. Merezi
zuen. ETB-k eman behar omen du kontzertua abuztuaren 18an 21:00etan. Nik ez
nuen muntaia handirik ikusi kontzertua egoki grabatzeko. Irteeran erregaloa: Argiako lagunek Leteren elkarrizketa bat eta Argia astekariaren zenbakia. Elorgak “oroz gainetik eskerrak Argia astekariari” . Nik halatsu.

Agustin tabernaria gustatu zait

“Etxeko hautsa” liburutik:

Agustin bizkarra emanda zegoen ni sartu naizenean, baina ez dakit nola, nire presentziaz jabetu da, eskua jaso baitit ia begiratu ere egin gabe. Tabernari onenen sena du. Inor atetik sartzen ikusi ahala, lagunak usaitu egiten du bezero berriak solas pixka bat nahi duen edo bakardadea. Sentimental hutsa da, Casablancako Rick tabernaria bezala. Konbentzituta dago bukatzen ari dela garai bateko tabernarien kasta: ardoa zerbitzatzeaz gainera, bezeroen konfesore, aholkulari eta adar-jotzaile direnen leinu zaharra. Agustinena. Esaten du asko aldatzen ari dela tabernaren negozioa ere. Sasoi batean, zerbitzatzen zituzten ardoak apalak izango zirela, halakoak zirela garaiak ere, baina ez zutela inor engainatzen. Oroz gain, tratu humanoa zela taberna batek eskaintzen duena, berdinetik berdinerakoa, eta edariak ez zirela tratu horren parte bat bestetik.

—————-

Zenbat pasarte on. Gustatu zait liburua. Gomendatzekoa edozeini, euskarari txirbilak ateratze dizkion horietakoa eta ez euskarari bakarrik: idazleak bere zilborra ispiluaren aurrean jartzen duela dioenekoa, edo idaztea distantzia hartzea dela, edo kazetariek beti alibi bera erabiltzen dutela, edo gorputza bizirik eta sano eta burua pentsatzeko aukerarik gabe definitzen duenekoa, heriotza, zoriona, Katxasen deskribapena, auto barruko izerdi-hotza, misterioa, pertsonaiaren barne-mundua, aita-seme erlazioa… eta galderak eta galderak.

Liburuaren prentsa-ebakinak-eta aurkituko dituzu lotura honetan. Baita erosteko modua ere paperean zein digitalean.

Ohorezko gonbidatua Espaloian: Marcelino Usabiaga

Liburu aurkezpena izan dugu astean Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Beti ez dira aurkezten liburuak gure herrian eta gustuko dut ekitaldiotan parte hartzea. Ez nekien ezer ez Aitor Azurkiz ezta “Maizales bajo la lluvia” liburuaz ere. Are gutxiago ohorezko gonbidatu izan zen Marcelino Usabiaga jaunaz. Zelako bizitza militantea egin duen eta jarraitzen duen egiten 95 urteko irundarrak. Argi du egia erdiak kontatu direla eta momentua dela egi osok kontatzekoa. Kontaketa egiten 95 urterekin, oraindik ere militatzen… Burua argi eta zuzen berba egin zuen batu ginen berrogehi bat lagunen aurrean. Faxisten altxamendua gertatu zenean hartu zuen lehen fusila Irunen eta ordutik egin dituenen zerrendak ez du amaierarik.

Komisario politikoa, bateria antiaeroko jefea, multikopista, 15 urtean miniaturan idatzi eta ezkutuko mezularia preso izanagatik, Euskadiko Kultur Komunistako kidea, 34an lehen aldiz atxilogua Bidasoan mugalari lanetan jarduteagatik, Juan Jose Mansorekin atxilotua eta torturatua, hanka baten tiroz zauritua, Roman Cardellosen alistatua beste 250 euskaldunekin batera, gudaldietan Madrilen, Albazetera joana hegazkin gidari etsamina egitera, Bartzelonan gerran, Kalamua defendatzen Cristobalen esanetara, Juventud Socialista Unificada-n lanean jardundakoa Medrano eta Cuesta hil eta bederatzi egunera, tebeo bat egiteko ardura eman zioten, Paco Buenorekin Cerveran, Gran Solen, Geronan material antiaereoa kudeatzen, Valentzian hartu zuten preso ogi ilaretan ogia lapurtzen ziharduen bitartean goseak jota, hiltzera kondenatutakoen ziegan ere egon zen hilabete baino gehiagoan “saca”-k egiten zituzten egun haietan, Arroara pasatu zuten gero 30 urteko kondena batekin…

Eta beti militante. Baita preso zegoen artan ere. Abadeak gurutze bati mun egiteko eskatu zion Arroan preso zela. Etxe normal bat zen, barroteak jarrita leihoetan eta 125 presorendako lekua. “si os sabais de la justicia de Dios no os salbareis de la justicia de Franco” zioten abadeekin ere gerran… Mun egitera behar zutenean ezetza eman, jaiki eta kalera atera zen bere atzetik 125 presoak ere joan zirelarik.
photo
Gogoz geratu naiz gazteleraz dagoen “Maizales bajo la lluvia” liburua irakurtzeko. Alberdaniak atera du eta Elgetara liburu gutxi ekarri zituzten antza. Hiru-lau lagun geratu ginen erosteko gogoz. Orain Zabaltzenek banatutako liburu dendaren batera joan eta erosi beharko dut ohorezko gonbidatuaren sinadurarik barik. Beste 11 gudari eta milizianori egindako elkarrizketak daude liburuan, memoria bizia. “Gazteago garenok ezagutu beharko genuke horrelako pertsona bat” dio Aitor Azurki idazleak eta liburu honetan 11 ezagutzeko aukera dago. Oporretarako irakurketen zerrendara.

Rikardo Arregi sari nagusia Goienarendako

Alazne Aiestaran, Allande Boutin, Odile Kruzeta, Joxe Rojas eta Arantxa Urretabizkaiari eskerrak ematea gutxi da. Besarkada handi bat. Ez dakizue ondo zelako gasolina izan den guretzako sari hau jasotzea. Talde-lana da saritu duzuena eta kazetaritza egiteko modu bat. Badakigu jakin, merezi duten jende askoren artean hautatu duzuela Goiena eta guretzako ohore bat da. Goiena egiten dugun guztion partetik eskerrik asko. Eskerrik asko baita ere Codesyntax enpresari hornitzaile huts baino gehiago izateagatik.

Ekitaldia txukun asko gidatu zuen Kike Amunarrizek. Behar denean barrea atereaz, behar denean serio eta zuzen… Bikote ona epaimahaiko idazkari Patxi Baztarrikarekin. Bilduko alkate Ane Carrere ezagutzeko aukera ere izan nuen eta bere berbaldian hedabide euskaldunen garrantzia argi eta garbi adierazi zuen.

Ekitaldiaren eskema gustatu zitzaidan. Baita Antton Valberderen lana ere. Eta Xabier Lete gogoratzeko baliatzea ekitaldia: oso polita eta emozionantea. Hurrengo urtean seguru wifia ere izango dela Basteroko gune horretan. Guk zuzenean tuiteatu genuen, baina ez zen erraza izan. Eta hurrengo urtean han zeuden erdiek tuiteatuko dute? hori zailagoa, baina zergatik ez?

Hauxe goiena.net-en saria aurkezteko erabili zuten bideoa. Andoaingo Udalak CC BY-SA lizentziapean jarri duenez, hemen itsasten dut:

Perla askotxo entzun genituen eta epaimahaikoek esanak izanda ba barretxo batekin hartzen ditugu, pozik. Haiek esandakoa asko-gutxi jaso dute hainbat hedabidek eta hauexek adibide batzuk:

  • Gara: titularrera ekarri du sari nagusia Goienarendako izan dela eta hauxe aipatu: Euskarazko kazetaritza saritzen duen lehiaketa honetan, Goiena Komunikazio Taldeak jaso du sari nagusia, “pauso bat aurretik beti joateagatik”.
  • Deia: Titularra hauxe: “El portal de internet `goien.net´ (sic) premio rikardo Arregi de periodismo” . El portal vasco de noticias en Internet ‘Goiena.net’ ha recibido hoy el
    principal galardón de la 23 edición del premio Rikardo Arregi, que
    persigue impulsar el periodismo en euskera y que éste alcance “la
    excelencia y la innovación continua”.
  • Diario Vasco egunkariko titularrean: `Goiena taldearen berrikuntzarako grinak irabazi du sari nagusia`. Eta testuan: Iraganari omen egitearekin batera, euskarazko hedabideak etorkizunera
    begira egiten ari diren ahalegina saritu dute batik bat atzo Andoainen
    banatu ziren XXIII. Rikardo Arregi kazetaritza sariek, sari nagusia
    «beti pauso bat aurretik» doan Debagoieneko Goiena Komunikazio Taldeari
    esleituz.
  • Sustatu: Goienari eman diote Rikardo Arregi kazetaritza saria. Gaur, zapatua, banatu dituzte Andoainen kazetaritzako XXIII. Rikardo Arregi Sariak. Goienak eskuratu du sari nagusia, “pauso bat aurretik beti joateagatik”.

Adibide batzuk baino ez aurreko hauek. Gehituko ditut erantzunetan goiena.net bera eta Goiena paperean agertutakoa ere gure saria eta gainontzeko guztien gainean. Sari hau, hala ere, konpartitu gura dugu gure irakurleekin, blog komunitateko blogari guztiekin, Debagoieneko udalekin zein laguntzen duten erakundeekin… iritzi emaileekin, goiena.net komunitate bizi egiten duten guztiekin azken batean. Hau horrela izanda, zelan banatu saria… ba lizentzia aldaketa eginda. Egin dugu dagoeneko. 

Creative Commons aitortu-partekatu

Islandiarra da teknologikoki
ondoen prestatua dagoen hizkuntza, euskara bera baino txikiagoa eta,
akaso,
bihurriagoa. Tamainak ez du ezer erabakitzen hala ere, eraginkorrak
egiten du aurrera eta euskarak egingo du. Aukeraz
betetako bidea ireki zaigu sarean, eta gure apustua ahalik eta euskaldun
gehienon estrategia izan beharko lukeenari dago lotua: euskaraz
sortzeari eta hedatzeari.
Horregatik, besteak beste, goiena.net-en barren-barrenean irakurri zenezaketen lizentzia: Creative Commons Aitortu-Partekatu

Lizentzia hau jarri dugu euskara gura dugulako agerikoago egin, gure edukiak Erabilpen Kultural Librerako Baimendu.
Horretan ere lagundu digu Rikardo Arregi sariak eta eskerrik asko
Goienari egin diozuen aitorpenagatik. Saria zurea ere bada eta zurekin partekatu gura dugu. Eskerrik asko euskaldunon komunitate guztiari.

Aitorpena Rikardo Arregiren sariketatik etorri da, baina blog honetan bertantxe ere ikusiko duzue albo-zutabean kanpaina batekin dihardugula euskara hutsezko hedabideok: “duten garrantziaz jabetzeko faltan izan arte itxoiten dugu maiz“. Hitzen batzuk egin zituen Blanca Urgell Kultura sailburuak mikro aurrean… ia orain zertan gauzatzen diren berbok.

Spotify gauaren urteurrena

Orain dela urtebete ikusi genuen kontzertuak beteta utzi gintuen. Espaloian zen Bide Ertzean. Orduko kontzertuaren kronika-edo idatzi nuen astelehenez. Atzo, berriz, tuit baten bitartez gogorarazi zidaten urtebete dela Spotify gaua izan genuenetik. Zein ondo pasatu genuen. Kontzertuarekin zer egin pentsatzen ere egon ginen ze Realak jokatzen zuen oso partidu inportantea. Askotan letxe, kulturari eman genion preferentzia Espaloian eta urtebete beranduago ez gara damutzen, ez. 100 lagun inguruk gozatu ederra hartu zuten antzokian eta dozena bat lagun inguruk baita kontzertu ostean ere. Errealaren igoera ospatuko zuten batzuk; guk, Spotify gaua egin genuen emaitzaz larregi arduratzeka.

Domeka zen eta zerbeza bat hemen, beste bat han… eta hasi ginen bakoitza kanta bat jartzen. Bolumenak ere gora eta baita gure animoak ere. Zer ez genuen entzun! Hortera samarrak ere izan ginen askotan, oso horterak ere bai hainbatetan, baina ikusi genituen punkyak baltseoan, poperoak heavya dantzatzen, euskal kantugileen letrekin eztarria urratzen ere bai, Espainiako kantari pijoenen musikarekin hanka mugitzen… eta baita musika ona jartzen eta entzuten ere.

Joko polita da lagunarte onean zerbeza batzuk hartu eta musika jartzaile lanak konpartitzea. Zenbat gauza ikasten den. Hori bai, badu arrisku bat, barra barruan kanpoan baino jende gehiago egotekoa 🙂

BideErtzeanElgeta

Mundumira: Elgeta munduari begira

 

Ez zait zifra dantza interesatzen, baina
badakigu elgetarrok sekula ez dela horrelako jendetzarik batu gure herrian.
IMG_1435
Demasa izan da, baina pena litzateke ondoko herrian baino gehiago edo gutxiago
izateko zifra bat asmatzea. Ez dakigu zenbat lagun elkartu garen, baina herria
handiago ere ikusi dugu elgetarrok. Zerk egin duen herria handi?

Elgetarrek

200 elgetarretik gora ibili gara lanean. Egia
da oso, oso ondo antolatuta egon dela Mundumira eta horren ardura izan dute hiru
lagunek bereziki: Euskal Herria aldizkariko Jesus Mari Perez-ek, Ginmusicako
Sergio Cruzadok eta Elgetako alkate eta Mankomunitateko turismo arduradun Oxel
Erostarbek. Denekin egin dut lan asteburu honetan eta ordu asko izan dira. Hala
ere, zerrenda luze-luzea da, oso luzea zorionez. Trafikoa zuzentzen, herria
garbi egon dadin eusten, kanpotarrak begirunez atenditzen, tabernariak
zerbitzua ematen… eskerrak! Bestela ez litzateke posible izango. Kolore, edade
eta hainbat pentsakerako herritarrok batuta. Mundumirako alderik positiboena
seguruen!

IMG_1417

Kanpotarrek

Ez da egon istilurik. Etorri den guztia egin
da herritar derrepente. Kultura askotako jendea, debagoiendar asko, eta
oraingoan, Elorrio aldetik igotako dezente eta baita Eibar aldetik igotakoak
ere. Botiltzar bateko kakatza salbu giro ona egon da eta aipatzekoa da ez dela
arazo bakar bat ere egon.

Musika taldeek-eta

Oso ondo aukeratutako programazioa. Lan ona
egin da eta ondo kudeatu da dena. Hasieran kontratatutzat genuen The Wailers eta talde hori zen nire
apustua ere. Los Delincuentes izan da izarra
lehenengo apustuak kale egin ostean eta niri taldea larregi gustatzen ez bazait
ere onartu beharra dago jendea pozik geratu dela: arrakasta. Programazio
guztitik, Ain_1
taldea taula txikiagoan ikusteko gogoz geratu naiz eta taula handiko apustuan
geratzen naiz La Trova kung-fú  taldearekin. Trunboia ere geratu egin
zuten rumba heterodoxo horrekin. Lau tanta baino gehiago ez zituen egin domeka
arratsaldean eta luxuzko itxiera eman zion asteburuari La troba Koungfuk. Joan
Garrigaren ahotsa entzuteaz bat eraman ninduen urte pila bat atzera Elgetako gaztetxearen bosgarren urteurrena antolatu genuen egunetara (uff zenbat urte). Ordutik ezagutzen
dugu Joan Garrigaren ahotsa. Dusminget
izan zen Gaztetxean izan dugun talde borobil horietako bat. 2004ean utzi zion
Dusmingetek talde izateari, baina ahots hori eta soinu txikia ahaztezinak
dira, Gaztetxeko garaiak besteko ahaztezin
🙂

IMG_1439

Postuetakoek

Hainbat stand egon dira oraingo Mundumiran
ere. Eta “hippy” mugimenduko jende hori oso errespetuzkoa izan da
herrikoekin ere. Horixe espero genuen eta holaxe izan dela esatea ez dago
sobera. Bai alde gastronomikoaz (zelako gauza goxoak!) arduratu direnak,
artisauak, GKE-ko stand-etakoak, eta baita feriaz feria ikusten ditugun
sailtzaileak ere… bikain! Bereziki aipatu gura dut Goibeko kultura elkartearen
txosnan lan egin dutenak. Herrirako dirua atera da eta erabiliko da bi
gauzatarako, batez ere: Goiena telebistaren seinalea herrigune guztira ondo
heldu dadin; bestetik, Goibeko elkartearen barruan sortu den Txirikil aisialdi
taldeari (txikienekin lan egindo duena) bultzada emateko. A! eta zergatik ez
esan, zortxoren bat ordaintzeko ere bai. Bertatik pasatu dira Elorrioko
lagunak, Bergarakoak, Angiozarkoak… eta herritar pila bat. Denera 45 lagunetik
gora kañeroari kolpeka. Mila esker!!!!!! Kulturak jarraipena izango du Elgetan eta egindako lanak
horretarako ere balioko du.

IMG_1437

Kale espektakuloek

Kale antzerkiak, lehenengo aldiz umeendako
gune handia Irrien Klubaren eskutik, boulder txapelketa frontoian (bete-bete
eginda frontoia ere), DJ festa parea Espaloia Kafe Antzokian, batuka jotzaileak
herrian, dantza ikastaroak kalean, txahal-errea Kalitatearen eskutik… Zenbat
gauza! 

IMG_1427

Sinistunek

Sinisdunak eta egin egiten dutenak. Bazegoen zalantzaren bat hortik zehar Elgeta
ez zela gai izango horrelakorik antolatzeko… Antzerakoa entzun genuen orain
urte asko. Hiru adibide:

  1. “Elgetan herri-aldizkari bat sortzea
    ezinezkoa da” eta Goibekokale sortu genuen herritarrok.
  2. “Elgetan kafe antzoki bat izatea
    ezinezkoa da” eta sortu genuen antzoki dinamiko bat herritarrok.
  3. “Mundumira ezin da Elgetan egin” eta demostratu da biztande
    kopuruz hainbatkoizten diguten edozein herritan letxe antolatu daitekeela
    Mundumira Elgetan herritarrok bat hartzen badugu.

Laburtuta, Goienak bere asteleheneko alean
titulatu duen moduan: “Mundumira, borobil”

Imagen 1
Gaur mundumiratarragoa naiz orain astebete baino 🙂

Mundumira asteburua

IMG_1407
Taula handi-handia jartzen.
Ez da izango asteburu makala herrian. Eta eguraldi ona ei dator gainera. Egia esan behar badut Mundumirak ez ninduen larregi erakartzen. Egon izan naiz beste herri batzuetan, baina handi-edo geratzen zitzaidala uste dut. Aurten, berriz, herri txiki batera dator eta kamiseta erosi eta lan-txandatan izena eman dut. Gustura egingo dut lan, gustura ikusiko ditut beste hamaika herritako lagunak kalean gora kalean behera. Horixe da modua hurrengoan gu ere beste herri batera joan eta gozatzeko.

Elgetan inoiz ezagutu bariko jendetza espero da asteakaberan, bariku gauetik bertatik hasita. Hori bai, prest gaude herritarrok. 100 lagunetik gora gaude txandaren batean sartuta. Herri-giroa ere ekarri du Mundumirak eta modu askotako jendeak egingo du lan gainontzeko herritarrek zein inguruetakoek goza dezaten.

Bazatoz? Ba hemen programazioa (eta autobusez bazatoz hobeto….) Kultura bor-bor Elgetan. Ia pentsatutako guztia ondo ateratzen den eta lan-ordu guztiak balio duten jaia ondo ateratzeko.

Joseba Sarrionandia: “Euskaldunok jakin behar dugu komunitate moduan antolatzen.”

Benetan mamitsuak Sarrionandiak esandako hainbat. Argian irakurri ditut hainbat pasarte. Hango esan batzuk:

  • Gutako bakoitza soberanoa bihurtu behar da. Euskaldunek jakin behar dugu komunitate moduan antolatzen.
  • Niri gustatuko litzaidake euskaldunak ideia egokiak defendatzen ikustea,
    modu kreatibo batean soberaniaren eta gizarte igoalitarioago baten
    alde.
  • Ez dut azken urteotako [ezker abertzalearen] eztabaida horretan parte
    hartu, baina aldaketa onuragarria dela uste dut. Hogei urte lehenago
    egin izan balitz hobe.
  • Legalitatea baino askozaz inportanteagoa da legitimitatea.
  • Galtzaileen historia eta askatasun esperantza errekuperatu behar dira.
    Iragana, etorkizunerako nahi denaren arabera konprenitzen da.
  • Euskal Herria Espainia bezain asmatua da, eta ez da faltsuagoa. (…)
    Espainia benetakoa dela adierazteko Euskal Herria asmatua dela esatea,
    hori bai dela argudio aldrebesa. Brujula ere asmatu egin zen, eta zer,
    faltsua da ala?
  • Identitatea berez denek dute, pertsonek oina bezala, baina oin zapalduak nabarmenagoak dira, minagatik.

Nola eskuratu aleak azaltzen da Lapiko kritikoaren webgunean. Badut hAUSnART osoa irakurtzeko gogoa.